Nikolaï Ivanovich Vavilov, Moskun jaioa 1887ko azaroaren 25ean. Hainbat elikagai kultibaturen jatorria identifikatu zuen botanikari eta genetista. 1940an, Ukrainako lurretan haziak biltzen ari zela, polizia sekretuak atxilotu egin zuen, eta 1942an gulag batean sartu zuten preso. 1943ko urtarrilaren 26an hil zen, Saratoveko presondegian, desnutrizioak jota. Zergatik atxilotu zuten, baina? Are, zer lotura du haren historiak han-hemengo sagarrondoekin?
1887a baino lehenago, baita ondorengo urteetan ere, laboreak maiz galtzen ziren Errusiako Inperioan, eta herrialdeak hainbat gosete sufritu zituen. Nikolaï Ivanovich Vavilovek, gosea borrokatzea helburu hartuta, botanika eta genetika ikasketak egin eta baldintza kaskarretan bizirautea lortuko zuten elikagaiak landatzeko plana abiatu zuen. Lehenbiziko urratsa izango zen landare kultibatuen eta haien basa-arbasoen haziak biltzea. Nondik hasi?
Dibertsitate genetikoaren garrantziaz konbentziturik, gizakia landareak etxekotzen hasi zen lekuetara joan behar zuela argi zeukan Vavilovek, landareok erreskatatu nahi bazituen. Milaka eta milaka urtean zehar, nekazariak joan ziren errendimendu handiko eta zapore goxoko espezieak aukeratzen, eta prozesu horretan galdu egin ziren bestelako propietate batzuk (gaixotasunekiko eta klima aldaketa bortitzekiko erresistentzia, adibidez) zeuzkaten geneak. Horregatik zen garrantzitsua berarentzat laboreen basa-arbasoak aurkitzea, etxekotutako arbolek galduak zeuzkaten geneak berreskuratzeko.
Zortzi “jatorrizko gune” identifikatu zituen, landare-espezie diferenteen arabera sailkatuak: Erdialdeko Amerika, Hego Amerika, Mediterraneoa, Ekialde Hurbila, Etiopia, Erdialdeko Asia, Indomalaysiar ekozona eta Txina. Erdialdeko Amerikan sortuak dira boniatoa eta tomateak, besteak beste; Hego Amerikan patata, tabakoa, kautxua; Mediterraneoan olibak, letxuga, lupulua... “Gene” eta “genetika” bezalako terminoak oraindik ere aski ezagunak ez ziren garaian, Vavílovek bere plana garatu zuen Gregor Mendel “genetikaren aitaren” lana abiapuntutzat hartuta. Zenbait agintarik mesfidantzaz begiratzen zioten horregatik.
1917ko Iraultzako lehenbiziko urteetan, Errusia sobietarraren gobernuburu Vladimir Leninek, Vaviloven ametsak potentzial handia zeukala jabetuta –elikagaien produkzioan munduko liderra bilaka zitezkeen–, haren espedizioak babestu zituen. Eta ez ziren gutxi izan, botanikariak 100 bidaia baino gehiago antolatu zituen, eta munduan zehar barreiatuak zeuden 25.000 pertsona ingururen lana koordinatzera heldu zen. Halaber, garai bateko Leningradon –gaur egungo San Petersburgon– hazi-banku handi bat sortu zuen, munduko lehenengoetarikoa. Baina 1924an Lenin hil egin zen, eta haren lekua Iosif Stalin-ek hartu zuen, zeinak oso bestelako iritzia zuen genetika kontuez.
Vavilovek, gainera, zientzialari ez errusiarren teoriak aintzat hartzen zituen, eta Stalinentzat hori nahikoa zen zuzenean sartzeko gobernuaren aurkako balizko konspiratzaileen zerrendan. Ez hori bakarrik; harentzat, Vavíloven plana sobera burgesa zen. Landareek geneak heredatu eta transferitzearen zera hori guztia... ez. Herrikide askok, ordea, botanikaria estimuan zeukaten garai hartan, eta ez zen erraza izango bere aurka egitea. Apur bat itxaron beharko zuen Stalinek.
Urte batzuk lehenago, Vavilovek ukrainar mutil gazte bat gonbidatu zuen berarekin lan egitera: Trofim Lysenko zuen izena. Imajinatu ere ez zuen egingo hain gogotsu agertu zen mutil hura berari min emateko aukera iritsi zain zegoenik. Gosete berri batek herrialdea kolpatu zuenean jaso zuen zartakoa genetistak.
Hein handi batean, gosetea zen Stalinek hartutako zenbait erabakiren ondorio, zeinak, beste neurri batzuen artean, etxaldeak kolektibizatu zituen. Beraz, derrigor aurkitu behar zuen bere porrota ezkutatuko zuen errudun bat. Baita aurkitu ere. Vavilovi hiru urteko epea eman zion edozein gauzaren aurrean erresistenteak izango ziren barietateak sortzeko, nahiz eta botanikariak esana zuen hamar urte beharko zituela gutxienez. Bien bitartean, Lysenkok, ingeniari agronomo bihurtuko zen gazte langile hark, goi-kargudunek babestuta, kanpaina pseudozientifikoa abiatuko zuen, zeinak bete-betean egiten zuen genetikaren teorien kontra.
Lysenko eta haren jarraitzaileen ustez, landare batek heredatzen dituen ezaugarriak aldatzeko nahikoa zen kanpo-baldintza desberdinak dituen leku batean landatzea. Esaterako, ziotenez, artoa bizkorrago haziko zen ipar partean, han hotz handiagoa egiten duelako. “Vavilov erreakzionario, burges, idealista eta formalista da”, adierazi zuen Lysenkok. Urte gutxiren buruan, Vavilov baztertua izan zen politikoki eta akademikoki. Nazioarteko mintegietara joatea debekatua zuen, eta soilik baimendu zioten espedizioak egitea hurbileko herrialdeetara, Krimeara eta Ukrainara adibidez. 1940an, espioitza leporatuta polizia sekretuak preso hartu zuen arte.
1941eko irailean Leningrado setiatu zuen Hitlerrek. Herritarrek ia 900 egun eman zituzten naziek inguratuta, hotzak eta goseak jota. Setioak iraun zuen bitartean, Leningradoko hazi-bankuko milaka hazi, sustrai eta fruitu soto batean ezkutatuta mantendu zituzten Vaviloven zenbait lankidek, naziengandik –baita herritar gosetu eta arratoiengandik ere– babesteko, sobietar agintariek ez zutelako horiek lekualdatzeko esfortzurik egin –Hermitage Museoko obrekin gertatu bezala, adibidez–. Haziok txandaka zaindu zituzten Vaviloven lankideek; haietako batzuk hil egin ziren, ezkutuan zutena jan baino, nahiago izan zutelako haziak gordetzea gerra-ostean beharrezkoak izango zituzten belaunaldientzat, Gary Paul Nabhan etnobiologoak idatzi duenez. Bizirautea lortu zutenen artean Aymak Djangalievich Djangaliev (1913-2009) pomologo kazakhstandarra zegoen, historia honetako beste protagonista handi bat. Vavilovekin elkarlanean, hark deskubritu zuen etxeko sagarraren (malus domestica) jatorria zegoela Kazakhstango basoetako basa-sagarrean (malus sieversii), gerora burututako ikerketek berretsi duten moduan. Vavilov eta Djangalievek deskubritu zuten sagarrondoaren “sorlekua” Tian Shan mendilerroan dagoela, Kazakhstan, Kirgizistan eta Txina arteko mugan kokatua. Gaiaz gehiago jakin nahi duenak, ARGIAren wegunean irakurgai du duela bi urte Sagarrondotik aldizkarian plazaratu genuen erreportajea: Tian Shan mendilerroa, sagarrondoaren "sorleku".
1989an Berlingo Harresia erori eta 1991n Sobietar Batasuna desegin zen arte, Vavilov eta Djangaliev botanikarien lanak ezezagunak ziren mendebaldean. Urte luzez erdi-ezkutuan jarraitu zituen ikerketak Djangalievek, Kazakhstango hiririk handienean, Almaty-n, zeinak jatorrizko hizkuntzan esan nahi duen, hain justu, “sagarraren aita”.
2010ean, Djangaliev hil eta gutxira, Les Origines de la pomme dokumentala sortu zuen Catherine Peix zinema zuzendariak, zientzialari kazakhstandarraren historian oinarrituta. Iragan abenduaren 1ean Astigarragako Erribera Kulturgunean izan zen Peix, Sagardoaren Lurraldeak antolatutako Sagardo Forum jardunaldietan, filmaren inguruko kontuez hizketan. Kazakhstan, landutako sagarraren jatorria hitzaldian, malus sieversii sagarrondoek gaixotasunekiko daukaten erresistentziaz aritu zen, baita, besteak beste, deforestazioa basa-arbolen kopurua murrizten –eta ondorioz ondare genetikoa desagerrarazten– ari den garaiotan, basoetako biodibertsitatea babesteak duen garrantziaz ere.
Historiak, baina, jarraitu du. Duela hamabi urte, eraikuntza enpresa batek Pavlovsk-eko Estazio Esperimentala botatzeko –non Vaviloven hazi bilduma gordetzen den– eta hura dagoen lekuan etxebizitzak eraikitzeko desioa agertu zuen, besteak beste 1.000 marrubi-, 1.200 arto- eta 1.000 sagar-espezie biltzen duen bildumak "ez duelako deus ere balio". Nazioarteko hainbat adituk, ordea, proiektua geratzeko eskatu zuten, eta Dmitri Medvedev presidente ohiak baldintzak berrikustea onartu zuen. Gaur arte, Vladimir Putin presidenteak ez du proiektuaren gaineko erantzunik eman. Kasu honi "bigarren setioa" deitu diote Errusian.
Usurbilen (Gipuzkoa), 30 urteren bueltan dabiltzan bost gazte sagardoa egiten hasi ziren duela zortzi bat urte. Beñat Irazusta, Mikel Rosales, Josu Furundarena, Aitor Pagola eta Joxe Mari Zubimendi –“kalekumea ez den bakarra”, Irazustak esan... [+]
Jaiotzez hangoak ez baina Donostia inguruan bizi diren zazpi-zortzi neska, trans eta bollerak osatzen dute Sagarrondu “desjabetuon ekoizpen taldea”. 25-30 urteren bueltakoak dira ia denak, kaletarrak, baina lurrarekin lotura dutenak; bakarren bat aritua da lehen... [+]
Eduardo Zubiria, Iruñean jaioa 1963an, sagardogile eta artista matematikoa. Ama, oskoztarra; aita muskiztarra. Sustrai imoztarrak, Ultzamaldean. Badauzka han 100 urteko sagarrondoak, baita beste sagasti bat ere Erronkarin, mila metrotik gora. Artista moduan egurra lantzen... [+]
Azaroa izateko epel xamar dagoen arratsalde batean iritsi gara Baztango Arizkun herri txikira, eta frontoiko mural erraldoiak herriak sagarrarekin duen loturaz zerbait esan digu segituan. Batzabalea izeneko etxean sagarraz asko dakien gizon bat bizi dela kontatu digute: Pello... [+]
XIX. mendearen amaieran, botanikariak galdetzen hasi zirenean laboreen jatorria zein izan zitekeen, ondorioztatu zuten etxeko sagarrondoa sortu zela Europako basa sagarrondoaren eta Asiako beste zenbait espezieren hibridaziotik. Eta, orain gutxi arte, horrela zela pentsatu izan... [+]
650 metroko garaieran, izotza sarri, Araba erdian baina Burgosen, “lurralde ahaztua”. Trebiñuren bereizgarriek derrigor markatzen dute hango laborantza, sagarrarena tartean, 1998an Askartzan ireki zuten sagardotegiaren ibilbideak erakusten duenez.
Euskal Herriko kulturaren eta tradizioaren ikurretako bat dugu sagardoa, edari soila baino gehiago, ondare oso bati lotua den produktua. Baina tradiziotik edaten duten beste esparru askotan gertatu bezala, joera dugu sagardoa bera eta sagardotegiak profil konkretu bateko... [+]
Gure aitona-amonek egongelako paretan zintzilikaturik zeukaten bodegoi ilun xamar horretako sagarrek hamaika lehengusu daukate, bereziki –baina ez soilik– pinturan, fruitu honek artean eta oro har gure bizitzetan eta imajinarioan izan duen presentziaren lekuko... [+]
Sagarra da Euskal Herriko altxor handietako bat, hemengo baserri eta sagastietan mendez mende garatu, hobetu eta gureganaino heldu dena. Harekin batera, sagardoa, milaka urtean bidelagun izan duena. Aberastasun izugarria dugu, sagardotarako bereziak eta bakarrak diren sagar... [+]
Ardoa, garagardoa, baita txakolina edota olioa ere, iraultza baten lekuko izan dira guztiak, produktuaren dibertsifikazioa bultzatu eta balioa eman dien prozesu batetako protagonistak. Sagardoari dagokio orain urratsa ematea, merkatuan nor izan nahi badu, Mikel Garaizabal... [+]
Apirilean sagastiak lorez janztea bezalako ikuskizun gutxi dago. Lore zurizko olatuak. Sagarra jaki eta edari izan dugu milaka urtetan. Sagar gordina, errea eta ore dultzea; muztio, pitar, sagardo eta ozpin. Zura fina du, tailatzeko ona eta pieza txikiak, kirtenak eta... [+]
Auzo eta baserri guneetan ikusten ditugun arren, duela ez asko ohikoagoa zen sagardotegiak kalean egotea, herri kaskoetako alde zaharren eraikinen behealdeetan. Zenbait tokitan XX. mendearen erdialdera arte iraun zuten gainera, Hernanin kasu, baina legedi zurrunak, ohitura... [+]
Ipar Euskal Herrian sagardogintza berriz abiarazi duen Sagartzea elkarteak 30 urte beteko ditu 2020an. Xinaurri lana eginez, bertako ehunez gora sagar mota identifikatu ditu, geroa segurtatzeko gisan eremu pribatu zein publikoetan berriz landatuz. Hauetarik zazpi lehenetsirik,... [+]
Ekoizle ugariren hainbat sagardo mota dugu eskura inguruko ostatu eta saltokietan, baina kontsumitzaile askok ez dugu zehazki bat eskatuko, eskainiko diguten lehenbizikoa baizik, edo prezioagatik gehien konbentzitzen gaituena bestela, jakitun izan gabe etiketa bakoitzak zein... [+]
Zenbat eta fauna anitzagoa sagastian, orduan eta aukera gehiago izango da uzta hobea izateko, izurriteak gutxituko direlako eta polinizazioa handitu. Bestalde, sagastiaren itxurak eta inguratzen duen paisaiaren egiturak erlazio zuzena du bertan egongo den fauna... [+]