Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia txikiak jaso ditu, gehienak afroamerikarrak, eta asko eta asko emakumeak.
Autoreak berak liburuaren sarreran azaltzen duenez, artista horien inguruko dokumentazioa eskasa da, eta dokumentalgile haietako asko, gainera, gezur zale amorratuak ziren. Hartara, misteriozko eta fikziozko ipuinen itxura hartu dute hogei kontakizunek, musikari galtzaile eta, neurri handi batean, ezezagunen porrotak nabarmentzeko, haietariko batzuk arrakastak eragindako amets horditu eta behin-behinekoetan lokartu izanagatik ere. Horiek horrela, bizitza latz horietan drama da nagusi, baina baita fedea, harrotasuna, baikortasuna eta erredentzioa ere. Cardenal autoreak Espainiako Estatuko Ser irratiko elkarrizketan honela azaldu du: “Porrota baino ezohikoagoa da arrakasta, baina ez dut uste bata bestea baino interesgarriagoa denik. Sistematik, arauetatik, guztiek egiten dutenetik at dagoen jendea gustatzen zait, eta uste dut hori egitea errazagoa dela arrakastarik ez duzunean, egiten duzuna inori inporta ez zaionean”. Irrati-kate berean Sofá Sonoro (Soinu-sofa) irratsaioa zuzentzen du Cardenalek.
Ibilbide zangotrabatu horietan, baina, musika gailentzen da, errauts bilakatutako arimak askatzeko errezo gisara. Musika ogibidetzat edo pasiotzat hartu zuten pertsonaien zerrenda bitxia eta askotarikoa da, musika beltzaren eta folkaren itzala nabarmena den arren. Zerrendan, besteak beste, Fever sonatua abestu zuen Little Willie John; hiru ahizpez osatutako eta aitak esku gogorrez zuzendutako The Shaggs garage-rock talde kalamastra; eta Magín Díaz daude, zeinak Karibeko herri-musika kantuz elikatu zuen anonimotasunetik.
Abner Jay eta Tom Wilson ere aipatu ditu Cardenalek liburuko zerrendako kutunen artean. AEBetan barna bere furgonetan bidaiatu zuen orkestraria izan zen Jay, merkataritza-zentroetako aparkalekuetan jotzeko asmoa zuena: “Alopeziaren kontrako elixirrak eta maitasun-edabeak saltzen zituzten gizon horietako bat zirudien”. Tom Wilson, berriz, ekoizlea zen, eta, besteak beste, Bob Dylanen eta The Velvet Undergrounden diskoak ekoitzi zituen, eta Frank Zappa ezagutarazi zuen. “Tenisean jokatzen zuen afroamerikar ultrakontserbadorea zen, luxua gustatzen zitzaion, Oxforden lizentziatu zen eta Columbia konpainiako ekoizle beltz bakarra izan zen. Eskubide Zibilen aldeko borrokatik eta arrazismotik urrun nola bizi izan zen jakitea gustatuko litzaidake, eta zergatik egun batean, beste barik, rocka uztea erabaki zuen”. Liburuaren autorearen kutunei jarraituta, honatx liburutik erauzitako hiru artista xelebreren bizitza gorabeheratsuak.
Folk estralurtarra
Espazioarekin, zientzia fikzioarekin eta objektu hegalari ezezagunekin obsesionaturiko folk musikari estatubatuarra izan zen Jim Sullivan (1945-1975). Bere grina hain izan zen handia, U.F.O. (1969) izenburudun disko bat grabatu zuela, non folka psikodeliarekin uztartzen zuen. Diskoa, baina, ez zen gehiegi nabarmendu. Halere, tematurik, bigarren lan homonimoa grabatu zuen 1972an, eta Playboy aldizkariak plazaratu zuen. Disko-dendei arazotxoa sortu zitzaien: ez zekiten non eta nola sailkatu porno argitalpen batek plazaratutako lana. Ondorioz, bigarren ahalegin hori ere oihartzunik gabe gertatu zen.
Erabat hondoratuta, familia agurtu, autoa gidatu, eta Tennesserako bidea hartu zuen. Errepidean bi polizia agentek atzeman eta atxilo hartu zuten –Cardenalek dio: “Musikaria eta tximaduna, eta balantzaka”–, eta Mexiko Berriko Santa Rosa hirian utzi zuten, basamortutik gertu. Emazteari deitu zion, eta desagertu egin zen pistarik utzi gabe.
40 urte geroago, diskoetxe bat zuzentzen zuen Marshall Sullivanek deitu zion musikariaren emazteari, U.F.O. berriro argitaratzeko asmoz. Bat-batean, grabazioaren hamaika zale loratu ziren, batez ere fenomeno paranormalei buruzko irratsaio bat diskoaz mintzatu zelako. Orduan, musikariaren inguruko kultura sortu zen, eta jarraitzaileak Mexikoko Santa Rosara erromes joaten omen dira Sullivanen desagerpena argituko duten pistak bilatzera, musikariaren arrastoa galaxia urrun batean egon zitekeen arren, estralurtarrek abduzituta.
Funk felidoa
Betty Davis (1945-2022) funk musikari eta modeloak Miles Davis jazz musikariarengandik hartu zuen deitura, harekin ezkondu baitzen 24 urte zituela –Miles Davisek 42 urte zituen–. Bikote ezkonduak urte eta erdi iraun zuen; Betty gazteak ospa egin zuen, senarrak jipoitu egiten zuelako.
Bettyk nabarmen markatu zuen Milesengan, batez ere estetikan: “Bettyk kolorea sartu zuen, freskotasuna, baina baita lihazkiak, antea eta bufandak ere, eta, batez ere, betaurreko modelo deigarriak, ausartak eta nortasun handikoak”, dio Cardenalek. “24 urteko modelo batekin ezkondu izanak dakarrena”, esaten zuen Miles musikariak.
Haren musikan ere eragin zuen Bettyk, tronpetariaren proposamenean ez baitzuen dantzarako arrastorik aurkitzen. Ondorioz, Sly Stone, The Byrds, Jimi Hendrix eta Aretha Franklinen diskoekin bete zuen Milesen etxea. Bettyk ere bere bidea egin zuen musikan, baita zenbait disko grabatu ere: “Bere kantuak gordinak, amorratuak eta harrigarriak ziren. Ezberdinak sasoian entzuten ziren kantuekin alderatuta. Probokatzaileak. Bere gorputzarekin eta sexualitatearekin eroso zegoen emakume bat ikusteak deseroso sentiarazten dienentzako musika-zartakoak. (…) Lurretik ibiltzen zen, katamarka, kulunkatu egiten zen, orro egiten zuen”. Penthouse argitalpenak hauxe argitaratu zuen musikariaren kontzertuen harira: “Betty Davis estreinakoz ikustea zure lehen film pornografikoa ikustea bezala da, Disneyren film bat espero zenuenean”. Betty harro, baina, era berean, deseroso sentitu zen. Bere jarioa ausartegia zen garaiko irratientzat, eta arrakastak iskin egin zion.
Azken ahalegin bat egin zuen: Japoniako merkatura egin zuen salto, baina hori ere esfortzu antzua bilakatu zen. Gerora, buru-gaixotasunen ondorioz, pobrezian bizi izan zen. Phil Cox zuzendariak aurkitu zuen arte soto batean, musikariaren inguruko dokumentala egiteko asmoz. Harrezkeroztik hobera egin zuen: bere diskoak berrargitaratu zituzten, eta bere kantuak sanpletuak izan ziren, besteak beste, hip hop doinuetan edo Lenny Kravitzen kantuetan.
Nigeriako funk futurista
William Onyeabor (1946-2017) musikari nigeriarra Enugu estatuan jaio zen, eta hori da hari buruz daukagun datu bakanetakoa, jaiotza-data bera ere ez baita batere zehatza. Izan ere, bere iraganaz galdetzen zioten bakoitzean, irribarre besterik ez zuen egiten, eta “Jainkoaz baino ez dut hitz egin nahi” esaten zuen. Hortaz, bere biografia erabat lausoa da. Batzuek esaten dute Oxforden ikasi zuen abokatua zela; beste batzuen aburuz, Nigeriako gobernurentzat lan egiten zuen kontratista zen; eta azken batzuen iritziz, zine-ekoizpenari buruzko ikastaro bat egin zuen Sobiet Batasunean 1970eko urteetan, eta bere herrialdera bueltatu zenean, estudio bat eraiki zuen film bat egiteko. Enuguko errege izendatu zutela ere zabaldu zen. Horiek horrela, musikariaren biografia enigma handi bat da. “Istorio horiek entzuterakoan, Onyeaborrek barre egiten zuen bere etxean, baina ez zuen inondik ere bere bizitza argitzeko asmorik”, dio Cardenalek.
Beti dotore jantzia, ez zuen biraorik txistukatzen, deboziozko sinestuna baitzen. Teknologia zalea, musika maite zuen gauza guztien gainetik. Berak fabrikatutako zortzi disko argitaratu zituen, 1970eko hamarkadaren erdialdetik 1980ko hamarkadaren hasierara arte. Sintetizadoreek bultzatutako Onyeaborren musika Nigeria osoan hedatu izanagatik ere, pertsonaia eta pertsona misterioak estali zituen, ez baitzuen inoiz elkarrizketarik eman eta ez baitzen inoiz telebistan agertu.
Gerora, Williamen musika Europan berragertu zen, Nigeriako 1970eko hamarkadako musika biltzen zuen bilduma bat tarteko. Disko hori Talking Heads-eko lider David Byrnek zuzendutako Luaka Bop diskoetxeko kideek entzun zuten, eta burmuinak kiskali zitzaizkien. “Bere doinuetan funka zegoen, haize instrumentuak eta koruak, 1980ko urteetako soinuak zeuden, bideo-jokoetako eta pinball-etako zarata espazialekin, emakumezko ahotsekin nahastuak, baina baita Fela Kutiren afrobeat-aren oihartzunak eta mezuaren hondarrak ere”.
Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.
---------------------------------------------------------
Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]
Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025
--------------------------------------------------------
Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen... [+]
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
Joan den martxoaren 7an Maurice Ravel, garai guztietako euskal konpositorerik onena, jaio zela 150 urte bete ziren. Eta ARGIAn omenaldia egin zitzaion konpositore horri, Bolero ospetsuak imajinario kolektiboan izan duen eragina gogoratuz.
Kasualitatez, Deutsche Grammophonek... [+]
'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena
---------------------------------------------------------
Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]
Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]
Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.