Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia Saria jaso zuten iaz—. Baina Donostiako eta inguruetako transmaribibollo pila batentzat, beste ezeren aurretik, Aurresku tabernaren arima da Elenita. Irailean itxi zuten.
Magisteritza ikasi zuen. Arlo horretan eta beste zenbait lanetan ibili ostean, tabernaria izan da azken bi hamarraldietan. Tabernak baino, proiektuak sortu nahi izan ditu, kulturari, euskarari eta feminismoari lotuta. Izan Iñurri elkartean buru-belarri dabil orain, minbiziaren gaineko kontzientzia eta diskurtsoa zabaltzen. Bertso-saioetan gozatzen du bereziki. Hemezortzi saio egin dituzte jada, eta 2024an Tolosara eta Oiartzunera joango dira, besteak beste.
Lasarte-Oriakoa zara. Nola oroitzen dituzu haurtzaroa, gaztaroa…?
Oriako zatikoa naiz, eta Oztaran auzoan hazi nintzen, oso gustura. Oso auzo langilea izan da beti. Anekdota bezala: nik 56 urte ditut, ba orain dela 50 urte oso arraroa zen, tamalez, neska bat ikustea futboleko trajearekin, baina ni beti futbolean ibiltzen nintzen auzoko gazteekin, eta nire bi anaien ekipamendua zen gehien gustatzen zitzaidana. Jendea harritu egiten zen horrekin, eta etxean bertan amak esaten zidan soinekotxoekin joan behar nuela, baina nik gorroto nituen, eta beti nindoan prakekin. Orain gauzak aldatu dira, zorionez, eta gaur egungo haurrak eta gazteak ikusten ditudanean inbidia ematen didate.
Hemen hazi, hemen bizi. Modu aktiboan parte hartu duzu herrigintzan.
Nire bizitzan igual damutzen naiz gauza batzuetaz, baina oso harro nago eta sentitzen dut nire bizitzan egin dudan gauzarik hoberena izan dela heldutan euskara ikastea. Magisteritza bukatuta, hasi nintzen lanean Gautenan, haur eta nerabe autistekin, eta aldi berean jarri nintzen euskara ikasten. Nire familia osoa erdalduna da, eta anaia eta biok AEKn hasi ginen. Niretzat iraultza bat izan zen, eraldaketa bat, nire bizitza aldatu zen goitik behera. Betidanik euskaraz jakin dutenak ez dira konturatzen, baina bat-batean hizkuntza bat barneratzea, zure hizkuntza, niretzat izugarrizko klak bat izan zen. Euskararengatik hasi nintzen gure herria beste era batera ikusten.
Hainbat arlotan militatu duzu.
Lehenik Korrikaren antolakuntzan laguntzen ibili nintzen, eta hor hasi zen pixka bat nire militantzia. Gero, Lasarte-Oriako Euskararen Maratoiaren sorreran egon nintzen oso gaztetatik, euskara-taldean, Tximua irrati librean eta Tximua kultur taldean, herriko jaiak antolatzen; ondoren militantzia politikoan, Lasarte-Oriako Herri Batasunan, Batasunan, EH Bildun… Egon diren guztietan ibili naiz.
Gero feminismoa etorri zen ezker abertzalearen bitartez. Egon ginen Egizan-en, eta Aiña taldea sortu genuen; oso esperientzia positiboa izan zen. Eta baita ere tokatu zitzaidan militatzea Senideak eta Etxeraten, anaia bat preso egon zelako urtetan.
Azken hogeita piko urtean tabernari aritu zara.
Herriko presoen taldean Patxi zegoen, gaur egungo nire bikotekidea, eta berak hartu behar zuen Xirimiriren kudeaketa —Lasarte-Oriako herriko taberna—. Ni langabezian nengoen momentu horretan, eta taberna erdibana hartzea proposatu zidan. Hor hasi nintzen tabernari, Patxirekin, gero hortik ezagutu ginen hobeto eta gure harremana sortu zen; orain dela 25 urte, pentsa! Handik urte batzuetara Donostiako Parte Zaharreko Herrian hasi nintzen, eta han egon nintzen hamar urte eta piko.
Herriko tabernen auziak eragin zizun?
Ahaztuta nengoen! Bai, Donostian nengoela jada, miaketa batzuk egon ziren, niri tokatu zitzaidan miaketa fuerte bat tabernan bakarrik nengoela. Jende guztia kanporatu zuten, eta lekuko bezala beste pertsona bat utzi zuten sartzen, kale osoa guardia zibilez inguratuta… Auzitegi Nazionalera ere deklaratzera joan behar izan nuen presoen argazkien gaiarengatik. Tabernak abokatua jarri zidan, [Iñigo] Iruin, eta berak esandakoa egin nuen. Kasua artxibatu zuten.
Ez zen samurra izango.
Bueno, banekien ez zitzaidala ezer gertatuko, baina tragoa pasatu behar. Beste batean, Egizanen geundenean, Gasteizera joan ginen Emakunde okupatzera, emakume presoen eskubideen alde. Ertzaintza etorri zen, eta berriro atxilotu gintuzten. Egun osoa pasa genuen kalabozoan, baina gero ere lortu zen artxibatzea kausa hori.
"Nire buruari zin egin nion Aurreskun askatasun osoz egongo zela jendea, ez zela inor sartuko beste inorekin ez gay izateagatik, ez trans izateagatik, ez beso bat falta zaizulako"
2015ean Aurresku taberna hartu zenuten Patxik eta zuk, Ikatz kalean hori ere.
Bai, aukera atera zen lokala alokatzeko. Hartu genuenean ez nekien zer egin behar genuen edariekin edo diruarekin, eta berdin zitzaidan, baina nire buruari zin egin nion Aurreskun askatasun osoz egongo zela jendea, ez zela inor sartuko beste inorekin ez gay izateagatik, ez trans izateagatik, ez beso bat falta zaizulako edo ez dakit zer. Hori oso argi neukan, eta oraindik gogoan daukat bikote bat etorri zela tabernara, zabaldu eta oso gutxira, bikote hetero bat, eta barre egin zioten mutil bati, haren keinuak-eta imitatuz, “afeminatuak” zirelako kakotx artean, eta gogoratzen naiz super ondo sentitu nintzela esan nienean: “Zuek biak kalera zoazte”. Brometan ari zirela esan zidaten, baina ni oso serio ari nintzen. Eta bidali egin nituen. Ondoren bezero eta langileen artean ondo kudeatu ditugu horrelako egoerak eta saiatu gara ez onartzen inoiz inongo erasorik. Sekulakoa da askea izatea horrelako espazio seguru bat sortzeko.
Eta gero, ezagutzea feminismoaren inguruko mugimendu erraldoi eta zoragarri hori niretzat sekulakoa izan da, eta beti babesa izan da. Niretzat, Aurresku, taberna bat baino gehiago proiektu bat zen, gune bat, kulturalki ere saiatzen ginen euskal kulturarekin lotutako gauzak egiten, batez ere emakume sortzaileekin. Zer kontatuko dizut ba zuri.
Aurresku etxea izan da Donostiako herri-mugimenduentzat, bereziki transfeministentzat eta transmaribibolloentzat.
Donostian leku gutxi daude horrelakoak. Pixka bat hankamotz geratzen da zentzu horretan, eta pena da. Niretzat ere inportantea da halako guneak edukitzea. Adibidez, orain dela bi urte sortu genuen Lasarte-Oriako transmaribibollo kolektiboa, eta hor ere sorreratik egon nintzen: oso pozik, oso emankorra izan da. Orain arte barne-elikaduran aritu gara, eta orain zabaltzen hasi gara.
Duela bi urte manifestazioa egin zenuten lehen aldiz ekainaren 28an, ezta?
Bai. Lehen Donostiako manifestaziora joaten ginen beti Lasarte-Oriatik, eta anonimoagoa zen, baina gure helburua da hemen herrian bertan ikusgarritasuna ematea.
Kultur jarduera asko ere egin dituzue Aurreskun.
Argi neukan hasieratik halakoak egin nahi nituela, eta pena da oso leku txikia dela, baina gure gauzatxoak egin ditugu, kalean ere bai: bakarrizketak, kontzertuak, bertso-saioak, liburu-aurkezpenak, mota askotako festak… Eta apostasiari buruzko kanpaina majo bat ere egin genuen. Gizarte patriarkal katoliko hetero eta abar honetan, horrekin pixka bat puskatzeko, informazioa pasa genuen: zer den apostasia eta nola egiten den. Oso ondo atera zen, eta bukatu genuen festatxo batekin. Apostasia ere egin nuen eta oso harro nago egin izanaz.
Pandemia nola bizi izan zenuten?
Ba pandemian ere borrokan. SOS Ostalaritza taldea sortu genuen, hor ere atxilotu ninduten, diputazioan kateatu ginen eta kalabozora. Baina ostalaritzaren gremioa ez dago antolatuta, ez dago ia sindikaturik; ez daude sindikatuta ez langileak ez jabeak, gehienak autonomoak dira. Horrek aukera eman dit ikusteko jendeak zer helburu dituen. Dirua jokoan dagoenean dena eman nahi dute eta zortzi mila mani egiten dituzte, baina bakoitzaren diruarengatik eta kito. Alde Zaharra hobetzeko baldin bada, edo kulturaren alde… ezer ez. Tabernarien artean ere badago oso jende solidarioa, e? Baina betikoak dira.
"Ni sufritzen ari nintzen, tabernari ekarpenik egin ezinda, Patxi marroi guztiarekin, eta esan genuen: “Horrela ezin dugu eraman”. Gaizki kudeatzeko, ez dugu kudeatuko"
2023ko irailean itxi zenuten taberna. Nolatan hartu zenuten erabakia?
Ixteko erabakia gaixotasunengatik izan da gehienbat. Aurreskuk zortzi urte darama, justu irailean egin genituen. Hasieran Patxi eta biok ibili ginen kudeatzen, super ondo, baina handik gutxira Patxi minbiziarekin egon zen —oraindik badago minbiziarekin, ez da sendatzen bere minbizi-mota, baina orain egonkor eta ondo dago—, eta baja hartu behar izan zuen: ingresatu, ebakuntzak, ZIU, kimioterapia… Nik laguntzen nion denean, baina tabernan bakarrik gelditu nintzen. Hartu nuen motxila eta aurrera, eta gauza eder pila bat sortu dira Aurreskun.
Orain dela bi urte niri tokatu zitzaidan minbizia edukitzea, bajan egon naiz ia bi urtez; orduan ezin nuen parte hartu, ekitaldi kulturalak ere eten egin ziren pandemiarekin, eta ez neukan indarrik horiek berreskuratzeko. Eta taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso; nire helburua beste taberna mota bat zen, beste proiektu bat. Hasieratik, herriko tabernetan egon naizenean ere bai.
Uztailaren bukaeran alta eman zidaten, saiatu nintzen bide guztietatik baja luzatzen, baina ezetz, jada sendatuta nengoela. Kontua da pilulengatik gelditu naizela oso nekatuta, oso ahul, gorputz osoa minduta, eta ez nuen nire burua ikusten lan egiteko. Gaixotasunak horrela etortzen direnean, filosofia aldatzen zaizu. Ni sufritzen ari nintzen, tabernari ekarpenik egin ezinda, Patxi marroi guztiarekin, eta esan genuen: “Horrela ezin dugu eraman”. Gaizki kudeatzeko, ez dugu kudeatuko. Beraz, zorretan sartu aurretik, duintasunez ixtea erabaki genuen.
Minbizia aipatu duzu, eta jende askok, hain zuzen, Iñurri elkarteko kide gisa ezagutzen zaitu. Zer da Iñurri?
Izan Iñurri elkartea xume-xume hasi zen Lasarte-Orian; Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok sortu zuten, minbizia ikuspegi feministatik lantzeko. Orain dela lauzpabost urte izan zen, eta nik ia hasieratik izan nuen harremana beraiekin, batez ere Patxi gaixotu zenean. Esan nien, “badakit minbiziaren inguruan zeozer egiten ari zaretela, eta bueno hemen gaude, bikotekidea ez dago prest inon agertzeko edo ezer esateko, baina uste dut zaintzaileok eta laguntzaileok ere paper bat dugula”. Eta noski, beraiek lagundu zidaten eta zaindu ninduten. Harremantxo hori genuen, eta ni minbiziarekin nengoenean, lehenengo gauza izan zen Juleneri deitzea: “Bularreko minbizia daukat”.
Zein izan da prozesua diagnostikoaren ostean?
Lau ebakuntza egin zizkidaten bi bularretan, eta laugarrenaren ondoren hemen jarraitzen zuen minbiziak, eta mastektomia egin zidaten, bularra kendu zidaten. Horrela utzi nuen, berregin gabe eta protesirik gabe; oso argi neukan. Etxera etorri nintzenean ospitaletik, bueltaka ibili nintzen. Esaten nuen, ea, ezagutzen dut jende pila bat bularra kendu diotena, baina fisikoki inor ez dut ezagutzen titi bakarrekoa, ez dut halakorik ikusten ez biluzik, ezta jantzita ere. Eta arraroa egiten zitzaidan.
Errealitate hori ikusarazteko, besteak beste, egutegiak egin dituzue elkartetik. Oso ederrak dira: era askotako gorputzak agertzen direlako batez ere; hala gertatzen da errealitatean.
Egutegi hauen helburu bat zen, noski, orbainak eta gaixotasunaren ondorioak azaltzea, baina niretzat beste helburu bat super inportantea da gorputzak erakustea: batzuk argalak, beste batzuk baxuak, beste batzuk lodiak, denetik, zeren itsusia ez da inor. Gorputzarenak niretzat kristoren inportantzia dauka. Jatunaldietan ere parte hartu nuen [Euskal Herriko I. Jardunaldi Lodiak], oso gustura, eta baita ere joan nintzen Bilgune Feministaren mintegira, gorputzen burujabetzari buruzkoa. Eta horretan murgilduta oso ondo sentitzen naiz. Gaixo egonda ekarpen hori egiteak sekulako energia ematen dit.
Etorkizunera begira, zein dira zure ametsak? Zertarako gogoa daukazu?
Ufa. Bizi. Jendeak galdetzen didanean, ea orain Aurreskuren ondoren zer egin behar dudan, argi erantzuten diet: bizi. Letra larriz jarri hori: BIZI. Nire helburua da bizitzea, ahal den kalitaterik onenaz. Lan eta lan genbiltzan bikotekidea eta biok jubilaziora iristeko, eta ikusi genuen agian ez ginela iritsiko ez bera ez ni, orduan nire helburua da momentua bizitzea, lau sosekin, baina buruhausterik gabe. Lan politak egin ditut militantzian, politikagintzan, eta oraindik jarraitzen dugu hainbat gauzatan [Onkologikoko erabiltzaileen talde bat sortu dute, besteak beste], baina gauzak beste era batean hartu nahi ditut, eta auskalo hurrengo abentura zein izango den. Nik orain nahi dudana da urte bat behintzat hartu indartzeko, ze ez nago lan egiteko, baina buelta ematen badiot gorputzari, nire buruan dago lokal bat ikustea eta jarraitzea marikoikeriarekin eta gustatzen zaigunarekin. Aurreskuko ildoarekin segitzea: leku aske bat guztiontzat.
"Lan eta lan genbiltzan bikotekidea eta biok jubilaziora iristeko, eta ikusi genuen agian ez ginela iritsiko ez bera ez ni, orduan nire helburua da momentua bizitzea, lau sosekin, baina buruhausterik gabe"
Beste zerbait esan nahi zenuke?
Ba oso eskertuta nagoela Aurresku izan garen familia guztiari eta inguru feminista osoari. Niretzat izan da sekulakoa, gauza pila bat ikasi dut, oraindik kontzeptu berriak ikasten segitzen dut gazteengandik, eta niretzat zuekin konpartitzea sekulakoa izan da; gaixotu nintzenean eta batez ere bularra kendu zidatenean, nik hain argi baneukan zer egin nahi nuen nire gorputzarekin, mugimendu feministarengatik izan da. Esan nahi dut, mugimendu feminista hain gertu edukiko ez banu, nik igual beste era batera pentsatuko nuke. Ez dakit zer punturaino berregingo nukeen titia, baina agian disimulatu egingo nuke. Baina mugimendu feministak irekitzen dizkizu begiak eta burua, eta nik oso argi neukan zuei esker. Pentsatzen nuen “ezin diet huts egin hauei, iraultza egin behar da”. Iñurri kriston lana egiten ari da, eta nabaritzen da, baina guztia da mugimendu feministari esker. Hori gabe ez zen egongo titi bakarra erakusterik ez biluzterik.
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen... [+]
Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.
"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]