Israelgo Indar Armatuen Estatu Nagusiak Gazako metroa izena jarri dio erabilera militarreko lurpeko galerien sare palestinarrari. Gazako Zerrendaren inbasioaren aurrean erresistentzia palestinarrak erabiliko duen arma misteriotsu hau isilpean zabaldu da Israelek okupaturiko lurren eta Egiptoren mugetaraino, bereziki 2006ko gerraren ondoren. Baina nola lortu dute hain azpiegitura konplexua erabateko isilpean eraikitzea? Zergatik da horren eraginkorra borrokarako? Zer estrategia ari da prestatzen Israelgo Estatua lurpeko mehatxu horri aurre egiteko?
Gazako metroak berebiziko garrantzia du arabiarren erresistentziaren borroka-dinamikan, eta funtsezko faktorea da Israelgo Estatua eta Ekialde Hurbila kolokan mantentzen dituen azken gatazka beliko honetan. Izan ere, ez dira soilik ezkutuko pasabide batzuk, baizik eta lurpeko hiri oso bat, erresistentziaren operazio militarretarako eta bere antolaketa-egituren biziraupenerako funtsezkoa dena. Horrela, sare hori deszifratzea eta desegitea erabateko lehentasuna bihurtu da sionistentzat; are gehiago, 250 bahitu israeldar eta atzerritar haien sakonean atxikita egon daitezkeela uste dutelako.
Palestinako lurpeko gerra modernoaren oinarriak XX. mendeko 1980ko hamarkadaren amaieran ezarri ziren. Tunelok, hasiera batean, palestinarrek bizirauteko behar zituzten askotariko materialen kontrabandorako erabiltzen ziren, israeldar blokeoa saihestuz. Arriskutsuak bezain oinarrizkoak ziren azpiegiturak lehen, baina izugarri garatu dira azken hiru hamarkadetan. Palestinar erresistentziak diru, lan-indar eta eraikuntza-tekniken ikerketa asko inbertitu du bertan. Esfortzu hori oso eraginkorra izaten ari da, eta ez edozergatik. Borrokarako tunelak erabiltzea oso ohikoa da Palestinakoa bezalako gerra asimetrikoetan, non lehiakide batek besteak baino askoz botere eta teknologia militar gehiago duen. Viet Kongek antzeko satortzuloak erabili zituen Vietnamgo Gerran, baita talibanek Afganistanen ere. Financial Times egunkariak gogorarazi duenez, gerrilla-gerraren logika orokorraren ildotik, lurpeko sareek indarren korrelazioa parekatzea lortzen dute, eremu irekiko zuzeneko borrokak saihestu eta erresistentziari mesedegarriagoa zaion beste borroka mota batekin. Gazako metroak Zerrendako lurralde osoan detektatua izan gabe mugitzeko aukera ematen dio erresistentziari, baita sionisten kontrolpean dauden perimetroetan ere. Horrela, ustekabeko erasoak, segadak eta misilen jaurtiketak askoz eraginkorragoak dira.
Lurpeko sistemak defentsa-lerro gisa ere jokatzen du, askoz handiagoa eta aurreratuagoa den indar baten erasoaldiaren aurrean. Pasabideek sionistek lurrazalean dituzten abantaila taktiko eta teknologiko ugari neutralizatzen dituzte: erresistentzia palestinarraren unitate militar bat Gazako Zerrendaren ia edozein puntutan azalera atera daiteke, eraso egin eta berehala desagertu. Taktika horren eragin psikologikoa bereziki handia da lurrazaletik aurre egin nahi bazaio, azken finean, “etsai ikusezin” baten aurka borrokatzea esan nahi duelako. Hark erasoen ostean itzaletik behatzen jarrai dezake, gainera. Otsoaren ahora sartu eta erresistentziari bertatik bertara aurre egitea ez da askoz aukera hobea, aurrerago ikusiko dugunez.
Tunelen ezaugarriak eta funtzioak
Israelgo Estatuak erresistentziari egotzi dio hormigoia eta helburu humanitario zein zibilak dituzten eraikuntzako bestelako material batzuk tunelen ekoizpenera desbideratzea. Aitzakia horrekin, 2007tik aurrera debekatu zuen eraikuntzako materialak Gazako Zerrendan sartzea. Dena den, bertako eraikinak berreraikitzea ezinezkoa bihurtu zenez, arazo humanitario handia eragin zuen bonbardaketa etengabeen ondoren. 2010ean, sionistek soka pixka bat lasaitu zuten, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak zein Nazio Batuak etxeak, ospitaleak, errepideak eta eskolak eraikitzeko materialen proportzio oso kontrolatuak Gazara sartzen hasi ziren. Hala ere, gaur gaurkoz ia ziurra da material horren zati bat erresistentziaren lurpeko sistema militarra hedatzeko erabili zela.
2014ko gerrara arte, sionistek ez zuten sarearen edo haren zati handi baten benetako hedadura usaindu ere egin. Aldi hartan, Gazako metroa desegiten saiatu ziren, eskala handiko lurreko eraso batekin lehenbizi eta Zerrendako mugan zehar harresi bat eraikita gero, lur azpian hondoratzen zena. Ahalegin hutsean geratu zen ordea.
Indar okupatzaileak berak mapa bat zabaldu zuen 2021ean, aireko erasoekin suntsitu zituen tunelak erakusten zituena. BBCk gogora ekarri duenez, Israelgo armadak esan zuen “100 kilometro tunel” suntsitu zituela orduan. Hamasek, ordea, erantzun zuen “sarearen %5a” baino ez zutela jo. Horren harira sionistek argitara atera zutena orduko tunelen zati txiki bat baino ez zen arren, egitura orokorraren berri eman zuen. Hedabide britainiarrak erakutsi zuenez, sionistek identifikaturiko tunel gehienak Gazako Zerrendaren ipar eta hegoaldeko muturretan kontzentratzen dira, eta beste nodo bat, berriz, erdigunean. Ez dute eraso militarrerako helburua bakarrik betetzen, hiru taldetan sailkatzen dira, funtzioaren arabera:
Batetik, eraso-tunelak: Gaza hiriko iparraldeko eta Beit Hanoun inguruko tunel gehienak mota horretakoak dira. Horiek dira Israelgo Estatuak okupaturiko lurraldetik gertuen daudenak eta muga arteko erasoak egiteko erabiltzen dituztenak. Ondorioz, Israelgo armadarentzat suntsitu beharreko premiazkoenak dira tunel hauek. Hori bai, nahiko estalita daude eta militarki babestuenak dira.
Bestetik, erdialdeko defentsa-pasabideak: Zerrendaren erdiguneko atal hori armategiz beteta egongo litzateke, besteak beste. Bertan gordetzen dituzte armak, misilak, munizioak eta erresistentziaren azpiegitura logistikoaren gehiengoa, orohar. Gainera, erresistentziaren buruzagi militarrentzako bunkerrak eta 250 bahituen gordelekuak ere bertan egon daitezkeela uste du Mossadek. Erresistentziaren “atzeguardia” moduko bat izango litzateke, eskuragaitzena eta babestuena.
Azkenik, Hegoaldeko tunelak: kontrabandorako funtzionatzen dute Gaza eta Egipto arteko Rafahko mugan, Khan Younisetik hegoaldera eta hego-mendebaldera. Palestinarrek askotariko hornidura zibil eta militarra bermatu dute bertatik; diru-iturri iraunkorra eta sostengu logistikoa Gazako Gobernuarentzat eta Palestinar erresistentziarentzat.
Labirinto honek Palestinako erresistentziarentzat duen garrantzia ikusita, logikoak dira sionistek hura suntsitzeko egin dituzten saiakera guztiak: badakite metroa jausten bada, erresistentzia osoa jausi daitekeela. Hala ere, eta estatubatuarrek Korean, Vietnamen eta Afganistanen ikasi duten moduan, lurpeko hiriok desegitea zaila bezain etsigarria da potentzia militar aurreratuenentzat ere. Ez da eliteko unitate berezi batekin egun batetik bestera burutzen den zerbait; Benjamin Netanyahuk berak ere duela gutxi onartu du: “Gazako lurreko inbasioa luzea izango da”. Erresistentziak hornigai ugari sartu ditu bere gordelekuan, hilabete luzeetako setio israeldarrari aurre egiteko prest.
Lurpeko azpiegitura dirudiena baino sendoagoa eta sofistikatuagoa da: Israelgo armadak 2014an lurreko erasoa egin zuenean, dio Al Jazeerak, ”zur eta lur geratu ziren tunelen tamainarekin eta sofistikazioarekin. 10 eta 30 metro arteko sakoneran daude, 1,5 eta 2 metro arteko zabalera dute, eta altueran, berriz, beste metro eta erdi. Horri esker, borrokalariak aise mugitzen dira palestinar lurretan barrena, makurtuta eta ilaran. Tunel handiagoen kopuru zehaztugabe bat ere egongo litzatekeela diote israeldarrek. Galeria bakoitzaren luzera ehunka metrotatik hainbat kilometrotarainokoa da, eta guztira, palestinarrek 2007tik 1.370 tunel baino gehiago eraiki dituztela ziurtatu du Israelgo Atzerri ministerioak; tamaina, sakonera, garrantzi eta funtzio askotarikoak. Hamasek 2021ean jakitera eman zuenez, 500 kilometro inguruko luzera izango zukeen Gazako tunel-sare osoak; Londresko metro-sarea baino luzeagoa, New York hiriko metro-sare osoaren erdia eta Bilbokoa baino hamar bider luzeagoa izango litzateke hori, gutxi gorabehera. Alegia, munduko metro-sistema handi eta konplexuenetariko baten longitudearen erdia izango luke, 41 bider 10 kilometroko azalera baino ez duen lurralde baten azpian.
Israelgo inteligentzia zerbitzuen arabera, erresistentziak milaka pertsona eta milioika dolar baliatu ditu hura eraikitzeko lanetan. Rafahko tuneleko operadore batek Reuters agentziari aitortu zion hiru eta sei hilabete artean ematen dituztela 8 kilometroko tunel bat eraikitzeko. Ia ziurra da hormigoiz eta zurez eraikitzen dituztela gehienbat, eta batzuetan altzairuarekin indartzen dituztela; Egiptoko pasabideetatik lortutako materialarekin. Tuneletan egon diren kazetariek eta armada sionistako soldaduek diotenez, palestinarrek elektrizitatea eta kable bidezko telefono-sarea ere jarri dituzte, argiztapena eta komunikazio-bide segurua bermatzeko; badira aireztapen-sistemak dituzten guneak, misilak eta bestelako material pisutsuak bizkor garraiatzeko balio duten errailak, eta, Hamasek zabaldutako irudietan ikus daitekenez, baita autoentzako pasabideak ere. The Washington Postek berriki jakinarazi duenez, tuneletako sarbideak urrutiko aginte bidez zabaldu, itxi edo lehertzeko sistemak garatu ere egin ditu erresistentziak. Horrek esan nahi du armada sionistaren batailoi osoak tranpetan erori edota lurpean harrapatuta gera daitezkeela, inkomunikatuta, katuaren eta saguaren jolasean. Kasu horretan, soldadu israeldarrak bihurtuko lirateke sagu, eta palestinarrak, berriz, katu.
Sionisten erronka estrategikoa
Israelek bonba aurreratuak eskuratu ditu Gazako metroa desegiteko asmoz. Bunker Buster izeneko lehergailuok gai dira hormigoia zulatu eta lurpean 20 metrora dauden pasabideak eta bunkerrak suntsitzeko. Hala ere, Kobi Michael Israelgo Segurtasuneko Ikerketa Institutuko ikertzaile nagusiak The Washington Posten gogoratu zuen bezala, palestinarrek “30 edota 40 metrotara” ere eraiki dituzte pasabideak. Sott Savitz ingeniariak, ildo beretik, zera ondorioztatu zuen AEBetako hedabide horren bideo-erreportaje batean: “Tunelak nahiko seguruak dira kasu askotan aire-erasoetatik babesteko”. Are gehiago, bonbardaketen ondorioz tunelaren sarrera edota galeria jakin batzuk kaltetzea lortuko balute ere, erresistentziak barrutik zulatzen jarrai dezake. Sarrerak, irteerak eta pasadizoak beste nonbait ireki eta sarearen adar osoak operatibo mantenduko lituzke.
Hamasek 2021ean jakitera eman zuenez,
500 kilometro inguruko luzera izango zukeen Gazako tunel-sare osoak; New York hiriko metro-sare osoaren erdia eta Bilbokoa baino hamar bider luzeagoa izango litzateke, gutxi gorabehera
Gainera, kilometro karratuko 5.000 biztanle inguruko dentsitatea duten eremu populatuen azpian dago Gazako metroa, hau da, Talibanen tunelak ez bezala, Palestinako erresistentziarenak 2,2 milioi lagun inguru bizi diren 360 kilometro karratuko lurrazal baten azpian daude, eta bertarako sarrerak etxebizitza pribatuetan, eraikin publikoetan edo zelaietan ezkutatuta egon daitezke. “Horiek aurkitzeko modu bakarra soldaduak bidaltzea da, eremuak oinez zeharkatzera”, ziurtatu dute The Washington Posten. Bitartean, ez dirudi helburu zehaztugabeen aurka bonba aurreratuekin milioika dolar xahutzea ideia ona denik, ezta general sionista odoltsuenen ikuspuntutik ere.
Gauzak horrela, Israelek lurpeko gerrarako metodo aurreratuagoa garatu du: satelite, drone, hegazkin eta georradar bidezko informazio-bilketarako sare aurreratua. Horrekin, aukera gehiago dute tunelen kokaleku zehatzak, haien sakontasuna eta konplexutasuna aldez aurretik jakiteko. Inteligentzia militarreko sistema horrekin ez dute urriaren 7koa bezalako erasoak eragozterik lortu, baina baliteke Gazako tunel sistemaren puzzle osatu xamarra izatea. Hala ere, gauza bat da mapa eskuan izatea eta bestea oinak lurrean jartzea. Baliteke sionistek tunelen barruan infanteriarekin borrokatu behar izatea, hau da, euren soldaduak tranpaz beteriko tunel ilun eta estuetara bidaltzea, palestinar milizianoak edonondik agertzeko beldurrez. Israelgo Estatuak unitate bereziak prestatu ditu horretarako; entrenaturiko txakur, robot eta bestelako ekipamendu aurreratuen laguntzarekin. Baina unitate espezializatuak ez dira tunelak eta erresistentzia desegiteko nahikoa izango: Hamasen Al-Qassam brigadek bakarrik 40.000 kide inguru izan ditzaketela uste dute Israelgo Defentsa Indarrek, eta horri gehitu behar litzaizkioke erresistentzia osatzen duten gainontzeko fakzio guztien milizianoak. Hau da, tunelak desegin nahi badituzte, sionistek soldadu arrunt ugari bidali beharko dituzte zulora.
Israelgo armada, oro har, agertoki ezezagun baterantz doa. Oso gutxi dira lurpeko borrokaren doktrina osatua duten herrialdeak eta inork ez daki zer den zehazki palestinar erresistentziak tuneletan prestatu duena. Gainera, israeldarrak prestakuntza urri xamarrarekin sartuko dira Gazako labirintoan: ez dute lurreko guda garrantzitsurik bizi izan 2014an Gazan sartu ziren azken aldiaz geroztik, eta haien buruzagiak Iranekin buru-belarri egon dira, edo Zisjordania okupatzeko auziei begira akaso. Gazari behar zen arretarik ez jartzea garesti ordaintzen ari dira, eta are garestiago ordainduko dute. Lurreko inbasioa hasi eta handik gutxira, urriaren 31n, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek zera aitortu zuen: "Gazan galera handiak izan ditugu azken 24 orduetan". Besterik gabe, Israelek bere gain hartu beharko du historikoki hainbesteko beldurra eragin dion bajen kopuru handia, eta oraindik ikusteko dago Hezbolak zenbaterainoko presioa egin dezakeen iparraldetik
Ondorioak
Haizam Amirah-k, Elcano Errege Institutuko Mediterraneorako eta mundu arabiarrerako ikertzaile nagusiak, 2009an esaten zuen "zigor masiboen, errepresalia masiboen eta operazio kirurgikoen" politika alferrikakoa izaten ari zela. Hausnarketa horrek, bada, erabateko gaurkotasuna du abian den sarraskian: Israelgo Estatua ez da gai izan, ez orduan ez gaur egun, bere herritarrek eskatzen dioten “segurtasuna” bermatzeko, ezta bere inguru geoestrategikoan herrialde gisa harremanak normalizatzeko ere. Horren erakusle da Gazan ia hamarkadaro egiten dituzten inbasio militarrak, eta ondorioz, eskualde osoan eragiten dituzten tentsioak.
Ez da ahaztu behar sionistek talde palestinarrei kalte izugarriak eragiten badizkiete ere, palestinar erresistentziak etengabe berregiteko gaitasuna duela. Bitartean, sionistek zilegitasun morala galtzen dute eraso indiskriminatu bakoitzean, haien nazioarteko irudia kaskartzen da eta inguruko herrialdeekin tentsioa areagotzen dute. Ami Ayalon militar israeldar beteranoak ildo beretik zioen, Carl von Clausewitz teorialari militar klasikoa aipatuz, “garaipena errealitate politiko mesedegarriagoa sortzea dela, ez besterik”. Israelen garaipena, Ayalonen ustez, ez da “Gaza, Ramallah, Nablus edo Hebron konkistatzea”, palestinarren aurkako batailak militarki irabaztea; esku-hartze guztiok ez dutelako sionistentzat “errealitate politiko hobea” sortzen. Israelgo Estatua gaur arte “bataila guztiak irabazten, baina gerra galtzen” ibili dela ondorioztatzen zuen Ayalonek. Baina oraingoan badirudi gauzak aldatzen hasi direla, eta palestinarrak, eusteko ez ezik, batailak irabazteko posizioan daudela behingoz.
Israelek Gazarako su-etenaren urraketa ugari egin ditu urtarrilaz geroztik: zerrendako palestinarrak oinarrizko laguntzarik jaso gabe egon dira ia astebetez, eta Netanyahuk azken egunetan mehatxu egin ondoren, argindarrik gabe utzi ditu orain. Dohan ordezkari estatubatuarrekin... [+]
Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.
Yala Nafarroak deitutako manifestazioan 2.000 pertsona inguruk hartu dute parte eta Iruñeko hainbat kale zeharkatu ditu Gaztelu plazan amaitzeko. Azken irakurketan adierazi dutenez, "erokeria distopiko hori geldiarazi daiteke, askoz gehiago garelako kapital handiak... [+]
Jenin hiriaren aurkako oldarraldia duela hilabete bat baino gehiago abiatu zuen Israelek, geroztik 26 palestinar hil ditu gutxienez, eta milaka beren etxeetatik kanporatu. Israelgo armada Zisjordania iparraldean pasabideak eraiki nahian ari dela salatu dute, kanporatutako... [+]
Berlinale zine jaialdian gertatu da joan den asteburuan. Jun Li zuzendariak, Queerpanorama lan berria aurkeztu zuenean, printzipio ideologikoengatik Alemaniara ez joatea erabaki zuen Erfan Shekarriz aktore irandarraren testu bat irakurri zuen oholtza gainean: "Ibaitik... [+]
Yala Nafarroak bat egiten du Israelek nazioarteko zuzenbidea sistematikoki urratzen duela salatzeko mundu osoan zehar egiten ari diren mobilizazioekin, eta iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela Mendebaldeko gobernuek Israelgo erregimenarekin duten konplizitatearekin amaitu... [+]
Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude... [+]
Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]
Su-etena hausteko arriskua erreala izan bada ere aste guztian zehar, adostasun batera iristeko bidean dira bi aldeak: bahitu gehiago askatuko lituzke Hamasek, laguntza Gazara sarrarazteko bidea ez oztopatzeko "promesa" egin duelako Israelek. Arabiar Ligako herriek... [+]
"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]
Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.
Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.
AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten... [+]
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bisitarekin batera egin ditu adierazpenak AEBetako presidenteak, Etxe Zurian. Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak Egipto edota Jordaniara lekualdatzea proposatu du.