Erabili eta bota. Abiadura handiko modak saltokiak eta etxeetako postontziak bete ditu aspaldion, fast fashion ere esaten zaio. Baina azkarretik baino inozotik gehiago du: lan prekarioarekin hondakin mordoa sortzeaz gain, arropa garraiatzen fuel-olio kopuru izugarriak erretzen ditugu, are gehiago hegazkinean eginez gero. Inditex da horretan txapelduna eta Zaragozako aireportua bihurtu du Europako operazio-gune handiena.
Delhitik datorren Atlas Air linearen Jumbo bat lurreratzeko zorian da Zaragozako aireportuan. Bere barruan 100 tona arropa daramatza, denak dira Inditexen markentzako eginak: Zara, Massimo Dutti, Pull&Bear, Bershka… Ondoren, talde multinazional horrek munduan dituen 5.815 saltokietara eramango dituzte arropak bueltan. Jumbo bat etorri da. Bat, eta beste bat, eta beste bat... Makina bat hegazkin egunero, fuel-olioa goitik botatzen, behin eta berriz, Jurgi Ekiza Willis Drummondeko gitarristak kantatzen duen moduan.
Moda azkarra edo fast fashion esaten zaio pasarelatik kontsumitzailearengana berehala iristen den arropari, kostu oso baxuarekin ekoitzia, eta apenas denboraldi bat erabili ondoren normalean zaborrontzian amaitzen duena. Erabilitako tinturek eta materialek (poliesterra, mikroplastikoak…) izugarri kutsatzen dute planeta; berotegi-efektua eragiten duten gasen %8 moda industriak isurtzen du; eta urtero munduan 93.000 milioi metro kubo ur behar da jantziak egiteko, NBEko Merkataritza eta Garapen Konferentziaren arabera.
1980ko hamarkadan hasi ziren saltoki-kateak moda azkarraren ereduarekin, eta azken hamabost urteotan bikoiztu egin dute ekoizpena. Gainera, beren estrategia asko findu dute, saltokietako stocka eta denborak doituta: jendeak pentsatu behar du aurrean dituen short-ak hurrengo astean ez direla egongo, erosi ditzan. Konpainia handienak gai dira modaren zikloa aste gutxi batzuetara murrizteko, entrega-epe oso laburrekin. Eta horretarako, hegazkin bidezko garraioa funtsezko bihurtu da, nahiz eta hamalau bider emisio gehiago eragin.
Public Eye ingurumen elkarte suitzarrak azaroan kaleratu duen ikerketa batek erakutsi du arroparen aire-garraioak Europar Batasunean duen inpaktua norainokoa den: 2022an 387.000 tona janzki inportatu ziren eta beste 347.000 esportatu hegazkinez, urtero 7.500 hegaldi inguru, egunero 20 kargarako abioi oso-osorik moda artikuluekin. Moda azkarreko marka asko ikertu dituzte Public Eyerentzat David Hachfeld eta Romeo Regenass kazetariek, iturri independenteak erabilita, baina denen artean bat nabarmentzen da, alde handiz gainera: Inditex.
Afrikako iparraldean, Turkian, Bangladeshen... Ehungintzako erraldoiaren produktuak non ekoizten diren berdin du, denak toki beretik igarotzen baitira: Zaragozako aireportutik.
Inditexen marka ezagunenak, Zarak, 621.244 tona arropa ekoitzi zuen 2022an eta beste urte batez errekorra txiki utzi zuen. Egun munduko bigarren arropa-konpainia handiena da Nike multinazionalaren atzetik eta 4.000 milioi eurotik gora irabaziko du aurten ere. Horren zati handi bat Amancio Ortega eta bere alaba Marta Ortegaren poltsiko eskuzabaletara joango da noski.
Ortegatarrek beren diru-zorroa arropa industrian egindako fortunarekin bete dute nagusiki, baina ez diete beste negozio batzuei muzin egin. Erraterako, energia berriztagarrietan inbertitu dituzte ehunka milioi euro, Repsolek dituen eolikoen proiektuetan. Josu Jon Imazek aliatu gisa ikusten du enpresari galiziarra, petrolio-konpainiak “zero emisio" izatea lortu dezan. Amancio Ortegak bere aldetik esan du inbertsio horien asmoa dela "ingurumenarekiko konpromisoa berrestea”. Hobe luke Arteixora txabusinak egitera itzuli eta arropa saltzeko eredu jasangarriago bat sustatuko balu, desazkunderako zalantzagarriak diren makro-azpiegituretan dirua jarri beharrean.
Zaragoza, aire bidezko modaren hiriburu
A Coruñan egindako azken batzar orokorrean, Zarak hitz eman zuen zero emisio lortuko dituela –eta ez 2050ean Repsolek bezala, baizik eta 2040an–. Horretarako karbonoa neutralizatzeko berriztagarrien proiektuetan sartzeaz gain, Join Life ("Batu bizitzara") bezalako etiketa "ekologikoak" kudeatu izan ditu, eta itsas garraio "garbia" sustatzeko ekimenetan parte hartu du: "Inditexi gustatzen zaio garraioaren eraginkortasunean izan dituen aurrerakadez informatzea, baina nahiago du isilik egon mundu osoan zehar bere arropa hegan bidaltzean klimari eragindako kalteak aipatzen direnean", diote Hachfeldek eta Regenassek euren ikerketan.
Afrikako iparraldean, Turkian, Bangladeshen... Ehungintzako erraldoiaren produktuak non ekoizten diren berdin du, denak toki beretik igarotzen baitira: Zaragozako aireportutik. Tuteratik apenas ordubetera, aireportu hartan duen PlaZa biltegi izugarrian sailkatzen du arropa Inditexek, eta ondoren munduko bazter guztietara bidaltzen du hegazkinez, baita Europa barrura ere –salbu eta errepidez 36 orduren buruan iristeko aukera dagoenean, orduan trailerrez bidaltzen ditu merkantziak–.
Astean halako 32 hegaldi kudeatzen dira Zaragozan, 1.600 hegaldi urtean, bakoitza 100 tona arroparekin. Estatubatuar batek Stradivariusen erosi dituen azken joerako jeans-ek seguruenik bi aldiz bidaiatu dute Jumbo baten sotoan milaka kilometrotan.
Quantis aholkularitzaren datuetan oinarrituta, Public Eyeko ikerketaren egileek diote ehun industriako CO2 isurien %3 garraioari dagokiola –gainerakoa materialen ekoizpenean sortzen da–, baina garraioa hegazkinez baldin bada, portzentajea %28ra igotzen da.
Public Eyeko ikerketaren egileek diote ehun industriako CO2 isurien %3 garraioari dagokiola –gainerakoa materialen ekoizpenean sortzen da–, baina garraioa hegazkinez baldin bada, portzentajea %28ra igotzen da.
Zentzugabekeria are handiagoa da kontuan edukita garraio-kostuak askoz handiagoak direla airez. Hala, 10 edo 15 euro balio duen tixerta batek uzten duen marjina hain da eskasa, hura egiten duen bangladeshtar emakumeari 34 zentimo baino ez dizkiola ordainduko bere nagusiak.
Hori horrela, zenbait herrialdetan kanpainak eta sinadura bilketak egiten ari dira Zararen aire bidezko moda merkartaritza amaitzea eskatzeko, Ropa Limpia ekimenak kasu. Baina Amancio gure ekintzailea ezin da halako txorakeriekin despistatu, aurrena iristea da garrantzitsuena, eta Inditexek arro dio bere saltokiak astean bitan hornitzen dituela arropa berriarekin.
Modako sektorean dagoen lehia ez baita samurra. Banatzaileen bidez zuzenean norbanakoen etxeetara arropa-paketeak bidaltzen dituzten online enpresen artean Shein ari da gailentzen, Public Eyen irakur dezakegunez.
Txinako Guangzhou hiritik egunero aireratzen dira hegazkin ugari Los Angeles, Londres edo Amsterdamera, China Southern Airlines operatzailearen bidez. Suitzako RTS telebista publikoak GPS bidez jarraipena egin die erosleek itzultzen dituzten Sheineko arropei: Txinara itsasontziz bueltatzen dituzte, baina gero berriz hegazkinez bidaltzen dizkiete beste erosle batzuei, gero eta azkarrago, eta azkarrago... bide luuuzea.
Hortaz, ondo pentsatu beharko dugu Gabonetan zer erosi, merkea dena uste baino garestiago aterako baitzaigu.
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]
EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]
Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]
Europan kutsadura maila aztertzen aritzen den Toxicowatch erakundeak egindako ikerketaren emaitzak dira. Erraustegia martxan jarri aurretik egin zituzten lehen azterketak, eta ondoren 2024ra arteko laginak aztertu dituzte. Iazko laginen emaitzak dira honakoak.
Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.
Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]