Balutxeen patua: lurpean aberastasuna, lurgainean gatazka

  • Europan gutiegi ezagutzen ditugun balutxeek salatzen dute pobrezian atxikiak eta beren baliabide naturalez desjabetuak direla. Hamarkadatan pairatu zapalkuntza –bahiketez, torturez eta erahilketez josia– ez diete ezabatuko "garapena" iragartzen dieten Txina-Pakistan korridorearen eraikitzeak eta Gwadar portuaren handitzeak. Aitzitik, aberastasun arrakala leundu ezean, bortizkeriaren zikloa areagotu daiteke.

Txinak Gwadar hirian finantzatzen duen aireportu berriaren eraikuntza. Kokapen estrategikoa duen portu horretan garatuko dituen azpiegituretarik askok ez dute balutxeen oinarrizko beharrekiko lotura zuzenik.
Txinak Gwadar hirian finantzatzen duen aireportu berriaren eraikuntza. Kokapen estrategikoa duen portu horretan garatuko dituen azpiegituretarik askok ez dute balutxeen oinarrizko beharrekiko lotura zuzenik.

Urtarrilean Iranek Pakistango lurraldeari eraso zion, eta Pakistanek berdin erantzun. Bi estatuen arabera, parekoarena "terrorismoa" zen. Iranek hartarako hautatu duen unea aipagai izan da, une berean Irakeko Kurdistani eta Siriari ere eraso zielako. Aldiz, gutiago aipatu da Iran eta Pakistanen arteko muga zeharkatzen duen Balutxistanen historia eta terrorista deituriko taldeen jatorria.

2012an Karlos Zurutuzak ARGIAri eskainiriko "Enpatiarik gabe nekez transmititu ahalko duzu inoren sufrimendua" elkarrizketan zioen Ekialdeari buruzko ezjakintasun handia dugula, eta bereziki Balutxistan aipatuz gero jende asko izen hori asmatzen duelakoan dagoela, hain delako eskualde ezezaguna.
Hiru estatuen artean zatiturik

Balutxistan inguratzen dute Bam, Sulaiman eta Kirthar mendiek, Helmand errekak eta Omango golkoak. Kurduek bezala irandar hizkuntza dute (balutxia), eta 1000 urtez bizi izan dira eremu horretan, tribu konfederaziotan nagusiki, nahiz eta XVIII. mendean,  lurraldearen erdialdean Kalat erresuma osatu.  XIX. mendean persiar eta britainiar inperioek lurraldea konkistatu eta zatitu zuten, iparreko zerrenda txiki bat afganiar inperioaren esku utziz.

XX. mendean, Kalat erresuma ohiak Pakistanen independentzia bermatu zuen, hori eta gero balutxeentzat autodeterminazioa lortzeko asmoz, baina Islamabadek eskubide hori ukatu zien beti.

Deskolonizazioak ez zuen beraz egoera hobetu: gaur egun, bai Irango eta bai Pakistango eskualde azpigaratuena da Balutxistan

Deskolonizazioak ez zuen beraz egoera hobetu: gaur egun, bai Irango eta bai Pakistango eskualde azpigaratuena da Balutxistan –lur azpia oso aberatsa duen arren–. Edo hain zuzen horrexegatik: balutxe askoren iritziz, Islamabad eta Teheranek nahita atxikitzen dituzte pobrezian eta ezjakintasunean, bi estatuek bertako baliabideak oztoporik gabe ustiatzeko. Balutxeen borroka armatua hasi zen Pakistanen aurka lehenbizi. Tentsioak igo ziren 1960ko hamarkadan, Islamabadek eskualdeen autonomia murriztu ondoren eta talde armatu balutxeek Sui hirian dagoen Pakistango gas hobi handienaren etekinen zati bat eskatzen zutelarik. Iranen laguntzarekin bideratu errepresio gogorrak gerrilla asko ahuldu zuen ia 30 urtez, 2005ean berpiztu zen arte.

Urte hartan, Suin kapitain batek Shazia Khalid mediku eta militante feminista bahitu, torturatu eta bortxatu zuen. Autoritateek auzia isilpean gorde zuten eta Khalid mehatxupean igaro zituen ondorengo hilabeteak. Honen ondorioz matxinadak piztu zituen Bugti tribuak, Pakistango gas hornidura hainbat astez moztuz, eta Musharraf presidenteak F-16 hegazkin erasoz, barreiatze bonbaz, fosforo xuriz eta bertzelako arma kimikoz erantzun zien. Errepresio horretan, Pakistango segurtasun zerbitzuek milaka pertsona bahitu, torturatu eta erail zituzten. Voice for Baloch Missing Persons (Faltatzen diren pertsona balutxeen ahotsa) erakundearen arabera, 7.000 pertsona baino gehiago desagertu ziren.

Iranen menpe dagoen eskualdean ere egoera gogorra da: gutiengoa eta sunitak izateagatik diskriminatuak dira balutxeak. Amnesty International erakundearen arabera, 2021ean, Iranen izandako exekuzioen gutienez %19 balutxeak ziren, Irango populazioaren %2 inguru baizik ez direlarik balutxeak. Gabeziak bultzaturik, gazte asko kontrabandoan ari dira, batez ere gasolina Irandik Pakistanera pasatzen. Atxilotuak direnean droga trafikatzea egotzi ohi zaie, horrek Iranen heriotza zigorra dakarrela.

2022ko irailean Chabahar hirian polizia batek 15 urteko neska bat bortxatu zuen. Sei egun geroago, Teheranen Jina Mahsa Amini kurduar jatorriko gaztearen erailketak Iran osoan matxinadak piztu zituen emakumea, bizitza, askatasuna lemapean. Kurdistanen eta Balutxistanen manifestazio bereziki jendetsuak egon ziren –errepresio latzez estalitakoak–. Irailaren 29an, Zahedan hirian poliziak 82 pertsona tiroz erail zituen. Errepresioak ordutik dirau: Farzin Kadkhodaei giza eskubide aktibistaren arabera, bahiketak eta talde atxiloketak ohizkoak bihurtu dira, eta askotan tortura erabiltzen da heriotza zigorra dakarten krimenen faltsuzko aitorpenak behartzeko.

Lur gainean jende txiroa, lur azpia aberats: zein etorkizun?

Suiko gasaz gain, baliabide mineral ugari daude Balutxistanen. Baliabide horiek beharbada oraindik azkarrago aterako dira lur azpitik, hain zuzen, Txinaren "Gerrikoa eta Bidea" iniziatibaren sei korridoreetarik batek Balutxistan zeharkatzen duelako. Gwadarrera iritsiko da, Persiar Golkotik Itsaso Gorrirako bidean kokapen estrategikoa duen portura. Iniziatiba horren eragin globala Bigarren Mundu Gerra osteko Marshall planarekin alderatua izan da. Aldiz, Pello Zubiriak Lurrikarak berriro Kaxmirren India eta Pakistanez gain talka egin dute Txina eta AEB-ek erreportajean zioen korridorea Xinjiangetik abiatzeak laguntzen duela ulertzen Pekingo gobernuak eskualde hartako uigurrei egindako zapalkuntza.

Gutiengoen egoerari dagokionez, Pekin eta Islamabaden elkarlanak ez die beraz onik iragartzen balutxeei

Gutiengoen egoerari dagokionez, Pekin eta Islamabaden elkarlanak ez die beraz onik iragartzen balutxeei. Karachin Giza Eskubideen Komisioko presidenteordea den Asad Iqbal Butten arabera, balutxeek proiektu horretatik ez dute etekinik lortzeko itxaropenik. Langile guztiak Txina edo Penjabetik –Pakistango probintzia aberatsena– heldu dira, armadaren zaintzapean: balutxeei ez diete lanik ematen, aski kualifikatuak ez omen direlako aitzakiarekin, baina askoren ustez, Islamabad haietaz fidatzen ez delako. Ikuspegi horrekin ez da harritzekoa BLAk (Balutxistango Askapen Armadak, talde armatu nagusiak) Txinako interesak gero eta gehiago helmugatzat hartzea. Halere, Txinak inbertitzen jarraitzen du Saindak urre eta kobre meategian eta bereziki Gwadar portuaren inguruko azpiegituretan: autopistaren luzapena, Irandik elektrizitatea inportatzeko azpiegitura, zentral termiko bat, LNG terminal bat, aireportu bat, ur gatzgabetze instalazio bat, goi mailako etxebizitzak, bost izarreko hotelak, erakustoki bat, Pakistan-Txina Laguntasunaren Ospitalea, Aramco petrolio findegia (azken hori Saudi Arabiak finantzaturik) eta cricket estadio handi bat. Hori dena pobrezian bizirauten duten balutxeen beharretatik oso urrun gelditzen da.

Urtarrilaren 30ean, paragrafo hau idazten ari naizelarik, BLAk eraso bat burutu du Mach hiriko eraikin militarren eta kartzelaren aurka. Oparotasuna hobeto banatu ezean, bakea nekez lortuko da Balutxistanen...


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Eguneraketa berriak daude