Behar ez den lekuan autoa aparkatzen duten gidariak salatzen hasi zen Juan Larreta (Iruñea, 1968) duela bost urte. Esklerosi anizkoitza duenez, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dagokio. Urteak daramatza Nafarroako txartelen erregistro bakarra lortu eta jendea sentsibilizatu nahian. Helburuak lortuta, jarduna uztea eta atseden hartzea erabaki du.
Gorputz hotsak sail berria sortu du ARGIAk, gorputz anitzen bizipenak jasotzeko. Gaurtik aurrera bi astetik behin.
Distantzi laburrak direnean, hau da, 200 metro baino gutxiago, makilekin ibiltzen da. Luzeagoak diren distantzietan aldiz, aulki gurpilduna erabiltzen du. Esklerosi anizkoitza dauka Juan Larretak: “Beti utzi behar dut autoa gertu, asko kostatzen zaidalako toki batetik bestera ibiltzea”. Horregatik, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dauka. Bost urte daramatza sare sozialen bidez (@Okupasmotoriza2 X sarean) autoa behar ez den tokian aparkatzen duten autoen argazkiak zabaltzen.
Aurten, jarduna etetea erabaki du helburua bete duelako eta atsedena behar duelako: “Goizetik gauera egoten nintzen argazkiak publikatzen; nire lana zen”. Bi helburu nagusi zituen kontua sortu zuenean: jendea sentsibilizatzea eta txartelentzako erregistro bakarra izatea Nafarroan. Bi xedeak bete ditu: “Polita da lortutakoa, baina ederrena izanen zen okupa motorizatu guztiak desagerraraztea”.
2019ko urtarrilean hasi zen gidariak salatzen behar ez den lekuan autoa aparkatzeagatik edo txartelaren erabilera desegokia egiteagatik. Bost urte igaro diren arren, “oso ongi” gogoratzen du lehen argazkia: “Supermerkatuan gaizki aparkatuta zegoen guardia zibilaren auto baten argazkia bidali zidan lagun batek”. Urteekin jakin du “larrialdi bat” dagoenean poliziak horrelako aparkalekuak erabili ditzakeela: “Ez dugu inoiz jakingo benetan larrialdi bat zen edo ez”.
Bost urtetan, 10.000 argazki
Argazkia argitaratu zuenean ez zuen espero “horrenbesteko” oihartzuna: “Oso modu inozoan eta inongo espektatibarik gabe hasi nintzen. Ez nekien argazki bakarreko kontua izanen zen edo gehiago zabalduko nituen”. Ordutik, Nafarroan, 10.000 argazki baino gehiago publikatu dituzte: “Lotsagarria da, eta agerian uzten du jendearen sentsibilitaterik eza”. Karrikan ateratzen dituen argazkiak ez dira propio bilatutakoak, baizik eta jendeak aurkitzen dituenak: “Pentsa zenbat izanen genituzkeen bilatzera aterako bagina”. Ez du bakarrik lan egiten, 500 kolaboratzailez inguratuta bizi da.
Sinestezina iruditzen zaio jendeak horrela erabiltzea autoa aparkatzeko lekuak: “Nik ez nuen espero hainbeste jende izatea; ez dut ulertzen nola kentzen diguten gure eskubidea”.
Horrelako lekuetan aparkatzen duten edo txartela gaizki erabiltzen duten zenbait pertsonek, uste dute “minutu batzuengatik” ez dela deus gertatzen: “Pribilegio bat dela uste dute, baina behar bat da”.
“Txartela izatea pribilegio bat dela uste dute, baina behar bat da”
Txartelen erregistro bakarra Nafarroan
Beste helburuetako bat zen aparkatzeko txartelen erregistro bakarra lortzea. Zorionez, 2022. urtearen amaieran lortu zuten helburua. Ordura arte, udalek kudeatzen zituzten txartelak, eta Nafarroako 272 herrietan banatzen zituzten. Udal bakoitzak neurri eta araudi propioa zeukan. Horren ondorioz, “zaila” zen txartelen erregistro “egokia” egitea, eta jendeak txartelaren erabilera “txarra” egiten zuen: “Batzuek erabiltzen dute hildako batena, edo txartela behar duen pertsonak ez duenean autoa erabiliko”. Txartela soilik erabili daiteke behar duen pertsona autoan joango bada.
Orain aldiz, erregistro bakarra dagonez, txartela berritu behar izan dute jabeek; hortaz, hilda dauden pertsonen eta iraungita dauden txartelek dagoeneko ez dute balio. Txartela behar ez den bezala erabiltzeak “enpatia falta” adierazten duela salatu du: “Nire emazteari ez zaio okurritzen ni ez nagoenean txartela erabiltzea, eta txartela behar ez nuenean ez nuen erabiltzen aitarena”.
Beste etapa bat
Lana utzi zuenetik ez duenez atsedenik hartu, deskantsatzeko beharra sentitzen du Larretak. Hala ere, “sutan” jartzen duen beste eskubide urraketa bat salatu du: “Oraindik ezin gara leku batzuetara sartu edo bide batzuk hartu koskak edota eskailera-mailak daudelako”. Legearen arabera negozio berri bat irekitzean koska kentzera edo sarrera irisgarri egitera behartuta daude jabeak, baina negozio berriak aurrekoaren jarduna jarraitzen badu, ez dago legez aldatzera behartuta: “Ezin dugu onartu; duela urte batzuk jende asko etxean isolatuta geratzen zen hiriak eta herriak ez zirelako irisgarriak”. Ez du baztertzen aurrerago salatzea, baina momentuz atsedena hartuko du.
GORPUTZEKO ATAL BAT?
"Bi etortzen zaizkit burura. Alde batetik, bihotza, maitasunaren eta eskuzabaltasunaren sinonimoa delako. Oso eskertuta nago jendearen elkartasunarengatik. Bestetik, besoak. Gaixotasuna diagnostikatu baino lehen, oso garrantzitsuak ziren niretzat, eskubaloiko atezaina nintzelako. Orain, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit besarkadak emateko".
Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]