“Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut”

  • Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri malkarrez mintzatu zaigu, berriro ere ibiliko lituzkeenez.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Erika González Garcia. Lazkao, 1979

Itzultzaile eta interpretea da. EHUko irakasle izan zen Itzulpengintza eta Interpretazioan, harik eta 2006an Australiarako bidea hartu zuen arte, Interpretazio Sozialaz sakondu nahirik. Sidneyn doktoratu zen, eta Melbourneko RMIT unibertsitateko irakasle asoziatua da eta itzulpengintza arloko zuzendaria. Itzultzaile eta interprete freelance izaten ere segitzen du. Australiako Itzultzaileen eta Interpreteen Elkarteko buru izan zen 2019-2022 artean eta elkarteko zuzendaritza batzordean jarraitzen du egun. Australiako Gobernuko hainbat aholkularitza taldetan lan egiten du, Barne eta Osasun Ministeriokoetan besteak beste.

Aurten jaioterrian eman dituzu Gabonak...

Azkena, 2005ean egon nintzen Euskal Herrian Eguberriak igarotzen. Hala ere, ez ditut hamasei urte eman etxera etorri gabe! Bi urtez behin etorri izan naiz hona. Ezin urtero ere etorri, hegaldia ikaragarri luzea eta garestia delako; are garestiagoa, seme-alabak tarifa osoa ordaintzeko adinera iritsi direnean. Gabonetan, gainera, orduan eta garestiago dira hegaldiak, eta gu etorri beharrean gurasoak joan ohi ziren Australiara, hango uda sasoian. Eta, gainera, hango Gabona errazagoa da, askoz festa gutxiago egiten da eta egunak hondartzan eman ohi ditugu lasai, hainbeste bazkari-afari gabe! Azkeneko urte honetan bitan egon naiz ordea! Batean, udan, eta bestean, Gabonetan. Antartidako Ituneko bileretan aritzen diren interpreteetako bat naiz eta bilerak Europan egiten direnean, laneko aitzakia dut herrira bisitan etortzeko. Lehengo urtean Helsinkin izan ziren Ituneko bilerak.

Hangoak hona, hemengoak hara… harremanetan zarete beti, beraz.

Bai. Horrela izan da urte hauetan guztietan, pandemia garaian izan ezik. Hura oso gogorra izan zen, herrialdea hermetikoki itxita egon zelako. Inor ezin zen sartu, ez atera. Edo ateratzekotan, agiri bereziak behar ziren, gobernuak sinatutakoak. Esate baterako, bagenuen bizilagun bat, Alemaniakoa, ama gaixorik zuena. Birritan eskatu zuen Alemaniara joateko baimena. Ukatu egiten zioten. Azkenean, baimena eman ziotenerako, hila zen ama. Pandemia garai hartan, Australiatik ateraz gero, hiru hilabete egin behar zenituen kanpoan. 2020 eta 2021 urteak oso gogorrak izan ziren.

Hemen zabaldu zenez, Australian izan zen herri edo hiri bat, birus kasu bat antzeman eta populazio osoari erabateko isolamendua agindu ziona.

Perth hirian egin zuten hori. Isolamendu gogorra bizi izan genuen Australian. Lagunak ditut Buenos Airesen, eta, aldi batean, hiri hura izan zen isolamenduan egun gehien zeramatzan hiria. Laster, aurrea hartu zion Melbournek. Hantxe bizi gara gu, eta kaleetan poliziak eta militarrak izan genituen patruilatzen, eta, gero, binaka-eta irteteko baimena eman zigutenean, kalean poliziak-eta modu hartara ikusi, eta ikara moduko bat ematen zuen. Benetako polizia-errepresioa bizi izan duten lurraldeetatik datozenentzat hura gogorra izan zen. Errefuxiatu eta etorkin askorentzat, Australiara bake bila etorri eta kalean halako polizia-presentzia ikustea zaila izan zen… Oso itxialdi zorrotza izan zen, Victoria Estatuko gobernuaren erronka nagusia denok osasuntsu eta bizirik mantentzea izan bazen ere.

Nola asmatu duzu zeure burua Australiako giro eta bizimodura egokitzen?

Denok gara ezberdinak. Hazi eta hezi garen lekukoak gara, eta uste dut dena delako leku horrek mundua modu jakin batean ikustera bultzatzen gaituela. Australiakoa, hala ere, ez da kultura bakar bat, hainbat kultura bizi dira han bata bestearen ondoan. Ezin dugu ahaztu, era berean, bertako aborigenek 60.000 urte daramatzatela kontinentean eta euren kultura eta tradizioak ere hor daudela. Australia arrazakeriak markatutako lurraldea izan da. Ingelesez esaera bat badugu: “Australia zuriak iragan beltza du”. Egun, nazio kultur-anitz eta aberatsa dugun arren, eta sozialki orokorrean kohesio polita dagoen arren, beti ez da horrela izan. Horrekin batera, arazo handiak gainditzeke daude oraindik.

"Urte gogorrak izan ziren Sidney-koak, aitona-amonen eta hemen ohi den familiaren laguntzarik gabe. Eskerrak tribuari!"
 

Zein arazo, alegia?

Esaterako, lehengo urtean gobernuak The Voice erreferenduma antolatu zuen, konstituzioa aldatzeko deialdia eginez, bertako aborigen eta Torres Itsasertzeko uharteetako biztanleek parlamentuan ahotsa izan zezaten. Ezezkoa atera zen. Interesgarria izan zen ikustea etorkinekin lan egiten duten erakunde eta gobernuz kanpoko erakunde gehienek baiezkoaren aldeko postura hartu zutela, baina gizartearen gehiengoak ezetza eman zuen. Bertako Lehen Nazioekin dugun harremana hobeto sustatu eta bideratu behar dela iruditzen zait. Halako aniztasunean, txokeak asko dira, handiak ere bai, eta, azkenean, ohitu egiten zara ezberdintasun pila horretara. Nik uste, egoera horietan burua, bihotza eta arima zabaltzea dagokigula, besteek gauzak nola egiten dituzten ikusi, aintzakotzat hartu eta, askotan, baita barre egin ere, haiek gu ikusita egiten duten bezala! Uste dut gizakiak oso tribalak garela.

Ez euskaldunak bakarrik, hortaz.

Esango dizut. Gure alaba auzoko eskola publikora doa, eta ama-taldean ditugu, esaterako, Sara, Galeskoa, eta umeei galesez hitz egiten diena; Rina, indiar jatorriko hegoafrikarren alaba, Ingalaterran, Leicesterren hazi eta hezia; Nazli, turkiarra; Suzie, australiarra, bertako bakarra; Pavine, ingelesa, indiar jatorrikoa... Horixe da gure ama-taldea, eta egia esan, oso ondo konpontzen gara. Hala ere, lagunik minena Maite Gorrotxategi dut, durangarra.

Gizakiak tribalak diozu, euskaldunak bezainbat, nonbait.

Beste ama-talde bat ere badugu, umeak erdarazko eskoletara eramaten ditugun gurasoena. Espainiako Hezkuntza Ministerioak gaztelaniazko doako eskolak eskaintzen dizkie etorkinen seme-alabei, eta hantxe biltzen gara gu. Bata da Caceresekoa, bestea Madrilekoa, Bartzelonakoa bestea, Kanariar Uharteetako bat, Galiziako bat ere tartean, eta Durangoko Maite eta biok ere hor gaude… Adin bertsukoak gara, gauza askotan antzekotasunak ditugu eta, azkenean, zeure tribukoekin elkartzen zara, eta bizimodu goxoa egiten duzu, edo horretan ahalegintzen zara.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Nola izan zen hasiera hura, zure sarrera Australiako giroan?

Nik esango nuke nire hasierako egunak oso goxoak izan zirela, ze Euskal Herritik etorri eta Sidneyko euskal etxera iritsi bainintzen. Euskal etxeak gela bat du goian, eta han bizi denak, dohainik, zaintzaile lanak egiten ditu ordainetan. Esate baterako, igandeko bazkaria egiten denean, sukaldean laguntzen du, garbiketaz arduratzen da, etxea zaintzen du. Euskal etxera iritsi ni, eta, bat-batean dozena bat amona heredatu nituela iruditu zitzaidan: aireportura bila etorri zitzaizkidan Carlos Orue eta emaztea, Miren, bizkaitarrak. Garai hartan euskal etxeko buru egiten zuen Carlos zenak. Gogoratzen naiz, aireportuan, Mirenek niri: “Alabatxi…!”. Etxetik etxera egitea izan zen, kasik.

Noizko kontuak ditugu?

2006koak. Urte hartako abuztuan joan nintzen, EHUn irakasten ari nintzela. Hiru urte lehenago itzulpengintza eskolak ematen hasita nengoen, irakasle gazte-gaztea nintzen. Hala ere, bizi-esperientzia bat izan nuen, begiak era batera ireki zizkidana-edo. Interpretea nintzen, Espainiako Senatuan eta beste hainbat instantziatan itzultzaile eta interprete lan egiten hasia nintzen. Behin, Irundik hots egin zidaten, Espainiako Poliziaren egoitzara joateko.

Hara!

Bai. Nigeriar bat harrapatu zuten, nonbait, ingelesez hitz egiten zuen, eta interprete joateko eskatu zidaten. “Lan erraza!”, pentsatu nuen. Ordurako hitzaldietan-eta interprete lanak eginda nengoen, eta horixe pentsatu nuen: “Erraza izango da!”. Baina segituan konturatu nintzen interpretazio mota hura zeharo ezberdina zela. Han ez zegoen araurik, ez kode etikorik, ez ezer! Lan hura ahal nuen ondoena egin, eta orduantxe tesina egiten hastea baitzegokidan, interpretazio sozialaren inguruan gogoeta egitea erabaki nuen.

Irungo kasu hark eraginda, esan nahi duzu?

Bai. Ohartu nintzen, euskara eta gaztelaniaren kasuetan, guk hortxe geneuzkala beti hizkuntza eskubideak, baina migratzaileen kasuan, zer hizkuntza eskubide zituzten? Zer interpretazio eskubide zen hura? Txinatarren kasuan, agian hots egiten zioten pareko jatetxeko sukaldariari! Edo alfonbra saltzaileari, beste zenbait hizkuntzaren kasuan. Ni, berriz, lizentziatura egina nintzen, Sorian, Valladolideko Unibertsitateko campusean, oinarri teoriko sendoak nituen interpretazioaz, eta, orduan, interpretazio soziala ikertzen hasi nintzen, eta tesina egin, aurkeztu, eta gero tesia egiten hasi nintzen, Kanadara joanda, Ottawara. Eta hura hotza! Belarria izoztu zitzaidan, autobusaren zain behin. “Berriz ere inora joaten banaiz, leku berora, behintzat”, esan nion neure buruari.

"Bertakoek baino hamaika aldiz gehiago saiatu behar duzula, lan gehiago egin, gai zarela erakusteko. Atzeratzen bazara, eskuinetik pasatuko zaituzte! Eta zenbat aldiz entzun behar izan dugu etorkinok: 'Ez daukazu bertako esperientziarik!'"

Baina nola heldu zinen Australia berora?

Interpretazio sozialari buruzko biltzar batzuk badira, The Critical Link, Interpreters in the Community [Lotura Kritikoa, Interpreteak Komunitatean], eta Stockholmera joan nintzen, interpretazio sozialaz arduratuta bizi direnak munduan zertan ari diren jakin nahian. Han, berriz, Australiako irakasle bat ezagutu nuen, Sandra Hale, eta harremana egin nuen. Sandra argentinarra da jatorriz, Australiara 14 urte zituela joandakoa. Oso ikerlari emankorra da, eta oso eskuzabala izan zen nirekin. Hainbat lagundu zidan, bibliografia eskaini, eta abar. EHUko lanera itzuli nintzen, eta behin, Gasteizko bulegoan nengoela, Sandraren e-posta mezua. Haren mezua jasotzea ez zen harrigarria, kontaktuan geunden-eta, baina mezu hartan beka baten deialdia aipatu zidan, Australiara joateko, lau hilabete eta urtebete arteko egonaldia egiteko.

Beraz, zeure burua aurkeztu zenuen beka hartara?

Bai. Ikerketa proposamen bat landu, eta bidali nuen. Oso proposamen landua, nire ustez, oso ona. Hamalau beka ziren, eta hamabosgarren gelditu nintzen. Ingelesa nire hirugarren hizkuntza zen, eta zientzian, medikuntzan… hainbat jakintza-arlotan lanean ari zen jendearekin lehiatzen ari nintzen, Eskandinaviako jende askorekin, eta Erresuma Batuko, Alemaniako, Italiako eta hainbat lekutako ikerlarirekin… eta horixe, hamabosgarren! Ezezkoa, beraz. Eta EHUn segitu nuen, Gasteizko Letren Fakultatean lanean. Eta halako batean, Australiako Gobernuaren mezu bat. Beka jasotako batek ezintasunen bat adierazi zuela, uko egin ziola bekari, eta aukera nuela. “Nahiko zenuke etorri?”.

Baldinbaitere!

Bai, bada! Espainiako Estatuan beka hura jasotzen lehena izan nintzen. Eta EHUn lau hilabeteko eszedentzia eskatu, eta joan nintzen Sidneyra. Han, tutore edo mentore bat izendatu zidaten, eta urtebeterako geratzeko esaten hasi zitzaidan. EHUrekin hitz egin nuen, eta urte sabatikoa eskatu nuen, hau da, soldata gabeko urte osoko baimena. Zazpi hilabetez euskal etxean bizi izan nintzen, baina igandero-igandero han egon beharra ere lotura zen, eta bidaiatu ere egin nahi nuen. Beraz, Alemaniako lankide batekin bizitzera joan nintzen. Interprete, itzultzaile eta irakaslea zen hura ere, eta berarekin bizitzen jarri nintzen. Justu gure azpian, bizilagun bat genuen musikaria, oso jatorra, eta bera da orain ni Australian egoteko arrazoia, edo erruduna, gure amak esaten duenez.

"Sidneyn bizitzeak, hala ere, badu txarrik, ezinezkoa baita han etxea erostea. Errentan bizi ginen beti. Hong-Kongen ostean, munduko bigarren hiririk garestiena da"

Sidneyra joan zinen, baina Melbourneko unibertsitatean lanean zaitugu egun.

Bai. Beka bukatu eta Euskal Herrira itzuli nintzen, eskolak ematera. Handik gutxira mutil-laguna senar egin nuen, eta hura Australian, eta ni hemen, bi hemisferiotan banatuta biok… Harremanari eusteko modurik ez zegoen! Eta senarra etorri egin zen, zazpi hilabeterako, eta biok hemen ginela, bizimodua Australian egitea erabaki genuen. Hemen jaio zen gure Oihan, lehen semea, eta hark hiru hilabete zituela, nik hemengo lana utzi, eta joan ginen. Ordurako, dekanordea nintzen EHUn [Letren fakultatea, Gasteiz], baina dena utzi eta Australiara. Han, hutsetik hasi behar izan nuen, benetan hutsetik.

Zer esan nahi duzu, “benetan hutsetik”?

Lanik ez nuela, nahiko esku hutsik joan nintzela. Tesia EHUtik Sidneyko University of New South Wales-era aldatu nuen. Nire tesi zuzendari berria, Stockholmen ezagututako argentinarra alegia, eskola batzuk eskaintzen hasi zitzaidan, astean pare bat aldiz. Urte gogorrak izan ziren, aitona-amonen eta hemen ohi den familiaren laguntzarik gabe. Eskerrak tribuari!

“Tribua”...

Sidneyn pareko bizilaguna Ingalaterrako neska bat nuen. Adinkide ginen, baita gure umeak ere, eta ikaragarri lagundu genion elkarri, baina ikaragarri! Indarra egin behar da, klan edo tribu moduko bat sortu, eta aurrera. Ingelesez ere halaxe da esaera, ezta? “Herria behar du, umea hazi ahal izateko”. Gure blokeak Habia zuen izena, eta egia esan, Melrose Place modukoa zen. Lanari dagokionez, eskola-ordu batzuk ematen nituen, baina casual kontratu modalitatea nuen, ordukakoa, eta soldata dezente bat atera ahal izateko, hiru unibertsitatetan ibili behar izaten nuen, atzera eta aurrera. Batean eskola eman, autoa hartu eta korrika, hurrengo unibertsitatera, hurrengo eskola-ordua ematera… Horregatik esan dizut, bada, hura hutsetik hastea izan zela. Eta iruditzen zait, nire sentipena da, bertakoek baino hamaika aldiz gehiago saiatu behar duzula, lan gehiago egin, gai zarela erakusteko. Atzeratzen bazara, eskuinetik pasatuko zaituzte! Eta zenbat aldiz entzun behar izan dugu etorkinok: “Ez daukazu bertako esperientziarik!”. Eta Kolonbia, India, Iraketik joandako jendea. Edo ni neu. “Hemen bertako esperientziarik ez, baina beste hamaika lekutakoa badugu!”. Alde horretatik berezi samarrak dira Australian.

Eta ez al da hori migratzailearen zoria mundu guztian?

Baliteke. Eta, hala ere, pribilegiatua sentitzen naiz, migratzaile askorekin konparatuta, baina garbi esaten dizut, lan egin behar izan dudala… gogotik! Doktoregoa nuen, baina, hala ere, garbiketa lanean jardun behar izan nuen udara batean, adibidez, eta ez naiz damutzen… Uda garaia zen, unibertsitatean eskolarik ez –azaroan eskolak bukatu, eta martxora arte lanik ez nuen–, senarrak ere lan gutxi zuen garai hartan, eta bizilagun batek galdetu zidan: “Aizu, garbitzaile finen bat ezagutzen al duzu, udan, kanpoan gauden bitartean, etxea alokairuan utzi eta maizter batzuek alde egin eta besteak etorri arteko garbiketak egiteko?”. “Neroni!”, esan nion. “Bi esku eta osasuna ditudan bitartean, lan!”, neure buruari esanda.

Zenbat urte pasa ziren lan egonkor bat bilatu arte?

Hamar urte-edo. Umeak txikiak ziren, eta alde horretatik ondo etorri zitzaidan, ze denbora pila pasatu dut haiekin, ordu-luzeak hondartzan, naturan, bizilagunekin…eta uste dut haurtzaro oso polita eta sanoa eman diedala alde horretatik. Neuk hazi eta hezi ditut, senarrarekin. Berriz egingo ote nukeen galdetu izan didate, eta baietz erantzuten dut. Zaila izan zen hutsetik hastea, baina, bestalde, Sidneyn, hondartzatik bertara bizi ginen. Umeak eskolan jaso, eta hondartzara korrika! Ez zen natura besterik! Alde horretatik, oso aberatsa izan da, gure zoriontasuna ez dator-eta, bakarrik, lanetik, edo ekonomiatik. Sidneyn bizitzeak, hala ere, badu txarrik, ezinezkoa baita han etxea erostea. Errentan bizi ginen beti. Hong-Kongen ostean, munduko bigarren hiririk garestiena da.

Horregatik joan zineten Sidneytik Melbournera?

Ez. Tesia bukatu nuen, eta bitartean curriculumak batera eta bestera bidaltzen jarraitu nuen, itzulpengintzan ez ezik beste zenbait arlotan ere lana bilatzen aritu nintzen, baina ez nuen lortu. 2016aren bukaeran, berriz, postu bat atera zen Melbourneko RMIT unibertsitatean, senior lecturer mailakoa. Curriculuma bidali nuen. Hiru hilabete igaro, eta berririk ez. Egun batean, interprete lanean ari nintzela, mezua, RMIT unibertsitatetik, ea hara joango nintzen, elkarrizketa egin nahi zidatela. Eta oraingo lanpostuaren jabe egin nintzen, eta Sidneytik Melbournera joan ginen, ordu arteko bizimodua eta tribua atzean utzita.

Aldaketa berriz ere. Zenbat kilometro daude Sidneytik Melbournera? Kontinente ikaragarria da Australia...

878 kilometro. Eta, sinistu, zailagoa izan da Sidneytik Melbournera joatea, Euskal Herritik Sidneyra joatea baino. Sidneyn euskal etxea geneukan, oso maiz joaten ginen, “aitona-amona” mordoa zeuzkaten gure umeek. Musean jokatzen-eta argazkia daukat, gure umeak Azkona nafarrarekin; Olentzero ospatzen genuen, geure euskal kuadrilla ere bageneukan… eta Melbournera joan, eta ez genuen inor ezagutzen. Senarrak oso gaizki pasatu zuen, eta oraindik ere esaten dit: “Nik ez dut hemen hil nahi!”. Eguraldia ere hotzagoa da eta ez gara kalean Sidneyn bezainbat ibiltzen. Melbournera joatea oso zaila izan zen.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Hesi-lasterketa ematen du zure biziak.

Ez duzu esan beharrik! Melbournera joan, eta senarrari ama gaixotu zitzaion. Eta ama zaintzera etorri zen Londresera. Ni lan berrian hasi nintzen, lanaldi osoz; gure bigarrena ere, Nahia, eskolan hasi zen: ni lanean, bi umerekin, inor ezagutzen ez nuela, bakarrik, senarra Londresen… Tribua sortu behar izan nuen berriz, eta tribua sortzea ez da lantegi erraza. Denbora behar du. Hala eta guztiz ere, egoera zailek bizitzari beste modu batean begiratzen irakasten dizute. Erresilienteagoa bihurtzen zara, gauza txikiak baloratzen ikasten duzu. Izugarrizko pertsona positiboa naiz, ez naiz erraz tristatzen denetakoa. Bizipen horiek guztiak, baliabide askoko pertsona bihurtu naute. Arazoak sortzen direnean edo irtenbideak behar direnean, horiek di-da batean konpontzeko ahalmena garatu dut. Bizitakoek ere eman dizkidate hartu ditudan kargu berrietan fin ibiltzeko eta arrakasta lortzeko baliabideak.

"Egoera zailek bizitzari beste modu batean begiratzen irakasten dizute. Erresilienteagoa bihurtzen zara, gauza txikiak baloratzen ikasten duzu"

Melbourneko unibertsitateko lanak ekarri zintuen Gabonetan Euskal Herrira.

Bai. Unibertsitateko itzulpen sailean hasi nintzen, irakasle eta ikerlari. Laster, buru izendatu ninduten, saila azpikoz goratu nuen, hainbat aldaketa egin nituen. Halako batean, neure buruari esan nion, “Erika, ikertzeko pribilegioa duzunez, eta lanaldi osoan, ez jardun etengabe artikuluak argitaratzen beste zenbait ikerlarik besterik ez irakurtzeko!”. Nik gizartearen onura lortzeko erabili nahi dut nire jakituria. Australiako Itzulpen eta Interpreteen Elkarteko lehendakari ere izendatu ninduten –2000 kide ditu elkarteak–, eta nire profil publiko hori baliatuz, gobernuarekin harremanetan jarri nintzen eta zenbait gauza aldatzeko elkarlanean hasi ginen.

2020ko pandemiaren garaian, oroz gain.

Bai, populazioari mezuak helarazi behar zitzaizkion –hainbat hizkuntzatan, gainera–, eta itzulpengintza gobernuaren agenda politikoan jarri zen, edo interesetan. Baina gobernuak hedabideen bidez zabaltzen zituen mezuen itzulpenak txarrak ziren hasiera batean, eta hedabideen atentzioa jasotzen hasi zen itzulpengintza arloa. Laster, osasun sailak CALD (Culturally and Linguistically Diverse) COVID aholkulari taldea sortu zuen, akademikoz, funtzionarioz, burokrataz, GKEetako kidez, medikuz, pediatraz, adinekoen zaintzailez… Eta hor parte hartu nuen. Dozena pare bat lagun edo izango ginen, gobernu federalaren ekimenez bildutakoak. Hilean behin edo bitan bildu izan ginen, hiru orduz, eta, gu ez ezik, hainbat lantalde ere antolatu zituzten.

Itzulpenen egokitasuna zen zure ardura.

Itzulpen poliziarena egiten hasi nintzen, nahi baduzu. Itzulpen desegokiak antzematen, haiek itzultzaileen elkarteko kideei bidaltzen, halako eta halako hizkuntzetako itzulpenak gainbegiratzeko eskatzen… Halaxe hasi ginen lanean. Denborarekin, nire lanak eta ahaleginak benetako errespetua eta estimua jaso zuten, eta horrek elkarlanerako oinarri sendoak eraikitzea bideratu zuen. Gure itzultzaile elkartea bertako Komunitate Etnikoen Federazioarekin lanean hasi zen, ikusirik itzulpenak txatxuak zirela, eta proiektu bat landu genuen elkarrekin, irakurleak, mezuaren jasotzaileak, kontuan hartzen hasteko, jasotzaileak itzulpenaren prozesu osoan sartzeko. Eta itzultzaileek itzulpenak egin, eta dena delako hizkuntzako jasotzaile batzuek irakurtzen zituzten, testatzen, mezuaren helburua benetan jasotzen ari ziren ikusteko. Gobernuak finantzatuta, itzultzaileen elkartean itzulpen sozialerako protokolo nazionalak garatu genituen.

"Australian 400 hizkuntzatik gora daude, eta pandemian Gobernu Federaleko Osasun Sailak, horietatik 63 hizkuntza lehenetsi zituen mezuak helarazteko orduan"

Baina ehunka hizkuntza ere badira Australian!

400 hizkuntzatik gora, eta Osasun Sailak, horietatik 63 hizkuntza lehenetsi zituen mezuak helarazteko orduan. Laster ohartu ginen gobernuaren mezuak ere ingeles, anglosaxoi, elebakar, kulturbakarrek sortzen zituztela askotan! “Ez joan gimnasiora zure germenak zabaltzera!”, zioen kanpaina bateko lemak, adibidez, eta irudian, berriz, emakume bat bikini moduko bat eta mallak jantzita. Baina horrek ez zuen balio komunitate guztientzat!

(...)

Edo “Fijira al zoaz oporretan?”, eta zenbait aholku bidaiatu nahi zutenentzat. Baina justu pandemiatik atera berriak ginen eta jende askok urteak zeramatzan familia ikusi gabe (Australian bizi garen 25 milioi biztanleen erdiak atzerrian jaiotakoak gara edo atzerrian jaiotako gurasoren bat daukagu), askok lana galdu zuten pandemiaren ostean, beste batzuek negozioak galdu zituzten eta Fijira joatea ziur aski ez zegoen gehiengoaren eskuetan edo preferentzien barruan. Eta gobernuan ere, hasi ziren jabetzen kultur sentsibilitatea zuen jendea behar zutela, baina kanpainak diseinatzen hasteko garaian bertan! Eta jabetu ziren beste zenbait kanpaina komunitate jakin batzuei, eta adin jakin batzuetako biztanleei, zuzendu behar zitzaizkiela, ez zuela balio mezu guztiak denei berdin zuzentzea. Konturatu ziren populazioak behar duenaren arabera diseinatu behar zituztela kanpainak, eta horren arabera egin itzulpenak, herritarrak kontuan hartuz. Gobernuko aholkularitza taldea benetako esperientzia kolektibo aberatsa izan da, batzuetan elkarlana zaila izan bazen ere. Baina gizarteko arazo eta erronkei irtenbideak bilatzeko elkarlanean horrela aritzea benetako esperientzia positiboa izan da.

Bide horrek ekarri zintuen Gabonen aurretik jaioterrira.

Bai, Australiako Osasun departamentuko bi ordezkarirekin etorri nintzen, Eusko Jaurlaritzaren IVAP erakundearen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak nola lan egiten duen ikustera. Han, itzulpen guztiak kanpoko hornitzaileei ematen zaizkie, eta nire ustetan, kalitatea bermatzeko eta hizkuntza eskubideak sustatzeko, ezinbestekoa da itzulpen zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa gobernuko sailetan bertan garatzea.

                                                                                      *           *           *     

Durangarra

“Behin, gimnasia eskolara eraman gure alaba Melbournen, eta, halako batean, umeren bati deika megafoniatik: ‘Amaia Smith Gorrotxategi’, entzun nuen, eta, gero, ama bat dei hari kasu egiten, baina hemengo itxurakoa! Joan nintzaion, eta ni ezer galdetzen hasi baino lehen, berak: ‘Zu euskalduna, ezta?’. Maite Gorrotxategi da, Zeelanda Berrikoa du senarra, eta Amaia eta Julen seme-alaben izenak. Sakratua dugu igandero elkarrekin egiten dugun paseoa”.

AZKEN HITZA

Zuek batak besteari euskaraz!

“Gure gurasoak ez dira euskaldunak, ezta Euskal Herrikoak ere. Gure aitak hainbestean ikasi zuen euskaraz, baina amak ez. Hala ere, Lazkaon, ikastolara bidali gintuzten neba eta biok. Amak, etxean, senide biok gaztelaniaz, eta esaten zigun: ‘Zuek batak besteari etxean euskaraz beti!’”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume migratuak
Atzerritartasun legearen erreforma, Regularización Ya taldearen borroka alboratzen duen sasi-konponbidea

Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.


Nafarroako Parlamentuak Lantxotegi elkarteari konfiantza berretsi dio etorkinak gizarteratzeko prozesuan

Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]


Enarak beti itzultzen dira

Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]


“Migratzaileak autoan hartu eta Polizia egon zitekeen errepideak saihestuta eramaten nituen”

Pertsona migratzaile asko eraman ditu Aritzek bere autoan, Poliziak ez ditzan harrapatu, gaueko iluntasunean ez daitezen galdu eta batetik bestera seguru ibili daitezen. Bereziki gogoan ditu Irundik Hendaiara muga gurutzatzen lagundu eta etxean lotan izan zituen emakumea eta... [+]


2024-08-26 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


Soka izan

Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]


2023-06-21 | Reyes Ilintxeta
Laura Penagos. Aktore kolonbiar euskalduna
“Emakume arrazializatua eta euskalduna izatea exotikoa da, horrek nekatzen nau, eta arrazista ere bada”

Ez da ohikoa Kolonbiatik etortzea, euskara ikastea eta antzerkitik bizitzen tematzea. Ez da ohikoa soineko gorri ikusgarria Larunbe (Nafarroa) herri txikiko eliza gotikoaren hormatzarrekin konbinatzea. Eta ez da ohikoa periferiaren periferiakoa izanda, horren baikorra izatea.


2023-03-08 | Estitxu Eizagirre
Soraya Agirre, migratu feminista zaintzailea
“Zure zaharra zaintzeko kontratatu behar bagaituzu ez gaitzazu begiratu gainetik, parez-pare baizik”

Euskal Herriko Emakume Migratu Feminista Zaintzaile Soziosanitarioen Elkarteko kidea da Soraya Agirre. Berak orduka egiten du lan zaharrak zaintzen, baina elkarteko %90 egoiliarrak dira, zaintzen duten zaharraren etxean bizi direnak. Alokairua lortzeko eta lan baldintzak... [+]


Emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko konpromisoa berretsi du Foru Legebiltzarrak

Ablazioa errotik kentzeko nazioarteko egunaren harira, praktika ilegal hau egiten den herrialdeetatik etorritako 4.000 emakume nafar daudela ohartarazi du Munduko Medikuak erakundeak. Talde parlamentari guztiek GKE horren komunitate-lana eta Nafarroako Gobernuko erreferentziazko... [+]


Loueila Sid Ahmed Ndiaye. Justizia eskubide
“Migratzaileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dira”

Azaroko igande eguzkitsu bat da eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministara joan naiz, erresistentzia istorioen Hariak zinemaldia antolatu dutela eta. Bertan parte hartu du, besteak beste, Loueila Sid Ahmed Ndiaye abokatua sahararrak, zeina Kanaria Uharteetan bizi baita... [+]


Iris Mapaly Cárdenas. Migratzailea.
“Migratzaileak behartuta gaude zaintza eta garbiketa lanetan aritzera”

Pobrezian dauden pertsonen kontrako gorrotoa ikusgai egiteko ‘Aporofobia Stop’ antzezlana sortu dute Paris 365 jantoki solidarioak, Ados Teatroak, Asin Soundek, Bidebitarte kooperatibak eta Arteriak taldeak. Iris Mapaly Cárdenasek, Paris 365 jangelako... [+]


Eguneraketa berriak daude