“Sentitu bezala egin dut ene bidea, barnean nuen oldarrarekin”

  • Ezagunak dira poesiaren bideetan egin dituen lanak. Batean, bere olerkiak argitaraturik; bestean, askorenek argia ikus dezaten lan eginez. 25 urte daramatza Hatsaren Poesia egunak Senperen antolatzen, eta delako egun horretan irakurtzen diren poemak liburuetan biltzen. Aurkia agerian, binperrari begira jarri gara, ifrentzuari.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Auxtin Zamora Durruti. Senpere, 1943

Poesiari loturik ageri da beti haren izena, bateko Hatsa elkartea eta besteko Hatsaren Poesia Egunak, baina olerkiaren bideetatik landa ibili zaigu hemen. Laborari etxean sortua, herriko eskola pribatuan ikasi zuen 1954 arte, Baionako Eliza eskolan ondoko bi urteetan, eta Uztaritzeko seminario txikian 1956tik 1959ra. Apeztegia ezin jasanik egin zuen Baionako René Cassin lizeora. Quebecen zen lanean 1967an, eta, handik itzulirik ezkondua, arno salmentan hasi zen. Hurrena, Baionako Langile Gazteen Egoitzako kontulari izan zen 1975etik 1998ra, eta, harrezkero, hotel bateko gau-zaindari Donibane Lohizunen, 2004an erretretan sartu arte. Poeta da, hainbat bilduma ondua, eta guzizko eragilea. Sarako Idazleen Biltzarraren omena jasoa da, eta euskaltzain ohorezko izendatua.

Senperen gara, eta Senpere erranik, hor du oraingo Auxtin Zamora Durrutik lakua, Herri Urrats, eta Seaskaren bortzgarren kolegioa, Kattalin Elizalde izenekoa…
Gauza handia da ikusten dugularik Seaskaren kolegio berria hemen Senperen sortu dela, laku horren ondoan. Ene haurtzaroan toki horrek izena bazuen: Ortzana. Garaian, han ez zen etxe bat ere, edo bide bazterrean, urrun bezala, den bat. Orduan dena oihana zen, eta ur xirripa bat. Ez zen deusik! Ni harat joaten nintzen haurtzaroan, jolasterat, onddoketarat… eta ez nuen nehor ikusten, bakarrik izaten nintzen.

Laku artifizialak irentsi zuen zure haurtzaroko Ortzana...
Bai, orain da toki bat turistentzat egina, dena etxea baita inguru horretan. Izena ere aldatu zioten lekuari! Alain Camy lakua izena ezarri zioten frantziarrek. Alain Camy zen mutiko bat ene adinekoa, gazterik hila. Mutiko haren aitak abiatu zuen laku hori, eta semea hil zelarik, erabaki zuten leku horri mutikoaren izena ematea; frantsesez, bistan dena: Le lac Alain Camy… Hor ikusten da euskaltasuna nola galdu den: Ortzana zena, Alain Camy da orain.

Izena frantsesturik, frantsestua ere izana?
Beharbada, bai. Baina lakua bukatua ikusten nuelarik, egun batean hasi da zerbait, euskaraz: Herri Urrats. Egun bat irauten zuen Herri Urratsek. Mirakulu bat izan zen. Eta orain ikusten dudalarik ikastolaren eraginez nola gauzak aldatzen ari diren pixkanaka, kolegio berria hor sortu dela, plazer izugarrikoa da. Leku horrek galdua zuen euskal arima, eta orain berriz arima horretaz betea da, ez osorik, baina pixka bat, lehenago baino gehiago beti, eta hori esperantza handia da enetzat.
Haurtzaroa erran duzunez, on izanen da erratea Senperen berean sortua zaitugula 1943an, Olha auzoko Altziburua etxean,

Bigarren Mundu Gerla fini ez zela.
Bai, eta hemen ziren alemanak, baina gerla bururatzerat zihoan laster. Hemen ez zen borrokarik izan, baina mendeku hartzeak izan ziren, hala ere. Alemanak Frantziatik-eta bota zituztelarik, batzuek mendeku hartu zuten, eta aleman batzuk Senpere-Sara artean erailak izan zirela badakit. Ez anitz, baina batzuk; bizpahiru-edo. Ez da horretaz nehor mintzatu... Badut familian istorio bat, nola osaba batek, erresistentzian zela, garbitu zuen aleman bat. Txikia nintzen, eta gero jakin dut hori. Halaber, badakit gerraren eraginez jatekoen murrizketak izan zirela, eta ene amak azukrea-eta ekartzen zizkidala harat edo honat ibiltzen zelarik. Ongi babestu ninduen, lehen haurra izaki ni.

Zortzi haurridetan gehiena, nagusia zu, laborari etxean Olha auzoan. Han hazia zaitugu...
Bai, eta herriko eskolan ikasi nuen. Senperen baziren bi eskola, elizarena, eta laikoa, nahiz pentsatzen dudan orduko garaian Senperen denak katolikoak ziren, salbu kanpotar zenbait, guardak... edo jendarmeak! Eskola laikoak haur izugarri gutxi biltzen zuen: kanpotar haurrak, umezurtzak. Umezurtz horiek Senpereko familietarat etorriak ziren, haziak izateko. Ez ziren biziki ongi ikusiak, eta familiek uzten zituzten eskola publikoan. Haur gutxi ziren eskola hartan, eta, gainera, baztertuak ziren.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Deserriratuaren zoria, nonahi ere zokoratua.
Baina kanpotar haur haiek ere bortxatuak ziren katixima egitera, hala ere. Hemen [Larraldea] ondoan, Amotzen, bazen eskola txiki bat, kanpotarrez eta umezurtzez osatua; izugarri gutxi ziren, baina bazuten eskola hura. Alta, herriko apeza ez zen honat etortzen, eta hemengo haurrak joaten ziren herrira katiximara. Oroitzen naiz apezak gaizki errezibitzen zituela, berant etortzen zirela-eta. Batzuetan, sartzerat ere ez zituen uzten, berant heldu zirelakoz. Bazen XIX. mendean hasirik, laizismoaren eta Eliza katolikoaren arteko bataila bat, eta Senperen berean ere! Haur umezurtz haiek, gero, besteek bezala egin zuten bidea, euskaraz mintzatzen ikasi zuten beren familietan, eta, oro har, ongi tratatuak izan dira familietan, nahiz izan diren kasu batzuk familiak gaizto portatu direnak. Badakizu, euskaldunak ez gara besteak ez bezalakoak.

Eskolan dena izanen zen frantsesez.
Bai, baina, beharrik, Senperen euskaraz egiten genuen katixima hura. Beste toki batzuetan ez zen horrela! Saran, demagun, bietara egiten zuten. Senperen euskaraz zen katixima, eta hori, bederen, euskaraz irakurtzen genuen. Ez ginen alfabetatuak –ni ez naiz sekula alfabetatua izan–, baina katixima, eta Herria aldizkaria, euskaraz irakurtzen genituen. Herria-k presentzia idatzia ematen zion euskarari, nahiz jendeen artean ez zuen eragin handia. Baina, hala ere, gure identitateari presentzia ematen zion. Elizan erosten genuen aldizkari hori, mezatik landa.

"Gu herrian euskaraz aritzen baginen, “Petzeroak!”, hots egiten zuten karrikakoek. Behar zuten, nonbait, erakutsi elite zirela"
 

Zertan zen euskararen prestigioa garai hartan, eta herri osorik euskaldunean?
Etxeko giroari esker atxiki dugu euskara. Erran dut, eskolan ez zen frantsesa baizik, eta, bertzalde, ene buruan nuen euskararen gainean erraten zidatena, Baionatik harat euskarak ez zuela baliorik, hobekiago nuela frantsesa ikasi. Eta hori egin nuen. Maite izan dut frantsesa, hizkuntza, zeren eta den horretan maitagarria da, baina bertzerik da zein pertsonak zein ideologiarekin erabiltzen duen edo baliatzen den hartaz. Askoz geroago ohartu nintzen horretaz, eta zinez larritu nintzen.

Baionatik harat euskarak ez zuela balio, 14ko Gerla Handiaz geroko frantseste azkarraren beste urrats bat, edo “euskara baizik ez zakiten haiek, morts pour la patrie”?
Bistan da. Senperen, 60 hilak izan ziren 14ko Gerla Handian. Bigarren Mundu Gerlan ere, anitz larriki zaurituak izan ziren, hilak ere bai… Eta horrek eragin handia ukan zuen. Gerla egin zutenak gibelerat etorri, eta harro ibili ziren herrian. Eta, ere, inposatzen zuten beren ikusmoldea, zeren eta gerla egina zuten. Gu umil-umil egoten ginen soldadu izandakoen aitzinean, eta 14ko Gerlako ospakizuna egiten zutelarik, populazioak zeremonia segitzen zuen, eta horrek eragin handia izan du frantsestearentzat... Orain ere egiten da gerlako ospakizuna, eta Morts pour la patrie monumentua ere hor da beti, eliza ondoan.

Eliza eta estatua, beti aparte, beti eskutik.
Eliza eta estatua elkarri estekaturik biak. Adibidez, 14ko Gerlaren garaian, hemengo erretorea oso gerlatia zen, gazteak bultzatzen zituen gerlarat joatera, militante osoa zen. Bi liburu ere idatzi zituen, Piarres izenekoak biak –lehen atala, eta bigarrena–, eta haietan agertzen da haren gogoa. Jean Barbier zuen izena erretore horrek. Kobarde bat zen, zeren eta, herrira soldadu hilak etortzen zirelarik, hastapenean familietarat joaten zen, bere pena praktikatzera, baina, gero, utzi zion joateari: auzapeza joaten zen, baina Barbier bera ez zen agertzen ere. Saingalaria izan da. Literaturaren historiara pasatu da, idatzi zuelakoz, baina ez da ongi ikusia hemen.

Nor da, ordea, literaturaren historia horretaz interesatua?
Nehor ez, nehork ez baitu irakurtzen Lapurdiko literatura. Badira gazte batzuk, bai, ongi ikasiak, eta adituak, gure literaturan interesatuak direnak, eta, ene iduriz, hori da harrigarriena, herriak ez duela eliteak duen funtsa. Damugarria da: herria ez da interesatua, eta elitea bai. Jadanik gure garaian bazen desberdintasuna, laborarien eta karrikakoen munduen artean. Gu, laborariok, petzeroak ginen, herritik urrunago, eta petzeroago; hurbilago, eta gutxixeago. Gu herrian euskaraz aritzen baginen, “Petzeroak!”, hots egiten zuten karrikakoek. Behar zuten, nonbait, erakutsi elite zirela. Eta apezek ere berdin: katiximan, euskaraz egiten zena, egiten zuten ere frantsesez, seminarioan edo eskolan kanpoan ibilki zirenentzat. Horientzat frantsesez.

Elitea ez zen euskalduna gure herrian ere.
Orain, aldiz, alderantziz da, erran duzunez: herria ez da interesatua, elitea bai.
Orain, euskaldun dira kontziente bilakatu direnak. Ni bezala-edo, buruan ximixta bat ukan dutenak. Horiek badira euskaldun, eta horrek pozten nau, ikustea gazte batzuk zein adituak bilakatzen ari diren. 15-16 urtetan ez nuen sekula pentsatzen horrelakorik ikusiko nuela, ez nuen asmatzen ahal ere horrelako kontzientzia bat izanen zela. Orain, ikusten dudalarik kontzientzia hori, plazer egiten dit: ikustea gazte bat mintzo dena ni baino hobekiago, ikasi duena ere ni baino anitzez gehiago.

Unibertsitatean ikasiak dira gazte aditu horiek…
Bai, eta beti erraten dut nik nire unibertsitate ikasketak unibertsoaren barnean egin ditudala, ez nuela behar unibertsitatea. Unibertsitarioak behar ditut, bai, beren barnean duten jakitatea interesatzen zait, baina ez nuen beharrezko ikusten nik unibertsitate ikasketarik egitea. Alta, pentsatzen dut eginen nituela, beharbada ez anitz, ez bainaiz buru handikoa, baina eginen nituela, hala ere.

Zuk herritik Baionara egin zenuen ikastera, hamaika urte beterik.
Senperen izan nintzen hamaika urte arte, eta, gero, Elizaren eskolara joan nintzen Baionarat, apezen eraginez. Ene familia konbentzitu zuten, apez behar nuela izan. Ez nintzen sobera apez zale, ez nuen apez izatea maite. Apez izan nahi nuen, baina mezaren zeremonia egitekoz! Eta Baionatik, gero, Uztaritzeko seminario ttipira.

"Ez naiz damu Aljeriara ez joana, zeren eta gerla hastio dut, eta hastio ditut armak. Hain sinplea litzateke erresuma denek erratea: 'Ez dugu armarik eginen!'"
 

Uztaritzen Piarres Lafitte izan zenuen irakasleen artean. Ikasleen artean, berriz, han ziren, Manex Pagola, Gexan Alfaro, Pantxoa Carrere, Peio Ospital...
Bai, ezagutu nituen horiek denak. Gexanek-eta, egin zuten iraultza txiki bat, euskararen alde-eta, aurreko irakasleak eta ikasleak frantsesez ari baitziren. Iraultza txikia, ez orokortua, baina jendeek kontzientzia hartzeko balio izan zuena… Lafitte gutxi ezagutu nuen, sei hilabetez-edo izan nuen irakasle. Jainkotzat hartua dugu, baina nik ezagutu nuelarik, ez zuen euskaraz deus egiten. Hor ez dut Lafitte euskalduna ikusi. Harrigarria da, zeren eta seminarioan baziren bi mundu paralelo: ezkutua bat, agerian zegoena bestea.

Zein bi mundu? Euskaraz, ari zara?
Bai, zeren eta denek bazekiten euskaraz; ikasle guziek erran nahi dut. Hala ere, dena zen frantsesez, euskara ezkutuan atxikitzen zuten denek. Ikasle haietarik batzuek [Alfaro, Carrere, Ospital, Mixel Oronoz] bidea egin zuten gero euskaraz. Manex Pagola-eta! Oroitzen naiz Manex Pagola misionest gisa ematen zela gure aurrean: eskaileretan ezartzen zen eta, eskuak altxaturik, egiten zuen diskurtsoa euskararen alde. Urte bat-edo egon nintzen Uztaritzen, baina atera nintzen, ez bainuen seminario giro hura soportatzen. Eta Cassin lizeo publikora joan nintzen, Baionarat.

René Cassin [Baiona, 1887 – Paris, 1976] nor izan zen badaki jendeak?

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala lagundu zuen… Ez zen euskaltzalea.

Nor da euskaltzalea oraingo egunean?
Petzero laborariak… Batzuk. Laborantzaren medioz atxiki dute euskara, eta horien umeak dira oraingo egunean euskaltasunaz kontziente. Batzuk bai, anitz ez. Gutxi dira beti argituak.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Apez izatetik eskapatu zinen, jasaten ez zenuelako, Aljeriako gerlatik landa egin ahal izan zenuen bizia…
Baina soldadu izan nintzen Amiensen, Frantziako iparraldean. Nahi zituzten gazteak kendu beren ingurumenetik. Iparraldea frantsestuago zen, 14ko Gerlaren eraginez, eta Bigarren Mundu Gerlaren eraginez ere, eta han euskaldunak sartzea zen gu frantsesteko bide bat. Eta frantsestu ondotik, hor barnean irauten du horrek luzaz. Aljerian ez nintzen izan, estudiante nintzelakoz: urte baten epea nuen armadara joateko eta, justu urte horren buruan, fini zen Aljeria. Ez naiz damu Aljeriara ez joana, zeren eta gerla hastio dut, eta hastio ditut armak. Hain sinplea litzateke erresuma denek erratea: “Ez dugu armarik eginen!”. Lanean aritu behar duzu, baina ez armak eginez!

Hitz beste eginez, harritua naiz, irakurri baitut 1967an Quebecera joan zinela, dirua egiteko xede, ezkondu ahal izateko.
Bai, ez bainuen deus ere, eta orain ere ez dut deusik. Kar, kar… Dirua behar nuen, ezkontzeko, eta han ere frantsesa mintzatzen baitira, joan nintzen. Ez nintzen intelektuala, eta kozinan lan egin nuen, ostatu batean. Hemen ere hori gertatzen da: etortzen dira etorkinak, eta kozinan hasten dira, baxera garbitzen. Ez nintzen Quebecen luzaz egon, urte eta erdi, bi urte-edo, baina lanean hasiz geroztik, emeki-emeki, so eginez-eta, ikasi nuen lanean, eta azkenean, hango arduradunak eskatu zidan chef izatea. Baxeretan hasia, nahi ninduen chef atxiki, baina ezetz erran nion, behar nuela etxerat etorri, ezkontzerat.

Eta geroztik, lan egin zenuen arnoa saltzen, kontulari, hotel bateko gau-zaindari… Erretretan sartu arte. Gu, aldiz, zinezko poeta zinelakoan izan gaituzu beti.
Olerkaritzak bultzatu ninduen lan horiek guziak egitera. Ez nuen nire burua egoera batean gakotu nahi. Egoera bakoitzak badu bere muga, badu hastapena, eta bururapena. Eta egoeraren bururapena sentitzen duzularik, beste zerbait egin behar duzu. Hori eginez, atxikitzen duzu zure nortasuna, libertate handiagoa. Horrela izan dela iruditzen zait. Nik, bederen, horrela analizatzen dut nire bidea. Baina da nire bidea, ez bertzerena. Sentitu bezala egin dut ene bidea, inkontzienteki, barnean nuen oldarrarekin.

                                                                                            *          *          *

Gerlak

“Arerioa hil arte gerla egitea ez da humanitatearen baitakoa, ez da gizakiak bere baitatik egiten duena. Aro Modernoak ekarri du hori. Lehenago, jendeek –zizparik ez zutelarik, ez bonba egitekorik–, harriekin, makilekin edo ezpatekin egiten zuten borroka: hor bukatzen zen! Orain aski da botoi zanpatzea, mundua lehertzeko! Ez dituzu jendeak ikusten, eta bonba botatzen duzu urrundik, Hiroshimako bonba hura bezala, hegazkinetik. Horrek berdin segitzen du oraingo garaian”.

Migratzailearen zoria

“Iragan mendean, eta lehenago ere, euskaldun anitz joan ziren Ameriketarat, han zutelakoz norbait, eta nik ere banuen lehengusu bat Quebecen, eta joan nintzen, ezkontzeko dirua behar nuelako. Ez nintzen inoiz laneko tokitik ateratzen, ez nuen ostaturik ere ordaintzen, ez nuen dirurik gastatzen... diru guzia atxiki nuen, eta etorri nintzen, eta ezkondu”.

AZKEN HITZA

Trumoia

“Quebecetik etorri eta, gazte unibertsitarioekin-eta ibiliz, sortu zen ximixta ene barnean. Enbatakoak hasiak ziren hitz egiten, eta haien eragina izan dut. Gero heldu ziren iheslariak, Txillardegi, euskara batua… Ez da harritzekoa ene barnean ximixta sortzea, eta trumoi giro bat, kontzientzia piztu zidana”.


ASTEKARIA
2023ko abenduaren 03a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


Umore zoroa

Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024

----------------------------------------------

Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]


Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


Amore eman, ala ez

Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024

----------------------------------------------------

Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


Marigorringoak Afrikan

Guardasolak euria nahi du
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak: Irrimarra
Ibaizabal, 2024

---------------------------------------------

Duela 30 urte argitaratu zuen Patxi Zubizarretak Marigorringoak hegan liburuxka; J. M. Lavarellok ilustratua eta Edebé argitaletxe... [+]


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


2024-12-04 | Aitor Aspuru Saez
Craig Thompson
“Trumpen hautaketak eragin zuen trauma kolektiboaz badago osagai bat komikian”

Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]


Nire neure

Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020

-------------------------------------------------------

Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


Francesca eta Maddalena

Barrengaizto
Beatrice Salvioni
(Itzulpena: Fernando Rey)
Txalaparta, 2024

------------------------------------------------

Barrengaizto izenburua aukeratu du Fernando Reyk Beatrice Salvioni-ren La malnata itzultzeko. Reyk dio idazlearen ahotsa izaten ahalegindu dela,... [+]


Eguneraketa berriak daude