“Bakoitza gure ezberdintasunetatik, baina batzen gaituena euskara da”

  • Korrika, euskararen aldeko ekitaldi erraldoiena, iristear dago, eta Ane Elordi (Zornotza, 1991) dugu antolaketa-lan izugarri honen koordinatzaile. Bileraz bilera dabilen honetan, hizketarako tarte bat eskaini digu eta, besteak beste, Korrikak Euskal Herriarentzat, nahiz AEK berarentzat, zer esan nahi duen jardun dugu.

Argazkia: DosPorDos.
Argazkia: DosPorDos.

2022an hautatu zintuzten koordinatzaile. Zer esan nahi du horrek?
Horrek esan nahi du, aurrerantzean, eta dena ondo bidean, datozen lau Korrika aldien koordinatzailea izango naizela. Ni irakaslea naiz Arratian [Bizkaia], eta komunikazio arloan ere ibilia naiz, baina  koordinatzaile ardura hartu ondoren lanak bestelakoak dira. Korrika urteak ehuneko ehuna eskatzen du, eta aritu behar izaten da nazio mailako antolaketan, mahai nazionaleko batzordea gidatzen, kanpora begira Korrikaren gaineko informazioa helarazten, eta eragileekin harremanetan.

Zer moduz zabiltza oraingoz?
Oraingoz, ondo. Nik beti esan izan dut Korrikari jendarteak oso harrera ona egiten diola eta, halaxe, zoazen lekura, giro atsegina aurkitzen duzu.

“Sarritan, inguruak esan izan digu: ‘Jo, eta zure aita, amerikarra izanda, ingelesez zergatik ez?’. Bada, berez, gu euskaldunak garelako”

Kontatu pixka bat zein den zure hizkuntza biografia, zure harremana euskararekin...
Aita jaiotzez amerikarra daukat, aiton-amonak euskaldunak, baina Ameriketara lanera joandakoak. Han jaio zen nire aita, eta 18 urterekin Euskal Herrira bueltatu ziren; orduan ezagutu zuen nire ama. Nire ama ez zen euskalduna, euskaltegian euskaldundua da. Beraz, beraien harremana euskaraz eta gaztelaniaz izan da, bietara. Gero, bai nire ahizpari bai niri euskaraz egin izan digute. Sarritan, inguruak esan izan digu: "Jo, eta zure aita, amerikarra izanda, eta ingelesa zergatik ez?". Bada, berez, gu euskaldunak garelako. Ikasketa guztiak euskaraz egin ahal izan ditut, eta egia da egunerokotasunean ere euskaraz bizitzeko aukera daukadala, baina ni zornotzarra naiz, eta gure herria erdalduna da... Hau da gure errealitatea.

Eta noiz hasi zinen hizkuntzaz interesatzen?
Interesa beti izan dut. Unibertsitateko ikasketak aukeratu behar nituenean, Euskal Filologia egin nahi nuen, baina etxean esan zidaten, “hori gero zertarako? Liburu bat idatzi nahi dozu?”. Eta nik esan nuen, ba, ez dakit... Eta orduan kazetaritza aukeratu nuen, eta oso gustura egin nuen. Gero, AEKn sartu ondoren, euskara irakasle aritu naiz, eta oso gustuko dut. Uste dut oso garrantzitsua dela komunikazio mundutik egiten den ekarpena irakasle izateko; bai, hizkuntza kontrolatu behar duzu, baina zelan irakatsi?

Argazkia: Dos Por Dos.

Gogoan duzu zure lehenengo Korrika?
Bai, zerbait. Ez dakit lehenengoa izan zen... Gogoan dut gauez zela, 10-12 urte izango nituen, eta oso berandu zetorren, ordubeteko atzerapenarekin, eta nola egon ginen tabernan zain, kanpoan euria ari zuela...

Eta zein duzu oroipen hunkigarriena?
21. edizioan furgonetako taldearen parte izan nintzen eta handik ikusi nuen beste errealitate bat, ordura arte ikusi gabekoa. Zeren eta gu, Bizkaian, lurralde oso populatuan gaude, eta jende masa bat ikusten duzu aurrera egin ahala, baina, adibidez, gauez, edo aste barruan, Araban edo Nafarroan ez dago hainbeste jende, baina bertan dagoen jendearen konpromisoa, agian, handiagoa da.

Berezia da adibidez, Gorbeia aldetik, edo Nafarroako Pirinioetatik pasatzea. Edo, badaude momentuak ere, lekukoa pertsona jakin batek hartzen duenean, edo omenaldiak egiten direnean...

Hiriak mugitzen duen masa beharrezkoa da: hemen euskaraz bizi nahi dugu eta hiriak kolapsatzera gatoz. Baina hirietatik kanpo dagoen errealitatea ere oso gogoan izan behar da.

“Gure hizkuntza euskara bada, eta euskarak ez bagaitu batzen, eta ez bagara ados jartzen horretan, politika gutxi dago egiteko”

Zuk leku askotatik bizi izan duzu Korrika, ezta? Zuretzat, Korrika bizitzeko zein da onena?
Furgoneta barruan. Streamingez jarraitzea bezala da; denbora guztian han daukazu jendea, sartu eta irten, eta gidari zaren momentua, ez duzu lekukoa ikusten, baina bai jendea, mundu guztia zain, pozik, irrikaz parte hartzeko... karrera bera da. Guk esaten dugu orain gauza asko antolatzen direla Korrikaren inguruan, korrika kulturala dela, korrika txikia dela, baina lasterketa bera, gau eta egunez ez gelditzea... hori da onena.

Esaten duzunaren ildotik, Korrikaren inguruan beste gauza pila bat antolatzen dira, Korrika kulturala, adibidez...
Bai, Korrika kulturala Korrikaren atal bat da, berez. Euskal Herriko toki askotan ez zegoen euskarazko kultur programaziorik, orduan, AEKn pentsatu genuen Korrikari jendeak egiten dion ekarpena eskertzeko opari gisa euskarazko kultura programatzea; horregatik saiatzen gara ertzetan ere, periferian, programazio kulturala bermatzen. Horri lotuta aurkeztu genuen azken edizioan  3.000 euroko sorkuntza-beka, eta hortik Badon proiektua, edizio honetan kultur ekitaldi nagusia.

Nola definituko zenioke atzerritar bati Korrika?

Definitzekotan, horrela definituko nuke: gaur egun, Euskal Herrian, euskararen aldeko ekimen erraldoiena da, eta euskal herritarrak batzen gaituena. Korrikak lortu du alderdi politiko, sindikatu eta eragile askotarikoak euskararen inguruan batzea, eta hori da egin behar duguna. Gure hizkuntza euskara bada, eta euskarak ez bagaitu batzen, eta ez bagara ados jartzen horretan, politika gutxi dago egiteko.

Kanpokoei adieraziko nieke, baita ere, Korrika ez dela gelditzen, hamabi egunetan ez garela gelditzen, eta gure muga bakarra euskararen muga dela.

Argazkia: Dos Por Dos.

Korrikan euskararen metafora moduko bat ikusten dut... Zentzu horretan, euskarak eta Korrikak, biek egiten diote abegi ona jende desberdinari, ezta?  
Bai, eta aurtengo leloarekin ere, hori azpimarratu nahi izan dugu. Harro herri, bakoitza garen modukoak, bakoitza bere ekarpena eginez, zein bere iritzi, kolore eta jatorriarekin, baina euskarak batzen gaitu.

Kontatu zer esan nahi duen zuentzat Harro herri leloak.
Alde batetik, harrotasuna. Gure hizkuntza gutxiagotua dagoenez, sarritan, konplexuz bizi gara. Bada, guk erabaki dugu euskaraz biziko garela, eta harro. Uste dugu Harro herri-rekin norbanako identitatea konfirmatzen dela. Euskarak egiten gaitu euskaldun, hizkuntzak berak, eta harro gaude euskaraz bizi nahi dugulako. Eta aldi berean, lehen esandakoa, bakoitza gure ezberdintasunetatik, baina batzen gaituena euskara da. Eta herri hori sortzeko deia da leloa.

Zuk esaten duzu, "Korrika jaia bai, baina jai aldarrikatzailea".
Zer aldarrikatu nahi duzue?

Sarri Korrika hain da emozionala, eta euforia hori, poztasun hori hain da betegarria, batzuetan ahaztu egiten dugu zergatik ari garen. Lehenengo Korrikatik 44 urte pasatu badira ere, helburuak ez dira aldatu. Kontzientziazio lana oraindik egiteko dago. Bai, D eredua hor dago, adibidez, baina argi dago zeozerk huts egiten duela euskalduntzeari dagokionez. Badugu horretan ere lana.

Ibilbidea adosteko prozesua nolakoa da?
Urtarrilaren 11n atera genuen ibilbidea; lanketa handia eskatzen digu. Etxe barruan adostuta daukagu, Gipuzkoan amaitu zenez, Gipuzkoari dagokiola hastea. Amaierak txandakatu egiten dira, eta kasu honetan Baionan bukatuko da. Amaiera eta hasiera erabaki ondoren, ibilibidea zehazten da, irizpide hauekin: AEKren euskaltegiak ditugun herri guztiak zapalduko ditugula, hiriburu guztiak, eta zazpi probintziak. Hori guztia, eta beste gauza batzuk kontuan izanda, hilabetetako lana da.

“‘Euskaraz bizi nahi dut’ leloa ondo dago, bai, baina eroso bizi nahi dut, eta ez lubaki batean egongo bagina bezala”

Akatsik izaten da?
Bai, beti. Ibilbidea marraztea ez da zaila, baina gero, zer daukazu? Adibidez, guk trafiko baimenak sei hilabete lehenago eskatzen ditugu, baina oraindik ez dakit ezer, erantzunik ez dut jaso. Eta badira momentuan sortzen diren kontuak... Azken edizioan elurtea izan genuen, eta  inoiz ibaia bere ubidetik irten izana ere gertatu da.

Bi furgoneta ditugu, aurrean doana ez da inoiz gelditzen, gasolina biltegia ere goian darama; atzekoa, berriz, bai, gelditzen da. Aurrekoa matxuratuz gero, atzekoa pasatzen da aurrera. Mantenu lanak egiteko lau laguneko taldea izaten da bide osoan.

Ba al da Korrikari hain harrera ederra egiten ez dion lekurik?
Beti esaten dut gaur egun Korrikak, nolabait, goia jo duela. Eragileei dagokionez ere bai, mundu guztiak nahi du Korrikarekin bat egin eta argazkian atera. Apur bat erakusleiho bihurtu da. Baina duela urte batzuk hau ez zen honela, eta boikota ere jaso izan dugu. Hasierak oso zailak izan ziren, baina aurrera atera zen eta nik uste dut gaur egun asmatu dugula Korrika guztiontzat egiten, eta guztiak ongi hartuak direla sentiarazten. Eta hala da, euskarak guztion beharra daukalako, eta hor batu behar gara.

Abiarazi, AEK-ko langileok abiarazten duzue, baina gero boluntario asko daude.
Zenbatu duzue noizbait zenbat jende mobilizatzen den?
600 kide inguru gara AEKn, hori da gure oinarria. Horretaz gain, herri bakoitzean sortzen dira Korrika batzordeak, bertako eragileekin, udaletatik bultzatuta batzuetan, edo AEK-ko kideek deituta, baina ezin da jakin. Jendea korrika egitera batzen da, gero badoaz, itzultzen dira... kontaketa zaila da. Donostian amaitu zen azken edizioan, adibidez, 80.000 lagun inguru bildu ziren. Zuzenean edo zeharka, Euskal Herriaren zati handi batek hartzen du parte.

AEK finantzatzeko iturri garrantzitsua da Korrika.
Bai, AEK-k Korrika barik ezin du aurrera egin ekonomikoki. EAEn, Nafarroan, eta Ipar Euskal Herrian, hiruretan, egiten dugu lan, eta adostuta daukagu baldintza berdinetan egingo dugula lan, baina leku guztietan diru-laguntzak ez dira berdinak, eta Korrikari esker parekatzen dugu hori guztia.

Zein dira AEK euskaltegiaren helburuak?
AEKren  helburua da euskaraz eroso bizi ahal izatea. Euskaraz bizi nahi dut leloa ondo dago, bai, baina eroso bizi nahi dut, eta ez lubaki batean egongo bagina bezala. AEK-k eroso bizitzea bermatu nahi du.

Eta nola egiten duzue? Zenbat jenderi ematen dizkiozue eskolak?
Gaur egun, 10.000 ikasle inguru dauzkagu. Aholkularitza zerbitzua ere badaukagu, Euskal Herri osoan. Irakurketa positiboa egiten dugu, baina badakigu hizkuntza politika hobeak behar ditugula; adibidez, benetako doakotasuna.

Zeren eta euskaraz ikastea doakoa dela esaten da, baina ez da horrela, ikasleek dirua aurreratu behar dute. Azterketa gaindituz gero itzultzen zaie dirua. Orduan, euskalduntzearen prozesua, soilik azterketetara bideratu behar dugu? Ikasleak, lehen, benetan euskaldundu nahi zutelako etortzen ziren, euskara ikastera, euskaraz bizitzera, kulturaz interesa zutela. Gaur egun, ordea, dena da "eman papera".

Doakotasunari dagokionez, ba al dago aurrerapenik?
Bai. Aurten, adibidez, lerro berri bat atera da, 20 euroko matrikularen truke 16-18 urte bitartekoek C1 titulua eskuratzeko aukera ematen duena, eta oso emaitza ona izan du, jende asko gerturatu da. Baina guk behar dugu ezer ez dakienarentzat hasierako maila doan izatea, euskalduntzeko bide osoa egin behar duen jendearentzat, batez ere.


ASTEKARIA
2024ko martxoaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-28 | Uriola.eus
Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak Udalaren 1.500 euroko isuna salatu du

Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak auzoan egin zuten ekimen bat baimenik gabe antolatzeagatik udalaren 1.500 euroko isuna salatu du. Ekintza hau arau-hauste larritzat jo zuen udalak, eta auzokideek espazio publikoaren erabilera defendatu dute.


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: “Batasunaren Korrika izan da”

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-24 | Leire Artola Arin
Milaka lagun Korrikaren amaiera ospatzen ari dira Baionan

2.700 kilometro eginda, martxoaren 24arekin heldu da Korrikaren lekukoa Baionako Askatasun plazara, eta mezu sekretua irakurri du Garazi Arrulak. Egun osoko festa handia antolatu dute kultur eragileekin auzolanean: Ibil Bedi, Anje Duhalde, Xiberoots, txarangak,... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-23 | ARGIA
GARAZI ARRULAREN MEZUA

Garazi Arrrula Ruiz izan da aurtengo Korrikaren mezugilea. Txalaparta argitaletxeko editorea da tafallarra. Baionan, milaka euskaltzaleren aurrean, esan du euskara ez dela "ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara". Eta gehitu du... [+]


2024-03-23 | ARGIA
AEK: “Harro gara... baina ez konforme!”

AEKren mezua bertako kide Maider Heguyk eta Bixente Claveriek irakurri dute. Erakundeei “hizkuntza politika ausarta eta sendoa” eskatu diete eta ez “brilli-brillizko bilgarria”. Konpromiso eta baliabide gehiago eskatu dituzte. Gogorarazi dute oraindik... [+]


2024-03-23 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Larunbateko gaupasa Korrikarekin egiten duten horiek

23. Korrika makina bat irudi esanguratsu egiten ari da, eta dagoeneko oso ohituta gaude jendetza ikustera "Harro Herri" leloaren atzetik korrika. Baina gauean zer pasatzen da? Larunbatetan ere, jendea festan dagoen bitartean, lekukoa norbaitek sostengatzen du. Nafarroa... [+]


2024-03-20 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Euskara harrotasunez transmititu dutenen lekukoa

Korrika egunez egun erakusten ari da pasatzen den txoko guztietan nola pizten duen harrotasun sentimendua, euskaldun izatearen harrotasunarena. Emozio horixe da, batik bat, euskara transmititzen jardun duten adineko pertsona horiena.


Eguneraketa berriak daude