Nasayuwe ekintzaileak Kolonbiako Caucan

  • Hizkuntzaren aldeko aktibistatzat aurkeztu dituzte bere buruak Casamachin Yulek eta Velasco Nuskwek, nasa herriko indigenak biak ere. Nasayuwea biziberritzeko taldean ari dira lanean, Kolonbian, Cauca eskualdeko Toribío udalerrian. 37.166 biztanle dira eta, horietan, %96 nasa dira; gainerako %4, beste zenbait herri indigenatako kideek eta mestizoek osatzen dute. Garabide Elkartearen Aditu egitasmoan parte hartu zuten urrian, hainbat hizkuntza gutxiagotutako hamaika ordezkarirekin batera.

María del Pilar Casamachin Yule eta Luis Evelio Velasco Nuskwe. Argazkia: Zaldi Ero.
María del Pilar Casamachin Yule eta Luis Evelio Velasco Nuskwe. Argazkia: Zaldi Ero.

María del Pilar Casamachin Yule (Toribío, Kolonbia, 1994) etxetik da nasayuwe hiztuna. Eskolan ikasi zuen gaztelaniaz, etxeko hizkuntza baztertzera behartuta: “Etxean ez genuen nasayuwez besterik hitz egiten, eta eskolara hasi, eta burla besterik ez genuen jasotzen, batak besteari gure hizkuntzan hitz egiteko ere lotsatan ginen, eta beldurrez ere bai”. Zigorrik ez zuen jaso, baina senide zaharren lekukotza du: “Irakasleak erregela hartu, eta nasayuwez hitz egiteagatik jotzen zituztela esan zidaten”. Kostarik kosta, espainolez hitz egiten ikasi behar izan zuen Casamachinek. “Baina ez pentsa, espainol endredatua hitz egiten baino ez nuen ikasi. Oraindik ere zailtasunak ditut espainolez zuzen hitz egiteko”, aitortu digu.

Gisa bereko eskarmentua du Luis Evelio Velasco Nuskwek (Tacueyo, Kolonbia, 1986), bazterkeria hein handiagoan sufritu bazuen ere: “Hura diskriminazioa eta kultur genozidioa izan zen. Eskolara hasi nintzenean, espainola ulertu baizik ez nuen egiten. Irakasleek ez ziguten nasayuwez hitz egiten uzten”. Fisikoki eta emozionalki bizi izan ei zuen bazterkeria.

“Inoiz, gelatik ere atera ninduten. ‘Espainolez hitz egiten ez baduzu, ez zara sartuko!’, irakasleak neuri esana, adibidez. Eta behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan nire ikaskideren bat txokoan zigortuta ikustea, geldirik, edo artale edo harritxintxorraren gainean belauniko jarrita… Zigor horiek bertatik bertara ezagutu nituen, ez bakarrik aditu. Eta etxeraino heldu ziren zigor horien ondorioak, gurasoek esaten baitzuten: ‘Etxean nasayuwez hitz egiteari utzi behar diogu, gure umeek eskolan gorriak ikusten dituzte nasayuwez hitz egiteagatik’. Horretara heldu ziren gurasoak, eta, toki askotan, horrelaxe eten zen hizkuntzaren transmisioa”. Urteak igaro eta, hasi zen egoera aldatzen, nasa komunitate beraren presioaren ondorioz, Velascoren aurreko belaunaldiaren borrokaren eraginez. “Hala ere, izan zen garai bat, nasayuweari buruz ezer jakin nahi ez nuena, burla eta mespretxua besterik ez baitzekarren gure hizkuntzak”. Gaur, hizkuntzaren aldeko borrokan lanean ari dira biak.

María Pilar Casamachin Yule: “Zuek bitarteko
asko dituzue. Nahiago nuke guk egunen batean han halakorik izango bagenu”

Aktibista
Nasa komunitateko agintariek hizkuntzaren aktibista izateko eskatu zioten Velascori duela hamar urtetsu, eta formazio ikastaroa egin zuen, hizkuntzaren biziberritzeaz, besteak beste: “Orduantxe ohartu nintzen hizkuntzaren garrantziaz. Eskola garaiko sufrimenduak ere ernarazi ninduela uste dut. Erabaki nuen borrokatu beharra nuela: nasayuwez hitz egiten dakitenek gure hizkuntzan hitz egin dezaten, hizkuntzari eutsi diezaioten; ez dakitenek, berriz, ikasteko aukera izan dezaten”. Horretan ari da eta, oraintxe, eskolarako murgiltze ereduak lantzen ari dela esan digu, edukiak-eta sortzen.

Eskualdean %96 nasa badira ere, hiztunak ez dira %20 baino gehiago, 2013ko inkestaren arabera. Erabilera, berriz, handiagoa da mendi aldeko herrietan, hiri ingurukoetan baino. “Gu  Toribíon hiriko giroan gara kasik, eta horrek gure artean nasayuwearen galera handiagoa ekarri du”, Velascoren esanetan.

Casamachinek, bestalde, era guztietako egoerak ezagutu ditu: “Nire ustez, hiztunaren kontzientziaren araberakoa da erabilera. Ni hasi berria naiz aktibismoan, nasayuwez hitz egiten nuen, baina hizkuntz kontzientziarik ez nuen. Besterik da orain. Gainerakoan, denetatik ikusi dut: dakienak hitz egiten duela, umeei erakusten ere ari direla, eta, gurasoek irakatsi ez dieten kasuan, hitz egiten ikasi nahi dutela ere sumatu dut. ‘Zergatik ez zeniguten irakatsi?’, esaten diete zenbaitek orain beren aita-amei. Familia askotan gertatu da gurasoek bata besteari nasayuwez hitz egitea, baina espainol hala-moduzkoan seme-alabei edota bisitariei. Arrazoia zen, jakina, haurrek eskolan jasotzen zuten tratu txarra. Oraingo egunean, gazte diren askok ez dute nasayuwea ulertzen, diosala besterik ez dakite nasayuwez egiten”.

Luis Evelio Velasco Nuskwe: “Ez nuen nasayuweari buruz ezer jakin nahi, burla eta mespretxua besterik ez baitzekarren”

Nasayuwearen egoeraz
Velascori hizkuntzaren egoeraz galdetu, eta esan digunez, 244.000 nasayuwe hiztun dirateke Kolonbian, herrialdean barreiaturik: “Nasa komunitate bakoitzak bere nasayuwe barietatea du, eta ezberdintasunak handi samarrak dira. Zorionez, 1998an-edo alfabetoaren batasuna adostu zuten”. Gaur egun, nasayuwe barietate guztiek alfabeto bera erabiltzen dutenez, hizkuntza eskolan irakatsi ezinik ez dago. Eta, hain zuzen, horri esker ikasi du irakurtzen eta idazten Casamachinek.

1978az gero, eskolan legezko sarbidea du nasayuweak, herrialdeko konstituzioak hizkuntzaren aitortza egin, eta balizko elebitasunaren bidean urratsak egiten hasi zirenetik. Velasco fidagaitz da: “Esan bai, elebitasuna, baina astean ordu bat, edo bi, gure hizkuntza irakasteak ez du batere emaitzarik ez. 2011n, horratik, nasayuwea berreskuratzeko estrategiak ezarri behar zirela agindu zuten gure komunitatearen arduradunek, eta horretaz gogoetatzen hasi ginen, nasayuwea lehen hizkuntzatzat irakasteko”. Orain, besterik ere egin dute: “Aurten, murgiltze metodologia landu eta gero, proiektu pilotuak abiarazi dira Toribíoko zenbait eskolatan, gure hizkuntza %80ko proportzioan irakasteko. Pilotu horietan, nasayuwe da hizkuntza nagusia, eta espainola, berriz, osagarria, %20an”.

Horrekin batera, Komunitate Hezkuntza Proiektua landu dute, zeina baita nasa kultura berreskuratzeko programa, “hain zuzen, horrexen barruan sartzen dugu hizkuntza berreskuratzea”. Eta orain artean espainolari nagusitasuna ematen dion hezkuntza proiektua irauli, eta nasayuweri eman lehentasuna. Eta, Velascok esan digunez, egin ezinik ez dute, Kolonbiako Hezkuntza Ministerioaren barruan jardunda ere, nasek berek administratzen baitute hezkuntza beren lurraldeetan, herrialdeko konstituzioaren bermearekin. “Haatik, badakigu konstituzioaren babesa izanagatik ere, nazioko agintariak ez zaizkigula inoiz etorriko ezer eskaintzera: geuk azaldu behar diegu agintariei zer nahi dugun”.

Nasayuwe komunitatea hizkuntza berreskuratu nahian dabil. Hemezortzi hizkuntza-sustatzaile ari dira lanean. Argazkia: Nasayuwe komunitateak utzia.


Eta Toribíon hiru barruti direla kontuan hartuz, eta 62 ikastetxe ere bai, hiru proiektu pilotu, eta ez gehiago, abiarazteko arrazoi franko ere bada. “Nasayuwea ikasgai gisa irakasteko ezintasunik ez dugu, baina irakaskuntza osorik nasayuwez bideratzeko aski edukirik ez, ibilbide metodologikorik ere ez oraingoz. Hala ere, hemengo esperientziak ikusita, eta Garabideren laguntzaz, proposamen batzuk egin, eta  metodologia oso bat antolatzen hasteko moduan gara”. Proiektu pilotuen ondotik, lurralde osora zabaldu nahi lukete irakaskuntza, nasayuwez.

Geroak esan beza
Helduen irakaskuntzari ere heldu nahiko liokete, baina hori pausoz pauso egin beharra dago, Velascoren irudiko: “Gure hizkuntzaren hemezortzi sustatzaile gara, ez gehiago.  2016tik 2020ra, hizkuntza biziberritzeko plana antolatu genuen, eta helduen irakaskuntza eta alfabetatzea ezarri genituen lehentasun”. hemezortzi sustatzaile horietan, helduen irakaskuntza gauzatzeko metodologia lantzen ari dira batzuk, hedabideak abiarazten beste batzuk… Bitartean, irrati alternatiboa eta webgunea ditugu, hizkuntza bistaratzeko helburuaz beti”. Astean zortzi orduko programazioa dute, baina ez erabat nasayuwez, esatari guztiek ere ez baitakite nasayuwez; horiek aldatzekotan direla adierazi digu Velascok.

Bi solaskideok esan digutenaren arabera, kontzientzia esnatze bat gertatzen ari da nasa komunitatearen baitan:  “Hizkuntza ikasteko eskaera handitzen ari da. ‘Nik ere ikasi nahi dut’, esaten digute, eta gu, berriz, laguntzen saiatzen gara. Baina 18 aktibista besterik ez gara, honetan eta hartan ari gara lanean”. Oraintxe, hasita daude nasayuwez ari diren kantariekin harremanetan jartzen, haien kantuak-eta zabaltzen, eta hizkuntz paisaian eragiten, eta osasun arloan, lan-munduan, kale izenetan, aldarrietan...

Argazkia: Nasayuwe komunitateak utzia.


Egonaldia Garabiden
Kolonbiako nasa komunitatearen eta Garabideren arteko elkarlana ez da berria, Velascok dioenez: “Urteak dira aholkularitzan laguntzen ari zaizkigula. Orain, biziberritzeko plana egiteko prozesuan ere ari gara. Urte hauetan, aktibistok biziberritzeari buruzko ezagupenak handitu ditugu, gure testuingurura egokitu ditugu. Nik neuk, adibidez, Euskal Herrira etorri, eta nola lan egin duzuen ikusita, neure ideiak sendotu ditut. Hemengo egonaldiak elikatu egin nau, gogoeta eragin dit: ‘Halako hedabide halako moduan abiarazi zuten hemen. Nola egin ote genezake guk?’, gisako galderak eraginez, esate baterako. Alde horretatik, egonaldi honek markatu egin nau, nasa komunitateko aktibista taldeari are gehiago laguntzeko adorea eman dit”.

Casamachin, berriz, harrituta dago. “Oso diferenteak dira gure egoerak. Zuek bitarteko asko dituzue. Nahiago nuke guk egunen batean halakorik izango bagenu! Oraintxe hartuko nuke. Aktibista hasi berria naiz, baina prest nago han nire ekarpena egiteko”.

Deigarrienik zer ikusi duten galdetuz gero, Casamachinek ez du dudarik. “Ikastolak. Harrigarria iruditzen zait nola planifikatu duzuen irakaskuntza”, esan du, ikastoletan lan egiteko moduaz ari dela.

Velascok, berriz, euskararen alde sumatu duen elkarlana azpimarratu digu: “Gobernuak diru-laguntzak ematen ditu, eta behar da, baina ohartu naiz ez dugula erabat gobernuen laguntzaren zain egon behar, diruz ere autonomo jokatu behar dugula”. Eta, horrekin batera, testuingurua aipatu digu, Kolonbiako armada eta gerrilla girotik datozela kontuan hartuta: “Gurea gerra eta errepresio ingurua da, hala ezkerretik nola eskuinetik kolpatzen gaituzte, gure lurretan borrokatzen dira. Guk, berriz, ez dugu inoren borrokarekin bat egiten, neutralak gara. Hargatik jotzen gaituzte alde batekoek zein bestekoek, asesinatoak eguneroko ogia dira. Eta hona etorri, eta bakea! Giro honek aurrera egiten laguntzen du!”, azpimarratu nahi izan digu.

Aktibista, aspalditxo, Velasco Nuskwe. Hasi berria, aldiz, Casamachin Yule, aktibista izateko deialdia egin, eta izena emandakoa, formazio programa betetakoa. Nuskwe –“zaparradatxoa”, euskaraz–, eta Yule –“errekasto”–, nasa herriaren hizkuntza nasayuwea biziberritzeko lanean biak. “Eskariak ere jasotzen ditugu, ez gutxi, geure nasa izenak berreskuratzeko. Horixe eskatzen digu familia askok, beren umeentzako izen-aukerak jakinarazteko”. Casamachinen azkeneko oharkizuna, atzera Kolonbiara hegaldatu aurretik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nasa Yuwe
2022-03-28 | Garabide
Samina eta harrotasuna elkarri begira

Urduri esnatu gara martxoaren 14ko goizean. Garabidetarrak Kolonbiako nasa lurraldeko Toribio herrian gara, nasekin batera. Ekuadorreko kichwa herriko 30 kidez osatutako komitiba bat Toribio bidean dago esnatu garenerako. Autobusean 18 orduko ibilbidea dute kichwek Toribioraino... [+]


2022-03-17 | ARGIA
Kolonbiako Miller Correa buruzagi indigenaren hilketa salatu du Garabidek

Miller Correa ACIN-ÇWK elkarte indigenako kontseilaria zen. Asteartean identifikatu dute indigena nasek haren gorpua. Pertsona bat atxilotu dute hilketaren harira.


2021-07-06 | ARGIA
STREAMING | Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoez nazioarteko jardunaldiak

Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoak aztertuko dituzte astearte, asteazken eta ostegunean Bolivian egingo dituzten topaketetan. Garabide elkartea eta Boliviako bost entitate dira antolatzaileak eta hamalau hizlari izango dira. Sarean zuzenean jarraitu ahal izango... [+]


Nasa yuwe, Kolonbiako Nasa herriaren hizkuntza
Hizkuntza ikasteko lehen liburua eskura dute herritarrek

Arkaitz Zarraga UEUko Glotodidaktika sailburuak eta Ane Ortega Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako irakasleak ondo ezagutzen dute Kolonbiako Nasa herriaren hizkuntzaren berreskuratze prozesua, beraiek ere parte hartzen ari baitira bide horretan. Hizkuntza zertan den eta... [+]


2020-12-04 | ARGIA
Hamaika kontakizun hamaika hizkuntzatan, herri indigenak hurbilago izan ditzagun

“Hizkuntza indigenak. Ama Lurra zaintzen” du izenburu liburuak. Ipuinek, poemek, marrazkiek eta kontakizunek osatzen dute lana. Bi helburu ditu, batetik, kooperazio linguistikoak dituen balioak azaltzea, eta bestetik, herri indigenak gurera hurbiltzea.


Johana Acosta, Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkarteko (ACIN) kidea
“Ama Lurraren askapena da gure borroka nagusia, konkistan kendu zizkiguten lurrak berreskuratzen ari gara”

Johana Acosta Kolonbiatik dator eta nasa indigena da. Cauca Iparraldeko emakume indigenen eskubideen alde borrokatzen du, “baina, batez ere, Moises Acosta Zapata eta Ana Tulia Zapataren alaba naiz”, argitzen du Acostak. Egunotan, Mundubat Fundazioak luzatutako... [+]


2019-11-22 | Jon Artano Izeta
Diego Yatacue, nasa herriaren ordezkaria
“Ez dugu lehengo FARCik, baina egoera lehen baino kritikoagoa da”

Igandean beteko dira hiru urte Kolonbiako estatuak eta FARC gerrillak bake akordioa sinatu zutenetik. Mende erdi pasako gerra amaitzeko esperantzak goia jo zuen. Geroztik arrastaka egin du aurrera bake prozesuak, eta eskuin erradikala gobernura iritsi zenetik okerrera egin du... [+]


Eguneraketa berriak daude