Irauteko borroka egin dutenentzat

  • Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua. Erresistentziaren sariak izan dira 2024ko Argia Sariak; arlo desberdinetan bada ere, kausa justu baten alde borroka egin dutenei eta borrokan ari direnei aitortza egiteko sariak.

    Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 26an, jaso zituzten erresistenteok Antton Mendizabalen oroigarriak.

Behean, ezkerretik eskuinera: Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo, Kristina Berasain, Josu Martinez, Hibai Castro eta Amagoia Gurrutxaga.
Goian, ezkerretik eskuinera: Fernando Olalde, Katti Pochelu, Harkaitz Cano, Itsaso Zaldunbide, Eider Gotxi eta Zuriñe Ga
Behean, ezkerretik eskuinera: Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo, Kristina Berasain, Josu Martinez, Hibai Castro eta Amagoia Gurrutxaga. Goian, ezkerretik eskuinera: Fernando Olalde, Katti Pochelu, Harkaitz Cano, Itsaso Zaldunbide, Eider Gotxi eta Zuriñe Gandarias. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Ez ditugu aurka egiteko garaiak bizi. Kontsentsua omen, bilatu beharrekoa. Zubiak eraiki. Eskuak luzatu. Zerbaiten kontra borroka egiteko deiarekin ere kontuz ibili behar, inor deseroso senti ez dadin. Positibotik hobe, dio zenbaitek –eta epelxeago bada nahiago–. Ados. Egokitu gaitezen garai berrietara. Aldarrika ditzagun duintasunaren, bizitzaren aldeko borrokak eta borrokalariak.

Ikus-entzunezkoa: Bizkarsoro

Ezkerretik hasita, Hibai Castro, Katti Pochelu eta Josu Martinez. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Herri zapaldu baten nortasunari, hizkuntzari eta herritarrei loturiko istorioa da. Euskararen historia, fikzionatutako herri baten ahotik kontatua. Oinarri erabat erreala duena. Euskal Herriko edozein herri izan liteke Bizkarsoro eta ikuslea herritar batekin ez bada beste batekin identifikatzeko gaitasuna du. Josu Martinezek zuzendutako filma da eta hala esan digu: “Aspaldi interesatzen zaidan gaia da. Nola hiltzen den hizkuntza bat. Joan Mari Torrealdaik egindako lanek (El libro negro del euskera, Asedio al euskera), edo Koldo Izagirrerenek (Autopsiarako frogak), edo Txema Larrearenek (Euskaldungoa erroizturik) asko inpresionatu ninduten irakurri nituenean, eta pentsatu nuen, balio lukeela horrekin film bat egiteak. Herri imaginario bat asmatu, eta euskara jendearen erroiztearena kontatzea, belaunaldiz belaunaldi, Bertoluccik Novecento filman XX. mendean zehar Italiako eskualde bateko langile eta burgesen arteko elkarbizitzaren eboluzioa kontatzen zuen bezala”. Eta fikzioak ematen dio indar  bat filmari, jendearekin konektatzen eta imaginario kolektibo bat sortzen laguntzen duena.

Jende askorentzat, filma “ahalduntze moduko bat” ere badela azpimarratu du egileak, eta eskola eta institutuetan jarriko dute zabalpenerako indarra: “hor bada 'beste jende' pila bat, bihar-etziko euskaltzaleak izan daitezkeenak… edo euskaldun ohiak. Eta badago hor borroka-zelai oso inportante bat”.

Koldo Izagirrek esaten zuen: euskara, hiltzekotan ere, autopsiarako frogak utzita hilko zela. Hil, ez da hil; baina frogak utzi ditu. Froga eta dokumentazio horiek istorio bihurtuta eta baigorriarren inplikazio handiarekin, pantailara ekarri eta memoria ariketa kolektiboa egiteagatik izan da ikus-entzunezko saria Bizkarsoro filmarentzat.

Prentsa: Sahara, herri bat erresistentzian

Kristina Berasain Tristan. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Geopolitika liburu huts bat baino zerbait gehiago da saritutakoa. Sahararren kontakizunak eta lekukotzak historiaren pasarteekin tartekatzen doazen heinean, iraganetik gaur egun arteko argazki panoramiko bat osatzen du Kristina Berasain kazetariak. “Historia handia istorio txikiekin harilkatzen saiatu naiz, saharar guztiek baitute liburu bat eta saharar batekin hitz egitea liburu bat zabaltzea bezalakoa baita”, azaldu digu.

Sahararekin “aspalditik kateatuta” dagoela aitortu digu Berasainek, 2005ean, intifada hasi zenean, nazioarteko kazetari moduan Saharako lurralde okupatura sartzeko egin zuen lehen saiakeraz geroztik –saiakera diogu, Aaiundik kanporatu baitzuten–. “Mendebaldeko Sahara zulo beltz bat da. Marokok ez ditu lekukoak nahi, errepresioa itzela baita. Hamar urte geroago lortu nuen lurraldean sartzea eta giza eskubideen ekintzaile sahararrak bertatik bertara ezagutzea. Maiz izan naiz lurralde liberatuetan eta baita sahararrak errefuxiatuta bizi diren kanpalekuetan ere, Aljerian. Kazetaritzak konpromisoa eskatzen du eta konpromiso horrek bultzatu nau liburua idaztera”, diosku.

Kazetaritza kronika bat da liburua, eta kolonialismoaren garaitik gaur egun arteko bidaia bat ere bai. “Pozarren” jaso du saria, “bereziki ahaztutako gatazka bati erreparatzen dion liburua izan delako saritua”, azpimarratu du. “Ahmed Bujarik esaten zuen bezala, sahararrak denboraren biktima izango direla uste dutenek ez dute basamortuaren izaera ezagutzen. Sahararra erresistentzian jarraitzen duen herria da eta sahararrei eskaini nahi diet saria”, esan du.

Entzunezkoa: Ez Gatoz Paristik podcasta

Amagoia Gurrutxaga eta Harkaitz Cano. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Kultura euskaraz egiten dutenek hartu dute hitza, baina ez artelanaz mintzatzeko, baizik eta artea egitearen lanaz, lanbideaz, eta lan baldintzez. Prekaritateaz.

Lanartea, Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen proiektu bat da podcasta eta euskaraz sortzen edota interpretatzen duten artisten lan baldintzak hobetzeko eta euskal kultur sistema bera indartzeko ahaleginean ari dira. “Ahalegin horretan, beste ekinaldi bat da podcast-a, 'aizue, hemen gaude eta hau dugu esateko kulturaz orokorrean eta gure kulturan betikotuta dagoen prekaritate markoak indibidualki zein kolektiboki gugan dituen ondorioez!' esateko modu bat” aitortu digu Amagoia Gurrutxaga, Lanarteako kideak.

“Indarrean dauden kultur ereduak kultur politiketan eta gizarte osoan islatzen dira, eta horiek eragin zuzena dute sortzaile eta interpreteen lan eta bizi baldintzetan. Gutxituta dagoen euskarazko kultura beren-beregi babesteko eta laguntzeko politikak egiteari uko egiteak –euskal kultur adierazpideak ekoizteko eta gizarteratzeko formulak eta sareak estrategikotzat ez jotzeak–, esaterako, eragin zuzena dauka euskal artistaren egunerokoan; kultura ikuskizun, ebento, entretenimendu edo turistak erakartzeko amu-multzo gisa aurkezteak ere bai; eta euskal kultur sistemarentzako ezinbesteko hauspoa den herri ekimena itotzen saiatzeak; eta EAEko kulturarako sosen erdiak EITBri emateak eta trukean EITBri euskal kulturari ikusgarritasun eta entzungarritasun berezia eta berezitua emateko ez agintzeak...”, azpimarratu du.

Internet: Gordegia.eus

Juanpe Urrosolo, Arkaitz Artola eta Fernando Olalde.  Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Errelatoaz eta memoria historikoaz badakigu zerbait euskaldunok, herri honetan ere gertakizunen eta jendartearen alde bakarra gailentzea ohikoa (izan) baita. Donostiako Egia auzoko lagunen lana saritu da aurten, Gordegia.eus artxibategi grafikoa egiteagatik, hain justu aberatsen historia kontatu ordez langileen historia bildu baitute eta herritarrak memoria historikoaren protagonista bihurtu.

“Soilik elkarteko kideok etxean genituen argazki eta dokumentuekin artxibo majo bat osatu genuen lehen kolpean”, hasi ditu azalpenak Arkaitz Artola Gordegiako kideak. “Eta auzoko hainbat elkarte eta eragileren irudiak eskuratzen ere ibili gara eta, besteak beste, Kutxateka, Tabakalera eta San Telmo museoei esker gorpuztu ahal izan dugu artxibategia. Webgunearen bidez ere ekarpenak jasotzen ditugu, euskarri digitalak zein fisikoak dituzten argazki edo VHSak bezalakoak”, azpimarratu du.

2019an erabaki zuten lan hau egitea, ekonomia sozialaren inguruan aritzen den Teila Fabrikako kideek lehen amua bota ondoren. Eta horiek izan dira, ibilbide osoan zehar ere, Gordegia elkarteari babes ekonomikoa eta laguntza eman diotenak.
“Dokumentu bakoitzaren inguruan ahalik eta informazio gehien lortzen saiatzen gara, egiletzak aitortzen, eta abar”, osatu du Artolak eta berak esan ez badigu ere, jakin dena lizentzia libreekin argitaratzen dutela.

“Herrietako historia modu herrikoian jasotzea eta eskura jartzea lan eder eta oso aberasgarria iruditzen zaigu eta polita litzateke gure lanaren zabalpenak balio izatea beste auzo eta herri batzuetan antzeko proiektuak pizteko”, adierazi du.

Kanpaina: Guggenheim Urdaibai Stop plataforma

Zuriñe Gandarias, Itsaso Zaldunbide eta Eider Gotxi. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Negozioa eta turismoa ala herritarren beharrak eta naturaren zaintza? Galdera zahar hori inoiz baino indartsuago dugu gure artean. Premia pribatuak, diru publikoz ordainduta, Basque Country-a enegarren aldiz nazioartera saldu nahi dute. Handira, nola ez. Guggenheim Urdaibaiz ari gara gaurkoan eta, zorionez, badira oraindik herritar antolatuak, mota horretako egitasmoek mugikortasunean, etxebizitzen prezioan, euskaran, ondare historikoan, bizi kalitatean, gu ez besteko animaliengan, ingurumenean, kulturan... ageriko eragina izango dutela ohartarazi eta beren bizitzak hipotekatuz borrokan ari direnak.

“Lan asko dago plataforma honen atzean, hasteko, aurrean dugun makinaria itzela delako eta eragozpen handiak jarri dizkigulako bidean. Erabateko mespretxua jaso dugu administrazioengandik: herri honen garapena oztopatzen ari garela, gezurretan gabiltzala, proiektu honen inguruko informazio guztia eman zaigula, baina ez dugula ulertu... tontotzat hartu gaituzte”, azaldu du Eider Gotxi plataformako kideak. “Baina proiektu honek esan nahi duen inposizioa onartzen ez dugunak asko garela ikusteak ematen duen indarra ere handia da, herritarrengandik jasotako babesa ere bai, horregatik jarraitzen dugu aurrera”, segitu du.

2008 inguruan hasi ziren proiektu honen inguruko lehen zurrumurruak eta pixkanaka joan da forma hartzen, hedabideetan zabaltzena eta abar. “Ordu asko dira, familiari eta lagunei eskaini beharrean hona bideratu ditugunak; baina konbentzimenduz ari gara, proiektu hau geratu beharra dagoela sinetsita”, esan digu Gotxik.

Kanpaina onenaren saria jaso dute, eta “justu kanpainarekin jarraitzeko bide ematen digu sari honek eta, nola ez, gure ondoan eta gurekin borrokan ari direnei eskerrak emateko”, azpimarratu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2024
2024-01-26 | Dani Blanco
ARGAZKI GALERIA | Horrela izan dira 2024ko Argia Sariak

Dani Blancok ateratako argazkiak Usurbilen.


Argia Sarien kronika
Tradizio berriei so

Folklorea kristalizatu den gauza hori zela zioen Ion Celestinok ARGIAn. Eta tradizioa, aldiz, une jakin batek ematen duen lorea dela azaltzen zuen.

ARGIA Sariak “tradizio” bilakatu direla esango genuke gaur egun. Hasteko, eta gehiegi pentsatu gabe, 35. urtez... [+]


2024-01-26 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Gordegia.eus

Gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak jaso du interneteko Argia Saria. Herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik eman zaio saria, eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute Antton Mendizabalen oroigarria.


2024-01-26 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Sahara. Herri bat erresistentzian

Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.


2024-01-26 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Guggenheim Urdaibai Stop

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jaso du 2023an egindako komunikazio kanpainarik onenaren saria. Aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik, eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik eman dio ARGIAk saria. Antton Mendizabalen... [+]


2024-01-26 | ARGIA
Hauek dira euskarazko komunikazioaren 2024ko Argia Sariak

Bost sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria Bizkarsoro filmari eman zaio, prentsa saria Sahara. Herri bat erresistentzian liburuari, entzunezko saria Ez gatoz Paristik podcastari, internet saria gordegia.eus artxibategi grafikoari eta komunikazio kanpaina onenaren... [+]


2024-01-26 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: Bizkarsoro

Bizkarsoro filmak jaso du ikus-entzunezkoen Argia Saria. Euskararen iragan hurbilari errepasoa egiteaz gain, jasandako zapalkuntzari eta altxatzeko grina izan zutenei aitortza egiteko modu bat da pelikula. Saria jaso dute Josu Martinez zuzendariak, Katti Pochelu ekoizleak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude