Inork nahi ez duen gerra saihetsezina

  • Hezbollah, Ekialde Hurbileko miliziarik boteretsuena, Libanoko lurretatik Israeli eraso egiten hasi zen, Gazako sarraskia hasi eta biharamunean. Palestinari elkartasuna adierazteko bigarren fronte honen etorkizuna Zerrendan gertatzen denarekin lotuta dago. 91.000 lagun inguru barne desplazatuak dira eta hildakoak dozenaka dira.

Argazki guztiak: Marta Maroto / Copyright

Bonbak igande goizean hasi ziren erortzen, Gazaren aurkako erasoaldia hasi eta biharamunean. Ali Farhatek eta bere familiak ondo zekiten horrek zer esan nahi zuen. Maletak azkar egin, botikako pertsiana itxi eta autora igo ziren, otoitz egin bitartean beren etxea eta oroitzapenak israeldarren eraso baten hondakinen azpian lurperatuta gera ez zitezen.

Libanok Israelekin duen muga, 130 kilometroko kalapita, bakeaz ezer gutxi dakien lurraldea da. Lerro Urdina gisa ezaguna da banaketa hori. 2000. urtean Nazio Batuek behin behinean marraztu zuten, Libano hegoaldearen inbasio israeldarraren amaierarekin batera, gerra zibilarekin hasi eta 18 urte iraun zituena.

Garaipen hark, herrialdearentzat ez ezik mundu arabiarrarentzat ere Hezbollahren autoritatea sendotu zuen, erresistentziaren buru izan zena. Milizia Ekialde Ertaineko boteretsuena da gaur egun. Hamasen aliatua da Jainkoaren Alderdia –arabieratik itzulita– eta koheteak jaurtitzen hasi zen 2023ko urriaren 8an Shebaa eta Kfarchoubaren kontra, Israelek okupatuta dituen Libano barruko zonaldeak.

Marra Urdinetik gertu dagoen Libano hegoaldeko Dahira herriko suntsipena, su-eten egunetan,

Gazakoaz gain, bigarren gerra fronte hori "Palestinari elkartasuna eta babesa" emateko ireki zuten, Hezbollahko buruzagi Hassan Nasrallahk bere hitzaldi guztietan errepikatzen duenez. Israelen hiru dibisio militar daude Libanoko mugan, bestela soldadu horiek guztiak Gaza sarraskitzeko lanetan arituko ziren, azpimarratzen du Sayyed-ek, buruzagi islamiarrak.

Telebistan eskaintzen diren bere hitzartzeen bidez, inork ez baitaki fisikoki non dagoen, Nasrallah de facto bihurtu da Erresistentziaren Ardatzaren bozeramaile, Irango Erregimena buru duen milizien taldekoa, Yemenen, Iraken eta Sirian ere presentzia daukana, kausa palestinarraren alde egin dutenak, nahiz eta gehienak fakzio xiitak izan.

Borrokak mugaldera mugatuta daude, idatzi gabe dauden arau batzuek eutsita, baina Libanoko aldean gerrak 50 zibil baino gehiago hil ditu jada, tartean hiru kazetari; Hezbollahko 250 borrokalari eta ia 91.000 pertsona beren etxea eta herria uztera behartu ditu, Nazio Batuen arabera.

Azpiegituren suntsiketak milioi askoko galera eragin du, eta oraindik goiz da nekazaritza laborantzan eragindako kaltea neurtzeko, hegoaldeko biztanleriaren bizimodu nagusia dena. Israel olibondoak, tabakoa eta fruta-arbolak pozoitzen ari da fosforo zuriko bonbak jaurtitzen. Substantzia kimiko hori gune zibiletan botaz gero, gerra krimena izan daiteke.

Libano hegoaldeko Alma Al Chaab herriko suntsipena, su-eten egunetan.

"Borrokan bizi gara, palestinarrak bezala. Ez dugu gure lurra utziko, ezta gure armak ere ", dio 66 urteko Ramez Najdik, nekazariak, Srifan, Libanotik 20 kilometrora dagoen herri batean. Nahiz eta bere emazte eta semeek desplazatuen zentro batera ihes egin duten Tirora, hegoaldeko kostaldearen lerroan lehen hiri handira, berak tinko eusten dio: sorlekutik alde egitea bere jendeari uko egitea litzateke, "benetako moqawama", dio.

Israelen aurkako erresistentziari erreferentzia egiteko arabierazko terminoa da moqawama. Hezbollahren gidaritzapean monopolizatua, gehiengo xiita duen hegoaldean gotorleku nagusietako bat duena, Najdik termino hori bere egiten du hamarkadatan gatazkaren dinamika bortitzen pean bizitzera ohituta egon den biztanleriarentzat.

Ekialde Hurbila leherrarazi lezakeen gerra baten mugak
Libanok arnasari eutsi zion erasoaldiaren lehen egunetan, buruzagien isiltasunak bere buruari erantzun zion arte: inork ez du nahi gerra saihestezin hau. Nasrallahk hiru aste behar izan zituen bere lehen hitzaldia emateko. Xehetasun hori ez dator bat 2006ko gerran izan zuen hitz-jario azkarrarekin, Hezbollahren eta Israelen arteko azkeneko gatazkan.

Hezbollah-ko buru Hassan Nasrallah-ren diskurtsoa, Saleh Al Arouriren hilketaren biharamunean.

Miliziaren sorrerako arrazoia Israelen suntsipena da. Hamasekin koordinatutako erasoen faltak, etsaia ustekabean harrapatuko zukeenak, zalantzan jarri zuen konpromiso hori. Nasrallahk hitz egin zuenean, jakina zena berretsi zuen: gerra Libano hegoaldean zegoela, eta horrekin nahikoa zela, foku nagusia Gaza dela.

Itxurazko moderazio horren arrazoietako bat Iranen eraginarekin lotuta dago; izan ere, "ez dirudi eskala handiko gerra nahi duenik", nabarmendu du David Woodek, International Crisis Groupeko analistak. Nasrallahk Erresistentziaren Ardatzeko milizia bakoitzaren independentzia azpimarratzen duen arren, Gazaren aurkako erasoaldi hau Israel eta AEBen eta Iranen arteko tentsioen estrapolazio gisa uler daiteke. Hezbollahren parte-hartze handiagoak Erregimen Islamikoaren eskualdeko aktibo nagusia higatuko luke, eta Israelen balizko eraso zuzen baten aurrean bere babesa eta blindajea ahuldu.

Gainera, indarkeriaren igoerak ez luke onarpen handirik izango Libanon, herrialdeak ezin baitio gerra bati heldu. Lurrikara politiko eta finantzarioen ondoren, lirak %90 inguruko debaluazioa jasan du eta libanoarren %80 pobreziaren indizearen pean bizi da. Herrialdeak oreka prekarioan eusten dio bere buruari, kanpotik egindako diru-bidalketei eta shock-etara ohituta dagoen biztanleriaren erresilientziari esker. 2019ko Iraultzaren ostean –Thawra– finantza-sistemaren lapurreta etorri zen, bankuek gizarte-ezegonkortasuna baliatu zuten herrialdeko funtsak husteko.

Hezbollahk kontrolatutako Beiruteko Dahie auzoan, miliziako jarraitzaileek Palestinarekin elkartasunez egindako mitin bat.

Koronabirusak protestak kaiolatu zituen, eta jendea nagiak astintzen hasi zenean, berriz ere ustelkeriak Beiruteko portua leherrarazi zuen. Umore-sen jakin bati eta kidetasun sektarioan oinarritutako sistema baten sare klientelarrari esker eusten dio biziraupenari biztanleriak, egunean egun bizitzea beste aukerarik ez duena.

AEBek ere ez diote, orain arte, argi berdea eman Israeli. Hezbollah ez da Hamas. Miliziak, Libanoren barruan estatu paralelo baten antzera jokatzen duenak, 100.000 kide baino gehiago ditu, eta Israelen aurka borroka daiteke parez pare. Ipar Amerikako herrialdean hauteskunde lasterketa hastear da Ukrainan eta Ekialde Ertainean suteak dituen bitartean, eta jakitun da muga horrek eskualdera ekar lezakeen suntsipenaz –eta, ondorioz, Israeli eman beharko liokeen babes finantzarioaz–.

Horregatik, fronte hori mantendu da idatzi gabeko arau batzuetara mugatuta. Libanoko hegoaldean eta Israelgo iparraldean gertatzen ari den gerraren intentsitatea ebaluatzeko irizpideetako bat da erasoen distantziaren araberakoa. Eguneroko enfrentamenduak Lerro Urdinetik bost kilometroko tartean gertatzen dira, eta gehienek base eta posizio militarrak dituzte helburu.

Israelen drone batek Beiruten hil zuen Hamaseko buruzagi Saleh al Arouriren hileta, Shatilako errefuxiatu eremuan.

Higadura-gatazka hau "disuasio-orekan" oinarritzen da: hau da, eraso berriak prebenitzea norberaren suntsipen-gaitasuna erakutsiz, etsaiak indarkeria areagotuz gero zer kalte egin dezakeen aditzera emanez.

"Hezbollahren armen beldur izatea mehatxagarriagoa da Israelentzat, Hezbollahk armak benetan erabiltzea baino", azaldu du Woodek. Eta joko-arau arriskutsu horien barruan eutsi egin zaio gerrako eskaladari, askotan lehertzear egon bada ere.

Gerra zuzena 2024 hasieran egon zen gertuen, Israelek Saleh Al Arouri Hamaseko bigarrena hil ondoren, Beiruten, frontearen lerrotik 100 kilometrora. Dahien eginiko erasoarekin, Hezbollahren kontrolpean dagoen auzoa, Israel bete-betean sartu zen gerraren fase berri batean, Erresistentziaren Ardatzeko kide esanguratsuen hilketa selektiboan oinarrituta.

Milizia erradikal islamikoaren esku geratu zen gatazka mugatuta mantentzearen ardura. Aste hartan herrialdean bizitako tentsioak gogora ekarri zuen gatazkaren lehen asteetako ziurgabetasuna. Libano Nasrallahren erabakiaren zain zegoen, zeinaren odol eta mendeku erretorika urrun geratu zen kalkulatutako erantzunetik. Sutea ekidin zen.

Beiruteko atentatuaren ondoren, leherketak izan dira Sidon inguruan, frontetik 50 kilometro baino gutxiagora, eta berrienak Baalbek hiritik gertu gertatu dira, Libanoko ipar-ekialdean.

Hamaseko buruzagi Saleh al Arouriren hileta.

"Eskalada mugatuta eta kontrolatuta dago gerraren logikaren eta arauen barruan. Geografikoki ere, akzio-erreakzio printzipioek arautzen dute", dio soraio Hassan Ezzedinek, Hezbollahren Erresistentziarekiko Leialtasuna bloke parlamentarioko diputatuak.

Liskarren hasieratik errepikatzen den eslogana da alde bakar batek ere ez duela gerrarik nahi. Hala ere, hau azaldu dio Ezzedinek ARGIAri: "Erresistentzia prest dago, beharrezko armak eta erremintak ditu etsaiaren indarkeriaren areagotzeari aurre egiteko, eta Libano eta bere jendea defendatzeko". Begia begi truk.

Tentsio handiko negoziazioak, fronte bortitzagoak
Azaroan aldi baterako su-etena lortu baino egun batzuk lehenago gertatu zenez, Israel orain erasoen intentsitatea handitzen ari da, bai Gazan, bai Libanon. Su-eten baterako negoziazioen tentsioa gerra fronteetara eraman da.

"Indarkeriaren azken fase hau testuinguru jakin batean gertatzen ari da: AEBen negoziazio-saiakerak geldirik daude, Iranen eta Israelen arteko desadostasunak areagotzen ari dira, eta Rafahko pasabidearen egoera kritikoa da", dio Joe Macaron Libanoko analistak.

Hamaseko buruzagi Saleh al Arouriren hileta.

Negoziazioen aurrerapenaz galdetuta, Ezzedinek erantzun laburra eman du, miliziaren diskurtso ofiziala errepikatuta: "Gure lehentasuna Gazako gerra gelditzea da. Horregatik, negoziaketetan aurrera egin nahi duenak ez gaitu konbentzitu behar ez Libano, ez Irak, ez Yemen. Palestinaren aurkako erasoa amaitzen denean, gainerako fronteetakoak amaituko dira".

Miliziak bitartekarien bidez helarazi dio mezu hori Israeli, Hezbollah ez delako esertzen AEBekin negoziazio mahaian –taldea terroristatzat dute AEBek–. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren gerra ministroek, baina, asteak daramatzate behin eta berriz esaten Libanoren aurkako erasoak areagotu ditzaketela Gazan su-eten bat gertatuz gero.

Israelgo iparraldea basamortua da: eraikin eraitsiak daude, moztutako errepideak eta etxalde abandonatuak. Armadaren operazio militarrak errazteko, urriaz geroztik 100.000* kolono inguru ebakuatu dituzte bertatik. Bost hilabetez erantzunik gabe eta hoteletan zain egon ondoren –libanoarrak ez bezala, horiek ez baitute beren gobernuaren laguntzarik jaso–, desplazatuen presioa bizkar gainean sumatzen du Likudek.

* Zifra hori asko aldatzen da, gerraren hasieran 200.000 aipatzen ziren eta orain hedabide bakoitzak zenbaki ezberdinak ematen ditu. Adibidez, Reuters-ek dio 96.000 direla eta Haaretz-ek, 135.000. Horregatik, nik "100.000 inguru" aipatu dut.

 

Hezbollahk mehatxua suposatzen du iparraldeko kokagune horientzat eta Israelek, AEBekin batera, lehentasuntzat jo du milizia hori handik kanporatzea. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1701 Ebazpenak ere horixe agintzen zuen; 2006ko 33 eguneko gatazkan Israelek Libanoko komunikazio- eta azpiegitura-lineak suntsitu ondoren sinatu zen ebazpena.
Akordio horrek Hezbollahren eremu neutrala eta desarmea zehazten ditu, eta gerra honetan bigarren mailako papera duen Libanoko Armada eta FINULen –NBEren bitarteko indarrak– kontrolpean uzten ditu. Eremua Lerro Urdinaren eta Litani ibaiaren artean dago, mugatik 30 bat kilometrora.

Gazako gerraren hotsak palestinarren kanpamentuetan
Frontetik harago, Libanoko gainerako lekuetan bizitzak ohikoan jarraitzen du, ia aldaketarik gabe. Hildakoen kopurua sare sozialetatik jarraitzen da, eta urrian Beiruteko arteria nagusiak blokeatu zituzten Palestinaren aldeko protestak arras urritu dira eta ez dute jendetzarik biltzen.

Beddawi errefuxiatu kanpamentua.

Hala ere, Gazako genozidioaren isla oso nabarmena da errefuxiatu palestinarren hamabi kanpamentuetan, non 240.000 lagun bizi diren, NBEren arabera. Lehen palestinarrak 1948an iritsi ziren Libanora, Nakbaren –hondamendiaren– ondoren.
Gaur egun, sasoi bateko kanpin-dendak porlanezko auzo prekarioak dira hiri nagusietako kanpoaldean. Libanoko Estatuak talde palestinarren esku uzten du herri horien gobernua eta segurtasuna.

Libanoko legeak bigarren mailako herritar gisa tratatzen ditu errefuxiatu palestinarrak, eta ukatu egiten die oinarrizko eskubideak eskuratzea, besteak beste, nazionalitatea, jabetza edo funtsezko lanpostuak eskuratzea, hala nola medikuntza, abokatutza edo ingeniaritza.

Pobreziak eta estigmak itsasora bultzatzen ditu palestinar asko, haien irtenbide bakarra migrazioa da. "Ez gara pertsonak, atzerritarrek baino eskubide gutxiago ditugu", dio 38 urteko Marwan Maamanik. Kudeatzen duen saltokian ari dira jolasean bere hiru seme-alabak eta Beddawira aitona Libanoko iparraldeko errefuxiatuen kanpamentura iritsi zen lehenetarikoa izan zen.

Marwan Maamani bere seme txikiarekin jolasean bere dendako teilatuan, Beddawin, errefuxiatu palestinarren kanpamentuan.

"Alde egin nahi duzu, baina nazionalitaterik gabe ezin duzu. Eta, batez ere, zer gertatuko litzateke ondoren gure itzulera-eskubidearekin? Al Aksa operazioaren ondoren, ziur nago garaipena gertu dagoela eta palestinarrak gure lurraldera itzultzeko unea iritsi dela", jarraitzen du. Kanpamentuan bolo-bolo ari da ideia bera. Gazako gerrak amaiera eman dio hamarkadetako itxaronaldiari, eta okupazioaren bukaera laster iritsiko den itxaropenari bultzada berri bat eman dio.

Kanpamentuan, Palestinaren Askapenerako Erakundeak (PAE) biltzen ditu Hamasetik haragoko fakzioak eta haien arteko borrokak bere horretan diraute; haren barruan badira Marwanena baino iritzi pragmatikoagoak eta ahots kritikoak. "Haien borroka eta armak errespetatzen ditugu", hasi da Hatem Mokdade ekintzaile palestinarra. Hala ere, orain kanpamentuetako elektrizitatea konpontzen saiatzen ari gara, gure gazteriarentzat azpiegitura eta hezkuntza hobea lortzen", dio Palestinako alderdiei ustelkeria eta mugiezintasuna leporatuta. Eta defendatzen du Palestinara itzultzeko eskubidearen alde borrokatzea ez dagoela kontrajarrita errefuxiatuei bizi-baldintza duinak bermatzearekin.

Hamasen ospearen gorakada barne oreka aldatzen ari da, aliantza berriak eratzen ditu eta alderdi tradizionalen nagusitasuna mehatxatzen du. 60.000 pertsona bizi diren Ein el Helue errefuxiatu eremua, hegoaldean, Libanoko errefuxiatu palestinarren hiriburutzat hartzen da, eta bizilagun gehien duen kanpamentua da. Bere etorkizuna, orain inoiz baino gehiago, Gazan gertatzen denari lotuta dago.

Rahif Almeari, 13 urteko margolariak mihiseetan olibondoak marrazten ditu Ein el Helue palestinar errefuxiatuen kanpalekuan.

"Gerra amaitzen denean ez dakigu gurekin zer gertatuko den", dio bere izena ez ematea nahiago duen errefuxiatu batek. Al Fatahren –PAE egituratzen duen erakunde nagusia– eta talde islamisten arteko tiroak udan hasi ziren kanpamentu barruan.

Eskolak bi aldeen arteko muga egiten du eta, inork ezer sinatu gabe, infernua urriaren 7an amaitu zen: kausa bakarrak eta etsai beraren oroimenak hutsal bihurtu zuen barne-gatazka. "Ez du zentzurik palestinarrek elkar hiltzea etsai komun handiago bat dugunean", dio Rahif Almearik etsipen ukituarekin. Bere etxea bi taldeen arteko frontearen lehen lerroan dago, eta balek gelako hormak zulatu zizkioten.

13 urte ditu eta kanpamentuan ezaguna da Palestinako sinboloak mihiseetan marrazten dituelako. Olibondoak, kufiya-ren ereduak, mapak edo erresistentziaren liderrak. "Israelek gure tradizioak ezabatu nahi ditu eta horrexegatik margotzen dut, kanpoan gure kulturaren berri eman nahi dudalako. Libanon edo Gazan, garrantzitsua da jendeak jakitea palestinarrak nor garen", mintzo da Almeari helduen ahotsez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Libano
2024-11-27 | Julene Flamarique
Israelek Libanon su-etena onartu du, Gazaren aurkako erasoa areagotzeko

Iranen “mehatxuari” arreta handiagoa eskaintzeko eta Gazan sarraskiarekin jarraitzeko helburuz sinatu du menia Israelek, Benjamin Netanyahuk onartu duenez, baita Hamas Hezbollahtik aldentzeko ere. Israelen aliatuen tropek "ziurtatuko" dute akordioa betetzen... [+]


2024-11-15 | Axier Lopez
Georges Abdallah askatzeko agindu du Frantziako Justiziak, Europako preso politikorik zaharrena

Urriaren 24an 40 urte egin du preso Georges Ibrahim Abdallah libanoarrak Frantziako Estatuan. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatua da... [+]


Zertzelada batzuk Libanori buruz

Hezbollah jokoz kanpo uzteko aitzakiapean, Israelek Libanori eraso dio. Horren ondorioz, Ekialde Hurbileko Suitza txikia foku mediatikoan kokatu da, baina herrialde ezezaguna da oraindik. Antzinaroan, Feniziarren zibilizazio garrantzitsuaren sorburua izan zen, eta baita... [+]


Israelek gutxienez 150 gazatar baino gehiago hil ditu asteburuan

Asteburuan indiskriminatuki bonbardatu ditu Gaza eta Beirut hegoaldea. 2023ko urriaren 7az geroztik, 42.600 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Palestinan, Gazako Osasun Ministerioak zenbatu ahal izan duenaren arabera. The Lancet aldizkari zientifikoak uztailean kaleratu... [+]


Abdallah: Israelen lagun amerikarrek kartzelan hilik nahiko luketen libanoarra

Berrogei urte eginen du urriaren 24an Georges Ibrahim Abdallah libanoarra atxilotu eta preso sartu zuela Frantziako Estatuak, eta horrenbestez Europako preso politiko zaharrena da. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea... [+]


2024-10-14 | ARGIA
40 estatuk “gogor gaitzetsi” dute Israelek NBE-n kasko urdinei eraso egin izana

Azken egunetan gutxienez Nazio Batuen Erakundeko bost kasko urdin zauritu ditu Israelgo armadak, UNIFIL Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoak duen egoitza nagusiaren kontrako erasoetan, Naqoura herrian. Netanyahuk esan du kasko urdinak “giza ezkutu” gisa... [+]


Libano “Gaza bezala suntsitzeko" mehatxua zabaldu du Netanyahuk

Ingelesez zabalduriko bideo baten bidez eman die abisua Israelgo Lehen ministroak: Israelgo armadarekin kolaboratu ezean, libanoarrei ere bideratuko die palestinarrek pairaturiko "sufrikarioa".


Uri Tzafon mugimendua: Jainkoaren izenean, Libano kolonizatzera

Uri Tzafon 2023ko martxoan sortu zen, ehunka batzuk kide dira, baina milaka jarraitzaile ditu jada eta tinko jarraitzen du bere ideia nagusia saltzen: Libanoko Litani ibaitik hegoalderako lurraldea Galilearen iparraldea da, beraz, "koloniza dezagun".


2024-10-02 | Moon of Alabama
Gerra hurrengo fasera iritsi da

Irailaren 17ko astean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk erabaki zuen Hezbollah-rekin Libanon zuen misil trukea beste maila batera eskalatzea, eta erabateko gerra hastea.


Libanon lur erasoa hasi du Israelek, herrialde gehiago bonbardatu bitartean

“Gerraren hurrengo fasea” hasi duela iragarri du Israelgo Armadak. Beirut hiriburuan, Gazan eta Sirian ere egin ditu bonbardaketak, eta Iran mehatxatu du berriz ere. AEBek jakinarazi dute soldadu gehiago bidaliko dituztela Ekialde Hurbilean dituen baseetara, Israeli... [+]


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-24 | ARGIA
Libanon “ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadak

Asteartean Beirut hiriburua bonbardatu du Israelek, aurreko egunetan erasoak nagusiki herrialdearen hegoaldean eta ekialdean egin ostean. “Ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadako burua Herzi Halevik. Gerra “eskualde osora” zabaltzeko... [+]


Israelek Libano bonbardatuta gutxienez 492 hildako eta 1.645 zauritu eragin ditu astelehenean

Azken urteetan ikusi gabeko bonbardaketa egin du Israelek Libanoko hainbat hiritan. Astelehenean, gutxienez 492 pertsona hil dituzte eta 1.645 zauritu, Libanoko osasun ministerioak emandako datuen arabera. Horrez gain, ostiralean Hezbollahren bi komandante hil zituen Israelek... [+]


Eguneraketa berriak daude