“Gauzak esploratzea gustatzen zait, nora helduko naizen jakin gabe”

  • Bere burua aurkezteko eskatu diodanean, ipurterrea dela esan dit Leo Bueriberik, eta aulkian jesartzeko moduan ere nabaritzen zaio nekez egoten dela geldirik. Hiru ordu-laurdenean hamaika gai jorratu ditugu –irratigintza, musika, aktibismoa...–, eta zenbat gehiago geratuko ziren kanpoan!

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Leo Bueriberi. Malabo, Ipar Bioko, 1998

Leo Bueriberi gasteiztarra hainbat arlotan dabil: musika jartzen du DJ Eromena izenpean, argazkilaritza analogikoa gustatzen zaio, O no será / Ez da izango irratsaioan parte hartzen du, eta kolaborazioak egiten ditu Zulora (Hiru Damatxo) eta Piztu TB (ETB1) saioetan; azken horretan Kora eta Maroa lagunekin batera agertzen da. Bestalde, Emakume* Migratu eta Arrazializatuen Sareko kidea da. Elkarrizketa honetan ez dugu tarterik izan queertasunaz eta sexu- zein genero-disidentziaz dituen ikuspegiak lantzeko, baina, interesa baduzue Bizi proiektuan egin zioten elkarrizketara jo dezakezue.

Hasteko, aurkeztuko zenuke zure burua?
Galdera erraza dirudi… Leo naiz, gaztea, sexu-genero disidentea, ipurterrea, musikazalea; denetatik egiten saiatzen den artista bat.

Nik DJ Eromena gisa ezagutzen zintudan, baina bideo batean ikusi zaitut MICE taldearekin abesten Gasteizko gaztetxean.
Oso ondo pasatu nuen. MICEkoek kontzertu bat zeukaten, gero nik musika jarri behar nuen, eta galdetu zidaten ea animatuko nintzen kantu bat kantatzera. MICEren oso fana naiz, eta abesti pare bat ezagutzen nituenez, bat aukeratu, behin entseatu, eta aurrera egin genuen. Kantua jakin arren, urduri jarri nintzen, eta momentu batean ahaztu nuen letra, eta pentsatu nuen, “bueno, ez da inor konturatuko” eta justu dago bideo-zati bat momentu hori erakusten duena!

Gustatzen zaizu gauzak probatzea?
Bai, lotsa aspaldi galdu nuen. Gauza batetik bestera ibiltzen naiz, probatzen, eta nahiz eta beste gauza oso desberdinak egin, batak besterako balio dit. Ezagutzak lotzen joaten naiz.

Hala Bedi tabernan egin dugu hitzordua. Zer lotura daukazu irratiarekin?
Gaur egun O no será / Ez da izango programan nabil, irratsaio feministan, hainbat talde txandakatzen gara programak egiteko. Nik Emakume* Migratu eta Arrazializatuen Sareko kide gisa parte hartzen dut programan. Astelehenetan emititzen da, gaueko hamar eta erdietan. Saio batzuk gaztelaniaz izaten dira, eta beste batzuk euskaraz. Zebrabidea-n eta Hizpidea-n ere ibili naiz kolaborazioak egiten.

40 urte bete ditu aurten Hala Bedik; ez da erronka makala. Kanpotik miresmen handiarekin ikusten da proiektua, zuretzat zelako espazioa izan da?
Nik uste politikoki nahiko espazio interesgarria dela, eta halako proiektu bat hainbeste denboraz mantentzea kristoren lana eta borroka da. Azkenean ehun pertsona baino gehiago gabiltza militantzian, programa pila bat egiten dira, eta programa batzuek 20 urte daramatzate. Nik uste hedabide alternatibo bezala nahiko baliagarria dela horrelako espazioak izatea; batetik, medio batzuetan entzuten ez ditugun gauzak edo eztabaidak izan ditzakezu, eta bestetik, espazioa bera nahiko irekia da. Kolektibo desberdinetako jendea elkartzen da, eta irratira hurbiltzeko aukera polita da: ez duzu irratigintza ikasi behar, han trasteatu dezakezu. Gertu daukazun medio bat da. Gainera, hedatzen joan da; hasiera batean hasi zen irrati moduan, gero dago erredakzioa, Hala Bideo atala… Nik uste dut Araban erreferentzia bat dela. Eta nabaritzen ari da belaunaldi-aldaketa; nola ari diren poliki-poliki ikuspegi berriak sartzen.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

DJ ekipo eta guzti etorri zara gaur gure hitzordura. Nolatan hasi zinen musika jartzen?
Pertsona nahiko inpultsiboa naiz, eta esango nuke guztizalea naizela. Aspalditik neukan musika jartzeko gogoa, eta hasi zen txorakeria bat bezala. Iazko azaroan kafetxo bat hartzen ari nintzela ohartu nintzen jada denboratxo bat neramala horretan pentsatzen, eta justu han zegoen Satéliteko Bibiana, eta esan zidan, “aizu, nahi baldin baduzu datorren hilean pintxatu dezakezu hemen”. Baietz esan nion, mahaia erosi, eta pentsatu nuen: “Badaukat hilabete, ahal dudan guztia ikasiko dut, eta horrekin aurrera”.

Kikildu gabe.
Bestela noiz? Bestela oso pentsamendu polarizatua izaten dut: edo ez dut egiten, edo perfektu egin behar dut eta DJ akademiara joan behar naiz, zerotik dena ikasi... Niri gustatzen zait ekintza. Orduan hasi nintzen tutorialak ikusten.

"Hip hop, assonto, amapiano, afrobeats, dancehall, afropop, r&b, funk carioca… musika jartzen dut; batzuetan soinu elektronikoekin nahastuz"

Hori galdetu behar nizun, nola ikasi zenuen?
YouTube. Kurtso batean sartu nintzen, baina hainbat bideo ziren, eta nik ezin ditut bost bideo ikusi, bi minutukoak izanda ere, ezin dut azkeneraino iritsi. Lehen bideoa ikusi eta probatu nahi dut. Azkenean, zuk ikusten duzun moduan egin behar duzu, zu moldatzen zaren moduan, zuri gustatzen zaizuna, eta niri gustatzen zait pila bat musika, toki batera joaten naiz eta abestien erdiak ezagutzen ditut. Pintxatzea da nire festa egitea bezala: nire playlist gustukoena jarri, nik besteek baino hobeto pasatu…

Zer musika mota jartzen duzu?
Besteak beste, hip hop, assonto, amapiano, afrobeats, dancehall, afropop, r&b, funk carioca…; batzuetan soinu elektronikoekin nahastuz. Azkenean, ikasketa-prozesu hau ez da bakarrik mahaiarekin trasteatzea, baizik eta nire burua ikustea halako espazioetan, ea nola doan.

Aurten izan dut aukera polita testuinguru ezberdinetan jotzeko: ez da gauza bera jotzea bermut batean, arratsaldeko seietan merkatu batean edo gaueko ordu bietan gaztetxe batean. Nire burua ikustea halako egoeratan, antsietatea eta presioa kudeatzea, ariketa polita izan da niretzat.

Baduzu egunen bat bereziki gogoratzen duzuna dena delako arrazoiren batengatik, ona edo txarra?
Ona edo txarra… Estres-momentuak egon dira. Posible den heinean lagunen batekin joaten naiz, baina normalean bakarrik, orduan gertatu izan da DJ-saioa hastea, kableren bat gaizki egotea, gaizki entzutea, eta igual ordu-erdi galtzea konponbide baten bila. Daukat ordenagailu eramangarria pixka bat izorratuta, berotzen zait pila bat, eta, behin, Bizi proiektuaren festan, Bilboko Biran, hiru bider itzali behar izan nuen. Orduan pentsatu nuen: Bad Gyal abestuko dut. Hartu nuen mikroa, teknikariari abisatu…

Zer kantu abestu zenuen?
“Zorra”. Eta publikoa nirekin abesten! Beste batean ere amaitu nuen abesti bat kantatzen. Nik uste harrerak ere laguntzen duela, jendearen jarrerak. Batzuetan izaten duzu beldurra, nola egingo dut, presioa… Baina ikasi dut zuzeneko kontuak direla, arazoak gertatzen dira, eta aurrera.

Giroa sortzea oso inportantea da musika jartzen duzunean.
Polita izan da zeren DJ plan horietan ibiltzen naiz nik faltan hartzen dudanaren bila: faltan dut era horretako musika afrikarra entzutea. Badaude espazio batzuk horretarako, baina oso gizonezkoenak dira. Adibidez Ginean ez nintzateke halako batera joango, señoro-en taberna tipikoak dira, futbola eta beste.

Eszenatokiaren beste aldean nor dagoen ere, horrek baldintzatzen du giroa, eta guaia izan da festa alternatiboetan parte hartzea, festa queerrak, festa feministak, halakoetan dagoen jendea eta giroa.

Honantz nentorrela ikusi dut Zulora saioan ere kolaboratzen duzula, iritzi-pilulak egiten.
Bai. Galdetzen didatenean ea zer egiten dudan, ba hilabetearen edo egunaren arabera erantzuten dut. Uste dut pandemia-garaian parte hartu nuela lehen aldiz Zulora-n, joan nintzen elkarrizketatu moduan, eta gero hurrengo urterako kolaborazio bat egitea eskaini zidaten. Aurten errepikatuko dugu formatua, baina kapitulu batzuetan agian ibiliko naiz kale-inkestak egiten Gasteiztik, gauzak galdetzen. Graziosoa.

"Aktibismoa nekagarria da. Nik uste dut badagoela exijentzia bat ere, eta jakin behar dugula noiz erretiratu, jakin behar dugu gure burua zaintzen, eta horrek izan behar du lehentasun bat"
 

Aktibismo antiarrazistari buruz galdetu nahi nizuke orain. Emakume* Migratu eta Arrazializatuen Sareko kidea zara: ezagutzen ez duenarentzat, zer da?
2017an sortu zen, eta espazio feminista, antiarrazista eta dekoloniala da. Espazio ez-misto gisa sortu zen, ikusten genuelako beharra horrelako espazioak izateko, gure erabakiak hartzeko; azkenean militantzia-espazio mistoetan ematen dira botere-dinamika batzuk, eta saihestu nahi genituen, teorian ez ezik praktikan ere bai, ze halako gauzak gertatu dira. Niretzat, sarea, erresistentzia moduko zerbait da, irlatxo bat, azkenean ez gara agenda politiko batengatik bakarrik batzen. Batzuk gaude Gasteizen, beste batzuk Bilbon, beste batzuk Bergaran… Batzen garenean hartzen dugu eguna edo asteburua, eta lehenengo orduak izaten dira elkar agurtzeko eta ikusteko zer moduz gauden. Zaintza-espazio bat da, baita beste maila batzuetan ere.

Hor gaude emakumeak eta pertsona disidente batzuk, jatorri desberdinetakoak, gehienak Hego Amerikakoak eta batzuk afrikarrak. Batzuetan egiten ditugu barrurako ekintzak, beste batzuetan egiten ditugu formakuntzak, tailerrak edo dinamika irekiak. Eta indarra daukagunean beste dinamika edo deialdi batzuekin batzen gara.

Zein da zure harremana aktibismoarekiko? Elkarrizketa batean entzun dizut oreka bilatu nahi zenuela, nekagarria ere gertatzen baita.
Bai, nekagarria da. Nik uste dut badagoela exijentzia bat ere, eta jakin behar dugula noiz erretiratu, jakin behar dugu gure burua zaintzen, eta horrek izan behar du lehentasun bat. Bukatu dezakezu erreta, egon zarelako hau egiten edo jende zuria aguantatzen edo jende zuriarekin eztabaidatzen, eta igual behar duzu desintoxikazio bat.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Lantegiak antolatu izan dituzue, besteak beste pribilegio zuriari eta desira deskolonizatzeari buruz. Zer-nolako esperientziak izan dira?  
Pribilegio zuriaren tailerra, adibidez, hiru saiokoa zen. Formatu motzean egin izan dugu, baina Gasteizko Emakumeen Etxean egin genuenean izan ziren hiru txanda, eta nahiko nekagarria izan zen. Nahiz eta espazio feministetan egin, nahiz eta emakume feministei zuzenduta egon, azkenean jendeak ikusten duenean gizon zuri heldu bat konferentzia bat ematen ez da ezer zalantzan jartzen, eta egon gara halako egoeretan non erantzun dugun zeozer eta pertsona bat zegoen Googlen bilatzen ea benetan gure erantzuna zuzena zen.

Halako espazioetara joaten naizenean ni ez noa lagunak egitera, noa super serio: etorri naiz, esango dut hau, argi eta garbi, eta espazio feminista batzuetan eskatu digute ea salaketak zaintza pixka bat gehiagorekin egin genitzakeen. Feminista zurien artean oso normalizatuta dago gauzak erretzea, borrokatzea, a las barricadas… Baina pertsona arrazializatu bat zarenean esaten dizute egoteko lasai, “gauzak ez dira horrela egiten”, “enpatia izan behar duzu nirekin”…

Azkura eragiten du.
Asko. Beraz, azkenaldian egon gara gehiago emakume arrazializatuentzako tailerrak ematen: egin genuen irrati-tailer bat, adibidez, eta aprobetxatu genuen emakume arrazializatu erreferenteen genealogiak berreskuratzeko. Sarearen barruan kezka sortu zaigu ea baietz esan behar dugun beti deitzen digutenean, ea zertarako gordeko ditugun indarrak eta norentzat. Orduan azkenaldian ari gara emakume arrazializatu eta migratuentzat gauzak egiten; pandemia-garaian, adibidez, kideetako bat psikologoa da, eta berarekin saio batzuk egiten genituen online.

Ikusten dugu ezin garela gauza guztietara heldu, edo gure buruari galdetzen diogu zergatik jarraitu behar dugun agenda hegemonikoa. Konturatu gara igual gu agenda horretara batzen garela baina kontrakoa denean ez dituzula ikusiko feminista zuriak gure deialdietara etortzen. Beraz agian gure agenda propioa eramango dugu; noski gauza batzuk izango ditugula komunean, baina kito.

"Halako espazioetara joaten naizenean ni ez noa lagunak egitera, noa super serio: etorri naiz, esango dut hau, argi eta garbi, eta espazio feminista batzuetan eskatu digute ea salaketak zaintza pixka bat gehiagorekin egin genitzakeen”

Amaitzen joateko, badakit argazkilaritza ere interesatzen zaizula.
Orain pixka bat geldirik daukat arlo hori, baina hasieran pentsatu nuen: hartuko dut kamera analogikoa eta trasteatuko dut, eta batez ere nire lagunak erretratatzeko kontu bat zen, ikusi nahi genuen black joy [alaitasun beltza] pixka bat, jende arrazializatua pozik, gauzak egiten. Gainera nire lagunak halako espazioetan mugitzen dira –ikus-entzunezkoak eta ilustrazioak egiten dituzte, adibidez– eta erraz ateratzen zen. Baina bueno, gaur izango da argazkilaritza, eta bihar ez dakigu. Bilaketa horretan, gustatzen zait gauzak esploratzea, berdin zait nora helduko naizen. DJaren kontuarekin berdin, ez dakit noiz arte egongo naizen horretan, momentuz gustatzen zait, disfrutatzen dut, eta balio izan dit baita depresioa ekiditeko ere.

Bai?
Hasi nintzenean justu langabezian geratu nintzen, eta noski sistema kapitalista honetan, bat-batean zenituen ez dakit zenbat ordu lan, eta bat-batean ez daukazu ezer eta ea zer esaten diezun galdetzen dizutenean zer egiten duzun. Ez dut ezer egiten. Baina ez da egia. Hasteko, deskantsatzea, zure burua zaintzea, zure garapen pertsonalean aritzea, hori ez da ezer ez egitea; nire burua zaintzen ari naiz, nire bizitza antolatzen, planifikatzen, bizitoki bat bilatzen eta halako gauzak egiten. Baina musika jartzearena zen modu bat ohetik altxatzeko, ilusioa pizteko eta gorputza mugitzeko. Eta gero musikarekin dudan harremana, musikak balio dit pila bat gorputza erregulatzeko, emozioak ateratzeko, lasaitasun-puntu batera iristeko, gauzak kanporatzeko… Balio terapeutiko bat ere izan du niretzat. Gero joan naiz gehiago ikasten, eta momentuz DJaren kontua da nire obsesioa.

Etorkizunera begira zer erronka daukazu?
Abenduaren 14an Donostiako Dokan izango naiz stand up probalekuan Karkarkar proiektuko jendearekin, nire bakarrizketari-fazeta esploratzen. Ez dakit zenbat aldiz egingo dudan gauza bat edo bestea, baina proiektu berrietan parte hartu nahi dut, eta nire burua ikusi eszena ezberdinetan. Deitzen nauten tokian musika jartzen aritzea espero dut, eta bestetik aritu nahi dut gauzak egiten pozik eta gogotsu, berdin du zer egiten, baina gogoekin, gozatuko dut eta bizipoza bilatuko dut horrekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Existentzia mugimenduan jartzea

TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an

-----------------------------------------

Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


2024-12-20
Benetako gozoki musikala

Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta  I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]


2024-12-20 | Iñigo Satrustegi
Nora egon gara begira

Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.

-----------------------------------------------

Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]


2024-12-15 | Iker Barandiaran
Atzera begiratu, hausnartu eta dantzatu… madarikatuak!

Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024

------------------------------------------------

Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]


Kobane hiriaren aurkako erasoaldia hasi du Turkiak

Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


Eguneraketa berriak daude