Artoaren iraultza: Ameriketatik etorritako ogia

  •  Hainbat herritan antolatzen diren sagardo egunetatik hasi eta neguko solstizioa zedarritzen duen San Tomas feriaraino, artoa ezinbesteko osagaia da folklore-kutsua duen ospakizun orotan. Nonahi ikus daitezke talogileen postuak, olanazko estalkietatik zintzilik jarritako artaburu idorrez apainduta, baserri-giroko produktu tipikotzat jotzen den arto-irinezko opil zapalak salgai dituztela. Haur zein helduentzako herri-kirol lehiaketetan ere, lokotx-bilketa da inoiz falta ez den probetako bat. Dagoeneko ia lantzen ez bada ere, baserri askoren atalburuetan artaburu-zerrendak ikus daitezke oraindik udazkenean, antzina oparotasunaren sinbolo izan zen labore horren oroigarri. Garrantzi gutxi ematen diogun arren, artoa historia handiko landarea da: Euskal Herritarren bizimoduan ez ezik, bertako ekonomian, kulturan eta paisaian ere eragina izan duena.

Bordenave baserria (Gixune, Lapurdi), Aturri eta Biduze ibaiek bat egiten duten tokian lehortutako barten gainean eraikia. Eremu osoan arto-laboreak dira nagusi gaur egun. / Argazkia: Josu Narvarte
Bordenave baserria (Gixune, Lapurdi), Aturri eta Biduze ibaiek bat egiten duten tokian lehortutako barten gainean eraikia. Eremu osoan arto-laboreak dira nagusi gaur egun. / Argazkia: Josu Narvarte

Artoaren eta baserriaren arteko lotura zaharra da Euskal Herriko isurialde atlantikoan. Lurraldeko landa-gizarteen bizimoduaz arduratu ziren lehen etnografoek argi ikusi zuten hori, XX. mendearen hasieran. Joxemiel Barandiaran (1889-1991), Juan Arin Dorronsoro (1892-1972) eta Manuel Lekuona (1894-1987) bezalako ikerlariek bi urteko laborantza-zikloak deskribatu zituzten, alor berean hiru produktu nagusiren txandakatzean oinarrituak: garia –azaroan erein eta uztailean jasotzen zen–, arbia –agorriletik abendura– eta artoa –apiriletik urrira–, lugorririk gabe. Batzuetan, alpapa edo ailorbea bezalako laboreak ere sartzen ziren, abereei jaten emateko. Ziklo horiek XX. mende erdira arte behintzat mantendu ziren, eta haien memoria bizirik dago oraindik hainbat tokitan.

Hortaz, egun belardiz berde agertzen zaizkigun paisaiak oso bestelakoak ziren antzina, urtaroaren arabera mudatzen baitzituzten itxura eta kolorea. Artoa, bereziki, elementu bereizgarria zen paisaia horren baitan, inguruko beste eskualde batzuetan baino askoz ere pisu erlatibo handiagoa baitzuen. Hala islatu zuten euskal argazkigintza dokumentalaren aitzindariek, balio etnografiko eta historiko handiko irudiak utzita; Eulalia Abaitua (1853-1943) eta Indalezio Ojanguren (1887-1972) dira aipagarrienak. Irudi horietan arto-landaz inguratutako baserriak ikus daitezke, zerumugaraino hedatzen den itsaso bat balitz bezala ia. Beste batzuetan herritarrak agertzen dira lurra laiaz harrotzen, uzta bildu ondoren, inguruetan arto-landareak ihartzen doazen bitartean.

Baina noiz eta nola sortu zen nekazaritza eredu hori? ‘Tradizio’ hitzak iradokitzen duen bezain zaharra ote da?

Emakume laiariak (Arratia). / Eulalia Abaitua (1905 ing.). Iturria: Bilboko Euskal Museoa.

LANDARE BATEN MUNDU BIRA
Artoa (Zea mays) gramineoen familiako landare belarkara da. Mundu mailan gehien ekoizten den zereala da gaur egun –gariaren eta arrozaren gainetik–, gizakientzako nahiz abereentzako elikagai gisa erabiltzen baita. Baina, egoera horretara iristeko, landare honek bidaia luzea egin behar izan du, Erdialdeko Amerikako bere jatorritik abiatuta, milaka urte eta hainbat kontinente zeharkatuz.

Arto-laboreen froga arkeologikorik zaharrenak Mexikon agertu dira . Bertako gizarteak duela 8.700 urte inguru hasi ziren espezie hori etxekotzen. Handik, artoaren laborantza inguruko lurraldeetara hedatu zen: Erdialdeko Amerikan duela 6.700 urte inguru egonkortu zen, eta handik gutxira iparraldeko Andeetan, Cauca haranean bereziki. Berandu gabe, Ipar zein Hego Amerikako lurralde ia guztietan lantzen zen.

Mendeen joanean laborantza-teknikak garatzen eta barietate berriak sortzen joan ziren, eta artoa garrantzi ekonomiko eta kultural handia hartzera iritsi zen. Maia herrien Popol Vuh liburu sakratuan, adibidez, lehen gizakiak arto-orez eginda zeudela jasotzen da. Kolonizazioaren aurretik Karibeko irletan mintzatzen zen taineraz, berriz, artoari mahis esaten zioten, hots, “bizitzaren oinarria”. Hortik dator zereal honek Europako hainbat hizkuntzatan –gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta ingelesez– jaso zuen izena.

Arto-laboreen froga arkeologikorik zaharrenak Mexikon agertu dira; bertako gizarteak duela 8.700 urte inguru hasi ziren espezie hori etxekotzen

Baina artoaren benetako jauzia XV. mende bukaeran etorriko zen, espainiar konkistatzaileak Ameriketara iritsi ondoren. Kristobal Kolonek bere egunerokoetan jaso zuen Antilletako herriek “artatxikiaren antzeko” zereal bat lantzen zutela, urte osoan zehar landu ere. Hain deigarria egin zitzaion, ezen 1493an zenbait hazi eraman baitzituen Iberiar penintsulara itzultzerakoan, egindako bidaiaren froga gisa.

Arto-landa zabalak Ozollo auzoko baserri baten inguruan (Gautegiz Arteaga, Bizkaia). / Indalezio Ojanguren (1937). Iturria: Gipuzkoako Artxibo Orokorra.

 Landare exotiko hura Kontinente Zaharrean egokitzeko saiakerak ez ziren berantetsi. Gaztelan, Katalunian eta Andaluzian, adibidez, mendea agortu aurretik erein ziren lehen haziak. Handik, labore berria Europa hego-mendebaldeko beste hainbat lurraldetan hedatu zen XVI. eta XVII. mendeetan zehar: Portugalen –eta, haren bidez, Afrika mendebaldeko kolonietan–, kantauriar kostalde osoan (7), Akitanian, Savoian, Po ibaiaren lautadan, eta abar. Hasiera batean abereak elikatzeko baliatu zen arren, berehala sartu zen laborari pobreen dietan, indar handiz gainera; horren lekuko dira Italia iparraldeko gastronomiaren bereizgarri bihurtu zen polenta, edo Euskal Herriko boroa eta taloa.

Euskal Herrian, badirudi artoa kostako portuetara iritsi zela lehenik, XVI. mende akabailan eta, handik, bizkor hedatu zen barnealderantz. 1616rako, urteko uzta osoaren bi heren artoak hartzen zituen Bizkaiko zenbait herritan –Marurin, Arrietan eta Kortezubin–, beste herena gariak osaturik. Kostatik barnealderako ibilbide hori xehetasun handiz jarrai daiteke Nafarroako Bidasoa ibarrean. Igantzin 1634an aipatuta agertzen da lehen aldiz, baina ordurako 20 urte zeramatzan tokikotuta. Etxalarren ere, 1637an Frantziako armadak egindako eraso baten ondotik arto-landak suntsituta gelditu zirela aipatzen da. Baztanen, 1640ko hamarkadakoak dira lehen aipamenak. Amaiurren, adibidez, 1644an egindako batzar batean, herritarrek labore berria arautzeko irizpide batzuk zehaztu zituzten, “ordena eta gobernantza egokia” izan zedin. Lehenik eta behin, derrigorrezkoa izango zen urte jakin batean artoz erein behar ziren sailak apiril hasmentan hesitzea, azienda bertan sar ez zedin. Bigarrenik, debekaturik egongo zen uzta biltzea, ezta nork bere sailean ere, fruitua heldurik egonagatik ere, Domine Saindu eguna baino lehen. Une horretatik aitzina, herriko agintariei egokituko zitzaien arto-landak heldurik ote zeuden ikuskatzea eta uzta biltzeko baimena ematea. Hirugarrenik, inork arau horiek hautsiz gero, edo besteren sailetan artoa ebatsiz gero, isunak eta zigorrak ezarriko zitzaizkion.

Artoa biziki ongi egokitu zen tokiko klimara eta lurretara eta, berandu gabe, beste zereal batzuk desplazatu zituen, artatxikia, kasu. Gainera, artoaren hazkunde zikloak aukera ematen zuen gariarekin alor berberetan txandakatzeko; lugorria gutxitzen zen eta horrela uztak emendatu. François Bertaut de Fréauville frantziar enbaxadoreak XVII. mende hasmentan bisitatu zuen Doneztebe inguruko eskualdea, eta ordurako hala egiten zela utzi zuen idatzita:

Luzaroan ibili nintzen Pirinioen eta Bidasoa ibaiaren artean. Bertan ikusi nituen zenbait alorretan, Bordelen bezalaxe lantzen dute artoa: lurrak ogia eman eta uzta bildu dutelarik, artoa ereiten dute agorril bukaeran, eta handik gutira biltzen dute.

Garai bertsuan, 1625ean, Lezoko Lope Martinez Isastik ere idatzita utzi zuen urteko sasoi batzuetan laborariek artoz egindako ogia jaten zutela.

Mende bete beranduago, Manuel Larramendi jesuita andoaindarrak Gipuzkoako Korografia liburuan (1754) jaso zuen artoa “jende pobrearen eta laborarien ogia” zela. Haren aburuz, mendian lanean ibiltzen ziren ikazkin, egurgin eta abarrek ez zuten gari-ogirik nahi izaten, artoz egindakoa baizik, lan egiteko indar handiagoa ematen zielakoan.

Hain handia izan zen artoak Europako hainbat tokitan izan zuen arrakasta, ezen beste zereal batzuk ordeztu eta haien izena ere hartu baitzuen. Euskara da horren adibide argia; ordura arte arto izena zuten zereal txikiak desplazatu eta izena ere kendu zien, haientzat artatxiki izena sortuta. Gauza bera gertatu zen galegoz eta portugesez (millo/milho) edota piemonteraz (melia) ere.

Bidasoako eskolako margolana. Arto-landak ikusten dira zangaz drainatutako erribera-lurretan. Atzean, Irungo Junkal eliza eta Jaizkibel mendia. Egilea: Dario Regoyos, Udazken euria (1901).

IRAULTZA BAT EUSKAL HERRIKO LANDA-EKONOMIAN
Artoak laborantza intentsiboagoa egiteko aukera ematen zuen. Alor berean hainbat labore lugorririk gabe txandakatzean, etekinak nabarmen emendatu ziren; baina, aldi berean, lurra agor zedin ekiditeko, ongarri-kopuru gero eta handiagoak ere gehitu behar izan ziren. Simaurra etxeetan ekoizten zen, azienden gorotza eta gernua iratzearekin nahastuta. Iratze hori metetan idortzen utzi ondoren, landetan zabaltzen zen simaur moduan, lurzoruetako materia organikoa ugaritzeko.

Alabaina, ongarritzeak albo-kalteak ere bazituen, lurzoruak azidifikatzea, bereziki. Arazo horri aurre egiteko, hau da, lurzoruen pH-a orekatzeko, gero eta ohikoagoa izan zen landetan karea nahastea. Praktika horren aipamen zaharrenak XVIII. mende hasmentan kokatzen dira: Baigorriko ordenantzetan 1704an, Beran 1705ean eta Lekunberrin 1709an. Larramendiren Korografia-n jasotzen denez, mende erdirako, kareztatzea Gipuzkoa osoan zegoen hedatuta:

Ongarri eta zaintza guztiekin ere, esperientziak erakutsi du alorrak ahuldu egiten direla urte batzuen buruan. Horri aurre egiteko, bederatzi urtetik behin lurzoruei karea nahasten zaie, eta ez dago ia baserririk karea egiteko karobia ez duenik; lan eta egur-kostu handia du horrek.

Gipuzkoan eta Bizkaian, lurraldeko substratuaren zatirik handiena kareharriz osatuta dago. Horri esker, baserri ia guztiek beren karobi propioa eraiki zuten, eta modu deszentralizatuan kudeatzen zuten. Aldiz, kareharria hain ugaria ez zen tokietan –Bidasoa arroan, kasu–, kanpotik ekarri behar zen eta herri bakoitzean kolektiboki ustiatzen zen gisu-labe handi bat egoten zen.

Iratze-metak udazkenean idortzen (Baztan, Nafarroa). Neguan, aziendentzako ohatzea osatuko dute. Egilea: Josu Narbarte.

Azken urteetan, hainbat udalerritan elementu horien inbentario xeheak osatu dira, hala nola Hernanin, Zizurkilen, Adunan, Aramaion edota Etxalarren. Lan horiei esker, baiezta daiteke karobi gehienak eredu berberaren arabera eraiki zirela. Kiskaltze-labe zilindrikoak izan ohi dira, neurri handi samarrekoak; azpian irekidura bat izaten dute, erregaia sartu eta karea jasotzeko. Tipologia horren deskribapena eta irudiak XVIII. mendeko zenbait tratatutan argitaratu ziren –tartean Diderot eta D’Alembert ilustratuen Entziklopedia-n–, eta baliteke Europa mendebalde osoan hedatutako sistema bat izatea.

Iratzea ezinbesteko lehengaia zen azienden simaurrarekin nahasi eta arto-landetako erritmo intentsiborako behar zen ongarria ekoizteko

Nekazaritza intentsiboago bilakatzearekin batera, baserrien arkitektura ere egokitu egin zen. Eraikinak handitu egin ziren eta espazio berriak gehitu zitzaizkien laborantza behar berrietara egokitzeko. Hala, fatxada nagusietan balkoi zabalak hedatu ziren artaburuak eta jatorri amerikarreko beste labore batzuk –piperra, adibidez– lehortzen uzteko; eta atarien aurreko aterpe edo lorioek protagonismo handiagoa hartu zuten, artoa aletzeko.

Aldaketa horien ondorioz, XVII. eta XVIII. mendeetan hainbat baserri eraiki edo berreraiki ziren Euskal Herriko isurialde atlantikoan, baserri barroko gisa ezagutzen diren tipologia-multzoa eratuta.

 

Etxaideko errota Elizondon (Baztan, Nafarroa). (Goian) Elizondoko eta Elbeteko zenbait herritarrek elkarlanean eraiki zuen, 1858an. Bi errotarri zituen: bata garia ehotzeko, eta bestea artoarentzat. (Behean) Errota, gaur egun. Egitura egoera onean mantentzen da. Iturria: Nafarroako Artxibo Nagusia

Errotek ere bultzada handia jaso zuten garai horretan. Alea ehotzeko erreka eta ibaien indarra erabiltzen zuten egiturak Erdi Aroaz geroztik ohikoak baziren ere, XVII. mendetik aurrera egitura berriak eraiki eta zaharrak eraberritu ziren, tamaina handiagoa emateko. Gehienetan bi errotarri egokitu ziren: bata garia ehotzeko, eta bestea artoarentzat. Hala, egitura bakarrak urte osoko laborantza-zikloaren ekoizpenari zerbitzu ematen zion.

MUNDU BAT PAISAIA BERRI
Aldi berean, nekazaritza ordura arte landu gabeko espazioetara hedatu zen. Azken urteetan egindako ikerketa etnografikoei eta arkeologikoei esker, paisaia berri horiek nola garatu ziren ezagutzeko bide berri bat zabaldu da. Normala denez, bilakaera hori ez zen berdina izan toki guztietan, eskualde bakoitzeko ezaugarri naturalek –klimak, erliebeak, landaretzak– eta aurreko historia sozio-ekonomikoak baldintzatuta egon baitzen. Hemen, hiru adibide zehatz aztertuko ditugu: inguru malkartsuetan eraiki ziren terraza-sistemak, ibai-arroetako drainatzeak eta kostaldeko polderrak.

Basaburuak: terraza-sistemak
Mendialde eta basaburuetan kokatutako herriek antzinatik izan dituzte nekazaritza egonkor bat garatu ahal izateko zailtasunak. Hainbat arrazoik eragiten zuten hori: altitudeak, orografia malkartsuak, lurzoru meheek, baita euriak edo haizeak eragindako higadurak ere. Ondorioz, toki horietan abeltzaintzak izan du pisurik handiena Erdi Aroaz geroztik.

Hala ere, XVII. mendetik aurrera artoa sartu izanak aukera berriak zabaldu zituen, alor bakoitzari etekin handiagoa ateratzeko aukera ematen baitzuen. Testuinguru horretan, toki askotan nekazaritza-eremuak hedatzeko joera nagusitu zen, eta terraza-sistemak eraikitzea edo handitzea izan zen horretarako biderik ohikoena. Metodoa sinplea zen: malda handiko eremu bat zelaitzeko, ebaketa bat egin eta erauzitako lurrarekin betelana egitean zetzan, eskailera gisako egitura bat sortuz. Kasuan kasu, terraza bakoitzaren ertzean harrizko euste-hormak eraikitzen ziren higadura gutxitzeko, eta zeharkako drainatze-kanalak ur-emaria erregulatzeko.

Xundaz eta ezpondaz osatutako terraza-sistema Ziga herriaren magalean (Baztan, Nafarroa). Argazkia: Josu Narbarte

Gisa horretako terrazak ohikoak dira, besteak beste, Nafarroa iparreko basaburuetan: Almandoz, Berroeta, Aniz, Ziga, Urrotz, Saldias, Eratsun, Areso eta Arano dira zenbait adibide. Herri horiek guztiak substratu geologiko konplexu eta higakor batean egonkortuta daude, eta antzinatik eraiki behar izan dituzte terrazak —xunda deituak Baztanen, alas(i)ak Malerrekan— laborantza egonkorra garatu ahal izateko.

Zigan, adibidez, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa arkeologikoei esker, Goi Erdi Aroan datatu ahal izan dira terrazak eraikitzeko lehen ekimenak. Baina, XVII. mendetik aitzina, artoaren sarrerak izugarrizko hazkunde demografikoa ekarri zuen, eta aldaketa sakonak eragin zituen tokiko paisaian. Etxe-kopurua nabarmen hazi zen, eta arkitektura-molde berriak agertu ziren, artoa lehortzeko sabai eta balkoi zabalagoekin. Horrez gain, terrazak berreraiki, handitu eta zabaldu egin ziren, gaur egun hain bereizgarriak diren paisaia mailakatuak eratzeraino.

Beste toki batzuetan, terrazak ez dira herriguneei atxikita aurkitzen, mendi-mazeletan sakabanatutako borden inguruan baizik. Paisaia-mota hori antzinako herri-lurretan garatu zen Aro Modernoan, eta nekazaritza-hedapenaren emaitza da. Izan ere, ordura arte abeltzaintzarako erabiltzen ziren bordak baserri bilakatu eta, haien inguruan laborantza egin ahal izateko, ohikoa izan zen terraza txikiak egokitzea. Horrek, noski, gatazkak sortu zituen, erabilera komunaleko basoak eta bazkalekuak gutxitzean etxeko ekonomian oinarrizkoak ziren baliabideak ere urritu egin baitziren. Iratzea, bereziki, ezinbesteko lehengaia zen azienden simaurrarekin nahasi eta arto-landetako erritmo intentsiboa mantentzeko behar zen ongarria ekoizteko.

Prozesu hori sakonkien landu duten ikerlarien artean Patziku Perurena aipatu behar da; Leitza, Areso eta Goizueta bezalako herrietan, sakabanatutako bizileku horien finkapena XVII. mendean abiatu eta XVIII. eta XIX. mendeen artean indartu zela erakutsi du, hots, artoaren iraultza bete-betean. Goizuetan, adibidez, harrizko hormaz indartutako hainbat alor aurkitzen dira, eta zenbait kasutan artoa lantzeko erabiltzen dira oraindik. Gainera, jatorri amerikarreko laboreen –artoaren zein babarrunaren– inguruko kultura aberatsa bizi-bizi mantendu izan da gaur arte, ahozko transmisioari esker. Eredu horixe da XX. mende hasmentako etnografoek Euskal Herriko isurialde atlantiko osoan behatu ahal izan zutena.

Barnealdeko ibai-arroak:ibarren drainatzea
Muino eta mendi-magalak ez bezala, ibai nagusien inguruko terraza edo ibarrek ez zuten okupazio intentsiborik izan Erdi Aroan. Kanalak bideratu gabe egonik, inguruko alubioi-lautadak aldizkako uholdeen menpe gelditzen ziren, eta horrek bizitoki nahiz laborantza-eremu egonkorrak ezartzea oztopatzen zuen. Salbuespenak salbuespen, horiek uholde eraginpeko eremuetatik kanpo egoten ziren, eta ibai-ekosistemetan bertan kokatutako giza-egitura bakarrak burdinolak eta errotak izaten ziren.

Egoera nabarmen aldatu zen artoaren sarrerarekin. Alde batetik, labore berria bereziki ongi egokitzen zen lurzoru hezeetan, eta errentagarritasunaren akuiluak ordura arte garestiegi suertatuko ziren azpiegiturak egitea erraztu zuen: higadura gutxitzeko eta lurzoruei eusteko ibaiertzetan haltzak edota hurritzak landatzea, uholdeen aurkako defentsa-hormak eraikitzea, soberako urak drainatzeko zangak zabaltzea, eta abar. Gehienetan, kasuan kasu egokitutako lan txikiak izan ziren, baina badira egitasmo planifikatuen adibideak ere.

Padurak landu
ahal izateko, ezinbestekoa zen itsasoaren eraginetik kanpo uztea, eta polderrak eraikiz lortu zen hori

Adierazgarria da Berastegiko kasua. Herria haran txiki batean kokatuta dago, Elduain errekak zeharkatuta. Lurzorua osatzen duten buztinak eta igeltsuak errekak higatuta daude, inguruko material gogorragoek osatutako mendiguneekiko kontraste nabarian. Iparralderantz, haranak oso irtenbide estua du, Elduain aldera amiltzen den ur-jauzi sorta batekin. Ondorioz, harana ia itxita gelditzen da, errekaren emari-aldaketek berehalako eragina dute, eta inguruko ibarrak berehala urpean uzten ditu. Horregatik, Erdi Aroaz geroztik herriko etxe gehienak ibar horien ertzetan eraiki izan dira, eta uholde-arrisku handiko ibarretan nekazaritza garatu izan da.

1765ean, Berastegiko udalak baimena eskatu zion errege-kontseiluari Elduain erreka lerro zuzenean kanalizatzeko, “uren ibilbidea oztopatzen duten errebueltak moztuta”. Lanak zuzentzeko ingeniari bat izendatu eta, haren gidaritzapean, zanga-sare bat ireki eta ibar heze horiek drainatu zituzten. Lan horien emaitza begi-bistakoa da gaur egungo paisaian. Errekaren jatorrizko ibilbide sigi-sagatsua guztiz desagertuta dago, eta lerro zuzenean zeharkatzen du harana hegotik iparrera. Kanala hormaz mugatuta dago, urak eragindako higadura gutxitu eta inguruko ibarretan artasoro intentsiboak egokitzeko. Horrez gain, zanga-sare batek kanal nagusira bideratzen ditu prezipitazio-urak, lurzoruak saturatzea ekiditeko.

Harriz indartutako drainatze-zanga Narbarte herriko landan (Bertizarana, Nafarroa).

Bertizaranakoa dugu beste adibide interesgarri bat. Hiru herrik osatzen dute –Legasak, Narbartek eta Oieregik–, Bidasoa ibaiak lotuta. Kasu honetan ere, ibaiak substratuko buztinak higatu ditu, eta landa lau zabalak eratu ditu bi aldeetan. Euri-ura bertan harrapatuta gelditzean, landa horiek zingirak osatzen zituzten antzina, nekazaritzarako desegokiak. Narbarten, adibidez, etxe-izenek zingira horietan hazten zen landaretzaren memoria gorde dute; Altzugorea, Altzuberea eta Altzumea etxeek haltzaren presentzia iradokitzen dute, eta Izua etxeak, aldiz, ihiarena.

Zingira horiek XIX. mende hasieran drainatu ziren. Jose Maria Lakoizketa apaiz eta botanikariak jaso zuenez, bere aurreko erretoreak, Jose Manuel Agirrek sustatu zuen zingira horien drainatzea eta, ordutik, “zenbait familiaren ongizatea bermatzen zuten landa” bilakatu ziren. Hala, inguru hori guztia arto-landa eta sagardi gisa irudikatuta azaltzen da Nafarroako Diputazioak 1882an osatu zuen labore-mapan. Erabilera horiek XX. mende erdialdera arte mantendu ziren, eta ordutik belaiek ordezkatu dituzte ia osoki. Dena den, drainatze-lanen arrastoak nabarmenak dira egungo paisaian ere; harrizko “erreka” edo kanalek zeharkatzen dute eremu osoa, mendialdetik datorren zein prezipitazioek uzten duten ura Bidasoarantz bideratzeko.

Kosta: polderren eraikuntza
Kostan, nekazaritza-hedapena itsasadarretako paduren gainean gertatu zen batik bat. Eremu bereziak dira, mareen fluxuaren menpe etengabe aldatzen baitira: itsasgoran urak hartzen ditu, eta itsasbeheran agerian gelditzen dira. Horri esker, sedimentu sakonak eta aberatsak izan ohi dituzte baina, kresalaren eraginez, landaretza halofitoa baino ez da hazten bertan. Horregatik, Erdi Aroaz geroztik eremu horiek abereen bazkaleku gisa ustiatu izan ziren batik bat; baina egoera hori errotik aldatu zen artoaren sarrerarekin.

Padurak landu ahal izateko, ezinbestekoa zen itsasoaren eraginetik kanpo uztea, eta polderrak eraikiz lortu zen hori. Lehenik, itsasgoran ura sartzea saihesteko, perimetro osoan lurrezko dike batez inguratzen ziren, kanpoaldean harrizko hormaz indartuta. Eskualdearen arabera, dike horiei lezoi, lubaki edo muna deitu izan zaie. Bigarrenik, barne-urak drainatzeko, zanga-sistema bat zabaltzen zen. Zanga horiek dikeetarantz bideratzen zuten soberako ura, eta haietan irekitako tronpa edo konporta batzuen bidez ebakuatzen zen. Hirugarrenik, lehortutako lurren testura hobetzeko, simaurra eta harea nahasten zitzaizkien.

Padurak drainatzeko sistema hori Erdi Aroaz geroztik garatu zen Ipar Itsasoaren inguruko herrialdeetan, Herbehereetan nahiz Ingalaterran. Euskal Herrian, aldiz, ez zen halakorik egin XVI. mendearen akabaila arte. Lehen saiakerak Aturriren estuario zabalaren inguruko barta edo paduretan egin ziren, Frantziako Henrike IV. erregeak (Nafarroako III.ak) 1599an emandako baimen berezi bati esker. Hala, ordura arte bazkaleku estentsibo izandako eremuak artoa lantzeko egonkortu ziren, inguruko herrietan hazkunde ekonomiko eta demografiko handia sustatuta.

Eriokanale uhartea (Irun, Gipuzkoa), Bidasoako estuarioaren erdian egonkortutako lurrez osatua. Lehen planoan harrizko lezoia ikusten da; atzean, arto-laboreak. / Argazkia: Josu Narbarte

Gixune da horren adibide bat. Herria Aturri eta Biduze ibaiek bat egiten duten tokian garatu zen Erdi Aroaz geroztik, Agramont leinuaren gaztelua erdigune hartuta. Bi ibaien inguruko bartak lehortu eta XVII. mendetik aitzina drainatu ziren artoa lantzeko. Herriguneko etxe zaharrek borda berriak eraiki zituzten landa berriak kudeatzeko; habitat berezi bat sortu zen horrela, ibaiertzeko dikeen gainean luzetara antolatuta. Gaur egun, barta horiek dira oraindik herriko laborantza-lur aberatsenak, eta artoa ekoizten dute batik bat.

Baliteke Aturriko ereduak drainatze-egitasmoak beste toki batzuetan sustatu izana. Bidasoan, adibidez, Jaitzubia auzoan polderrak sortzeko lehen proposamenak 1608an aurkeztu ziren Hondarribiko udalbatzaren aurrean, eta lanak berandu gabe hasi ziren. Hala ere, lanek irundarren protesta eragin zuten, ordura arte libreki gozatzen zituzten erriberako bazkalekuak galduko zituztela salatu baitzuten. Bi herrien arteko gatazkak hiru mendez luzatuko ziren arren, orokorrean paduren gainean arto-landak hedatzea izan zen joera. Ondorioz, 1800. urterako, estuarioko padura ia guztiak lehortuta zeuden, arto-laborantza intentsibora bideratuta.

Antzeko bilakaera izan zuen Barbadungo itsasadarrak. Gaur egun Petronorren findegiak hartzen duen eremuan Vega Mayor izeneko padura zabala kokatzen zen antzina, eta Muskizko herritarrek erabiltzen zuten bazkaleku komunal gisa. Kasu honetan, drainatzea La Quadra aristokrata-familiaren ekimena izan zen, XVIII. mendean zehar gero eta sail gehiago bereganatzen joan baitzen. 1800erako, antzinako padura guztiak arto-landa bilakatuta zeuden hemen ere.

Beste toki batzuetan, prozesua are bizkorragoa izan zen. Urolan, adibidez, Zumaiako Udalak 1792an sustatu zuen Basadiak izeneko padura zabala drainatzeko egitasmoa, herriko inbertsore-talde batek finantzatuta. Lanak bi urte beranduago hasi ziren, eta 1800. urterako eremu osoa drainatuta zegoen.

Polderizazioa euskal kostako luze eta zabal osoan hedatutako prozesua izan zen, beraz. Horri esker, hainbat hektarea gehitu zitzaizkien itsasaldeko herrien laborantza-eremuei, lurzoru sakon eta emankorrez osatuak eta, lauak ziren aldetik, lantzeko errazak. Gaur egun, lur horietako asko XX. mendeko urbanismoak irentsita edo padura egoerara leheneratuta ageri diren arren, antzina izan zuten garrantzia ekonomikoa oraindik bizirik dago herritar askoren memorian.

'Tradizio' moderno bat
Aro Modernoan Ameriketatik iritsi ziren produktu berrien artean, artoak lehen mailako garrantzia hartu zuen berehala Euskal Herriko landa-ekonomian. Hain handia eta bizkorra izan zen bere eragina, ezen ehun urteren buruan baserritarren eta klase xeheen elikagai nagusi bilakatu baitzen. Aldaketa horien emaitza dira XX. mende hasieran ‘tradizional’ gisa kodifikatu ziren bizimoduak, paisaiak eta usadio gastronomikoak, gaur egun oraindik balio sinboliko handia dutenak eta jai herrikoietan erreproduzitzen ditugunak.

Handia eta bizkorra izan zen artoaren eragina, ezen ehun urteren buruan baserritarren eta klase xeheen elikagai nagusi bilakatu baitzen

Haatik, ikerketa historikoak erakusten du eredu horiek guztiz modernoak direla, XVI. mendearen ondotik Ozeano Atlantikoaren bi ertzak lotu zituen harreman kolonialaren emaitza izan baitziren. Harreman hori ez zen norabide bakarrekoa izan; askotariko ondorioak izan zituen, hainbat eskalatan, baita Europako gizarteentzat ere. Alde batetik, hemen aztertu dugun kasuan, urruneko merkataritza-sareak irekitzean kapitalen metaketa gero eta handiagoak gertatzen hasi ziren eta, paradoxa dirudien arren, horrek ekonomia nekazaritzara lerratzea ekarri zuen, elkartruke horietatik baztertuta zeuden laborari-klase gero eta zabalagoak sortu baitziren. Beste aldetik, nekazaritza intentsiboagoa egin ahal izateak ustiategiak zatitu eta parte bat errentan emateko aukera sortu zuen. Hala, laborarien kopuru gero eta handiagoa maizter gisa aritzen zen, eta lurren jabetza esku gero eta gutxiagotan kontzentratzen joan zen, errentetatik bizi zen klase berri bati sorrera emanez.

Hori guztia gure historiaren eta ondarearen parte da. Landako bizimodua higatzen eta gure memoria kulturala galtzen ari den garaiotan, agian ez da sobera memoria-ariketa bat egitea eta gure unibertso sinbolikoari forma eman dioten erreferentzia horien funtsa aztertzen saiatzea.

 

Zientzia, artearen bidez

Artoak Ameriketako gizarteentzat zuen garrantzia oso deigarria gertatu zitzaien Kristobal Kolonen ondotik iritsi ziren kolonoei. Hala, XVI. mende hasieratik ‘esplorazio-literatura’ bat garatzen hasi zen, eta bertan oso ohikoak izan ziren landare honen aipamenak.

Era berean, landarea Europan hedatzen hasi zenean, kontinenteko intelektual eta naturalisten interesa ere piztu zuen. Hala, garaiko hainbat herbario edo botanika-tratatutan jasota agertzen da. Landare-espezieen katalogo modukoak osatzea antzinako praktika izan da; Antzinate klasikoan, Plinioren Historia naturalis edota Dioskoridesen Gai medikoaz obrak ezinbesteko erreferentzia bilakatu ziren, Erdi Aroan ere kopiatu eta transmititu zirenak, greziar eta arabiar munduan nahiz Mendebaldeko monasterioetan. XVI. mendeaz geroztik, Berpizkundeko giro kulturalaren testuinguru bete-betean, Europako intelektualak lan horiei begi berriz begiratzen hasi ziren. Hala, lan horien edizio berriak argitaratu ziren, iruzkin berriz hornituta, espezie berrien zerrendak gehituta eta ilustrazio ederrez apainduta.

Artoaren aipamenak jasotzen dituzten herbariorik zaharrenak bi mediku alemaniarrek argitaratu zituzten: Jerome Bocken Das Kreütter Buch (Estrasburgo, 1539) da lehena, eta Leonhart Fuchsen De historia stirpium (Basilea, 1542) bigarrena. Azken horretan, gainera, labore honen ilustrazio ezagunik zaharrena ere jasotzen da. Bi autore horiek “atzerriko labore” gisa definitu zuten artoa, eta Asian kokatu zuten haren jatorria, Europara turkiarrek eraman zuketela proposatuz.

Baina, zalantzarik gabe, Pierandrea Mattioli italiarraren Discorsi (Venezia, 1544) izan zen garaiko herbariorik garrantzitsuena; hurrengo urteetan hainbat hizkuntzatara itzuliko zena, gainera. 1570eko edizioan sartu zituen artoaren lehen aipamenak eta, ordura arteko iritzi orokorraren kontra, amerikar jatorria zuela defendatu zuen. Argi dago Mattiolik Gaztelako esploratzaileen idazlanak ezagutzen zituela, tainoen hizkuntzako jatorrizko izena (mahis) ere aipatzen baitu. Hainbat koloretako aleak deskribatzen ditu —gorriak, zuriak, beltzak, arreak, purpura kolorekoak nahiz horiak—, eta barietate desberdinak bazirela ere aipatzen du.

John Gerarde ingelesaren Generall Historie of Plantes (Londres, 1597) da herbarioen beste klasiko bat. Aurreko lanen bilduma eta egokitzapena da, egilearen beraren zenbait ekarpenekin aberastua; besteak beste, artoa bere lorategian landu zuela aipatzen du. Lehen edizioan zalantzati agertzen bada ere, 1636ko inprimaketa berrian argi eta garbi dio landarea Ameriketatik iritsi zela Europara, bi bideri jarraiki: Antilletatik Iberiar penintsulara lehena, eta Floridatik eta Virginiatik Britainiar Irletara, bigarrena.

Herbario hauei esker, artoaren eta beste hainbat landareren inguruko ezagutza Europa osoan hedatu zen. Testuekin batera argitaratzen ziren ilustrazioek xehetasun handiz irudikatzen zituzten landarearen atalak. Horiekin batera, espeziearen hazkuntza-zikloa, ezaugarriak eta erabilera nagusiak azaltzen ziren. Horretarako, esploratzaileen deskribapenak nahiz egileek beraiek egindako esperimentazio- eta behaketa-lanen emaitzak aurkezten ziren. Hala, artelan ederrez apaindutako liburu berezi hauek eztabaida zientifikoaren akuilu ere bilakatu ziren, egungo ezagutza botanikoaren lehen urratsak ezarriz.

ARTOA, frumentum turcicum. Egilea: John Gerarde, Herball, or Generall Historie of Plantes (1597). Iturria: Wikimedia Commons.

 

Artoaren garrantzia Lapurdin

Aturri ibaiaren ertzean, artoa bereziki ongi egokitu eta azkarki hedatu zen Aro Modernoan zehar. Baionako erregistroek ederki islatzen dute bilakaera hori. Hala, 1631n plazako agintari militarrek hiriko ateen aitzinean artoa ereitea debekatu zieten auzoko laborariei, erasoa gertatuz gero —Hogeita Hamar Urteko Gerla bete-betean zen garai hartan—, etsaiak artoaren zutoin handien artean ezkuta zitezkeela argudiaturik.

Mende eta erdi beranduago, berriz, egoera guztiz iraulia zen. 1771. urtean, hiriko magistratuek Koroaren intendenteari galdegin zioten aleen esportazioa debeka zezan, artoaren eta ogiaren salneurria gehiegi igo zedin saihesteko. Eman zuten azalpenak argi uzten du laboreak ordurako hartua zuen garrantzia:

(Artoa) oinarrizko lehengaia da, gure inguruko landa-eremu osoa elikatzen du. Bertze ezerk ez luke ordezten ahal. Haren uzta galduko balitz, egoerarik tristeenean leudeke Shàlossako, Akizeko eta gure hiriko ateetaraino dauden parrokia guztietako laborariak, baita Lapurdikoak ere. Izan ere, arto-irinaren elikagai azkarrari ohituta egonik, ez dute hartzen ez garirik, ez garagarrik, ez zekalerik. Bertzerik ez lukete onartuko, eta ez lieke ongi eginen; prezio berean, bihi bat bertzearekin trukatzen ikusi izan ditugu, arto-anega batek bi anega eta erdi garik bezain bertze elikatzen duenez gero.

Baiona eta inguruko paisaia XVIII. mendean. Iturria: Frantziako LIburutegi Nazionala

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Jack Danielen izena, Nathan Greenen izana

Tennessee (AEB), 1820. Nathan Green esklaboa jaio zen, Uncle Nearest edo Osaba Nearest ezizenez ezaguna. Ez dakigu zehazki zein egunetan jaio zen eta, oro har, hari buruzko oso datu gutxi dauzkagu 1863. urtea arte, orduan lortu baitzuen emantzipazioa. Dakiguna da 1850eko... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


1974ko Supergreba

Gaurko egunez, duela 50 urte, Euskal Herriko langile mugimenduak bere historiako kapitulu garrantzitsua idatzi zuen. Hegoaldean 200.000 langilek greba orokorra egin zuten erregimen frankistaren aurka. Mobilizazio hark argi utzi zuen Euskal Herriko mugimendu antifrankista... [+]


Idazketa alfabetiko zaharrena?

Egungo Siriako Tell Umm-el Marra aztarnategian idazkunak dituzten hainbat zilindro aurkitu dituzte Johns Hopkins Unibertsitateko ikerlariek. Adituen ustez buztinezko pieza hauetan idatzitako zeinuak alfabetikoak izan litezke.

K.a. 2400 urtean datatu dituzte zilindroak eta... [+]


Iruñeko atxilotze-aldi luzea

Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Eguneraketa berriak daude