“Larrialdi humanitarioa da, eta katastrofea ez da naturala, administrazioak eragin du”

  • Madrilgo Cañada Real auzoan bizi da Houda Akrikez (Tanger, 1982) Tabadol elkarteko presidentea, Puerta del Sol plazatik hamasei kilometrora. Hiru urte daramatzate auzoan argindarrik gabe 4.000 lagunek, tartean 2.000 haurrek, Naturgy enpresak hornidura elektrikoa eten zietenetik. Hernaniko Harian erresistentzia zinemaldian eman dute Guillermo Garcíaren Aunque es de noche film laburra, Cañadako errealitatea erakusten duena; bertan izan da Akrikez, auzoaren egoeraren eta borrokaren berri emateko.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2020ko urriaren 2tik hornidura elektrikorik gabe zaudete auzoan. Zer dago horren atzean?
Gure etxeetatik indarrez aterarazi nahi gaituzte. Madril hego-ekialderantz ari da hazten, ez dago hiria handitzeko beste modurik, eta hor Cañada Realek enbarazu egiten du; ziur gaude Vallecasko zabalguneko, Los Ahijonesko eta Berrocaleseko hirigintzako promozio handiekin duela zerikusia. Horren atzean Madrilgo Udala eta Madrilgo Erkidegoa daude, baina baita Espainiako Estatua bere osotasunean ere, eskubide urraketa horien konplize delako. Jada hiru urte eta lau negu daramatzagu egoera horretan.

Nolako baldintzetan bizi zarete?
Ezin ditugu hozkailua eta garbigailua erabili, ez dugu ur berorik, ezta berogailurik ere. Haurrek ezin diote eskolako erritmoari eutsi ikasgai guztiak gela birtualetan daudelako eta ez daukatelako wifirik eta gailu elektronikoak kargatzeko aukerarik; lanak egiteko kandelak pizten dituzte, eta horrek erredurak egiteko edo zerbaitek su hartzeko arriskua dakar. Horrez gain, Madrilgo Udalak ez ditu auzoak garbitzen eta zaborra kalean botata dago eta etxebizitzak ilegalki eraisten dituzte; gertatu izan da norbait oporretara joan eta itzultzean etxebizitza botata egotea, udalak eta erkidegoak erabaki dutelako etxe hori abandonatuta dagoela. Gisa horretakoak maiz gertatzen dira auzoan.

Cañadako 5. eta 6. guneei eragin die gehien argindarraren mozketak; oinez hiritik 45 minutura daude, isolatuta. Baina Cañadan ez dago dendarik, eta hozkailuetan ezin dugu janaririk eduki, beraz, erosketa maiz egin behar dugu. Arropak eskuz garbitzen ditugu, ontziak ur hotzetan, umeak dutxatzeko ura kazoletan berotzen dugu eta, hala ere, dutxak hotzak egoten direnez, haurrak maiz gaixotzen dira. Seme-alabak gaixotzen badira emakumeok ezin gara lantokira edo ikastera joan… Horrek guztiak aktibista eta feministok orain arte egindako borrokan atzerapauso nabarmena eragin du.

Argazkia: Olmo Calvo

Emakumeei eragiten dizue gehien eta, aldi berean, zuek zarete neurri handi batean egoera horren aurka borrokan ari zaretenak.
Familia-kontziliazioa oso astuna egiten zaigu, etxeko zama gure gain hartzen dugu eta ez dakigu nola egin borrokari ere denbora eskaintzeko. Argindarra moztu aurretik ere antolatuta geunden; Tabadol emakumeon elkartea 2007an sortu genuen, emakumeei euren komunitateko lider izateko tresnak emateko helburuarekin. Lan handia egin genuen horretan, baita emakume marokoar eta ijitoen integrazioan ere, Madrilgo komunitatean integra zitezen.

"Eskubide sozialekin konprometitutako nazioarteko erakunde guztiek arrazoia eman digute Espainiako Estatuak izan ezik”

Hornidura elektrikoa etendakoan aurrenak izan ginen borrokarako deia egiten, eta elkartea erakunde, elkarte eta norbanako politiko askorekin saretu da. Elkarrekin saiatu gara auzoko egoera gizarteratzen eta protesta egiten; hasieran egunero manifestazioak egin genituen hogeita sei egunez jarraian, eta, pixkanaka, antolakunde eta norbanako gehiago batu dira. Civica plataforma sortu dugu, eskubide urraketak salatzeko eta argindarraren aldeko borroka babesteko. Giza eskubideekin konprometitutako 65 elkarte baino gehiago elkartu gara, eta manifestu argia kaleratu dugu, honakoa eskatzen: “Argindarra orain, kontratuak eta jarraipen-mahaia”.

Lehenengo puntua, argindarrarena, ez dugulako onartzen Madrilgo auzo batean hornidura elektrikorik gabe egotea. Kontratuak, hiritar gisa onartuak izan nahi dugulako, eskubidedun subjektu gisa, gure hornigaiak ordaintzeko aukera izan dezagun. Azkenik, jarraipen-mahaia, uste dugulako ezin dugula Cañada Realgo auzoan aurrerapenik egin bizilagunok eta Madrilgo Erkidegoa koordinatuta egon gabe; gure auzoaren gainean hartzen diren erabakietan auzokideok bertan egon behar dugu.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Nola eragin du osasunean hainbeste denboran argindarrik gabe bizitzeak?
Osasun fisikoari dagokionez, izozte sintoma asko izan dituzte haurrek eta jaioberriek; Filomena ekaitzean sei hilabeteko haur bat hil zen horregatik. Hotzarekin eta hezetasunarekin handitu egiten da arnas-aparatuko infekzioak agertzeko arriskua, eta gisa horretako gaixotasun kronikoak dituztenen osasuna asko okertu da, besteak beste, ezin dutelako sare elektrikora konektatuta egon; pertsona diabetikoek ezin dituzte sendagaiak ongi kontserbatu hozkailuan…

Baina batez ere buru-osasunean eragiten du, gehienbat emakume eta umeetan, gu baikara baldintza horietan dauden etxeetan denbora gehien igarotzen dugunak. Gogoan dut Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren atarian nerabe gehienek depresioaren aurkako pilulak hartzen zituztela, antsietateagatik. Ikasketa maila altua zuten ikasleen errendimendua nabarmen jaitsi da eta izan nahi dutena ikasteko aukerarik ez dute. Oso auzo gaztea da Cañada, eta familia bakoitzak batez beste hiru seme-alaba izaten ditu. Haur eta nerabe horiek etorkizunerako helburu eta ametsak dituzte, baina eguneroko egoerak zaildu egiten die horiek lortzea.

Sir(a) Tratu Txarren eta Torturaren Biktimei Laguntzeko Zentroak txosten bat egin zuen Cañada Realgo bizilagunok bizi genuen egoerari buruzkoa, eta ondorioztatu zuen “ingurune torturatzailea” dela; sentitzen dugu etengabeko tortura ari garela bizitzen. Elkarrizketatuen erdiak baieztatu du buru-osasuneko arreta behar duela, eta %15,7ak jarraikortasunez pentsatzen duela suizidioan. Carlos III.a unibertsitateko Oinarrizko Eskubideen masterreko ikasleekin elkarlanean aritu gara, eta haiek ere txosten bat egin dute gure egoera aztertzen eta salatzen.

Civica plataformak Espainiako Estatua salatu zuen Europako Kontseiluko Eskubide Sozialen batzordean, hornidura elektrikoa eteteagatik. Zein ibilbide izan du salaketak?
2022ko urrian jaso genuen erantzuna: bizitzen ari garena eskubide urraketa gisa definitu zuen batzordeak, eta adierazi zuen ezin dela onartu Europan baldintza horietan bizi den gizarterik. Horregatik, Espainiako Estatua estutu zuen hornidura elektrikoa berehala ezartzeko. Hark, ordea, erantzun du ezin duela argindarra berrezarri ehun elektrikoa zahartuta dagoelako eta bizilagunak arriskuan jar gaitzakeelako. Cañada Realek 50 urte ditu; zergatik ez da egon arriskurik azken 50 urteetan? Gainera, adierazi zuen gezurra dela salaketan esan genuena, bizilagunoi ez zaigula ezer falta.  Erantzunari alegazioa aurkeztu genion, eta orain batzordearen erantzunaren zain gaude. Esperantza handia dugu Europar Batasuneko batzorde horretan.

Espainiako Estatuan egin duzue salaketarik?
Madrilgo Erkidegoaren eta Naturgy hornidura enpresaren aurkako salaketa jarri genuen instrukzio epaitegian, eta hor ere arrazoia eman digute. Probintzia auzitegiak agindutako adituaren txostenak erakusten du tentsio altuko dorreetan aparatu batzuk jarri dituztela indarra mugatzeko, etxebizitzetara ez dadin iritsi behar adina. Txostenak ikusita, Herriaren Defendatzaileak berretsi du Cañadakoa larrialdi humanitarioa dela eta Espainiako Estatuari tresnak eman dizkio argindarra berrezartzeko. Hala ere, ez dugu lortu argia itzul dadin.

Auzoko haurrek 65 gutun inguru idatzi zituzten haien egunerokoaren berri ematen, eta horiek helarazi dizkiegu Nazio Batuetako sei errelatoreei, Madrilgo alkateari, erkidegoko presidenteari eta Madrilgo Erkidegoko Cañada Realgo ordezkariari; 2021eko abenduan Madrilgo udaletxearen aurrean irakurri genituen.

Nazio Batuen Erakundeak ere arrazoia eman digu; eskubide sozialekin konprometitutako nazioarteko erakunde guztiek arrazoia eman digute, Espainiako Estatuak izan ezik. Herriaren Defendatzaileak esan bezala, gertatzen ari dena larrialdi humanitarioa da eta katastrofea ez da naturala, administrazioak eragindakoa baizik.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Salaketa formal horiez gain, zein ekintza egin dituzue?
Ekintza politiko, sozial eta kultural asko egin ditugu, guztiak hornidura elektrikoaren etetea salatzeko. Esate baterako, 4.000 kandela piztu genituen ondorioak jasaten ari garen 4.000 auzotarron omenez, honako esaldiarekin: “Gu itzaltzen ari dira”. Gabonetan, Madrilgo Udalak milioika euro erabili zituenean kaleak zentzugabe apaintzeko gu hornidura elektrikorik gabe geunden bitartean, Boamistura elkartearekin batera kalearen zati bat argiztatu genuen “borrokan jarraitzen dugu, ilunpetan jarraitzen dugu, argindarra Cañadarentzat, kontratuak nahi ditugu” aldarrikatuta.

Azken urtean parke bat eraiki dugu Todo Por la Praxis taldearekin batera, umeek pedalei eragiten dieten bitartean “argiarekin ez da jolasten” kartela argiztatzen duena. Horrez gain, 400 días sin luz (400 egun argirik gabe) antzerki obran parte hartu genuen auzoko hiru emakumek, eta gure artean ere egin dugu obra txiki bat, Los nombres del miedo (Beldurraren izenak) izenekoa. Horiek dira egin ditugun ekintzetako batzuk.

Argia moztu aurretik nolako tratua jasotzen zenuten instituzioen aldetik?
Cañada Real beti aritu izan da borrokan, hornidura elektrikoaz gain bestelako oinarrizko eskubideak ere urratzen direlako: osasungintza, hezkuntza, asfaltatzea, arreta sozial eta komunitarioa… Baina aldea nabaritu dugu duela hiru urtetik hona, hain zuzen, Madrilgo Erkidegoko gobernura PP iritsi zenetik. Aurreko gobernuarekin elkarrizketak izan genituen, baina oraingoarekin ezinezkoa da. Mila aldiz eskatu dugu erkidegoko presidentearekin bilera bat, baina ez digute kasurik egiten, haientzat gaizkileak baino ez gara. Naturgy enpresarekin ere saiatu gara bilera bat lortzen, baina hori ere ez dugu lortu. Oso estigmatizatuta dagoen auzoa da, eta Espainiako hirugarren mundua islatzen du: muturreko pobrezia, maila instituzionalean eta sozialean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Madril
2024-10-10 | Gedar
Guardia Zibilak bizkarretik tiro eginda hil zuen pertsona bat Madrilen, agerraldi psikotiko bat jasatean

Gutxienez hamabi poliziak inguratu zuten gaztea. Erail zuen agenteak esan du gainera joan zitzaiola agerraldia izan zuen gaztea, baina bertsio hori gezurtatu du lekuko batek. 2020an izan zen hilketa, eta orain ari dira epaiketa egiten.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-05-30 | ARGIA
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan

Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


Zapaterok dio Ostiral Santukoaren gisako akordio bat egon zela ETAren amaieran

Madrilgo Ateneoan ETAren amaierari buruzko zikloa egiten ari da azken asteetan, eta bertan astearte honetan egindako adierazpenetan, Irlandako bake prozesuan izandako jendea euskal bake prozesuan izatea oso garrantzitsua izan zela aipatu zuen José Luis Rodríguez... [+]


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


2024-05-03 | Gedar
Infiltratutako beste polizia bat atzeman dute Madrilgo hainbat kolektibotan

Lucia Rodriguez polizia-agenteak hiru urtez egin zituen sator-lanak Distrito104 gazte-kolektibo antifaxistan eta Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduan, aurreko udazkenera arte.


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
“Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei”

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Lau egun dantzan Pedro Sánchezen dimisioaren bueltan

Zer egingo du Sánchezek datorren astelehenean? Dimititu edo jarraitu? Hori da Espainiako Estatuan une honetan bolo-bolo dabilen auzi nagusia. Lau egunotan horretaz besterik ez hitz egitea lortuko du Sánchezek. Eta bide batez Manos Limpias, PP-Vox eta lawfare-ari... [+]


Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


Materialismo histerikoa
Madrildik dator notizia

Oso gutxi ikusten zen jada “Antifaxista”, horrela, zuzenean, “Antifascista”, Madrilen, biseretan, kamisetetan. Eta begiratzen zitzaien antifaxismoa nostalgia moduko bat balitz bezala (bisera bat, kamiseta bat), izan ahal balitz bezala. Eta orain loratu... [+]


Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


Golpismo giroan onartu dute inbestidura akordioa PSOEk eta Juntsek

Joan den ostegunean zen aurkeztekoa akordioa, baina Juntsek ez omen zuen ikusten guztiz lotuta amnistiaren inguruko akordioa, eta astebete behar izan dute azken hari horiek ondo jozteko. Hortaz, datorren astean Pedro Sánchezen inbestidura saioa izango da, seguruenik... [+]


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude