Heideggerrek 1951n konferentzia bat eman zuen Eraiki, bizi eta pentsatu izenburupean. II. Mundu Gerrak erabat suntsitutako Alemaniako errautsetatik hausnartutako ideiak jaso zituen bertan. Nola berreraiki herrialde bat hondamenditik? Nola erantzun urgentziazko etxebizitza eskasia bati? Nola sortu etorkizuneko bizikidetza sostengatuko duen hiri-modeloa? Galdera horiek egungo testuinguru politiko eta sozialean erabateko gaurkotasuna dute, baita sormen ikuspegitik, gizatasunez eta tentuz erantzunak izateko premia ere. Berreraiki, berpiztu eta berrasmatu dira, beraz, Mugak Arkitektura Bienalaren erakusketa zentrala oinarritzen duten zutabeak.
Udazken honetan antolatu da Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren edizioa. Aurtengoak EAEko hiriburuetara hedatu den askotariko programazioa bildu du, konferentzia, mahai inguru, ibilaldi, pabilioi efimero eta erakusketa ezberdinen bitartez. Aipatzekoak, adibidez, disco-TEKAK. Bumping-aren tenpluak Gipuzkoako kostaldean ekimena: Gipuzkoako kostaldeko diskotekak bisitatzeko BeAr Architects arkitektura estudioak proposatu duen ibilbidea edo ruta, jada gure memoria kolektiboan leku mitikoak diren Txitxarro, JazzBerri, Venecia edo Itzela tenpluak bisitatzeko egitasmoa. Beatriz Colomina arkitektura historialariaren hitzaldia edo 2012. urtean Pritzker arkitektura sari ospetsua irabazi zuen Wan Shu-ren hitzaldia Donostiako Kursaalean izan dira, besteak beste, biurtekoaren programan batutakoak.
Maratoi-ekintza horien guztien artetik, Aldaketa bizi izenburua daraman erakusketa handia bisitatzera gerturatu gara Euskadiko Arkitektura Institutura, bienalaren epizentrora. Maria Arana arkitekto bilbotarrak egin du erakusketaren komisariotza, baita bienalekoa ere, eta bere ibilbide profesionalean landu dituen kezka eta interesguneek badute isla proposatu duen programan. Donostiako Alde Zaharrean dagoen Santa Teresa komentua da egun Euskadiko arkitektoen egoitza, eta erakusketak aurkezteko tokia nahiko korapilatsua eta intuitzeko zaila bada ere, urte batzuetatik hona egin duten ibilbidean proiektu interesgarriak antolatu dituzte, Eileen Grey arkitektuari eskainitako erakusketa kasu (ARGIA, 2.742 zenbakia).
Egungo krisi orokortu eta globalaren aurrean, arkitekturaren diziplinak, eraikuntzatik haratago, eta beste jakintza eta ezagutzekin uztartuta –filosofia, soziologia, zuzenbidea–, funtsezko rola izan dezake ausardiaz eta sormenaz alternatibak proposatzeko garaian. Gizakia guztiaren neurri eta erdigune izan garen antropozeno aroaren ondorio diren aldaketek –kliman, naturan, espezieen iraungitzean, gizakion osasunean– atzera bueltarik ez duen egoera sortu dute. Horregatik, biharko egunari erantzun efektiboak, hausnartuak eta kritikoak emateko, arkitekturaren praktika etorkizuna imajinatu eta gure ingurumena, errekurtsoak eta ezberdinen arteko bizikidetza kontuan izango dituen modelo berriak entseatzeko esparru bilakatu daiteke. Testuinguru horretatik abiatzen da erakusketa, aurrekaririk ez duen krisi eta hondamendi egoera global batetik, alegia.
Beraz, berreraiki, berpiztu eta berrasmatu dira Aldaketa bizi erakusketa hezurmamitzen dituzten hiru ardatzak, eta horrela dago banatuta erakusketa ere, hiru gune edo espaziotan. Erakusketak, edukian forman baino askoz ere egokiagoa, arkitektoek landutako azterketa-kasuak planteatzen ditu.
Atentzioa eman dit Txinako Amateur Architecture Studioaren Ningboko Historia Museoaren ikerketa-kasuak. Ningbo hiria, Txinako ekialdeko kostan kokatua, egun zazpi milioi bizilagun dituen hiri populatua da, baina orain gutxi arte, mendiek eta laborantzarako lursailek osatzen zuten bertako paisaia. Garai berriek ezinbestean dakartzaten hirigintza-berrantolaketekin, gune natural horiek eraitsi eta hiri moderno baterako azpiegiturak eraiki dituzte bertan. Lur eta herri horren memoria gal ez zedin, eta museoa hartuko zuen lur-sailari fidelak izateko, Wang Shu eta Lu Wenyu arkitektoek iraganean eraitsi ziren txabola eta etxeen hondakin eta materialak erabili dituzte museo berria eraikitzeko. Hortaz, hogei mota adreilutik gora, askotariko teila birrinduez eta orotariko material hondakinez dago josia museoaren azala, zimurtua dagoen larruazal baten antzera. Wapan izenaz ezagutzen da eraikuntza eredu hori, guztia eraitsi eta baztertu ordez, aurreko eraikinen materialekin egiten den Ningboko eraikuntza-modelo zaharra. Museoaren formari dagokionez, ortzimugan bistaratzen diren mendien forma du eraikinak. Behin barruan, kobak, bailarak, pitzadurak sumatuko ditugu, forma geologikoz egindako paisaia naturala. Herri baten memoria soinean jantzita daraman museoaren eredua da Ningbokoa.
Berpiztu atalean, Marina Otero Vernizier arkitektoak, Katía Truijen, René Boer eta María Mazzantirekin batera aurkezten duen proiektuan egin dugu geldiunea. Jabetzearen Arkitekturak (2019) izenburupean, okupazioaren gaiari heltzen diote, okupazioa praktika arkitektoniko gisa tratatuta. Egun, medioetan, baita konplexurik gabeko publizitate-kanpainatan ere, guztion bistara okupazioaren inguruko mezu ezkorrak eta faltsuak zabaltzen dituzte, okupazioaren praktika ñabardurarik gabe kriminalizatuz: tamalez, jabetza pribatua, bizileku bat izateko eskubidearen gainetik dagoen logikatan mugitzen gara, are gehiago Espainiako Estatuan. Proiektuak, Herbehereetako kasua lekuko hartuta, okupazioaren logikei beste ikuspuntu batetik begiratzera gonbidatzen gaitu. Herbehereetan, okupazioaren praktika zabalduta dago, eta urteetan landu duten ikerketa, erregistro eta artxibo lanaren bitartez ikusi dute okupazioa ondare monumentala babesteko tresna izan dela, komunitate berriak sortu eta bizikidetzarako modelo berriak, negoziatuak eta kontsentsuatuak sortu dituela. Arkitektoek egindako lanak aurrekariak sortu ditu eta Herbehereetako Arkitektura eta Hirigintzako Estatuko Artxiboaren eskuratze politika berria definitzeko oinarria izan da.
Etorkizuneko mundua imajinatzeko saiakeran planteatzen diren proiektuak biltzen dituen atalak, berrasmatu, arkitekturak duen –edo izan beharko lukeen– gaitasun kritikoaz eta pentsamendua sortzeko gaitasunaz hausnartzen du. Beatriz Colomina arkitektoak, Ignacio G. Galán, Evangelos Kotsioris eta Anna Maria Meister arkitektoekin batera, Radical Pedagogies [Pedagogia erradikalak] liburua argitaratu berri dute, hamar urtetako ikerketa lanaren emaitza. Bertan, 1960 eta 1970etako arkitektoek planteatzen zituzten hainbat proiektu pedagogiko, eraldatzaile eta utopiko biltzen dituzte, nolabait esanez askotan atzera begiratu besterik ez dugula egin behar egungo kezkei erantzunak emateko. Sormenezko hezkuntza, pedagogia-sistema eraldatzaileak, inklusiboak eta diziplinaz gaindikoak, izango dira datorkigun eraldaketa sostengatuko duten ezinbesteko zimenduak. Agian ideia horiei bide ematea da egin beharreko lehen pausoa.
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]
Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]