Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da: berrarmatzea. Baina inori gustatuko ez zaion letra txikia dauka atzealdean. Armak erosteko dirua nondik aterako dutela uste duzu, ba?
Gure politikariak hauteskunde autonomikoen kanpainaurrearekin lokartuta dauden bitartean, jendearen erdia futbol edo pilotako finalekin amesten eta beste erdia Palestinara izututa begira dagoen bitartean, eta hedabide nagusiek berriz, Madrilgo ustelkeriaren zain-odolak zaborrez txutatzen dituzten bitartean, hori guztia gertatzen den bitartean, fartsa baten arriskuak Europa zeharkatu du egunotan. Eta “gerra” du izena.
Historia lehenik tragedia bezala agertzen zaigu, eta gero fartsaz jantzita, abisatu zuen Marxek. Europar Batasuneko agintariek txilibitua jo dute eta herritarroi esan digute prest egon behar dugula gerrarako. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen hitzek izan dute oihartzun mediatiko handiena: “Baliteke gerrarako arriskua berehalakoa ez izatea, baina ez da ezinezkoa, prest egon behar dugu”, bota zuen ez edozein tokitan, Estrasburgon baizik, europar hiritartasuna duten boto-emaile guztien etxean.
Askoren ustez, ekaineko hauteskundeetan ultraeskuinak Europako Parlamentuan hartu lezakeen indarrari zuzenean lotzen zaio establishment politikoan ugaritzen ari den diskurtso militarista; baita udazkenean AEBetan egingo diren hauteskundeei ere, Donald Trumpek duela aste gutxi garbi esan baitzuen berriz Etxe Zuriko presidente inbestitzen badute bukatu direla osaba amerikarraren dopaminak Ukrainako gerrarako.
Disuasioa, hori da Errusiak NATOko herrialde bat erasotzeko arriskuari jarri behar omen zaion botika. Baina, horrek prezio bat dauka, eta ez txikia
Ipurdia utzi beharrean, atera dira Berlinen Olaf Scholz kantzilerra eta beste hamaika esaten armak masiboki produzitu behar ditugula. Emmanuel Macronek Parisetik diosku: Ukrainara soldaduak bidali beharko genizkiake. Eta Vladimir Putin kamaradak Moskutik bueltan erantzun: aizak txikito, nik bonba nuklear asko ditiat... Bruselak, bere aldetik, armak Europako industriari erosteko salmenta mekanismoa jarri nahi du martxan.
Eskalada hori serioski jarraitzen ari den La Vanguardia-k, Arancha González Laya Espainiako Kanpo Harremanetarako ministro ohia elkarrizketatu du, gaur egun Pariseko Kanpo Gaietako Eskolako dekanoa dena. Berdin du Trumpek irabazten duen edo ez, "AEBek atzera egingo dute Atlantikoan eta gure segurtasunaren ardura guk geuk hartu behar dugu", esan du donostiarrak, Europak armak ekoizteko gaitasuna handitu behar duela aldarrikatzearekin batera. "Iraganean gertatuko ez zela pentsatzen genuen guztia, gertatu da. Brexita, Trump hautatzea, errusiarren inbasioa Ukrainan Krimeatik harago, Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren itzulera...". Disuasioa, hori omen da Errusiak NATOko herrialde bat erasotzeko ustezko arriskuari jarri behar zaion botika.
Izan botika nola politika, horrek prezio bat dauka, eta ez txikia. Egunkari beraren orrialdeetan, Manel Pérez La Vanguardia-ko zuzendariaren albokoak idatzitako artikulu bat leitu dezakegu: "Quien pagará la factura del rearme en Europa?" (Zeinek ordainduko du Europaren berrarmatzearen faktura?) izena jarri dio.
Von der Leyenek Financial Times egunkariari esandakoaren arrastoari jarraitu dio kazetariak: “Gehiago gastatu behar dugu, hobeto gastatu behar dugu, europarrago gastatu behar dugu”. Baina horrek badu arazotxo bat: EBk austeritatera itzultzeko neurri fiskalak martxan jarriko ditu aurki, defizita eta zorra murriztuta. Nola ezkonduko da hori armamentuan gehiago, hobeto, europarrago... gastatuta? Azalpena grafiko batean aurkitu du Pérezek, otsailean Municheko Segurtasunaren Konferentzian publikoki aurkeztua.
Zer nahiago duzu, armak edo gurina?
Kiel Institutuko Christoph Trebesch ekonomialariak eginiko estatistika da eta G7 osatzen duten herrialde boteretsuen gastu militarraren eta gastu sozialaren mende eta erdiko bilakaerak erkatzen ditu. Jerga ingelesean Guns versus butter (Armak versus gurina) modelo liberal makroekonomikoa jarraitzen du, eta adierazten du armetan gastatzen dena handitu ahala txikitzen dela zerbitzu publikoetan –erdeinuz gurinarekin konparatzen dena– inbertitutakoa, eta alderantziz.
XX. mende hasieran erabili zen lehen aldiz kontzeptua AEBetan, eta geroztik hamaika agintarien ahotan entzun dugu. Wikipediak zerrendatu dizkigu batzuk. Joseph Goebbels, propaganda ministro nazia: "Ezin dugu gurinarekin tiro egin, armekin baizik". Margaret Thatcher, lehen ministro britainiarra: "Sobietarrak armak lehenetsi zituzten gurinaren aurretik, baina guk dena lehenesten dugu armen aurretik".
Trebeschen grafikoan ikus daiteke gatazkak daudenean –bi Mundu Gerretan kasu– gastu militarraren kurbak gora egiten duela zeruraino, eta gastu soziala aldiz amildu egiten dela. “Inoiz umilak asarretzian arruak bajatzen dira…”, zioen Txirritak ez arrazoi gutxirekin, eta esaldi horrek berdin balio lezake honetarako ere. Baina Bigarren Mundu Gerraz geroztik gastu militarra “gradualki jaitsi da eta gastu soziala igo, bost aldiz handiago izateraino”, azaldu zuen Trebeschek Munichen. Are gehiago, ekonomialariak ziurtatu zuen Alemanian “arrisku geopolitikoa” inoiz baino handiagoa izan arren, joera berak jarraitzen duela eta “deskonexio” bat dagoela.
Halako analisiak ez dira memelokeriak, ez behintzat esaten direnean Letoniako lehen ministro Evika Silina edo Alemaniako Bundestageko Norbet Röttgen mahaikide dituzula. Municheko Konferentzia nazioarteko segurtasun bilkura inportanteena bihurtu da 1963an sortu zenez geroztik eta Trebeschek goi mailako agintariak zituen entzuten. Youtuben dago jardunaldi osoa zintzilik.
EBk austeritatera itzultzeko neurri fiskalak martxan jarriko ditu aurki. Nola ezkontzen da hori armamentuan gehiago, hobeto, europarrago... gastatuta?
Silinak ahobizarrik gabe hitz egiten du: “Herrialde guztien nahia da bizitza osoan lan egin dutenek pentsio bat jaso ahal izatea, baina estatu baten lehen helburuak bere existentzia, segurtasuna eta burujabetza bermatzea dira”. Hala, 2014an Errusiak Krimea bereganatu zuenetik defentsa gastuak igo dituztela azaldu du lehen ministroak. Letoniak aurten Barne Produktu Gordinaren %2,4 bideratuko du gastu militarrera eta plan bat dauka 2027 urterako %3ra igotzeko kopuru hori. Silinaren esanetan NATOko hemezortzi herrialdek jadanik konpromisoa adierazi dute euren BPGren %2 armagintzan gastatzeko.
Mahai-inguru berean Niall Ferguson Harvardeko historialaria zegoen, hedabide hegemonikoetan aski ezaguna, britainiar inperialismoaz duen ikuspegi onberagatik. Aretoan zeuden guztiei kasik errieta eginez, orain arte Europan izan dugun “bakerako dibidenduaren ilusioa” jarri zuen auzitan: “Alemaniak armetan BPGren %4,5 gastatu beharko luke!”, entzun liteke histeriko xamar bideoan.
Defentsa industriako akziodunak pozik daude
Karrera armamentistikoa jadanik sumatzen ari den zerbait da. 2022an munduan 2,055 bilioi euro gastatu ziren armetan (BPGaren %2,2), Gerra Hotzaz geroztik inoiz baino gehiago, Bakearen aldeko Ikerketen Stockholmeko Nazioarteko Institutuaren arabera.
Le Monde Diplomatique-eko urtarrileko zenbakian Philippe Leymariek –defentsarako gaietan aditua den eta blog bat ere baduen 80 urteko kazetariak– galdetu du ea zeini egiten ote dioten mesede gerrek, eta arma ekoizle handienen zerrenda luzea dakar, Lockheed Martin erraldoi estatubatuarretik hasita: RTX, Notrhrop Grumman, Aviation Industry Corporation of China, Boeing, Leonardo, Airbus... “Errusiak Kieven kontra egindako erasoarekin eta Asia zein Ekialde Hurbileko tentsio geopolitikoekin dopaturik, defentsarako industriak errekorrak ondu ditu eta pozez bete bere akziodunak”, dio kazetari beteranoak.
Baina armetan gastatu eta zerbitzu sozialetan murrizketarik ez egiteko modu bakarra zorra autofinantzatzea da, eta hori soilik AEBek egin dezakete, dolarrarekin: “Europaren berrarmatzearekin egokituko da lehentasunak birdefinitzea”, dio Manel Pérezek La Vanguardia-ko bere artikuluan. Bere ustez, jadanik husten ari diren agenda berdearen karpetaz gain –nekazarien protestak baliatuta– badira beste karpeta batzuk eskua sartzeko modukoak, pentsioena, osasungintzarena edo immigrazioarena, adibidez.
Manu Robles-Arangiz Fundazioak Zorra, menderatzeko tresna izeneko azterketa egin du, ELAko kide Xabi Zabalak aurkeztua EBren agenda berde eta digitalari buruz Bilbon berriki antolatutako mintegian. “Militarizazio ahotsak edonon entzun daitezkeen garai batean gaude –dio Zabalak–. Kontziente izan behar dugu lehia geopolitiko baten testuinguruan gaudela. Esaten digute gastu militarra igo behar dela, eta bestetik, ezin dugula gastatu %2,6 baino gehiago. Aritmetika hori posible egiteko, murriztu daitekeen toki bakarra gastu soziala da”. Eszenatoki horretan, austeritate planak “gerra makina” direla irakur daiteke azterketan.
“Hate and war, the only things we got today”, kantatzen zuen 70etan The Clash taldeko Joe Strummer mitikoak. Alegia, gorrotoa eta gerra zirela orduan zituzten gauza bakarrak, eta apropos gainera, goiko klaseek finantzak eta gizartea kontrolatzeko erabiltzen zituztelako gorrotoa eta gerra, marjinatuenak eta junkie-ak elkarren kontra jartzeraino. Hate, hate, hate… Punk erritmoz errepika bera kanta dezakegu gaur egun, zorra, droneak, gosea eta adimen artifiziala tarteko, iguala baita harro eta umilen arteko dominazio zakurra.
Hezkuntza Sailarekin hainbat aldiz bildu dira hezkuntzako sindikatuak irakasleen lan baldintzak negoziatzeko. Hitzarmena berritzea, baina, ez dute lortu, eta martxoko eta apirileko bost greba egunetarako deialdia egin diete irakasleei. Lehenengoa astearte honetan izango da.
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan zitekeen, orain arteko oihanak zainduta eta bioaniztasuna... [+]
Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]
2020. urteko udaberrian lorategigintzak eta ortugintzak hartutako balioa gogoan, aisialdi aktibitate eta ingurune naturalarekin lotura gisa. Terraza eta etxeko loreontzietan hasitako ekintzak hiriko ortuen nekazaritzan jarraitu du, behin itxialdia bareturik. Historian zehar... [+]
Tesla autoen salmentak, esaterako, %30 jaitsi dira urtea hasi denetik. Danimarkan beste hainbeste jaitsi da AEBetara oporretan joango direnen erreserba kopurua. Eta Suedian, inkesta baten arabera, hamarretik zortzi prest leudeke produktu estatubatuarrei boikota egiteko.
Buñueleko (Nafarroa) kasuan, 34 urteko gizona makina batean harrapatuta geratu da. Arratzun (Bizkaia), aldiz, garabiak goi-tentsioko linea bat ukitu ostean hil da 61 urteko gizona.
Mahai Orokorreko sindikatuek salatu dute Gobernuak utzikeriaz jokatu duela ordezkaritza sindikalarekin negoziatzerakoan, horren adibidea da Estatutu berriaren negoziazioan ezarri duen blokeoa. Gobernua Mahai Orokorrean gai horiek guztiak negoziatzera esertzeko ahalegin ugari eta... [+]
Institutuko giza baliabideak hobetzeko eskatu dute irakasleek, ikasleei kalitatezko arreta eman ahal izateko. Kartelekin eta pankartekin itxaron diete irakasleek lehendakariari. Jaurlaritzako ordezkariek ikastetxeko zuzendaritzari esan diote ez zutela "horrelakorik... [+]
“Beste alde batera begiratzea” leporatu diete erakunde publikoei, eta baita eskualdeko borroka defendatzea ere.
Ubidekoak (Bizkaia) dira Imanol Iturriotz eta Aritz Bengoa gazteak. “Lagunak gara txikitatik, eta beti izan dugu buruan abeltzaintza proiektu bat martxan jartzeko ideia”, azaldu du Iturriotzek. Nekazaritzari lotutako ikasketak izan ez arren, baserri munduarekin eta... [+]
Tasa edo zerga turistikoaren eztabaida urtetan luzatzen ari da, erakunde publikoetan ordezkaritza duten indar politikoen artean zabala den arren ezarri beharraren gaineko adostasuna. Eztabaidetako bat da zerga hori zein erakundek kobratuko duen: zenbait udalek (tartean... [+]