Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

  • Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024ko otsailaren 28an - 06:00
Azken eguneraketa: 09:23

Errusiak 2022ko otsailaren 24an ekin zion Ukrainako inbasioari. 2014tik Pablo Gonzalezek bertatik bertara jarraitu zituen Ukrainako Donetsk eta Luhanskeko gerraren nondik norakoak, baina inbasioaren unean Polonian zegoen, Ukrainako mugako Przemy?l herrian. Ukrainako errefuxiatuak milaka iristen ari ziren Poloniara eta Gonzalez horren berri ematen ari zen.

Dagoeneko Errusiaren inbasioa guztiz egiazkoa zela ondo barneratuta zuen munduak. AEBek hilabeteak zeramatzaten esaten hori, eta otsoa eta artzainaren ipuinean moduan, mezuak sinesgarritasuna galduta zuen, baita Gonzalezentzat ere: “Onartzen dut. Ni ere erratuta nengoen. Inoiz ez nuen irudikatu hau gerta zitekeenik, eta are gutxiago horrela”, idatzi zuen gaztelaniaz otsailaren 24an sare sozialetan.

Are gutxiago irudika zezakeen lau egun geroago Poloniako zerbitzu sekretuek atxilotuko zutela bera, Errusiako espioia izatea leporatuko ziotela eta bi urte geroago oraindik Poloniako segurtasun handiko espetxe batean egongo zela epaiketaren zain, bere auziari buruz ezer gutxi gehiago jakinda. Hiru hilabetero luzatzen den sufrikarioa da berea, eta joan den otsailaren 15ean Poloniako epaitegi batek zortzigarrenez kazetariaren kartzelaldia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki zuen.

“Errusiarren aldeko” kazetariak

Gonzalez hainbat aldiz izan zen Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka jarraitzen 2014tik aurrera, besteak beste, Donetsk eta Luhansken bertan. Berarekin sarri joan zen argazkilari Joan Teixeirak dioenez, “guk alde biei ematen genien ahotsa”. Joan-etorri horien ondorioz, 2016an George Soros magnatearen Open Society Fundazioak “Errusiaren alde” ziren Espainiako Estatuko kazetari, analista edota irakasleen zerrenda bat egin zuen; oro har, ezkerreko jendea eta inondik inora “Errusiaren aldekoa”, baizik eta ikuspegi kritikoduna, bai NATOrekin, bai Errusiarekin. Teixeiraren esanetan, zerrenda horretatik hasi ziren arazoak.

Irudia: Xabier Sagasta

Urriaren 28an Madrilen emandako hitzaldi batean, Teixeirak kontatu zuen nola Errusiaren inbasioa baino lehentxeago, Ukrainako inteligentzia zerbitzuek Kievera deitu zuten Gonzalez eta Errusiaren finantzapean ari zela leporatu zioten: “Horren froga gisa Gara-rako idaztea edo Laboral Kutxako kreditu txartel bat izatea aipatu zioten”. Ordurako Gonzalez kazetari ezaguna zen eta aipatu egunkariaz gain, Públiko, Efe agentzia eta, batez ere, La Sexta telebista katerako kolaborazio lanak egiten zituen. Ukrainako inteligentzia zerbitzuek kargurik gabe libre utzi zuten, eta Teixeirak dioenez, biak egoera nahasian geratu ziren Ukrainan, haien ustez alde egiteko gonbita egin zietelako.

Aldi berean, Espainiako zerbitzu sekretuko (CNI) zortzi lagunek Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen bikotekidearen eta Kataluniako familiaren etxeetara joan ziren egun horietan, eta jakinarazi zieten familia osoaren mugimenduak gertutik jarraitzen zituztela. “Ez gintuzten galdekatu, ez akusaziorik egin, ezer ez, bakarrik nahi zuten guk jakitea oso kontrolatuak geundela”, dio Goirienak.

Ondoren, Goirienak Gonzalezi gertatutakoa jakinarazi zionean, egoera katramilatzen ari zela ikusita, erreportariak Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Hemen, ordea, inork ez zion ezer jakinarazi, ez zerbitzu sekretuek, ez beste inork. Denbora gutxira Errusiaren inbasioa hasi zen eta Gonzalez Europako Ekialdera itzuli zen, oraingoan Poloniara, non otsailaren 28an atxilotuko zuten.

“Pablo txarto dabil pasatzen”

Kazetaria Moskun (Errusia) jaio zen 1982an eta 9 urterekin etorri zen Euskal Herrira lehenik eta gero Kataluniara, bere gurasoak Errusian banandu eta gero. Pavel Rubtsov zen bere errusiar izena –bere aita Aleksei Rubtsov–, baina Bartzelonan bizi ziren jada eta amak Pablo Gonzalez izena jarri zion, errusiar izenaren itzulpena eta bere amaren abizena. Amaren aita 1936ko Gerran Errusiara errefuxiatutako milaka ume haietako bat izan zen. Gonzalezek Nazionalitate bikoitza du, errusiarra eta espainiarra, aspaldi bizi da Nabarnizen (Bizkaia) eta hiru seme ditu Goirienarekin batera, 8, 11 eta 16 urtekoak. Aipatu izenen bikoiztasun hori espioi izatearen froga gisa baliatu dute Poloniako zerbitzu sekretuek. Atxiloketatik bi urte pasatu direnean, ARGIA Oihana Goiriena bere bikotekidearekin mintzatu da telefonoz.

Poloniako segurtasun handiko espetxe batean dute Gonzalez, segurtasun modulu berezi batean, “kartzela barruko kartzela batean, isolatuta”. 23 ordu bere ziegan igarotzen ditu eta ordu batez ateratzen da patiora, bera bakarrik. Hitz egin dezake inguruko beste preso batzuekin, baina ziegatik oihuka.  

“Pablo txarto dabil pasatzen”, aitortu digu Goirienak. Pabloren amak, seme nagusiak eta hirurek egin zioten bisita kartzelan iragan ekainean, eta ez zuen ondo ikusi, “hala ere, jasaten duen tortura psikologikoa kontuan hartuta, nahiko ondo zegoen. Bisitan ez zuen erakutsi nahi izan ahuldaderik amaren eta semearen aurrean, baina ez zegoen ondo, eta gutunetan are eta gehiago nabaritzen da hori. ‘Cómo estás?’, galdetu nion bisitan [ezin zuten euskaraz berba egin] eta ‘Estoy’, erantzun zidan motzean”.

Bisita horrez gain, lehenago beste bakar bat egina zuen Goirienak. Bi urtetan, hortaz, bi bisita. Telefonozko komunikazioa debekatuta dute eta, beraz, bi hilabeteko atzerapena duten gutun bidez elkar komunikatu behar dute: “Madrilgo elkartasun taldekoen azaroko postalak duela bi aste iritsi zaizkio”.

ARGIAko langileek Pablo Gonzalezen askatasuna eskatu dute Lasarte-Oriako egoitzaren aurrean. (Argazkia: Mikel Olabide Zuza / ARGIA CC BY-SA)

Gogorrena, informazio eza

Egoera latza da Gonzalezentzat, eta haren etxekoentzat ere bai. Egun gogorrak eta nekosoak dira honakoak, “elkarrizketa eta hitzaldi arteko egunak” Goirienak deskribatzen dituen moduan, “gora eta behera, hau zurrunbilo bat da”. “Gogorrena informazio falta da. Ez dugu helmuga bat: epaiketaren data, behin-behineko espetxealdiko bukaera... Zerbait egunak deskontatzen hasteko. Horrek erantzun bako galdera asko sortzen ditu”, azpimarratzen du etsipenez.

Hasteko, ez dakite zenbat denboraz egon beharko duen behin-behineko espetxealdian, Polonian ez baitago horretarako mugarik. Esan diete lau urte izan ohi direla gehienez, oro har, “baina batzuetan zortzi ere bai. Semeek ere egiten dizkidate galderak, baina nik ez dakit zer erantzun”, dio Goirienak.

Judizialki ere egoera korapilatsua da. Gonzalo Boyé abokatu ezagunak darama bere defentsa, baina Polonian ere badu abokatu talde bat, han derrigorrezkoa baita hango auzi batean bertako abokatua izatea. Defentsari begira, egoera larriagotzen duen beste faktore garrantzitsua informazio falta da: fiskaltzak ez du zergatik erakutsi behar bere akusazio osoa hasieratik, eta hortaz, Boyék akusazioaren zati bat bakarrik ikusi ahal izan du orain arte, eta haren aburuz, horrek defentsa-gabezia sortzen du.

Espainiako Gobernuaren arreta hutsala

Espainiako Varsoviako kontsula sarri doakio bisitan Gonzalezi, baina Espainiako Atzerri Ministerioko inor ez da oraindik jarri harremanetan bere senideekin. Madrilgo elkartasun taldea zortzi bider zuzendu da ministeriora arreta eskatuz, baina ez du erantzunik jaso oraindik. Harrigarria da hori, kontuan hartuta Europako hainbat instituziok kazetariari elkartasuna erakutsi diotela, edota mundu mailako Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak kasua oso larritzat jotzen duela: “Lehen aldia da Europar Batasunean EBko herrialde batek EBko beste bateko kazetari bat atxilotzen duena halako akusazio batekin”.

Eusko Jaurlaritzatik bai jarri dira harremanetan telefonoz Goirienarekin eta laguntasuna, animoak eta babesa eskaini diote, “hori bai, Eusko Jaurlaritzak kanpo harremanetan eskumen oso mugatuak dituela esan zidaten. Ahal dutena egingo dutela ere esan didate, baina ez didate esan zer egin duten”, zehaztu du Goirienak.

Bitartean, Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute. Atxiloketatik bi urtera, asteazken honetan hainbat hedabidetako langileek bilkurak egin dituzte beren hedabideen atarietan, besteak beste aldizkari honetakoek. Hedabide, kazetari, eta giza eskubideen aldeko erakunde ugariren oihua bat eta bera da: “Pablo askatu!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2025-01-30 | Leire Ibar
EITBko Euskara Batzordeak salatu du euskararen eskakizuna baztertu dela zuzendaritza postuetan

EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]


Sarah Babiker. Gurpiletik atera
“Abiadura honetan ezin diegu eutsi berez funtsezkoak diren gauza batzuei”

Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]


2025-01-23 | Julene Flamarique
2024an 361 kazetari atxilotu zituzten munduan

Asiak jarraitzen du izaten kazetari gehien atxilo dituen kontinentea: 2024an atxilotutako kazetarien %30 baino gehiagorekin. Txina, Israel eta Myanmar izan ziren berriemaile gehien espetxeratu zituzten estatuak iaz. Osotara, 200 kazetari baino gehiago hil eta ehunka zauritu eta... [+]


“More with less”

Lehengo batean, The Wire telesail sonatua berrikusten ari nintzela, etsipena gogora ekarri zidan eszena bat heldu zen. Bertan, The Baltimore Sun egunkariaren zuzendaritzak langileak bildu eta datozen aldaketei buruz ohartarazten die; hau da, kaleratzeez eta distira gutxiagoko... [+]


2025-01-14 | Sustatu
“Dragoi Bola” maratoia, atalak Makusin ikusgai jarriko dituztela ospatzeko

"Dragoi Bola" maratoia egingo da EITBren Bilboko egoitzan datorren larunbatean urtarrilak 18; 16:00etatik 21:00etara. Motiboa da Dragoi Bola euskaraz bikoiztuaren atalak Makusi plataformara iritsiko direla, euskaraz eta doan, ostiralero atalen batzuk gehituz joango... [+]


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


Al-Jazeera telebistaren Zisjordaniako egoitza itxi du Palestinako Aginte Nazionalak

"Sedizioa bultzatzen duelako" hartu du Al-Jazeeraren zabalpena eta lana "aldi baterako" debekatzeko erabakia Palestinako Aginte Nazionalak. PAN "Israelekin lerrokatu izana" deitoratu du komunikabideak, argi utzirik "mehatxuen eta intimidazioen... [+]


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


2024-12-20 | Euskal Irratiak
France 3 Euskal Herri katearen berri saila, berriz ere murrizturik

France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]


Hedabideen iruzurrak
Preso siriarra askatzen duten CNNren bideoa: iruzur salaketak

Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Eguneraketa berriak daude