“Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!”

  • Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera ematen baitute.


2024ko martxoaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Jokin Pantxeska Etxebarria. Basauri, 1931

Guk baino lehen, berak galdetu digu: “Zein egunetan jaio zen Pasionaria?”. Eta guk ez baitugu jakin, berak erantzun du galdera: “Abenduaren 9an. Egun berekoak izan gara biok!”. Izen sabindarrak salatzen du, eta, ez alferrik, Francoren altxamendua baino lehen, Basauriko udal zinegotzia izan zuen aita, EAJkoa. Laneko bizian kontularia izan zen gure Jokin Pantxeska, eta, harrezkero, sotatarrentzat egin zuen lan. Miarritzetik Bilbora eta Bilbotik Miarritzera bizi izan zen, abertzale, eta direnak eta ez direnak, “denak” ezagutu ditu. Seaskako fundatzaileetakoa, eta Miarritzeko Athletic Clubeko presidenteorde, hil arteraino. Eta, tartean, idazterik ez dagoen hamaika saltsa gizen.

Ez duzu nolanahiko izena, salatu didatenez: Jokin Pantxeska! Errepublikan balio zuen, Francoren diktadura garaian ez...
Baina beti izango naiz Jokin Pantxeska, horixe da nire izena. Jokin Pantxeska Etxebarria Ugarteburu, Erbitxunekoa. Erbitxu zen, izatez, gure aitaita-amamen baserria Mungian, eta gu beti izan gara “Erbitxunekoak”. Ni, “Jokin Erbi”; nire anaia, “Iñaki Erbi”… Sortzez hiru neba-arreba izan ginen, mutil biok eta Gotzone, hirurak Basaurin jaioak. Aita Mungiakoa zen, ama, Bilbokoa, beraren gurasoak Markina-Etxebarriakoak.

Espainiako Gerra Zibilaz gero, kito zure “Pantxeska”. Debekatu zuten izena.
Gerra Zibila? Hura ez zen zibila! Tiroak han eta hemen, gerra hark zibiletik ez zuen ezer eduki! Eta, gehiago, ez zen gerra izan, hura altxamendu militarra izan zen. Eta horrela esan behar da. Estatu-kolpea izan zen! Gero, nik lau urte nituela, aita pausatu zen [hil], eta ama hiru umeokin gelditu zen. Eta gerla! Eta jendea ihesi hasi zen, eta gu ere bai. Basauritik Bilbora egin genuen, Portuko Markesaren kaleko 14. zenbakira [“Indianoaren etxea”]. Hortxe egon ginen. Gero, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, umeak trenean sartu, eta heldu ginen Santanderrera. Magdalenako jauregi famatuan egon ginen.

Santanderretik nora edo nora joateko asmotan...
Ez genekien nora. Itsasontzia zen Bretainiakoa; ez Britainia Handikoa, bretoia baizik. Ikatz-ontzia. Eta La Palissera eraman gintuen, portura. Eta handik hurbil, Bordelera. Lehenengo gauza, bakunatzea izan zen. Gero, gu umeok sailkatzea. Han inoren izenak ez zuen ezertarako balio. Hartu gintuzten, eta tamainaren arabera banatu gintuzten: batzuk alde batera, besteak bestera, batzuk Belgikara, beste batzuk Errusiara edo Ingalaterrara… Ni, esate baterako, Errusiarako jarri ninduten, eta eskerrak Iñakiri [anaia] ez nintzen joan Errusiara. Hara joan izan banintz, orain Putinen ministroa izango nintzatekeen. Kar-kar…

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Zer gertatu zen, bada, zu Errusiara ez joateko?
Iñaki zen zaharrena, ni baino hamar urte nagusiagoa zen, eta gure amak garbi esana zion: “Zuk zaindu Jokintxo, ez utzi bakarrik momentu bat ere!”. Bordeleko Saint-Jean geltokian geunden, eta ni Errusiarako trenean sartu ninduten. Iñaki, berriz, alde batera eta bestera ibili zen trenean, nire bila, ikusi ninduen arte! Orduan, ni hartu eta atera ninduen trenetik. Zer egin behar nuen nik, bakarrik? Bost urte nituen! Hurrena, Baionara eraman gintuzten, eta handik Donibane Garazira, Ziutadelara. Ehunka ginen umeak, Meñakakoak, Jatabekoak, Gatikakoak… Eta gu zaintzen, izeko Kontxa! [Etxebarria Oleaga] Eskerrak hari.

Donibane Garaziko Ziutadelako berri zuzena duzu, hortaz.
Bai. Ez dakit zenbat denbora egongo nintzen han. Umea nintzen, eta ez nuen egunen ez egutegien berririk. Baina gogoratzen naiz ezagutu nuela Fortunato [Unzueta] jauna, Bilboko Begoñako parrokiako arduraduna. Bera ere ihesi joan zen. Gero, Donibane Garazin istripu bat izan nuen, atetzar handi baten kontra jota, eta hortzak apurtu nituen. Erizaindegira eroan ninduten, eta han Markinako mutil baten lagun egin nintzen. Seme bakarra zen, eta famatua gure artean, euliak harrapatzen abilidade handia zuelako. Bazkaltzeko garaian, berriz, jaten ematen zigutena gustatzen ez zitzaigunean, komuneko zulotik behera botatzen genuen zaintzaileak begira ez zeudenean. Adibidez, niri ez zitzaidan arroza gustatzen, baina Iñakik indarrez janarazten zidan, eta ni haserre.

“5 urte nituen eta Errusiarako trenean sartu ninduten. Iñaki anaia, berriz, alde batera eta bestera ibili zen trenean, nire bila, ikusi eta atera ninduen arte!”

BORDELEN, 1937-AN

Zeure ondoan zenuen Iñaki. Eta arreba, Gotzone?
Lehenengo, hiruok Donibane Garazin egon ginen. Iñaki beti nirekin egon zen, baina Gotzone Miarritzera eraman zuten laster, lanera. Eta esan dizut, gurekin zen izeko Kontxa. Baina hor ama aipatu behar dut. Ama jakituna zen, mitinlaria, eta exiliatuta egon zen Normandian. Gero, nik istripua izan eta gero, Ilbarritzera [Bidarte] eraman ninduten, Miarritzeko mugan. Kasino-hotel handi bat zegoen han, Stavinskyk egindakoa [La Roseraie].
(…)
Denboragarrenera, Mungiara etorri ginen, aitaita-amamen etxera. Baina hona etortzeko, [Santiago] zubiaren erdian jarri gintuzten gu ume denok. Sei-zazpi urte izango nituen nik. Espainiako kontsulak Iñakiri esan zion gu biok banatu egingo gintuztela: 18 urteko neska-mutilak batetik, eta txikiagoak, berriz, bestetik. Iñaki 18 urte bete berria zen, baina kontsulak esan zion Iñakiri: “Zu ez mugitu, zu zeure anaiaren ondoan beti!”. Eta 18 urtekoak bereizteko garaian, Iñaki bertan geldi egon zen! Baina Mungiara baino lehen, Erresistentziari ere lagundu genion guk.

Erresistentziari lagundu?!
Bigarren Mundu Gerraren garaian, Getariako kasinoan sartu gintuzten errefuxiatu guztiak. Behin, Frantziako Polizia etorri, gizonezkoak ikusi, eta Belgikako mugara eraman nahi izan zituen, alemanen aurreratzea galarazteko. Debekatua zen handik irtetea, baina ni umea, eta hara eta hona ibiltzen nintzen, jolasean. Herrian bazen familia bat, plazan gozotegia zeukana, eta esan zidaten: “Zoaz halako lekura, eta esan kasu emateko, jendarmeak kasinoan dabiltzala gizon guztiak arrestatzen, frontera eramateko!”. Errugbiko baloia izan nintzen!

Errugbiko baloia?!
Bai, batzuek eta besteek erabili ninduten. “Juanitaren semea” nintzen denentzat, eta gauza askotarako baliatzen ninduten.

Etxera itzuli zineten arte, nonbait.
Baina ez ginen Basaurira itzuli, han inor ez zegoen-eta. Esan dut aita pausatua zela, 1936ko urriaren 10ean hil zen, kolpetik. Medikua, Mungiakoa, lehengusua zuen, Goiarrola Etxebarria, baina gerra tartean zela, ezin izan zen gure aita artatzera joan. Gure ama ondoan zeukala hil zen aita. Amak ere Santanderretik La Palissera egin zuen. Errefuxiatuei laguntza ematen zien taldeetako jendea ezkertiarra zen. Halako zentro batean eduki zuten ama, eta, behin, komentarioren bat egin zuen zerbaiten gainean. Kultura handikoa zen gure ama, eta zentro hartako arduradunak-edo ondoan hartu zuen, eta eraman zuen Normandiara, Orne departamentuko herri batera, Parisetik ez urrun. Gero, Gotzone ere hara joan zen, amagana.

Ama eta Gotzone, Normandian, zuek bi anaiok Ipar Euskal Herrian…
Bai. Ezagutu egin behar zenuen Gotzone! Normandian jaten zuena ez zuen oso gustuko, nonbait, eta kantatzen zuen “... aquellas las de Santurce, tenemos para comer...”, jateko sardinak zituztela, alegia, eta jendea txaloka. Xelebrea, Gotzone. Eta zenbat lan egin zuen gero ere!? Erizainez jantzi, gurutze gorria soinean, eta zenbat jenderi lagundu ote zion ihes egiten Bilboko aireportutik!? Gure amamak beti esaten zuena: “Erein, batzeko!”.

Halakoren batean Mungiara itzuli zinetela esan duzu.
Iñaki eta biok, bai, aitaita-amamen etxera. [1942-edo] Aitaita izan zen Domingo Etxebarria, baina Txomin-Erbi esaten zioten. Alargundu egin zen. Etxean bi emakume zeuzkaten lanean; ahizpa bi, gamiztarrak. Eta alargundu zenean, haietako batekin ezkondu zen bigarrenez. Kontatzen zuen, gerra denboran, tropa falangistak berton, eta etxeko txerria, behia eta astoa-eta hartu, eta Mungiatik Gatikarantz eskapo joan behar izan zutela, tropak gibeletik zituztelako.

Orduan hasi zinen eskolara, Mungian?
Ez, ni lehenengo eskolara Getarian eta Miarritzen hasi nintzen. Gero, Mungian segitu nuen. Behin, elizan, goiko saloi batean, bandera espainola artaziekin kax-kax-kax moztuta agertu zen. Eta Ekintza Katoliko Espainoleko presidenteak Gotzone jo zuen susmagarri. 17 urte izango zituen Gotzonek, baina gerra-kontseilua egin zioten! Kantabriarra zen Ekintza Katoliko Espainoleko burua. Ondo markatu “espainola”, hala zen eta. “Puri kantabriarra”, txikia zen, beneno hutsa!

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Gerrako umearen historia-istorioek ez dute amaierarik… Zertan egin duzu lan zeure bizian?
Lan? Nik diru asko irabazi dut, baina lan egin barik!

Kar-kar!
Kontrabandista! Hiru hizkuntza nekizkien, eta ibiltzen nintzen hemengo bi aldeetan!

Serio, Jokin! Zertan egin duzu lan?
Barku-administrazioan. Kontabilitate lana egin dut sotatarrentzat. Gure amak haientzat egin zuen lan, Miarritzen, faroaren ondoko lehen etxean. Sartuko naiz politikan?

“Politikan sartu”? Zer esan nahi duzu?
Hitz egingo dut politikaz?

Bai, bada!
Baina esango dudana ez idatzi.

Hortaz, idatzi daitekeena kontatu… [Deustu. ETAko kideak. Neguriko Itsas Kluba. Armak. Txomin Iturbe. Kontrabandoa. Otsondo...]
Stop, e! Ezin da idatzi!

Idatzi daitekeenera itzuliko gara. Nola sortu zen Seaska?
Iker Gallastegi! Bera izan zen! Eta, harekin batera, Migel Muñoa, ni… Boisera ere joan ginen!

Zeu zara, beraz, Piarres Larzabalen “Etxebarria”. Anai Artean (Txalaparta, 1996) liburuan kontatu zuen Boisera egin zenuten bidaia. 1972ko ekainaren hasiera zen.
Seaska eta Anai Artea, bi organizazioak joan ginen, dirua batzera, Boisen euskal besta zelako. Seaskaren izenean ginen Miguel Muñoa eta biok, eta Anai Arteatik, berriz, Txillardegi eta Anjel Arregi. Baina han, gu komunistak ginela zabaldu zuten. Pedro Beitia donostiarraren kontua izan zen; PNVkoa izan zen bera. Denbora hartan inor komunista zela esatea oso larria zen. Joe Eiguren eta Julio Bilbao izan ziren gurekin hitz egin zuten euskaldun bakarrak. Gainerakoek, agurtu ere ez gu! Etortzeko bezperan-edo, pilota partida jokatu genuen: Muñoak eta biok, hango biren kontra. Giroa apur bat aldatu zen orduan, ikusi zuten ez ginela hain okerrak. Eta hurrengo egunean gehiago aldatu zen gure aldeko giroa.

“Ikaragarria zen [Gabriel] Aresti. Euria ari zuenean, kirol-zapatilak jantzita etortzen zen; eguzkia zenean, botak jantzita!”

Meza! Piarres Larzabalek kontatzen du...
Bai. Anjel Arregi oso elizkoia zen, ni ez, baina Makean bizi izan nintzenean mezatara joaten nintzen, eta banekien elizako kantuak kantatzen. Eta joan ginen Boiseko meza horretara. Euskal meza izan zen. Eta besteekin batera kantatu genuen, eta, orduan, jendeak: “Baina zelan izango dira, bada, komunistak, elizako kantuak kantatzen dituzte-eta!?”. Orduantxe kanbiatu zen dena, eta hasi ziren esaten “Etorri hona!” eta “Goazen hara!”. Baina berandu zen, hurrengo egunean itzuli ginen. Denak lagun egin ginen, baina dirurik ez genuen ekarri… Hiru aldiz esan dute gorria naizela!

Gorria, komunista?
Bai, hiru aldiz! Lehenengo, Donibane Garazin geundela, txikerretan, Frantziako Euskal Pilota Federazioaren fundatzaileak Ziutadelan geunden denak gorriak ginela esan zuen. Gero, alemanak etorri zirenean, jainkotu egin zuten gizon hura, kolaboratzaile izan zen eta. Ostean, alemanek Frantziatik alde eginda, kartzelara sartu zuten, kolaboratzailea izan zelako! Gorria naizela esan zuten, bigarren biderrez, Boisen. Pedro Beitiak gu komunistak ginela esan zuen. Hirugarren biderrez, Mungian, Poliziaren fitxan ipini zuten: “Ez zaio ideia politikorik ezagutzen, baina giro gorri-separatistan hezi dute”. Harrapazak hori! Eta hartu fitxa eta [Bilbo] Komertzio Eskolara, Gabriel Arestirekin.

Gabriel Arestirekin?
Bai. Kurtso batekoak izan ginen. Oso lagunak. Elkarrekin ematen genuen izena eskolan. Ikaragarria zen Aresti. Euria ari zuenean, kirol-zapatilak jantzita etortzen zen; eguzkia zenean, botak jantzita! Atsedenean futbolean jokatzen genuen, eta Aresti botak jantzita, nagusi zen! Kar-kar… Bere etxean ere egon nintzen. Berarentzat ez zen erraza izan: gurasoak frankistak izan ziren. Amak Bilboko udaletxean lan egiten zuen; aita, monarkikoa zen; anaia [Juan María], falangista. Gabriel, etxeko ardi beltza!

Hiru aldiz esan dizute gorria zarela. Komunista zara?
Komunista ez, ni independentista naiz! Horrela esaten zuen Gotzonek ere. Agustin Ibarrola kartzelatik atera zenean, etxean hartu zuen Gotzonek. Ibarrola Alderdi Komunistakoa zen, baina Gotzone ez. Independentista zen. Berak esaten zuen!

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SAArgazki oina

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Faxisten izenak hildako biktimen zerrendetan mantenduko ditu Gogorak

Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose... [+]


2025-03-17 | Ahotsa.info
Lore eskaintza Angel Berruetaren oroimenez

Familiak eskatu bezala, aurten Angel oroitzeko ekitaldia lore-eskaintza txiki bat izan da, Martin Azpilikueta kalean oroitarazten duen plakaren ondoan. 21 urte geroago, Angel jada biktima-estatus ofizialarekin gogoratzen dute.


2025-03-07 | Uriola.eus
Iker Egiraun, Etxebarrieta Memoria Elkartea
“Bizi dugun testuingurua urteetan emandako borroken ondorioa dela sinbolizatu nahi dugu”

Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.


Legebiltzarrak 1936ko biktimen legea aldatu du, Erorien Monumentua birmoldatzeko

33/2013 Foru Legeari Xedapen gehigarri bat gehitu zaio datozen aldaketak gauzatu ahal izateko, eta horren bidez ahalbidetzen da “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


2025-02-28 | ARGIA
1936-1976an Nafarroan errepresaliatutako 407 irakasleak, nortzuk ziren?

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.


Martxoak 3a “askatasunez” oroitzeko aldarria egin dute

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea bermatzeko... [+]


1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-01-28 | Leire Ibar
La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko eskatu dute elkarte memorialistek

Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]


2025-01-22 | Julene Flamarique
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean

Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude