Euskaltzaleen Topaguneko presidente izan zenean ezagutu zuen iritzi publikoak. Hedabideetan ere hortxe dabil batean eta bestean kolaboratzen. “Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz”, zioen Eibar.org-ek egiten zuen aurkezpenak.
Abokatu euskaldun euskaltzalea. Donostian egin zituen Zuzenbide ikasketak, EHUren fakultatean, eta Eibarren du bulegoa. Herriko Eta Kitto eta Bergarako Jardun elkarteetako kide, eta Euskaltzaleen Topaguneko buru egin zuen 2014tik 2018ra. Hainbat hedabidetan kolaboratu du, zutabeak idatziz nahiz solaskide lanean. Oraingo egunean, Euskadi Irratiko Faktoria-n parte hartzen du. 2016an, Eibarren inoiz euskaraz egindako lehen epaiketa gauzatu zuen. Organoa jotzen du, afizioz.
Jasone Osororen Arrakasta (Elkar, 2023) liburua irakurri berritan harrapatu nau zure elkarrizketak. Liburu horretan, Harkaitz Canok esaten du harrotasun absurdoagatik ikasi zuela Zuzenbidea...
Nire kasuak ez du Harkaitz Canorenarekin zerikusirik. Harkaitz, besteak beste, ondoko hamarkadakoa da. Ni 1966an jaiotakoa naiz. Harkaitz Canok liburu horretan esaten du, oker ez banago, aita abokatua zuela, eta ama irakaslea. Nire kasuan, aita torneroa nuen, eta ama, berriz, etxekoandrea, beti langintzaren batean ziharduena. Gure familian unibertsitatera joan den lehen pertsona naiz. Nire gurasoek ikusi zuten ikasle ona nintzela, unibertsitate ikasketak ere egin behar nituela, eta niri, berriz, Zuzenbidea egin behar nuela sartu zitzaidan buruan, hura zer zen benetan jakin gabe. Ikasi egin nahi nuen, eta familiaren bultzada izan nuen.
Zerk eraman zintuen Zuzenbidea ikastera?
Ez dakit, bada! Ez nuen abokaturik ezagutzen, adibidez. Ni langile auzoan jaio nintzen, Urkin, eta han ez zegoen ez abokaturik ez unibertsitatean ibilitakorik. Zergatik Zuzenbidea? Ez dakit. Edo filmak, edo liburuak, edo ez dakit zer izan zen, baina beti izan nuen abokatu ikastea gogoan, eta ikasi nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Bestelako zerarik gabe, alegia.
Jaioterrian jarri zinen lanean, Eibarren, eta 30 urte baino gehiago daramatzazu lanean...
1992ko urtarrilean kolegiatu nintzen, otsailean hasi lanean... 32 urte!
...eta, lanean hasteko garaian, lagunen artean-eta abokatu txartela banatzen ibili omen zinen, bezero bila.
Bai. 30 urte hauetan gauzak asko aldatu dira. Orduan ez zegoen zeure burua ezagutzera emateko sare sozialik ez antzekorik, baina ezagutzera eman beharra neukan, eta lagunen eta ezagunen artean saiatu nintzen. Hasierako bezeroak ingurukoak izan ziren, denak. Zaila izan zen, oso, edo orain zaila izan zela iruditzen zaigu, 24 urte ez dauzkagulako. Garai hartan naturala iruditu zitzaidan. Orain, eskarmentua daukadala, pentsatzen dut: “Ai, ama! Baina zer ibili nintzen ni orduko denboran!?”. Baina gazte zarenean halakorik egiten ez baduzu, noiz egingo duzu, bada?
"Nik fiskalari: ‘Egun on’. Eta berak: ‘¡Buenos días!’. ‘Egun on!’ nik, ostera, eta berak, gogorrago, ‘¡Buenos días!’. Horixe da bizi duguna”
Ordenagailuak ere badu historia, kontatu ohi duzunez.
Orduan Eibarko abokatuen artean behintzat inork ez zeukan ordenagailurik, eta guk, berriz, bigarren eskuko Macintosh txiki bat inguratu genuen. 114.000 pezeta kostatu zitzaigun. Dirutza! Eta horrela hasi ginen. Oraingo egunetik begiratuta, ausartak izan ginela ematen du, baina orduan ez genuen pentsatzen ausartak ginen, ez ginen. Egin behar genuela pentsatzen genuen, eta egin genuen. Donostian ari nintzen lanean, funtzionario nintzen hango udaletxean, baina utzi egin nuen, abokatu izateko. Naturala iruditu zitzaidan. “26 urte dauzkat, hemen lanean geratzen banaiz, zer izango da nire bizitza?”. Seguruena, oso bizimodu erosoa izango nuen, baina ez nuen nire burua horretan ikusten, eta postua utzi nuen. Horrela gertatu zen.
Inor ez ei da profeta bere lurrean. Zuk, aldiz, jaioterrira itzultzeko hautua egin zenuen.
Errazago iruditu zitzaidan Eibarren lanean hastea, herrian nola-halako sarea neukan eta. Beste lagun batekin batera ireki nuen bulegoa, baina nire bidean gidatuko ninduen baten bat eduki izan banu, bidea irekiko zidan baten bat… beste modu batera egingo nuen, beharbada. Baina ez neukan inor, ez ezer, inguruan ikusten nuena besterik ez. Alegia, nik orain gure semeak ikusten ditut, eta aholkurik eman diezaiekegula iruditzen zait, edo, bestela, gure lagun edo ezagunen batekin kontsultatu. Baina gure garaian halako sarerik ez geneukan.
Eibarren beste abokaturik izango zen…
Bai, baziren beste bulego batzuk. Gure garaian, fakultatean hasi ginenean, unibertsitateari “langabetuen fabrika” esaten zitzaion. Sekulako langabezia zegoen, eta bakoitzak ahal izan genuen tokian bilatu behar izan genuen lana. Batzuk geure bulegoak irekitzen hasi ginen, orain ez bezala, ze orain abokatu gazte gutxik irekitzen dute beren bufetea, nahiago dute inoren bulego handian lanean hasi. Niri, aldiz, errazagoa iruditzen zait nork bere bulegoa jartzea, gaur egun batez ere, sare sozialak ere aukeran hortxe daudelako. Abokatu gazteek, berriz, ez dute bide hori hartzen. Egia da, hala ere, guk bide hau hartu genuela, besterik ez geneukalako.
Donostian ikasi zenuen Zuzenbidea… Ordurako bazen euskarazko lerrorik?
Eeeeez! Kar-kar… Ezta pentsatu ere! Hogei ikasgai baino gehiago izan genituen karrera osoan, eta bakarra izan genuen euskaraz, Ekonomia, Baleren Bakaikoa irakasle. Eta Zuzenbide administratiboko praktikak ere –oso gauza txikia–, euskaraz izan genituen. Iñaki Agirreazkuenaga izan genuen irakasle. Oraindik orain, Gabonak aurretik, abokatutzako masterrean eskola batzuk eman izan ditut, euskaraz, eta nik eskola eman eta gero, Iñaki Agirreazkuenagaren txanda! Kar-kar… “Nire irakaslea izan zinen”, esan nion. Eta berak: “Orain dela 30 urte?”. “Gehiago!”. Kar-kar… Ekonomia eta Zuzenbide administratiboko praktikak, besterik ez genuen euskaraz ikasi.
"Nik esango nuke euskarak hobera egin duela Eibarren, masa irabazi duela”
Zer giro zenuten Eibarren?
Eibarren dena zen erdaraz. Gure inguruan, gutxienez. Gure auzoan oso jende gutxik egiten zuen euskaraz. Baina aita oso euskaltzalea da. Deban jaioa da, lanera Eibarrera etorritakoa. Ez zigun euskararik sartu, berak euskara natural-natural transmititu zigun. Sekula ez digu esan: “Euskaraz!”. Ez. Berak beti euskaraz egin digu. Asko gustatzen zaio politikaz-eta hitz egitea, gai sozialen gainean jardutea, bateko eta besteko taldeetan parte hartzea… eta beti euskaraz hitz egiten du, talde guztietan, eta gai guztiei buruz, beti euskaraz, eta horixe transmititu digu guri. Eta amak ulertu egin du hori, eta etxean euskaraz eta erdaraz hitz egin dugu beti.
Etxean euskaraz eta erdaraz, amak euskaraz ez zekielako…
Ez daki!
Ez daki.
Ezer ez.
Amak ez, aitak bai…
Begira, ikastolara hasi ginenean, 1970ean, han ikaslearen eskolatze-libururik ere ez zuten ematen. “Ume hauek ikastolara hasiko dira!”, esan zuen gure aitak; neba eta biok, esan nahi zuen. Eta gure amak, gaztelaniaz: “Ikastolara? Euskaraz badakite-eta!”. Gure aita hitz gutxikoa da, eta esan zuen: “Baina ez da gauza bera”. Eta ikastolara! Baina esan dizut, amak ez daki euskaraz ezer, “txakurra”, “maittea” eta halako hitz batzuk izan ezik. Eta, hala ere, oso harro dago gu euskaldunak garelako.
Zuzenbidea gaztelaniaz ikasi arren, euskaraz gauzatzen duzu jarduna; ahal denean, behintzat…
Baina nire lana erdaraz da, gehiena. Bezeroa etortzen denean, beti eskaintzen diogu zerbitzua euskaraz. Euskalduna naiz, eta euskaltzalea, eta bezeroari lehenengo hitza euskaraz egiten diogu beti. Eta, ahal bada, euskaraz artatzen dut. Zuzenbidea erdaraz ikasi nuen. Ikastolan, 14 urte arte, euskaraz ikasi genuen dena, baina harrezkeroko ikaskuntza guztia erdaraz egin nuen. Baina bi hizkuntzetan moldatzen naiz oso ondo, eta oso erraz egiten dut bien arteko transferentzia.
2016an epaiketa egin zenuen euskaraz, inoizko lehena Eibarren…
Agerraldi bat izan zen, nahi baduzu, eta bai, neuk eragin nuen. Aukera ikusten dudanean, euskaraz saiatzen naiz. Oso aukera gutxi daude, baina aukera horiek aprobetxatu egin behar ditugula uste dut. Herentzia bati buruzko auzi bat izan zen, idazkariarekin egin ahal izan genuena, epailerik gabe. Idazkaria euskalduna zen, bezeroa euskalduna, abokatua –ni neu, alegia–, euskalduna… Eta euskaraz!
Hainbat baldintza bete behar izan ziren epaiketa hura euskaraz egin ahal izan zedin. Kasuistika oso bat!
Epaitegiak dira... Badajoz! [Espainia] Eta, hala ere, eta zorionez, gaur egun, gero eta langile euskaldun gehiago daude epaitegietan lanean, hizkuntza profila ere badute, eta langile euskaldun gehiago daudenez, ahozko komunikazioa, behintzat, kasu batzuetan euskaraz egin dezakegu. Idazkariei eta epaileei dagokienez, oso-oso gutxik dakite euskaraz. Ea, Justizia administrazioan, EAEn, langileen eskumena Eusko Jaurlaritzarena da. Duela hamar edo hamabi urte jaso zuen eskuduntza. Harrezkero, nabarmena da langile gehiagok dakitela euskaraz, baina dira ofizialak, agenteak, tramitatzaileak... Hortik gora joz gero, justizia administrazioko letratuak –garai bateko idazkariak, alegia –, fiskalak eta epaileak ditugu. Eta hiru eskalafoiok Espainiako Gobernuaren menpekoak dira oraindik, eta ez dute euskaraz jakiteko obligaziorik.
"Gure mundua ez da euskalduna, eta saiatu egin behar dugu, beharra eta premia ditugu, eta horrek bultzatzen nau euskaraz lan egitera, ahal dudan puntura arte"
Horrela ez dugu inoiz burutuko!
Kasu batzuetan, euskaraz jakitea izan liteke meritu, baina ez da derrigorrezkoa. Eta epailea egon liteke batean Eibarren, eta bestean Badajozen. Oraindik orain joan da Eibartik epaile bat euskalduna, donostiarra. Urte batzuk egin ditu Eibarren. Epaile gaztea. Horrekin ahozko komunikazioa euskaraz egin ahal izan dugu hainbat aldiz. Hala ere, epaile euskaldun horrek ere inguruan izan duen sare hori, letratu eta beste, erdalduna izan da. Gauzatxo batzuk –baina horixe dira, gauzatxoak–, egiten ditugu euskaraz. Gauza handirik ez. Oraintxe, Eibarren hiru epaile daude. Donostiar hark bazekien euskaraz –baina joana da hemendik–, eta beste biek ez. Lau letratu dauzkagu, eta batek ere ez daki euskaraz.
Paretaren kontra joka beti.
Bai. Eta ni, paretaren kontra bai, baina kamikazea ere ez naiz, bestela ezingo nuke lan egin. Mundu euskaldunean biziko banintz, saiatu beharrik ere ez nuke izango. Baina gure mundua ez da euskalduna, eta saiatu egin behar dugu, beharra eta premia ditugu, eta horrek bultzatzen nau euskaraz lan egitera, ahal dudan puntura arte... Lehengo batean, epaiketa-gela batera sartu, eta epailea artean iritsi gabe edo. Baina hantxe zegoen fiskala. Eta nik: “Egun on”. Eta berak: “¡Buenos días!”. “Egun on!” nik, ostera, eta berak, gogorrago, “¡Buenos días!”. Horixe da bizi duguna. Hortik aurrera zer egin behar dugu? Erdaraz! Ahal badut, euskaraz egiten dut, baina egoera batzuetan ezinezkoa da.
Euskaraz jardutea plus bat da zure lanean?
Nik horrela bizi dut, baina ez dakit bezeroak nola bizi duen. Esate baterako, ni bezero naizen kasuan, profesional bat aukeratzen dudanean, gehiago baloratzen dut euskaraz baldin badaki. Begira, behin auzi bat izan nuen, Madrilgo betiko familia horietako baten kasua, Eibarren negozioak izandakoa. Haien abokatu lana egin nuen. Auzia egin zen, betiko moduan, eta dena bukatu genuenean, haietako bat etorri zitzaidan, eta zoriondu egin ninduen, gaztelaniaz hain ondo hitz egiteagatik! Gurera etorrita, mediku euskalduna behar dugu, eta halaxe eskatzen dugu. Baina zenbat jende ikusi dut mediku euskalduna eskatzen, eta, hurrena, abokatua behar izan duenean, euskaraz ez dakien batengana jotzen?! Koherentzia pixka bat ere behar dugu, ezta? Euskaldun peto-petoak, eta beren abokatua…
Erdaldun peto-petoa.
Horixe. Eta ahoa betetzen zaigu mediku euskalduna eskatzen! Neuk ere nahiago dut mediku euskalduna, eta zinegotziak, eta udal langileak, eta ertzainak… Ezin denean ezin da, baina norberaren esku ere badago neurri batean. Hala ere, nik esango nuke euskarak hobera egin duela Eibarren, masa irabazi duela. Lanean hasi nintzenean, nire bezero gehienek ez zekiten euskaraz. Gaur egun, aldiz, bezero asko artatzen ditut euskaraz. Gazteak dira, gainera, eta ikaragarrizko poza ematen dit gauza juridikoei buruz hitz egin behar, eta ulertzen dutela ikustea. Garai batean, bezeroa euskalduna izan arren, ez zen jantzia, eta nahiago zuen nik erdaraz hitz egitea termino juridikoetan hitz egin behar nuenean. Gaur egun, hori aldatu egin da, eta poztasuna ematen du.
* * *
Bergara
“Eibartarra naiz, baina Bergaran bizi gara, senarra hangoa dut eta. Eibar baino askoz euskaldunagoa da Bergara. Umeak haztea ere errazagoa da han. Zazpi urterekin patinetea hartu eta trankil irten daitezke kalera. Eta han jasotzen duten euskara ez zuketen Eibarren jasoko. Gure umeek etxean jaso dute euskara, baina baita herrian ere, eta naturaltasunez hitz egiten dute. Aldea demasa dago bi herrien artean”.
Organo zaletasuna
“Gaztetan pianoa ikasi nuen. Gero, Zuzenbidea ikasi, lanean hasi, eta pianoa laga nuen. Eta abar. Hurrena, seme txikia koskortu zenean, berriz ere musikari denbora eskaini behar niola pentsatu nuen. Eta, horretan nengoela, Bergaran organo eskolak emango zituztela jakin nuen. Organo bat gertutik sekula ikusi gabea nintzen, baina hasi egin nintzen, gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte!”.
AZKEN HITZA
Estres linguistikoa
“Behin, larrialdi bat etxean, eta anbulantziari deika ari nintzen goizeko hiruretan. Telefonoa hartu, eta lehen mikrosegundoan, neure artean, ‘euskaraz edo erdaraz egin behar dut?’. Herri honetan bizi gara, eta estres linguistikoa bizi dugu”.
Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.
Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]
Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]