Botere mediatikoak eskuindarra eta erdalduna izaten jarrai dezan

  • Euskal Herriko erakunde publikoek urtero milioiak banatzen dituzte hedabideen artean, instituzioen publizitatea zabaltzearen edo hedabideen ekimenak babestearen truke. Oro har, datu publiko horien gardentasun ezak zaildu egiten du argazki osoaren jabe egitea, baina zorionez, tresna informatiko berri bati esker, Jaurlaritzaren azken bost urteotako banaketa aztertu dugu. Emaitza ohikoa da: Vocento, Noticias eta Prisa taldeko hedabideentzat diruaren %80, nagusiki gaztelaniaz direnei %93, euskarazkoontzat %7 eta ARGIAri %0,3.

Komunikabideen gaineko boterea beti izan da gobernu gehienen obsesioa. Helburu hori lortzeko bideetako bat publizitate instituzionala da. Hedabideei diru publikoz egindako ordainketa horien opakutasuna eta arbitrariotasuna nagusi dira Mendebaldeko herrialdeetan, eta Euskal Herrian ere ez gara salbuespena.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, askotan salatu dugu orriotan Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta hiriburuetako udalek nola baliatzen duten publizitate instituzionala botere mediatikoa bare mantentzeko.

Publizitaterako erabilitako milioiak hedabideetara bideratzea oso kontu delikatua da, batez ere gardentasuna ez bada bermatzen. Azken urteotan hainbatetan salatu dugunez, diru publikoarekin hedabide batzuk saritzen ditu Jaurlaritzak, nagusiki bankuen eta nazioarteko inbertsio funtsen menpeko hedabide eskuindar erdaldunak, Vocento buru. Eta jakina, banaketa desorekatu horrek beste hedabide batzuk, tartean independenteak, zigortzen ditu. ARGIA da kasu nabarmenetakoa.

2017an banaketa hori publikoki azaldu eta argitara atera genuen ARGIAn. Lan korapilatsua eta neketsua izan zen, Jaurlaritzak oso formatu opako eta aldrebesean zabaltzen dituelako hedabideen kontratazioak, informazioa publiko eta sentibera izanik ere. Hala salatu du hainbatetan Parlamentuko oposizioak –EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek– eta neurriak eskatu ditu. Orain, zorionez, sektore publikoan gardentasunaren aldeko ekintzaile Jaime Gómez-Obregón adituak egin duen tresna bati esker, 2018 eta 2022 urte arteko publizitate kanpainen eta haien ordainketen inguruan informazio xeheagoa dugu esku artean.

Gehiago agian, gutxiago ez
Jaurlaritzaren publizitate banaketari buruzko azken bost urteetako memorien barrenak ikusgai jarri ditu Gómez-Obregón-ek gobiernovasco.marketing webgunean. Horren emaitzak dira erreportaje honetako grafiketan ikusgai daudenak [informazio gehiago erreportaje honekin batera argitaratu dugun Gómez-Obregón-i egindako elkarrizketan]. ARGIAn datu batzuk kontrastatu ditugu eta oro har ikusi dugu hedabide nagusiek jasotako dirua are gehiago dela, baina edonola ere, Gómez-Obregón-en tresnak bermatzen du hedabideek jasotako diru kopuru horiek ziurrak direla; hau da, kasu batzuetan agian kopuruak handiagoak izan litezke, baina inola ere ez txikiagoak. Grafiketan dauden zifrak jaso dituzte gutxienez hedabideek. Baina batez ere tresna horrek aukera ematen digu Jaurlaritzak publizitatearen bitartez sustatzen duen ekosistema mediatikoaren argazki osoa ikusteko.

Pastelaren erdia hiru hedabiderentzat
2018 eta 2022 urte arteko epean Jaurlaritzak egindako 1.351 publizitate kanpainen ia erdia (665) El Correon eta bere doako gehigarrietan jarri du eta horren truke ia sei milioi eta erdi euro ordaindu dizkio. Vocentokoa ere baden El Diario Vascok –berak kudeatzen dituen Donostiako autobusen DVBus barne– 517 kanpaina eta ia lau milioi eta erdi euro jaso ditu. Prisako Ser irrati katearentzat 388 kanpaina eta lau milioi euro baino gehiago. Orotara, hiru hedabide handi horiek jaso dute gainerako hedabide guztien artean banatutako diru kopuru bera.

Korporazioen arabera banatuta, EITB talde publikoko hedabideak dira diru gehien jaso dutenak, 15 milioi inguru. Haren atzetik, Vocento-Cope-Cadena 100 (aliantza estrategikoa dute sinatuta) taldea dago: 11 milioi eta erdi inguru. Ondoren, Noticias taldea osatzen duten Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava, Onda Vasca eta Herri Irratia daude: sei milioi eurotik gora jaso dituzte. Laugarren tokian, Prisa taldea: El País, Cadena Ser, Los 40 eta Cadena Dial. Hauek bost milioi eta erdi euro baino gehiago poltsikoratu dituzte. Hurrengoa zerrendan Gara-Naiz taldea litzateke, baina aurrekoek jasotako kopurutik urrun, bi milioi pasa eurorekin bost urtean.

ARGIA berriz ere baztertua
2017ko publizitate banaketa bidegabeaz informatu genuenean ondokoa esan genuen: “ARGIAren zutabe eta sustengu ekonomiko nagusia gure komunitatea osatzen duten milaka lagunak dira. Herritar horiek, ARGIAk bezalaxe, hemen ordaintzen dituzte zergak, baina Jaurlaritzaren publizitate banaketak diskriminatu egiten ditu”. Sei urte pasa dira eta hitz berberak errepikatuko ditugu, datuek erakutsi digutenez.

ARGIAko irakurleek azken bost urteotan Jaurlaritzaren 69 publizitate kanpainaren berri baino ez dute izan. 100.000 euro inguru jaso dugu trukean. Expansión, Tele 7, Radio 7, Cinco Días, TeleBilbao eta Bizkaia Irratia hedabideen azpitik, batzuk aipatzearren. Jaurlaritzak publizitate bitartez ARGIAra bost urtean bideratutako diru kopuru ia berdina eman dio El Correori publizitate kanpaina bakar batean: 103.203 euro Basque Green Deal izenekoa zabaltzearen truke, “2030erako Europako klima-aldaketaren aurkako helburuak lortzearen garrantziaz sentsibilizatzeko”.

Euskaldunak gaztelaniaz informatzera bultzatzen ditu Jaurlaritzak
EITB talde publiko elebiduna kenduta, Eusko Jaurlaritzak 2018-2022 bost urteko epean publizitate eta babesletza bidez diruaren %93 gaztelaniaz edo nagusiki gaztelaniaz aritzen diren hedabideei eman die. Euskarazkoentzat gainerako %7 bideratu du.
Euskal hedabideen multzoan, Berria euskarazko egunkari nazional bakarrak jaso ditu ia bi herenak: 1.331.000 euro. Tokikomeko hedabideek 200.000 euro pasa jaso dituzte, Hamaika Telebistaren kopurutik gertu. 180.000 bat euro Bizkaia Irratiarentzat izan dira. ARGIAk, esan bezala, 105.430 euro.

Agerikoa da Jaurlaritzaren apustua gaztelaniazko hedabideen aldekoa dela. Konparaziorako, Deia egunkariak jaso du euskarazko hedabide guztiak batuta baino diru gehiago. Cadena Serrek euskarazko guztiak batuta halako bi, eta El Correok bakarrik hiru halako baino gehiago.

Gaztelaniaren aldeko apustua ez da horretan bakarrik geratzen agerian. EITB hedabide publikoaren barruan ere gaztelaniazko kateen alde egin du Jaurlaritzak. Adibidez, Euskadi Irratia eta Gaztea irratientzat 2.133.000 euro bideratu ditu eta Radio Euskadi eta Radio Vitoriarentzat, aldiz, 3.125.000 euro, milioi bat gehiago.

Beste adibide bat: euskarazko hedabideetan ia adina inbertitu du Jaurlaritzak multinazionalen menpeko sare sozialetan (Twitter, Google, Facebook…).

Euskarazko hedabideok omen gara “subentzionatuak”
Batzuetan nahasmena sortzen denez, komeni da argitzea. Erreportaje honetan Jaurlaritzak hedabideetan jartzen duen publizitate instituzionalaz ari gara. Ez gara ari euskara sustatzeagatik euskarazko komunikabideek jasotzen duten diru-laguntzaz. "Baina euskarazko hedabideek ere dirua jasotzen duzue", entzun izan dugu, batak bestea konpentsatuko balu bezala. Eta ez da hala. Horren harira, euskarazko hedabideei noiz edo noiz maltzurki egozten zaie “diru publikoz puztuak” izatea; euskararen normalizazioaren bidean hedabideek euskara sustatzeko betetzen duten funtzio publikoaren ordainetan instituzioetatik urtero jasotzen duten dirua dela-eta. Publizitate instituzionalaren bidez, ordea, euskarazko diru-laguntzen bidez baino askoz diru gehiago banatzen dute erdaraz ari diren hedabideen artean, irizpide gardenik gabe.

Adibide baten bitartez azalduko dugu. ARGIAk 2022an 526.646 euro jaso ditu euskararen normalizazioan egiten duen lana sustatzeko. Horri gehitzen badizkiogu Hazitekek emandako 10.510 euroko diru-laguntza, eta publizitate instituzionala argitaratzearen truke urte horretan Jaurlaritzatik jaso ditugun 24.097 euroak eta Gipuzkoako Aldunditik 9.135 euroak, emaitza 570.000 euro ingurukoa da. El Diario Vascori, aldiz, publizitate instituzional bidez, 883.795€ eman dizkio 2022an. Horri gehitu behar zaio gaztelaniaz aritzen diren hedabideei, El Diario Vasco barne, euskaraz artikulu batzuk idazteagatik emandako dirua, Gipuzkoako Aldundiak publizitatearen truke urtero ematen diona (2017an 399.075 euro izan ziren) eta Donostiako Udalarena (2021ean 99.979 euro izan ziren), beste batzuen artean. Baina ez hori bakarrik, 2021ean eta 2022an COVID-19aren pandemiak eragindako kalteen izenean hedabide batzuei Jaurlaritzak ez-ohiko diru-laguntzak banatu zizkien: bost milioi 2021ean eta sei milioi 2022an. Banaketa horretan ia erabat kanpo utzi zituzten euskarazko hedabideak. 2021ekoan, diruaren %93,4 gaztelaniazkoentzat izan zen eta %6,6 euskarazkoentzat. Adibiderik gordinena: Vocento taldeari (El Correo eta El Diario Vasco) 5.015.695 euro oparitu zizkioten eta ARGIAri zentimo bat bera ere ez.

Beraz, hedabide guztiek jasotzen dute diru publikoa, baina euskarazkoek, dena azken zentimoraino justifikatu beharraz gain, “subentzionatuak izatearen zama” faltsua jartzen saiatzen dira sektore euskarafoboak. Aldiz, gaztelaniazko hedabideek orotara diru publiko askoz gehiago jasotzeaz gain, boteretik gertuen dauden komunikabide hauen bideragarritasun ekonomikoaren sostengu nagusia dira instituzioak, eta horrek boterearekiko bezerokeria harremanak dakartza, behin baino gehiagotan erakutsi dutenez.

Legearen lausoa lagun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan publizitate instituzionalaren erabilera arautzen duen legea 2010ekoa da, Patxi López lehendakari zenekoa. Honela dio: "Zalantzarik gabe, gizartean eragina duen jarduera denez, eta eduki oso sentikorrak direnez, beharrezkoa da berau garatu behar den eremua argi eta garbi ezarriko duen lege bat [...] herritar guztiek informazioa eskura izatea bermatuko duena".

Baina lege horrek ez du zehazten horrelako lege mota batetik espero den puntu nagusietako bat: publizitate instituzionalaren pastela hedabideen artean banatzeko irizpideak. EAEko legeak ondokoa baino ez du zehazten: "Eskaintza ekonomiko onuragarriena" aukeratuko dela (9. artikulua) eta "kanpainaren eraginkortasuna eta efizientzia" lehenetsiko dituztela. Hau da, oso irizpide lausoak dira.

Are gehiago, legeak ez du behartzen banaketa hori erakunde independente batek egiaztatzera eta gardentasun-ariketa bakarra gobernuak urtero Legebiltzarrera bidali behar duen PDFa da. Gainera dokumentu horiek oso kritikatuak izan dira beren akats kopuruagatik, irizpide bateraturik ez izateagatik, datuen kalitate eskasagatik, kanpainetan inbertitutako diruaren eta eraginkortasunaren arteko balorazio ezagatik... Milioika euro publiko irizpide lausoen arabera banatzen dituzte, kontrol independenterik gabe eta datuak eskainita gardentasuna eta analisi orokorra egitea bermatzen ez dituen formatu batean.
Banaketa partzial horrek jasotako kritiken aurrean, Eusko Jaurlaritzak "hedabideen irismena" aipatu izan du irizpide nagusi eta bakar gisa behin baino gehiagotan. Eta horretarako, nahiz eta ez dagoen inon hala jasota, CIES enpresak egiten dituen zenbaketak kontuan hartzen dituzte erreferentzia gisa. Hala adierazi zuten, adibidez, "COVID-19aren ondorioak arintzeko" zenbait hedabideri emaniko "ezohiko laguntzen" banaketa desorekatua justifikatzeko.

Irismena bai, baina soilik komeni denean
Beraz, audientzia da irizpidea dirua banatzeko. Baina, hala al da beti? Deiak jasotakoa aztertuko dugu. Jaurlaritzan agintzen duen alderditik ideologikoki gertuen dagoen hedabidea da 2018 eta 2022 artean diru gehien jaso duen laugarren hedabidea: bi milioi eta erdi euro.

Deia egunkariari urtetik urtera diru gehiago eman dio Jaurlaritzak publizitate bidez: 2018an 373.026 euro eta 2022an 565.795 euro. Hau da, bost urtean %34ko igoera. Oso hedabide gutxik gozatu du horrelako diru igoeraz.

Zabalpenari begiratuz gero, ordea, joera guztiz kontrakoa da. Jaurlaritzak hedabideen irismena sailkatzeko baliatzen duen CIES enpresaren neurketen arabera, Deiak 2018tik 2022ra irakurleen %38 galdu ditu paperean. 2018an 79.000 irakurle zituen eta 2022an 49.000. Konparaziorako, 2022an CIESek ARGIAri 52.000 irakurle esleitu dizkio EAEn. Datu antzekoak izanik ere, Deiak iaz 565.795 euro jaso ditu Jaurlaritzaren publizitatetik, eta ARGIAk 24.097. Internet-en izandako igoerak ez luke igoera hori justifikatuko, igoera hori orokorra delako hedabide guztietan.

Eta ez dezagun ahaztu: Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak 2012tik 2016ra arte zuzendu zuen egunkari hori krisi ekonomiko betean izan da. Azken urteotan Deiako langile batzordeak askotan salatu du bizi duten “egoera jasanezina", soldata jaitsierak eta kaleratzeak tarteko.

Status quoa indartzeko
Interneten etorrerarekin hedabideen irismen erreala kuantifikatzea zaila izateaz gain, irismena irizpide bakartzat hartzeak zirkulu biziatua sortzen du. Irakurle/entzule/ikusle gehien duten hedabideei txikiagoei baino askoz diru gehiago emanda, handiak handi izaten jarraituko du eta bazterrekoak bazterrean. Ahaztu gabe, urtez urte datuek erakusten dutena: gaztelaniaren hegemonia betikotzen laguntzen du irizpide horrek, euskararen kaltetan.

Banaketaren joera nagusia urtez urte errepikatzen dela ikusita, aurretik sumatzen genuena orain argiago esan dezakegu: publizitatearen banaketa ez bidezkoaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak hedabideen ekosistema baldintzatzen du urtez urte, haren interesen arabera.

Eta orduan, zer?
Aldaketa oro norberetik hasten da, eta gai honetan hedabideek ere erantzukizun handia dugu, ia inork ez baitu gai honi buruz hitz egiten eta inork ez baititu bere datuak argitaratzen. Batzuek agian jasotzen duten diru apurra galtzeko beldurra dutelako, eta beste batzuek, jakina, opakutasuna onuragarri zaielako eta diru partiketa alde dutelako. Instituzioei erantzukizuna kendu gabe, hedabideok agian, etsenplu izan beharko genuke, gardenago jokatu eta sektore publikotik jasotako diru-sarrerak argitaratu, are gehiago botere politikoarekiko menpekotasun lotsagabearen ondorioz, komunikabide nagusien sinesgarritasuna oso hondatuta dagoen garaiotan.

Irismena irizpide bakartzat hartzea bateraezina da erakunde publiko orok sustatu behar duen aniztasunarekin. Horrela informaziorako eskubidea merkatuaren eta kapitalaren "borondatearen" esku uzten ari dira. Telebista piztea besterik ez dago ikusteko zein "aniztasun" kultural eta politiko mota eskaintzen duen merkatuak esku-hartze publikorik gabe.

Ez al litzateke interesgarria izango diru kopuruetan gehieneko mugak ezartzea talde handientzat? Eta irismenaz gain beste neurgailu batzuk kontuan hartzea publizitatea orekatzeko? Adibidez, ondoko aldagai sozialak sartuz: hedabidearen gardentasun-maila, kooperatibismoaren sustapena, langileen baldintzak, komunikabidearen independentzia maila, kontu deontologikoen bermea... Ala normala egiten al zaigu maila berean saritzea multinazionalen jabetza duten hedabideak eta langileak jabe diren komunikabideak?

Politika feministetan diskriminazio positiborako arauak nagusitzen dira, pribilegiatuen eta diskriminatuen arteko desberdintasun historikoak arintze aldera. Politika fiskal justuetan gehiago ordaintzen du gehiago duenak, banaketa bidezkoagoa egiteko. Baina publizitate instituzionalaren gaiari dagokionez, guztiz kontrakoa gertatzen da. Hain zuzen, diru gehien dutenei ematen die diru gehien Jaurlaritzak. Ezer alda ez dadin.


*Jaurlaritzaren datuak aletu eta egituratu dituen Jaime Gómez-Obregónen elkarrizketa:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Publizitate instituzionalaren banaketa
2024-05-17 | Sustatu
2023ko Jaurlaritzaren publizitate gastua, Gobiernovasco.marketing webgune praktikoan

2023an ireki zuen Jaime Gómez-Obregon programatzaile espainiarrak Gobiernovasco.marketing tresna; Eusko Jaurlaritzak egindako publizitate kanpainen datuak modu ulergarrian azaltzeko, 2018-2022 urte tartekoak. Iazko datuak prozesatu ditu orain, eta berrikus... [+]


2023-12-11 | Axier Lopez
Jaime Gómez-Obregón
“Datuak zabaltzen dituzte aho txikiarekin, gardena izatea beste gauza bat da”

Jaime Gómez-Obregón ingeniariak oso tresna baliagarria sortu du Jaurlaritzaren diru publikoaren erabileraz gehiago jakiteko. 2018tik 2022ra erakunde horrek hedabideen artean banatu dituen publizitate kanpaina guztien datuak prozesatu, aletu eta era ulergarrian... [+]


Daniel Grabner, ikerlaria
“Egunkari nagusi gehienak erabat menpeko dira publizitate instituzionalarekiko, desagertu egingo lirateke gabe”

Hitzarmena iragarkien truke - hedabideen eta Austriako Estatuaren arteko menpekotasunak. Izenburu hori dauka Daniel Grabner ikerlariak (Austria, 1990) KriKoWi konferentzian egindako aurkezpenak. Bertan xehe azaldu du publizitate instituzionala nola banatzen den herrialde... [+]


2021eko datuak
Donostiako Udalak ia milioi erdi bat euro banatu dizkie gaztelaniazko hedabideei, publizitate instituzional kontzeptuan

Ia milioi erdi bat euro ordaindu zizkien gaztelania hutsez edo nagusiki hala diren hedabideei Donostiako Udalak publizitate instituzionalaren bidez, eta euskarazkoei, kontrara, 32.000 euro. El Diario Vasco eta Ser Irrati kateak diru-poltsaren ia erdia jaso dute, eta euskarazko... [+]


2021-04-13 | ARGIA
Iruñeko Udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu

Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu duenez, Iruñeko Udalak 2020. urtetik publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu euskarazko hedabideak, ez dutelako audientzia osoaren %10. Euskararen aldeko taldeak oroitarazi du 2016ko inkesta soziologikoaren arabera,... [+]


2020-07-15 | ARGIA
Nafarroako Gobernuak gaztelaniazko hedabideak bultzatzen ditu publizitate instituzionalarekin

2019an publizitate instituzionaleko gastuak zein hedabidetan egin dituen argitara eman du Nafarroako Gobernuak: Diario de Navarra eta Diario de Noticias dira Chiviteren Gobernuaren iragarkien onuradun nagusiak. Euskarazko hedabideek bide horretatik jasotzen duten dirua ere... [+]


Zortzi milioi euroren banaketa politikoa
Zein hedabide gizentzen du Jaurlaritzaren publizitateak?

Zortzi milioi euro banatu zituen iaz Eusko Jaurlaritzak hedabideen artean publizitate instituzional eta edukien babesletza kontzeptuetan. Ondorio ugari atera daiteke. Bat: diru publikoz gehien subentzionatutako hedabideak Vocento taldekoak dira eta urtero milioika euro ematen... [+]


2018-03-15 | Hala Bedi
Arabako Aldundiaren publizitatea: nora doa diru publikoa?

Zein dira publizitate bidez diru publiko gehien jasotzen duten hedabideak? Arabako Aldundiak publizitatea zein mediotan inbertitzen duen aztertu du Hala Bedik. El Correo de Álava da jaun eta jabe, publizitatearen %31,8a jasotzen baitu; nagusiki euskaraz aritzen diren... [+]


Publizitate eta babesletza instituzionala Gipuzkoako Aldundian
Hedabideetan eragiteko tresna politikoa

Publizitate instituzionalen eta babesletzen bidez, zein komunikabidek jasotzen du diru gehien eta zein dira bazterrean geratzen direnak? Zein dira banaketarako irizpideak? Gipuzkoako Aldundiaren kasua aztertu du ARGIAk, datu publikoak ematen hasi baita –bera da... [+]


2017-06-05 | Xalba Ramirez
Espainiako gobernuko zortzi ministeriok ez dute publizitatean gastatutakoaren daturik eman nahi

Espainiako Gardentasun Kontseiluak zortzi ministeriori iragarkien datuak publiko egin behar dituztela exijitu ostean, salaketa jarri dute Auzitegi Nazionalean erabakia ez betetzeko.

 


2016-04-27 | ARGIA
Publizitate beherakada dela-eta, bilera eskatu dute euskal hedabideek Gipuzkoako Aldundian

Hedabide euskaldunak biltzen dituen Hekimen elkarteak bilera eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, erakunde horrek iragarritako publizitate instituzionalaren beherakada aztertzeko. 2015eko aurrekontuarekin alderatuta, erdira jaitsiko du euskarazko hedabideetako publizitatea... [+]


Publizitate instituzionala
Gaztelaniazkoei %97, euskarazkoei %3

Erakunde publikoek milaka euro bideratzen dituzte publizitate instituzionalera. Euskal Autonomia Erkidegoan, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak hainbat publizitate eta informazio ekintza mota bideratzen dituzte hedabideetara, hala nola, kanpainak, iragarki ofizialak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude