1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan ere, hormigoizko egitura horiek ez dira ondare arkeologiko hutsak, mugako herrietan sozialki eta ekonomikoki frankismoak eragindako errepresioaren memoriarako tokiak ere badira.
Duela 80 urte, 1944an, Pirinioak zeharkatzea ezinezkoa bihurtuko zuen defentsarako lerro sendo eta behin betikoa sortu nahi izan zuten militar frankistek. Horretarako, mendikatearen 500 kilometrotan barrena ia 10.000 bunker eta gotorleku eraikitzeko proiektua diseinatu zuten. Nahiz eta azkenean ez zituzten erdiak ere egin –Nafarroan eta Gipuzkoan, hasiera batean aurreikusitako 2.884 bunkerretatik 1.836 amaitu zituzten, eta Katalunian 5.800 bunkerretatik 2.884–, obra faraoniko hark orbain itzela utzi zuen mugako herrietan eta gizartean, milaka preso eta soldadu aritu baitziren lanean baldintza penagarritan.
P lerroa izena eman izan zaio batzuetan defentsa-sistema horri –seguruenik hizkia Pirinio hitzetik datorkio–, nahiz eta ofizialki sekula ez zitzaion horrela deitu. Bi fase izan zituen: lehenengoan, 1939 eta 1940 urte inguruan, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat toki estrategiko gotortu zituzten José Vallespín koronelaren agindupean; bigarren fasea 1944tik 1950eko hamarkada erdialdera arte luzatu zen, eta esan bezala, Pirinio osora zabaldu zen, Organización Defensiva del Pirineo (Pirinioetako Defentsa Antolamendua) goiburupean.
Muga psikologiko bat
Gezurra badirudi ere, nahiz eta milaka egitura militar izan, 1990eko hamarkada amaiera arte apenas ezagutzen zen horiei buruzko ezer, eta gaur egun ere herritarrek harriduraz begiratzen dituzte mendiko txangoetan ezustean aurkitzen dituztenean. Historialari askoren arabera, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan eta autarkiaren aroan Francoren erregimenak benetako psikosia bizi izan zuen “kanpoko” erasoen aurrean, eta bunkerren helburua tropen inbasioa eragoztea zen, hasieran Frantziako errepublikako tropena, gero naziena, eta azkenik aliatuena.
1944ko abuztuaren 23an Antonio Barroso brigadierrak bunkerren defentsa sistema sortzeko agindua sinatu zuen, eta bi egun geroago aliatuek Paris askatu zuten. Ordurako milaka maki errepublikar antolaketa betean ziren Pirinioetatik Espainia frankistara sartzeko, Jesús Monzón PCEko buruzagi iruindarrak koordinatuta. 1944ko urrian jo zuten erasoaldia, nagusiki Val D’Aranetik, baina baita Nafarroako hainbat tokitatik ere. Operazioa erabateko porrota izan zen.
Frankistek ez zuten ezer asmatu bunker horiekin. Garai hartako giro belizistan halako lerroek garrantzi handia zeukaten: hamarkada bat lehenago Frantzian Maginot lerroa eraiki zuten Alemania eta Italiako mugatik gertu; Sobietar Batasunak Stalin lerroa eraman zuen Baltikotik Itsaso Beltzeraino; eta Hitlerren Alemaniak Atlantikoko harresia sortu zuen milaka kilometrotan barrena. Egiaz, Pirinioetako gotorlekuen proiektuan, naziek kostalderako erabilitako metodologia bera erabili besterik ez zuten egin frankistek: metrailadoreentzako habiak, lurrazpiko pasabideak, artilleriarentzako puntuak eta beste hainbat eraikuntza sortu zituzten; baina naziek ez bezala, lerro jarraitu batean egin beharrean “erresistentzia gune” edo multzotan antolatu zituzten.
Obra ikaragarri hori ezin da ikuspegi militar hutsetik soilik gogoratu –besteak beste, segituan ikusi zelako erabat antzua eta alferrikakoa zela–. 1936ko militar kolpistek lehen momentutik izan zuten garbi gerraren ondoren “Espainia berria” eraikiko zutela, heriotza, zigorra eta doktrinamenduaren bidez. Izan ere, frankismoak etsai nagusiena barruan zuen, eta hura jazartzeko modu ezin efikazagoa zen jendea aitzurrak eta palak hartuta akitu arte lan eginaraztea. Horregatik, muga geografiko bat ez ezik, muga psikologikoa ere eraiki zuten defentsa-sistema horrekin, osagai ideologiko nabarmena zuena Europa faxista hartan.
Zeukan izaera militarragatik, Pirinioetako Defentsa Antolamendua –seguruenik Espainiako Estatuko XX. mendeko obra publiko handienetakoa–, “sekretua” izan zen hamarkada luzez, nahiz eta milaka preso eta soldaduren joan-etorriek oso agerian utzi. Euskal Herrian azkeneko bunkerrak 1958an eraiki zituzten, eta dirudienez momentu horretatik aurrera lerroa egiteari utzi zioten.
1955ean Espainia frankista autarkiatik atera eta NBEn onartu zutenez, “kanpoko” etsaiaren mehatxurik ez omen zegoen jadanik. Hori dio kontakizun ofizialak. Baina egiaz, azpiegitura militar guztiz antzua zelako utzi zuten bertan behera, “karlisten lubaki bat, baina zatarki egina” zelako, komandante batek Francori aitortu bezala. Hala ere, Espainiako armadak gotorlekuak gainbegiratzen jarraitu zuen 1960ko hamarkadan, eta soilik 1986an –Espainia NATOra sartu zenean– abandonatu zituzten guztiz.
Alimaleko obra izanagatik ere, haren berri apenas jaso du historiografiak. 1990eko hamarkada amaieran publikatu ziren lehen ikerketak, baina orain gutxi arte ezin izan zaio seriotasunez heldu, besteak beste, 2018. urtera arte defentsa-lerroaren inguruko dokumentazioa sekretu bezala klasifikaturik egon delako artxibo militarretan. Urte hartan Espainiako Defentsa Ministerioak dekretu baten bidez baliogabe utzi zuen 1968ko Sekretu Ofizialen legea kasu horretarako. Adituek diotenez, Ávilan gordetzen diren funtsetan sekulako dokumentazio pila aurkitu daiteke, oraindik ikertu gabe dagoena. Goiko planoak handik hartuak dira: batak Erratzuko defentsa-lerroa irudikatzen du eta besteak Ibañetakoa.
“Bizirik baino, kasik hilda zeuden”
Pirinioetako gotorlekuen lehen fasea eraikitzeko, batez ere presoen eskulana erabili zuten, Langile Batailoietan eta Langileen Zigor Batailoietan antolatuta; disidente politikoak eta erregimenak "arriskutsutzat" ikusten zituenak eramaten zituzten halakoetara. Uste da 1939. eta 1942. urteen artean nafar Pirinioetan 20.000 lagun aritu zirela halako esklabo lanak egiten, oso baldintza txarretan, etxola miserableetan lotan, gosez akabatzen eta zigorren beldur.
Felix Padín lider anarkosindikalista ezagunak bere memorietan ezin hobekiago deskribatu zuen egoera: “Denboraldi batez oinutsik joan behar izan nintzen lanera, oinak zatarretan bilduta. Beste behin egur bila bidali gintuzten, elurra gerriraino genuela eta zazpi egunez inkomunikatuta egon ginen. Bi kidek ihes egin zuten, txabola batean ezkutatu ziren, baina artzain kabroi batek guardiei bidea erakutsi eta han bertan hil zituzten. Gero gorpuak herrira ekarri zituzten eta haien aurrean formazioan jarri gintuzten, nola lurperatzen zituzten ikusteko”.
Defentsa sistema ez zen bunkerretara mugatzen, haietara iristeko pistak eta ibarren arteko bideak ere egin behar izan zituzten, lur mugimendu handiekin. Urte horietan ireki ziren, besteak beste, Lesaka-Oiartzun, Irurita-Eugi, Bidankoze-Igari edo Lezo-Jaizkibel errepideak –azkeneko honetan lanean aritutako trabajadoreen berri eman genizuen ARGIAren 2.626 zenbakian–. Hain zuzen, Bidankozeko errepidea egiten eduki zuten Padín, eta Igariko gaineko barrakoietan sartu zuten lotara, andaluziar preso batzuekin batera: “Barrakoiak nazkagarri zeuden, ikusten zen pilatuta zeuzkatela, gu baino askoz gose gehiago pasatzen zuten, espiriturik gabe, bizirik baino kasik hilda zeuden”. Gaur egun barrakoietako bat ikus daiteke berreginda toki hartan eta urtero omenaldia antolatzen du Memoriaren Bideak elkarteak.
Bigarren fasean, berriz, soldadutza egiten ari ziren gazteak erabili zituzten, 1940, 1941 eta 1942. urteetako errekrutak. Normalean bi urteko soldadutza zen, baina gerraoste gogor hartan hiru urtez eduki zituzten, ez “formazioa” jasotzen, doan lan egiten baizik. Hala, baldintzak ez ziren presoen batailoietakoak baino askoz hobeak. Gaia sakonean ikertu duten Gabinete Trama enpresako Carlos Zuza eta Nicolas Zuazua arkeologoen arabera, soldaduen fitxetan ikus daiteke nolako kontrol politikoa zegoen haiengan: “Lapur bezala klasifikaturik dago. Aitak ideia marxistak ditu”, irakur daiteke fitxetako batean.
Zuazuak eta Zuzak ikerlana publikatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko Huarte de San Juan historia eta geografia aldizkarian, Eduardo Arteta irakaslearekin batera. Baztango zein Aurizko kasuak ikertu dituzte eta horretarako Ávilako artxibo militarrean arakatzen aritu dira; ziurtatu dutenez, material ugari dago oraindik begiratu ere egin gabe.
“Aitzakiarik ez”
Egitura horien arkeologia eta funtzio punitiboa gero eta hobeto ezagutzen ari gara, baina oraindik ez dago batere garbi bunkerrak eraikitzeak sozialki eta ekonomikoki Pirinioetako bailaretan zer ondorio izan zuen. Hogei urte luzez soldaduen kopuru itzela mantendu behar izatearen zama jasan zuten bailara haietako herriek.
Eraikin publikoen etengabeko okupazioa izan zen militarizazio horrek ekarritako beste ondorioetako bat
Udal agiritegiak iturri on bat izan daitezke tokiko errealitate hori ezagutzeko. Auritzen, esaterako, herritarren kexa ugari aurkitu dituzte ikerlariek artxiboan, errazionamendu kartilletan izandako murrizketak zirela eta. Gobernadore Zibilak 1941ean emandako agindu baten arabera, auriztarrei 150 gramotik 120 gramora jaitsi zieten ogi kopurua, lehendik ere eskasa zena: “Se servirá, por tanto, disponer lo necesario para que (...) sin excusa alguna se suministre el pan (...) en lozas individuales del peso dicho, y el precio de 0,20 pesetas”, dio aginduak. Ikusten denez, ogi tosken salmenta zorrotz neurtzen zuten.
Jakina, egoera horretan estraperlora eta kontrabandora jotzea beste biderik ez zuen izan askok. Baina hori eragozteko, mugitzeko aukera are gehiago murriztu zieten agintariek herritarrei eta lerro “imajinario” baten barrena ibiltzeko –Leitzatik Ledearaino zioana– baimen berezia behar izaten zuten, Auritzeko Loizu Hotelean ostatu hartzen zuen komandante militarraren eskutik sinatua. “Faustino Irigaray idazkariaren etxetik telefono publikoa ere kendu zuten”, diote ikerlariek NUPeko artikuluan, zegoen giro itogarriaren erakusgarri. Irigaray frankistek errepresaliatua izan zen ondasunak konfiskatzeko dekretu baten bidez.
1943an Pirinioetatik Ebroraino zioan lurralde guztia –Nafarroa eta Gipuzkoa osoak barne– “gune militar” izendatu zuen erregimenak eta horrek kontrol sozial handiagoa ekarri zuen, baina bistan denez, mugaldean kontrola muturreraino iritsi zen. Ganaduaren, automobilen eta gurdien zentsuak osatzera iritsi ziren hainbat herritan, eta alkateei uso mezulariak harrapatzeko ere eskatu zieten.
Sarean paratutako mapa batean Pirinioetan dauden Frankismoko bunker guztien kokapena jarri dute kontsultagai, katalanez, euskaraz, frantsez eta gaztelaniaz egindako proiektu batean: www.lineap.spiki.org webgunean. Zientoka bunker dira, euren egoeraren edo informazioaren arabera ikur desberdinekin markatuta.
Berdez, ziur non dauden badakigun bunkerren kokapena, eta horiz zalantzazkoak direnena. Euskal Herrian, batez ere Jaizkibel eta Aiako Harrien artean, Baztanen eta Kintoa eta Orreaga artean (irudi txikian) daude halako gotorlekuak.
Herri lurren arpilatzea
Errepideak egiteko eta hormigoizko zein burdinazko egitura erraldoiak eraikitzeko, material kopuru izugarriak behar ziren. Kintoako eta Orreagako defentsen proiektuak, esaterako, artilleriako dozenaka bateria eta ehunka hobi eta kokaleku aurreikusten zituen, 126 kilometro lubaki eta 144 kilometro hesiz inguratuak. Horretarako, 143.000 ohol, 140.000 hesola eta 8.384 tona hormigoi behar zirela kalkulatu zuten.
Hala, dirua desbideratzeko ustelkeria nabarmena izateaz gain, ez da harritzekoa herri lurretan zeuden basoen ustiaketa izatea gatazka iturri nagusietako bat, militarrek masiboki erabili baitzuten hango egurra, tokiko ekonomiarentzat funtsezkoa zena. Bidankonzeko errepidea egin baino lehen pagadiz estalita zegoen inguru guztia, baina hamar hilabete eskasetan erabat soilduta geratu zen.
Eraikuntza publikoen etengabeko okupazioa izan zen militarizazio horrek ekarritako beste ondorioetako bat. Erronkariko kasuan, haurrek eskola utzi behar izan zuten, presoen batailoi oso bat sartu zutelako barruan. Armadako ofizialak aldiz, norbanakoen etxeetan hartzen zituzten apopilo eta, militarrek beren mando eta behorrentzat ukuiluak bereganatzen zituzten axola askorik gabe, herritarren ganadua kanpoan utzita. “Ez zenuen ezertan agintzen, ezta zureak ziren gauzetan ere”, gogoratzen du Igariko María Jauregik, Nafarroako Gobernuko Memoriaren Institutuak antolatutako Hormigoizko mugak erakusketarako.
1943an Pirinioetatik Ebrorainoko lurraldea "gune militar" izendatu zuen erregimenak eta horrek kontrol soziala areagotu zuen
Hormigoizko memoria azaleratzen
Erakusketa hori Euskal Herriko hamaika herri eta tokitan paratu dute, baita Bruselan eta Portboun (Katalunia) ere, eta gaian adituak diren hainbat ikerlarik hartu dute parte, besteak beste Fernando Mendiolak edo Juan Carlos García Funesek. Ez da hori bunkerren inguruan azkenaldian izandako ekimen bakarra. Oiartzunen, Kattin Txiki elkarteak trabajadoreek gerraostean erabilitako barrakoi bat berreraiki du Arkale gotorlekuan; Otsagabian Muskildako baseliza inguruan dagoen bunkerra atondu du udalak; eta beste hainbat herritan hitzaldiak, ibilaldiak eta auzolandegiak egin dira.
1936ko Gerraren ondoren frankismoak eragindako errepresioa eta milaka presok eta soldaduk jasandako esklabotza ezagutarazteko, Nafarroako Gobernuaren Oroimen eta Bizikidetza Departamentuak hamaika ibilbide zehatz atondu ditu Pirinioetan barrena, Hormigoizko Mugak proiektuaren barruan.
Gotorlekuak eta bideak garbitu, seinalizatu eta balizatu dituzte eta informazio panelak jarri dituzte jendeak gertatutakoaren berri jakin dezan. Lesaka-Oiartzun, Irurita-Artesiaga, Igari eta Bidankozeko errepideak, eta Bera, Legasa, Bertizarana, Muskilda, Erratzu eta Otsondoko bunkerrak aurkitu daitezke haietan.
Ibilbideak erabat irisgarri izango dira eta materialak tokiko enpresek egin dituzte. "Modu horretan erregimen frankistako manifestazio errepresibo batera hurbiltzeko aukera izango da", azaldu dute.
Pasa den udan, Izabatik Belagua eta Belabartzera bidean dauden bunkerrak txukuntzen aritu dira 25 gazte, Nafarroako Gobernuaren Hormigoizko mugak programaren baitan: “Gaur egun gorantz doazen faxismoak eta posfaxismoak terrorezko politika hura legitimatu nahian baitabiltza, eta gazteak protagonista bihurtu dira frankismoaren indarkeria bidegabearen memoria aurrera ateratzeko”, azaldu zuen Ana Ollo Nafarroako Oroimen eta Bizikidetza kontseilariak auzolandegira egindako bisitan.
Auritzen ere lanean ari dira oroimena berreskuratzeko kontuetan eta Aritz Gorostiagak zuzendutako Francoren bunkerrak dokumentala egin zuten 2019an, herri hartako kasua kontatzeko. Bunker gehien eraiki zituzten guneetako bat izan zen Auritz eta Orreaga ingurua: “Orreagako pasabidea, Bidasoarekin batera lehenengo gotortu zutena izan zen; inguratze maniobra bat saihesteko egin zuten hori”, dio Carlos Zuzak. García Funesek ere hitz egiten du dokumentalean: “Ulertu behar dugu zer suposatzen zuen herritarrek hornidura falta eta zailtasunak bizi zituzten momentu batean, gerraoste betean, halako gotorleku bat lehenesteak, denborarekin inolako erabilerarik izan ez zuena”.
Eta gaur egun? Ba al du zerikusirik historia honek gaur egun Pirinioetako eskualde askotan bizi duten egoerarekin? Sarritan salatu izan den bezala, despopulazioak, isolamenduak eta zerbitzu falta itzelak erasandako lurralde horietan, pentsa liteke hainbat hamarkadatan bizi izandako kontrol militarrak eta arpilatzeak, hormigoizko orbaina ez ezik, arrasto sozial sakona utzi zuela.
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]
New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]
Gaurko egunez, duela 50 urte, Euskal Herriko langile mugimenduak bere historiako kapitulu garrantzitsua idatzi zuen. Hegoaldean 200.000 langilek greba orokorra egin zuten erregimen frankistaren aurka. Mobilizazio hark argi utzi zuen Euskal Herriko mugimendu antifrankista... [+]
Egungo Siriako Tell Umm-el Marra aztarnategian idazkunak dituzten hainbat zilindro aurkitu dituzte Johns Hopkins Unibertsitateko ikerlariek. Adituen ustez buztinezko pieza hauetan idatzitako zeinuak alfabetikoak izan litezke.
K.a. 2400 urtean datatu dituzte zilindroak eta... [+]
Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]
Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Esaten da Simone de Beauvoir-ek idatzi zuela zapaltzailea ez litzatekeela hain indartsua izango zapalduaren lerroetan konplizerik ez balu. Niri oso normala iruditzen zait... zer nahi duzue, ba? Zapalduta zaudenean, ulergarria ere bada zure kondizio hori hobetu nahi izatea, eta... [+]