Bidaia bat dantzaleku galduetan zehar

  • 1990eko hamarkadaren erdialdean, Euskal Rock Erradikalaren itzal luzearen eragina oraindik nabaria zenean, Valentziako kostaldean aspaldi musika elektronikoaren eta gaueko bizitzaren historian aro bat markatu zuen fenomeno kulturala –Ruta del Bakalao edo Ruta Destroy bezala ezaguna izan zena– Euskal Herrira heldu zen. Techno, house eta trance musikarekin lotutako azpikultura horrek diskoteka zaharretan, industria-nabeetan eta espazio alternatiboetan aurkitu zuen bere etxea. Gaur egun horren guztiaren hondarrak baino ez dira geratzen. Hondarrak eta, nostalgiaren indarraz, airean eraikitako gazteluak.

Txitxarro, Debako Itsaspe auzoan. / Argazkia: Eider Iturriaga
Txitxarro, Debako Itsaspe auzoan. / Argazkia: Eider Iturriaga

Erreportaje honetan, dantzarako kultura hark gurean izan zuen eragina eta haren inguruan sortu ziren gatazkak aztergai ditugu, Mugak bienalak antolatu duen disco-TEKAK. Bumping-aren tenpluak Gipuzkoako kostaldean jardunaldiak aitzaki hartuta.

N-634: errepide bat baino gehiago

Gipuzkoako kostako errepidetik garamatza autobusak; Ondarroa eta Mutriku artean dagoen Venecia dantzalekutik Itziarren dagoen Txitxarroraino. Bidean geldialdia egingo dugu Jazzberrin, Arroabean. Errepide hau 1990. hamarkadaren erdialdean Euskal Herriko Ruta del Bakalao-ren arteria nagusia izan zen. Aipatutakoei Hernaniko Young Play, Lakuntzako Universal, Lemoako NON, Gorlizeko Nyx, Bilboko Columbus eta beste hainbat gehitu behar zaizkie. Zerrenda luzea, fenomeno kultural horrek gurean izan zuen arrakastaren seinale. Gaurkoan, baina, ez dago dantzaldirik, ez argi estroboskopikorik, ez parking batek eskaintzen duen eguzkiaren eta ilargiaren arteko trantsizioaren ikuspegirik. Mugak bienalak antolatutako ibilaldian gaude, Bakalao musika bezala izendatu zenaren Euskal Herriko tenpluetan zehar.

Jazzberri, Zestoako Arroabea auzoan. / Eider Iturriaga

Arkitektura bienala denez, antolatutako ibilbide eta hitzaldien ikuspegia diziplina horrekin lotu dute. Honela, aisi- eta dantzaleku-arkitekturaren berezitasunak aztergai izan dira. David Bestué artistak azaldu du garai bateko optimismoa islatzen duela. Dantzalekuak krisi ekonomikoaren aurreko garaiko positibismoarekin lotuta daudela eta etorkizunari egindako gorespen bat direla aipatu du kataluniarrak. Aretoen diseinuak kontuan hartzen zituen aisiaren behar konkretuak, musika eta dantzarenak, baita harreman sozialenak ere. Pol Esteve arkitekto eta artistak dantzan egiten duten gorputzen inguruko arkitektura inguratzailea bezala definitu du.

Geografiaren garrantzia nabarmendu du, bestalde, María Langaritak. Bere ikerketan Valentziako Ruta del Bakalao aztertu badu ere, esandakoa Euskal Herriko kasura aplikatu daiteke: aisi transgresore batek distantzia espaziala beharrezkoa duela. Interesgarriena, arriskutsuena, beti bazterreko guneetan gertatu da. Euskal Herrian, Valentzian bezala, dantzalekuak kostako errepidean ezarri ziren, gehienbat. Hasiera batean hondartzetan pilatzen ziren turistak erakartzeko amua zena, ezkutuan dantzatu, gozatu eta ebaditu nahi zutenen babesleku izan ziren. N-634 errepideak bere garai loriatsuak atzean utziak zituen A8 autobide modernoaren mesedetan. Hura zen, Bilbo-Behobia delakoa, Euskal Herria etorkizunarekin lotu behar zuen bidea. Horrela, N-634 errepidean zehar hedatuta, dantzalekuek bestelako aisia eskaini zuten. Gatazkan zegoen gune bat okupatuta, lurraldea produktibitatearen nagusitasunaren aurrean errebelatzea lortu zuten.

Txitxarro. / Eider Iturriaga

Diskotekak kontrol sozialerako espazioak ere badirela aipatu zuen Fernando Castrok bere solasaldi mamitsuan. Lo egiten ez dutenek beren lan-indarra lapurtzen dutela esaten da eta horregatik jende hau kontrolatu eta diziplinatu beharra dago. Hori dela-eta, katalogazio negatiboak –“zoologizazioa”, Castroren hitzetan– ezartzeko ere erabili ziren espazio hauek. Horrela, dantzalekuak degeneratuentzako kutxa opakoak bihurtu ziren; jendilajea arrastoan sartuta edukitzeko ontziak.

Untxiaren gordelekuan sartu

Arroabean, Zestoa eta Zumaia artean, urteak itxita daramatzan ate bat ireki da. Barruan argirik ez, sartu garenon mugikorretatik ateratzen dena ez bada. Sator zulo batean murgildu izanaren sentsazioa dugu. Hondakinak, aspaldi biziak izan ziren kolore itzaliak hormetan eta zaborra kiloka; hori da aurkitu duguna. Hemen, aspaldi, Jazzberri izeneko dantzaleku bat egon zen, non astebururo milaka gazte biltzen zen lan-astearen, edo langabezi-astearen, zakartasuna gainetik kentzeko. Dantzatzen, lurzorua gogor kolpatzen, lan-munduaren alienazioari ostikoka ariko balira bezala.

Jazzberri / Eider Iturriaga

Lewis Carrollen Alizia Herrialde Miresgarrian liburuan, Aliziak Untxi Zuria jarraitu eta gordelekuan erortzen da. Kontakizunak protagonistaren ezezagunerako trantsizioa irudikatzen du, halako bidaia iniziatiko edo eraldatzailea. Ekintza horrek eguneroko errealitatea alde batera uztea eta irudimenezko erresuma batean sartzea sinbolizatzen du. Alana Portero idazleak, Rave en el País de las Maravillas testuan, Aliziaren bidaia eta rave kultura parez-pare jartzen ditu. Idazle madrildarraren aburuz, dantzalekuetara sartzen zirenak atari bat igarotzen zuten. Han egotik askatu, liluratuta dantzatu eta egunsentian berpizten ziren, pertsona guztiz desberdin bihurtuta.

Gaua ere kontzeptu politiko bat izan daiteke. Gaua ez da soilik pultsio hedonistak askatzeko eremu askea. Horrela, XIX. mendeko lehen diskoteketako publikoa langile mugimenduko kideez osatuta zegoen: anarkistak, komunistak, sindikalistak eta abar. Dantzalekua ez da soilik dantzarako eremua. Subertsio eta kontrakulturarako, sormen eta askapenerako guneak ere badira. Dantzalekua perbertsiorako babesleku ere bada, diskotekek, dantzaren eta gauaren babespean, disziplina kapitalistaren aurka gorputzak berrerotizatzen laguntzen baitute.

Dantzalekua perbertsiorako babesleku ere bada; diskotekek, dantzaren eta gauaren babespean, diziplina kapitalistaren aurka gorputzak berrerotizatzen laguntzen baitute

Mugak bienalak antolatutako hitzaldietako batean, Fernando Castro filosofoak maisuki azaldu du dantzalekuen funtzio askatzailea. Berarentzat, dantzalekuak iheserako tresna dira, langileen asaldura eta eszitazioari bide emateko espazioak. Musikaren burrunbaz inguratuta, iluntasuna argi-kolpeka apurtzen denean, langilea dantzari bihurtu eta estasi egoeran murgiltzen da. Diskotekak gizarte depresiboaren gaitzen aurkako sendagaia direla azpimarratu du Castrok, iluntasuna zeharkatzen duten eta kontroletik ihes egitea ahalbidetzen duten itsasargiak.

Bitartekoen komunismoa

Musika horri despolitizatua izatearen etiketa jarri izan zaio. Euskal Herrian, ohikoak ziren musika egiteko moduen aurrean, techno musikatik eratorritako kulturari hedonismoa bultzatu eta gazteria despolitizatzea leporatu zioten. Hitzik gabe –musika mota honetan ia ez baitago abestutako hitzik– zaila zen kutsu politiko bat ematea. Baina situazionistek zioten bezala, gakoa ez zen arte situazionista egitea, baizik eta situazionismoa artea egiteko moduan txertatzea. Horrela ulertu zuen Nicolas Bourriaud artearen historialariak DJ kultura bitartekoen komunismo-kultura bat zela aipatzean.

Jazzberri / Eider Iturriaga

Marxismoaren arabera, Bourriaud-en esanetan, truke-harreman bat dago zibilizazioak sortutako ekoizpen-tresnekin, eta technoak produktu hauek hartu eta musika egiteko erabili zituen. Ideia honekin lotuta, Aryel Kirou kazetariak Techno rebelle (Denoël, 2002) lanean benetako iraultzaileak, denen mespretxuaren aurrean, makinak musikatu eta gainditzeko erabiltzen dituztenak direla defendatu zuen. Technoa musika horizontala zen, musikari-entzule binomioarekin apurtzeaz gain, musika egiteko modua guztiz askatu zuena. Erritmo-kaxek soinuak biltegiratu eta transmititzeko aukera ematen zuten. Copy/paste tresnak ziren. Technoa punkaz haratago joan zen. Jada ez zen beharrezkoa ezta musika tresna bat izatea ere. Musika sortzeko soilik beste batek aurretik egindako musika behar zen. Beste abesti batzuen zatiak “sampleatzea” nahikoa zen berriak sortzeko.  Horrela, Bourriauden ustetan, continuum amaigabea ezartzen zen. Ken Ishii musikari japoniarraren arabera, “techno musikaren historia internetenaren antzekoa da. Orain edozeinek konposatu ditzake musika amaigabeak. Musika horiek gero eta gehiago zatitzen dira genero desberdinetan, bakoitzaren nortasunaren arabera. Mundu osoa musika ezberdin eta pertsonalez beteta egongo da, eta horiek inspirazio handiagoa emango dute”.

Baina dantzalekuen kulturari, technoa eta abarrekoei, beste edozein adierazpen kulturali gertatutakoa gertatu zitzaion: ezinezkoa izan zuela kapitalismoaren eta komertzialtasunaren fagotizaziotik ihes egitea. Gorputzen berrerotizazioa beste opresio modu batean bilakatu zen, Pol Esteveren ustetan. Baina ez hori bakarrik. Errepide, aparkaleku eta dantzalekuek gainezka egin eta, masifikazioaren ondorioz, amets hedonista amesgaizto bilakatu zen. Sarrerak eta alkohola saldu beharra zegoen, jendeak kontsumitu behar zuen, eta musika sesioak interes komertzialen menpe egoten hasi ziren. Transgresioa eta esperimentazioa alboratzen hasi ziren DJ izarren gezurrezko argi-distiraren pean, eta musika bilakatu zen bigarren plano batean geratu zen gauza jasangaitz bat.

Skammer, Debako Itsaspe auzoan. / Eider Iturriaga
Hau ez omen zen gure estiloa

2000. urteko irailaren 10ean lehergailu batek eztanda egin zuen Itziarren (Gipuzkoa) kokatutako Txitxarro diskotekan. Hamabi egun beranduago kaleratutako komunikatu batean, ETAk bere gain hartu zuen ekintza horren ardura. Talde armatuak atentatua justifikatu zuen lokala Euskal Herrian zehar zabaltzen den narkotrafiko-sare baten “begi garrantzitsua” zelakoan. Lehergailua erdiko zutabe nagusian ezarri eta eraikinaren barnekaldea suntsitu zuen. Perimetroa, baina, zutik mantendu zen.

Bakalao musika bezala ezagutu zenaren hedatzeak talka egin zuen Euskal Herrian oso errotuta zeuden kultur- eta aisi-adierazpenekin. Gune alternatiboetan, gaztetxe edo irrati libreetan, musika estilo honekiko gaitzespena oso orokortua izan zen eta bide luzea eta oztopoz betetakoa egin behar izan du onartua izateko. Txitxarroren aurkako atentatuak inflexio puntu bat suposatu zuen eta bi munduak are gehiago aldendu zituen.

Erromantizazio eta idealizaziotik urrun, onartu beharra dago kultura horrek hedonismo hutsetik asko zuela. Baina, halaber, onartu beharra dago ezkerreko hainbat esparrutik hau guztia ulertezintasunagatik mespretxatu zela

Bienaleko antolatzaileetako batek hiru gatazka puntu aipatu ditu: diskoteketako bezeroen ustezko espainolismoa, droga trafikorako guneak zirela eta gazteria alienatzen zutela, eta kultura horretako kideak jendaila poligoneroa zirela. Lehenengo arrazoiarekin ez dator bat Oiartzungo Itzelan DJ bezala ibilitako Iker Rodriguez Cordero. Bere esanetan Txitxarron mugitzen zen jendea ingurukoa zen, euskalduna gehienbat. Gauza bera gertatuko zen aipatutako Itzela, Jazz Berri edo Venecian. Berak, garai hartako beste hainbat gazteek egin bezala, bogan zegoen musika estilo bat jarraitzen hasi eta horrekin lotutako azpikulturarekin bat egin zuten. Beste arrazoiei dagokienez, ezkerreko espazioetan drogak ere kontsumitzen zirela eztabaidaezina da. Alkohola ere litroka, eta horrek alienazioarekin duen harremana ezin daiteke gutxietsi. Gatazka horren arrazoiak eta benetako motibazioak zehaztea, baina, orrialde hauetan leku nahikorik ez duen eztabaida luze eta sakona eskatuko lukete.

Bidaiaren amaiera

«Artistek diskotekak atsegin dituzte hauek itxita daudenean, hutsik. Beti berandu heltzen dira». Hitzok Fernando Castrorenak dira. Horrela sentitu gara autobusean gindoazenetako batzuk, berandu heldu garela. Ezagutu ez dugun iragan baten eta arbuiatu dugun estetika eta kultura baten museifikazio eta exotizazioa egin dugula ibilaldi honekin. Askorentzat, aparkalekuak eta dantzalekuak bete zituzten gazteak “jendaila” ziren, musika politikotik aldendu eta hedonismo huts batean galduta zeudenak. Kaniak, makarrak, zabor apolitikoa bezala estigmatizatu ziren, klasismotik zordun zen begiradarekin.

Jazzberri / Eider Iturriaga

Erromantizazio eta idealizaziotik urrun, onartu beharra dago kultura horrek hedonismo hutsetik asko zuela. Transgresiotik baino, alienaziotik hurbilago zegoela, ia hasieratik kapitalismoaren dinamikek gurutzatutako kultur adierazpena izan baitzen. Baina, halaber, onartu beharra dago kontrakulturako eta ezkerreko hainbat esparrutik hau guztia ulertezintasunagatik mespretxatu zela. Arrotza zelako, urrun sentitzen zelako. Garaian, askok ez genuen ikusi, ezta ulertu ere egin, azpikultura horren indar politikoa.

Orain hondakinak baino ez dira geratzen. Hondakinak eta nostalgia. Orain abandonatuta dauden tenplu zaharretatik irten eta aisirako zein arterako bitarteko eta modu berriak imaginatu beharra dago. Su festak liburuaren egile Jon Urzelaik aipatu bezala, aisiaren kudeaketa bizitzaren kudeaketarako lehen pausua baita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


2025-02-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxeko komuna

Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]


Auzi eta erronka ugari izango dituzte gogoetagai Amikuzeko Otsail Ostegunetan

Otsailaren 6an hasi eta 27ra bitarte, lau ekitaldi antolatu dituzte Donapaleun. Lehena herriko etxean iraganen da, eta ondokoak Bideak gunean.


Haurrek Debako liburutegian jasaten duten bazterketaren aurrean esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute... [+]


Greenpeace-k Guggenheim museoan Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu du

Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.


2025-02-03 | Euskal Irratiak
Antton Luku
“Egiazko urtats da inauterien momentua”

Duela hemeretzi urte berpiztu zen libertimenduen usadioa Donibane Garazin. Antton Lukuk abiatu zuen mugimendu hori, eta bi hamarkadetan, Ipar Euskal Herriko herri desberdinetara ez ezik, Hegoaldera ere hedatu da.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-30 | Iker Barandiaran
Gure iragan eta oinarria testuinguruan

Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025

------------------------------------------------

Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]


Itsasoak ere baditu mila aurpegi

Itsasoa bete urre
Dani Martirena
Irudiak: Ana Ibañez
Txalaparta, 2022

--------------------------------------------

Liburu honetara barneratzen den irakurleak sentsazio ugari izango ditu. Deigarria da azaleko letren urre kolorea eta zuritasuna, goialdean ageri den... [+]


2025-01-30 | Gorka Intxausti
Zenbat dira 30 urte?

Dena
NOIZ: urtarrilaren 18an.
NON: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------

Galdera bat dabilkit buruan azken aldian: zenbat aldatzen dira gauzak 30 urtetan? Bai, irakurle, asmatu duzu: hiru hamarkada bete berri ditut. Laugarren... [+]


2025-01-30 | Gedar
Otsailaren 12an epaituko dute Raimundo El Canastero taldea

Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.


Sarah Babiker. Gurpiletik atera
“Abiadura honetan ezin diegu eutsi berez funtsezkoak diren gauza batzuei”

Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


Eguneraketa berriak daude