Plastiko kutsadurari konponbideak aurkitu nahian, Kenyako hiriburuan bildu ziren 161 estatuko delegatuak, hainbat GKE eta industriaren sektoreko presio-taldeekin batera azaroaren 13tik 19ra. Negoziaketetan lehiatzen dira bi estatu multzo: bata, ekoizpena murriztearen aldekoa eta bertzea, horren ordez, birziklatzea sustatzearen aldekoa. Alta, birziklatzearen erabilera politikoak eta muga fisikoek erakusten digute lehen aukera baizik ez dela bideragarria.
Plastikoz blai bihurtu zaigu biosfera: mikroplastikoak –5 mm baino gutiagoko plastiko puskak– itsasoak bete eta bertako ekosistemetan metatzeaz gain, hortik lurrinketarekin aireratu eta atmosferan aurkitzen dira ere, hainbat ekosistematan barreiatuz, hala Pirinioetan nola Artikoan. Kutsadura hori gure odolean eta gure burmuinean aurkitzen da, gure osasuna kaltetuz. Zaborra sortzen duen kate honen hasierak ere –petrokimikak– kutsadura sortzen du: oro har, plastikoaren ekoizpenak eta erabilerak berotegi efektuko gasen isurketen %3,4 sortzen zuten 2019an.
2000tik 2020ra plastiko ekoizpena bikoiztu da, munduan 460 milioi tona izateraino. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen arabera, gaur egundik 2060ra zabor plastikoa hirukoiztu daiteke, baina gaur egun plastikoaren %9 baizik ez da birziklatzen, gainontzekoa lurperatzen delarik, edo erretzen, edo ingurumenean barreiatzen.
Azken urteotan mikroplastikoen eraginaz ohartze globala zabaldu da, eta hainbat ekimen martxan jarri dira horri aurre egiteko. Horietarik bat azaroaren 13tik 19ra Nairobin (Kenya) antolaturiko goi-bilera izan da. Bertan bildu ziren 161 estatuko 2.000 inguru delegatu, plastiko kutsaduraren aurkako mundu mailako neurriak adosteko asmoz. Bortz goi-bileren hirugarrena izan da Nairobikoa, eta bertan ageri da, oro har, negoziaketak bi talderen artean egituratzen direla.
Alde batetik, hirurogei bat herrialde, Rwandak, Norvegiak, Kenyak eta Europar Batasunak bultzaturik, hitzarmen hertsagarri baten alde dira, plastikoaren kontsumoa eta ekoizpena murrizteko helburuarekin. Rwanda izan da, hain zuzen, plastikozko poltsak debekatu dituzten lehen estatuetakoa. Bertzaldetik, AEB, Saudi Arabia, Txina, Errusia eta India, kontsumoa murriztu beharrean, zaborren kudeaketa eta birziklapena lehenesten dituztenak.Hainbat GKEren arabera, bigarren multzo hori aurrerapenak oztopatzen aritu zen. Fondation de la Mer (“Itsasoaren Fundazioa”) erakundeko presidente Sabine Roux de Bézieuxek dio estatu batzuek asko galtzeko luketeela ekoizpena murriztea adostuko balitz, plastikoa ekoizten dutelako edo haien industriak eta bizimoduak plastiko asko kontsumitzen duelako.
Ontzi botagarriak petrolioaren sektoreak bultzatu zituen 1970eko hamarkadan, ordurarte berrerabiltzen ziren –nagusiki beirazko– ontzien ordez. Ontzi botagarriak hobe onartarazteko, birziklapena sustatu zuten –hitzetan bederen, praktikan dena birziklatzetik oraindik oso urrun baigaude–. Birziklatzeak ontziaren kostua eta ardura esternalizatzen ditu, partzialki edo osorik, kontsumitzaile eta erakunde publikoen gain.
Industriaren ahaleginez, 1970eko hamarkadatik hona zaborren kudeaketa norberaren ardura bihurtu da; nagusiki, ekoizpen prozesua ekuaziotik kenduz, eta dena birziklatuko ez zela hasieratik jakinik ere. How Big Oil Misled The Public Into Believing Plastic Would Be Recycled (“Petrolioaren sektoreak plastikoa birziklatuko zela nola sinestarazi zion publikoari”) erreportajean Laura Sullivanek azaltzen duen bezala, AEBko Plastiko Industriaren Elkarteko presidente ohiak argi erran zuen: “Birziklatzeak funtzionatzen duela uste badu publikoak, ingurumenari buruzko kezka gutiago egonen da”. Gaur egungo negoziaketetan joera horrek darrai, eta aurrerapenak oztopatzeko ahaleginetan orain dator “plastiko kredituen” proposamena: “karbono kreditu” famatuen modura, birziklapenean inbertitzearen truke ekoizpenaren garapena baimenduko lukete kreditu horiek.
Birziklatzea erretzea baino praktika hobea denik ez da eztabaidagai, baina halere arazo asko ditu, lehena bere tasa apala delarik. Europan plastikoa gehien birziklatzen duten estatuak Eslovakia eta Lituania dira, baina %56ra baizik ez dira iristen. Tasa apalenak Frantzian (%21) eta Maltan (%10) aurkitzen dira. Baina %100 lortuko bagenu ere, arazoa ez litzateke konponduko: birziklatzeak nanoplastikoak sortzen ditu, hots 1 µm baino gutiagoko mikroplastiko puskak. Hala ikusi zen Norvegian polietilenoa birziklatzen duen lantegi baten hurbileko erreketan, Plastic recycling plant as a point source of microplastics to sediment and macroinvertebrates in a remote stream (“Plastiko birziklapen lantegia, urruneko erreka bateko jalkin eta ornogabeentzako mikroplastiko iturri gisa”) lanak erakusten digun bezala. Erresuma Batuan, The potential for a plastic recycling facility to release microplastic pollution (“Plastiko birziklapen lantegi batek mikroplastiko kutsadura isurtzeko duen potentziala”) ikerketak erakutsi duenez, birziklapenerako lantegi batera iristen den plastikoaren %13 arte mikroplastiko bilakatu eta kanpora isuri daiteke eta existitzen diren filtro onenak erabiliz, berriz, %6. Urean zabaltzen diren mikroplastikoak itsasora doaz, eta bertan ere gehiago txikitu eta barreiatu ditzateke zooplanktoiaren osagai batzuek, zehazki errotiferek, Microplastic fragmentation by rotifers in aquatic ecosystems contributes to global nanoplastic pollution (“Ekosistema akuatikoetan errotiferen eskuko mikroplastikoen zatikatzeak nanoplastiko kutsadura emendatzen du”) lanak berriki azaldu duen bezala.
Orduan, erremedioa bioplastikoetan ote datza? Hala espero genuen, baina Not so biodegradable: Polylactic acid and cellulose/plastic blend textiles lack fast biodegradation in marine waters (“Ez hain biodesegingarri: azido polilaktikozko eta zelulosa/plastiko nahasizko ehunek biodesegite lasterra eskas dute itsas uretan”) idatziak erakutsi digu ez dela guztiz hala.
Zailtasun horiek agerian uzten dute plastikoen erabilerak, neurri handian, kutsadura itzulezina eta konponezina sortzen duela, eta aterabideak birziklatzean eta “plastiko kredituetan” oinarritzeak arazoa larritu baizik ez duela eginen. Orain arteko kalteak ez emendatzeko, plastikoa erabiltzeari eta ekoizteari utzi behar genioke. Horretarako zer eskas zaigu?
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]
Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.
Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
“Mikroplastiko” hitza lehenengoz erabili zenetik 20 urte bete diren honetan, ikertzaile-talde batek urte hauetan ikasitakoa errepasatu dute, Science aldizkarian argitaratu duten lan batean. Eta ondorio garbiak atera dituzte: ingurune natural guztietan oso hedatuta... [+]