“Desazeleraziorako mezu inplizitu bat dauka disko honek, azaletik hasita”

  • Berri ona eman digu Urbizuk. Berri Txarrak lozorroan utzi eta lau urte geroago bere bakarkako lehen lana plazaratu du: Hasiera bat. Hamar kantu biluzi guri eta bere buruari galdetzeko zertan eman dugun bizitza, azaltzeko nola mundu honetan azkarregi eta ikusmenak itsututa bizi garen edota ohartarazteko nola ohitu garen mantxa gorri bat ikusten itsasoan zabaltzen. “Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude eta ez da gauza bera, nire adiskide”. Eta Janela bat (leihoa) ireki digu barnetik kontatzeko nola amak bina plater jartzeko eskatu dion gaur egongelan bazkaltzeko edo nola batzuetan I love you idazten diogun elkarri, maite zaitut batek ikaratzen gaituelako.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Gorka Urbizu Ruiz. Lekunberri, 1977

Mutikotan pianoa eta esku-soinua jotzen ikasi zuen Larraungo Aralar Musika Eskolan. Herriko elizan organoa jotzen zuen eta arrebarekin batera haien kantu propioak aurkeztu zituzten Nafarroako Haur Kantari Txapelketako hainbat ediziotan. 14 urterekin Nahita Nahiez taldean teklatu jole hasi zen eta 1994an Berri Txarrak taldea sortu zuen. 25 urte, bederatzi disko eta milatik gora kontzerturen ondoren “ikusi arte” esanez amaiera eman zioten Berriren ibilbideari, COVID-19ak eragindako konfinamendua hasi baino hiru hilabete lehenago. Peiremans eta Katamalo proiektuen parte izan da eta kolaborazio ugari egin ditu. Azken aldian produktore lanak egin ditu La M.O.D.A. eta Leihotikan taldeekin.

Zure diskoa ilbeltza argitzeko moduko sorpresa polita izan dela dio jende askok…
Bai, oso harrera ona izaten ari da. Azken unera arte ezkutuan gorde nahi izan dut eta behin plazaratu ondoren, jende guztiaren esku nahi nuen disko osoa.

Orain ohikoa da kontrakoa eta espektatiba handiak sortzen dira kantu berrien inguruan. Saltzen dena ilusioa da?
Klabea hori da. Orain askotan, diskoa atera izana baino gehiago, jende askok nabarmentzen du nola egin eta plazaratu den. Horrek zer hausnartua ematen du. Nire ustez, hype horrekin edo sortzen den ikusmin horrekin kantua atzeko lerroetara bidaltzen ari zara, nolabait. Ematen du estrategia eta saltzeko modua dela garrantzitsuena eta horretan jartzen dela indarra. Batzuetan algoritmoek eta sare sozialek hori eskatzen digute, edukiak sortu eta ikustaldiak pilatu, baina azkenean musikariari interesatu beharko litzaiokeen muina kantua da. Ni oso astuna naiz horrekin, baina badirudi aldiro gogoratu beharreko zerbait dela.

Kantu hauek destilazio prozesu luze baten emaitza dira?
Bai, hala da. Lau urte pasa dira Berriren azken kontzertutik eta kasik zazpi nire azken grabaketatik, baina sentitzen dut disko hau ez dela izan azken urte hauetako emaitza, baizik eta ibilbide osoa beharrezko izan dela honaino iristeko eta disko gordin eta biluzi hau atera ahal izateko. Berriren 25 urteko zurrunbiloaren ondorengo urte horietan kontzertu pila ikusi dut, asko irakurri dut, bidaiatzen ibili naiz eta input horiek guztiak jaso ditut orain kantu hauek ontzeko. Bilaketa lan sakona izan da eta dena dago hemen. Horregatik sinatu dut nire izen propioarekin. Horrekin ere zalantzak izan nituen, presio handia delako norbere izenarekin ateratzea, baina gero ikusi nuen koherentea zela proposamenarekin.

"Musika beste erritmo batekin entzuteko aldarri bat da disko hau. Kalitatezko denbora eskatzen dut. 34 minutu ez baduzu disko honi eskaintzeko, beharbada hau ez da zure diskoa"

Zergatik kantu biluziak, gordinak?
Nik nahi ez dudana da rock talde batetik datorren abeslari baten disko akustiko tipikoa. Nahi nuen bueltatxo bat eman, zerbait desberdina eskaini eta kantu hauek jantzi, edo biluztu, beste modu batez. Sinpletasun horren atzean gauza asko dago. Janztea zaila da, baina zailagoa da biluztea. Grabaketa ere oso soila izan da, zortzi pistarekin, oso elementu gutxirekin eta beti kentzea eta kentzea eta muinera jotzeko helburuarekin.

El Petit de Cal Eril taldeko kideengana jo duzu disko hau egiteko. Zergatik?
Haien soinua izugarria iruditzen zaidalako. Talde honetako kide den Jordi Matasen atzetik ibili nintzen eta berak proposatu zidan Teatre de Ca l’Erilen grabatzea. Gainera bidali zidan Big Thief, nik asko maite dudan taldearen argazki bat han grabatzen, eta orduan hartu nuen erabakia. Tokiak xarma berezia du. Lleidako Gissona herriko 1904ko antzoki zaharra da, ez estudio hotz bat, eta hori nabari da diskoan.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Grabaketan nahiko sufritu zenuela esan duzu askotan. Zergatik?
Jordi Matasek egin du ekoizpena eta bera tematu zen estudioan bertan eraiki behar zirela kantuak. Entsegu oso gutxirekin sartu ginen grabatzera eta gure eztabaidak izan genituen horren kontura. Niretzako hau oso disko garrantzitsua zen eta Jordik esan zidanean ez zuela entsegurik egin nahi, freskotasuna mantentzeko eta estudioan gerta zedin gertatu beharrekoa... ez nekien jenio batekin edo alfer huts batekin ari ote nintzen. Alerta egoera horrek sormena pizten dizu. “Hau daukat eta ez dut borragomarik. Ea zer gertatzen den”, pentsatzen duzu.

Azkenean hori dena diskoaren aldekoa izan da eta batasun estetiko itzela eman dio. Oinarrizko ideian bai egon garela beti ados guztiok: beti kentzearen eta kantuak soiltzearen alde egin dugu. Sar zitezkeen biolinak edo koroak edo teklatua eta oso polita geldituko zen... baina beti esku-frenoarekin ibili gara gauzak bata bestearen gainean ez jartzeko.

Eskulturan bezala, soberan zegoena kentzea zen ideia?
Bai eta literaturan bezala. Nik Raymond Carver miresten dut eta gauza bera egiten du. Pello Lizarralde ere hitzaren ekonomiaren aldekoa da. Hori da niri gustatzen zaidan estiloa. Hor dagoena zerbaitengatik da.

Berri Txarraken azken kontzertuan liburuak eskatu zenizkien zaleei. Liburu guztiak irakurtzeko aukerarik izan duzu?
Ez! Jaso nituen agian 300 liburu. Liburutegi oso bat. Izugarri polita izan zen. Berriro egingo dut beste batean, agian bira honetan.

Lau urte hauetan hainbat kolaborazio egin dituzu Anne Lukin, Monte del Oso, La M.O.D.A. edo Leihotikanekin. Nolakoa izan da tarte hau?
Nebulosa moduko batean egon naiz. Behar nuen atsedena, hori berresten dut, hala ere Berri lozorroan utzi genuenean beldur nintzen hilabete batzuk pasata, barneko harrak ez ote zidan eskatuko berriro eszenatokietara itzultzea. Txaloek asko engantxatzen dute eta batzuetan egoa ere hor tartean dago. Hori kudeatzea ez da erraza, baina ni eroso eta lasai egon naiz. Ekoizpen lanak ere egin ditut La M.O.D.A. eta Leihotikan taldeekin, batez ere laguntzen saiatzen den musikari bezala, ekoizle moduan baino. Asko ikasi dut. Orokorrean bilaketa prozesu luze bat izan da eta emaitzarekin oso pozik nago.


“Hizkuntzaren aferak bai kezkatzen nau. Gutxieneko atxikimendu bat behar da eta horretan uste dut atzera goazela. Normaltasuna horren urruti daukagunean, naturaltasuna beste irizpide guztien gainetik jartzea autotranpa da"
 

Diskoa Hasiera bat da eta kantu gehienen izenean ere bat agertzen da: Tren bat, Toki bat, Etxe bat… Zergatik?
Izen orokorra argi neukan, baina kantuen izenekin ez nengoen oso gustura. Diskoa entregatzeko zegoela, azken unean halako epifania bat izan nuen eta izen guztiak aldatu nituen. Kantuei batasuna emateko eta transzendentzia kentzeko modu bat iruditu zitzaidan: hau disko bat da, baina beste mila daude. Gustatzen ahal zaizu ala ez.

Nolakoa da?
Hau patxadaz egindako diskoa da eta, beharbada, patxadaz entzutekoa ere bai. Disko honek desazeleraziorako mezu inplizitu bat dauka, azaletik hasita. Hor agertzen da emakume bat atseden hartzen bezala eta jendeak eskertu duen gauza bat izan da ematen duen sosegu puntu hori.
Niri interesatzen zaizkidan diskoak dira munduarekin eta egungo errealitatearekin konektatzen nautenak edo kontrako efektua sortzen didatenak: mundutik ihes egiteko burbuila moduko bat direnak. Nik uste dut disko honek bietatik duela. Nire ikuspegi kritikoa agertzen da kantu batzuetan, baina beste batzuk, aldiz, besarkada moduko bat direla esan didate askotan. Aterpe edo babes soniko hori, hainbat kontzertutan sentitzen duzuna bezalakoa da, mugikorrarekin dena grabatzen ari ez bazara, noski.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Bob Dylanek bezala mugikorrak debekatuko dituzu kontzertuetan?
Hain erreza balitz! Debekatu ez, baina gonbita eginen diot jendeari gordetzeko, zalantzarik gabe. Nahi nuke jendeak kontzertuak hor bertan bizitzea.

Musika eszena nola ikusten duzu Euskal Herrian?
Taldeen aldetik oso interesgarri ikusten dut. Aniztasuna beti egon da, baina aldea da orain fokua ez dagoela aldarrikapen letra duen rock gogor horretan. Badaude talde batzuk oso ezagunak ez direnak, neurri handi batean, algoritmoen erruarengatik. Hori pena da, baina aldi berean bada hor azpian humus bat oso interesgarria. Oso proiektu interesgarriak daude eta Iruñea aldean zer esanik ez. Loraldia. Hortik aurrera, obsesionatu egiten gara mundu mailan egiten dena hemen eta euskaraz egitearekin. Betiko kezka da. Gure ekosistema kulturala oso ahula da eta asko daukagu hobetzeko. Hala ere, sentitu behar dugu gu gaur egungo gauzak egiten ari garela eta ahal den kalitate gorenenarekin. Munduari begira ari garela, munduaren parte sentituz.

Hizkuntzaren aferak bai kezkatzen nau. Gutxieneko atxikimendu bat behar da eta horretan uste dut atzera goazela. Normaltasuna horren urruti daukagunean, naturaltasuna beste irizpide guztien gainetik jartzea autotranpa egitea dela iruditzen zait. Argudio horrek ez nau asetzen. Norberak egin dezala nahi duena, baina uste dut euskaldun eta euskaltzaleok badugula ardura bat gure kalitatezko edukiak sortzeko euskal eszena eta euskal korpus hori hazi dadin. Guk ez badugu elikatzen inork ez du egingo. Badakit motxila edo ardura hori oso nekagarria izan daitekeela, Ruperrek zioen bezala "inork ez zigula esan euskaldun izatea zein nekeza den". Badakigu egin behar dugula hizkuntza hegemonikoan egiten den lanaren bikoitza edo hirukoitza oihartzunaren erdia lortzeko, baina hala da. Gu beti egongo gara korrontearen kontra arraunean eta gauzak hobetzeko lana gogor egin behar da.

Teoria bat kantuan diodan bezala “gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude” eta guk bultza egin dezakegu gauzak aldatzeko. Hori da gure borroka nagusietako bat, baina argi dago bizimodu azkar honek bere ondorioa ere baduela hizkuntzaren aferan.

"Mugikorra debekatu ez, baina gonbita eginen diot jendeari gordetzeko, zalantzarik gabe. Nahi nuke jendeak kontzertuak hor bertan bizitzea"

Borroka horretan nola laguntzen dute kantuek?
Hau oso naifa izan daiteke, baina diskoa ateratzear zegoela buru-jan batzuk eduki nituen. Gazakoa gertatu zenean nik pentsatu nuen “zer nabil ni hemen nire disko honekin, halako izugarrikeriak gertatzen ari diren bitartean? Gizon zuri pribilegiodun honek egindako diskoak zer ekarpen egin dezake? Honek ba al du zentzurik? Edo entretenimendu hutsa da? Nik sinesten dut arteak mundua eraldatu dezakeela edo bultza dezakeela behintzat. Sinesten dut artea kontzientzia harrarazteko tresna bat dela eta basakerien aurrean edertasun dosi txiki bat eskaintzeko modu bat.

Edertasunaren bitartez agian lor daiteke jada komunikabideek nekez lortzen duten erreakzioa…
"Ikusmenak itsututa gaude” esaten du Tren bat abestiak. Dena sartzen zaigu begietatik eta irudien gaindosia dugu. Ematen du musika ere begietatik entzuten dugula. Gazakoa bezalako basakerietara ohitu egiten gara. Albiste lazgarri batek hiru minutuz asaldatzen gaitu eta hurrengoan agian meme bat ikusi eta irri egiten dugu...

Mundu honetan [Javier] Milei motozerra batekin dago, baina disko hau ere badago eta hau da nik egin dezakedan ekarpena. Sortzaileok jendeari pentsarazi behar diogu, behintzat.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Kantuen hitzak erreka bat pasatzeko jarritako harriak bezalakoak direla esan zenuen hemen ARGIAn, duela hamar urte…
Bai, nik fokoa ideia baten gainean jartzen dut, baina gero norberak har dezala bere modura. Panfletorik ez dut egin nahi. Egin izan ditut, hori ere ikasten da, baina orain argi daukat kantua bizi dadin utzi behar diozula margen bat entzuleari, agindurik edo aholkurik eman gabe. Disko honetan, adibidez, bada kantu bat oso pertsonala, Etxe bat. Nire bizitzako oso parte intimoa erakusten dut eta pentsatzen nuen, “nori inportako zaio hori?”. Nire txakurra, nire gurasoak, iloba, zeinen azkar pasatzen den denbora, batez ere adin batetik aurrera... Bada, orain ikusten ari naiz jende askori abesti hori izugarri gustatzen zaiola. Debatea eduki genuen estudioan kantu hau sartu ala ez, estilo aldetik pixka bat kanpo gelditzen zelako, baina nire eskarmentuak esan zidan sartu behar nuela. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Katedral bat kantuarekin eta gero diskoko adituena izan zen. Sekula ez dakizu zer gertatuko den. Poztekoa da ikustea nola jendeak bat egiten duen horrekin eta nola kantuak salto egiten duen zure intimitatetik besteen intimitateetara.

"Sinesten dut artea kontzientzia harrarazteko tresna bat dela eta basakerien aurrean edertasun dosi txiki bat eskaintzeko modu bat"

Ez dira orain garai onak rockerako?
Ziklikoa da. Orain fokoa ez dago rock musikan eta hori ondo dago. Nik pentsatu nahi dut indarra hartzen ari dela gero berriz itzultzeko. Orain dagoen nahasketa ere oso interesgarria da. Ni beti egon naiz purutasunaren aurka. Nahasketari esker sortu da guztia. Inportanteena da musika entzutea. Idazteko irakurri behar den bezala, musika egiteko musika asko entzun behar da. Pop disko bat egin behar baduzu komeni da Beatles entzutea. Pentsatu behar duzu zure aurretik ere jendeak gauza onak egin dituela eta hor dagoela ondare handi bat. Orain dagoen joera hori, bakarrik musika berria entzutearena, nahiko nazia iruditzen zait. Gaztea zarenean agian ez zara ohartzen, baina adinarekin bai.

Biran hasiko zarete otsailaren amaieran. Nola antolatuko dituzu zuzenekoak, 34 minutuko disko bat oinarri hartuta?
Buru-haustea izango da kantuen zerrenda osatzea. Peiremans taldearekin antzeko zerbait gertatzen zitzaidan, bost kantuko diskoa atera eta gero zer egin zuzenean? Ez dakit. Bertsioren bat eginen dugu seguruenera, baina iraganeko kantu gehiegi ere ez nuke jo nahi...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-11-22 | Iker Barandiaran
Burmuinen borborra ezin eutsi

Deus
Kaskezur
Usopop, 2024

-----------------------------------------------------

Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Kronika: Artea eta politika
Hoberena etortzeko dago-eta

Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]


2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


2024-10-31 | Iker Barandiaran
Izan ginelako… landuko dugu!

Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024

------------------------------------------

Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]


Eguneraketa berriak daude