Gazan gertatzen ari den sarraskiari so egiterakoan, Frantziako Estatuaren kokapen politikoak arreta sortzen du, eragin dezakeelako Israelengan. Paris ez da Washington, baina harreman estua dauka Tel-Avivekin. Aspalditik, oinarritik eta erran dezagun premisatik: sekretupeko Sykes-Picot hitzarmena hor dago, Frantziak eta Erresuma batuak 1916an izenpeturikoa eta Ekialde Hurbilaren banaketa koloniala adostu zuena. Urriaren 7az geroztik Parisek egindako adierazpenen eta ekimenen kontakizuna da hau, beti ere 1948az geroztik ukandako jarrera politikoari begira jarriz.
Argazki ezohikoa genuen urriaren 12an Parisen: Frantziako Legebiltzarreko eta Senatuko presidenteen deiari erantzunez, antisemitismoaren aurka batu ziren 105.000 herritar hiriburuan –185.000 ziren Frantziako Estatuko martxa guztiak baturik–. Urriaren 7az geroztik eraso antisemitak emendaturik, "balore errepublikarrak" lehen lerroan jarri eta "batasunetik" erantzutea zuten xede. Oinarrian ekimena ohoragarria bada ere, eztabaida piztu du.
Hasteko, aspalditik delako giro islamofoboa Frantzian, helburu elektoralistei segi botoak irabazteko bide emankor ere bihurturik denean. Direla meskiten kontrako erasoak, Palestinaren aldeko ekimenen aurkako eskuin-muturrekoen erasoak edota prefetaren debekatzeak, ala eguneroko irainak, islamofobiak gora egin du urriaren 7az geroztik, baina, salbuespenak salbuespen, ez du antisemitismoak duen arreta mediatikoa lortzen. Gainera, polemika areagotu du eskuin-muturra martxan egoteak. Hor zeuden ordezkari xenofobo ezagunenak: behin baino gehiagotan jarrera antisemitagatik epaituriko Fronte Nazionaleko (gaur egun RN Batasun Nazionala deiturikoa) Marine Le Pen eta Jordan Bardella, Reconquete alderdiko Marion Marechal eta Eric Zemmour –azken hori “musulmanen gehiegizko migrazioa” salatzera etorri zen martxara–. Eskuin-muturraren presentzia gogorki kritikatu arren, bertan egoteko hautua lehenetsi zuten ezkerreko alderdi gehienek, hori bai, sinbolikoki eta politikoki “osasun-hesi” bat osatuz bien artean.
Palestinaren aldeko bandera lau haizetara zabalduz, beste behin milioika lagunek karrikak hartzen zituztela, Parisen Israelen (eta Frantziaren) banderak ziren nagusi. Irudi hori utzi zion beraz Frantziak nazioarteari –eta Israeli–. Zeinek eta Palestinaren aldeko manifestazioak debekatzen dituen horrek berak. Baina kontuz: gobernuko ordezkariek argi utzi zuten Israel-Palestina ez zela manifestazioaren gaia. Bai, aitortu beharra dago ariketa zaila dela martxari begiratzerakoan munduko geopolitika kontuan ez hartzea, eta jakin nahiko nuke martxarena nola irakurria izan den nazioartean.
Israelek eskertu zuen. Frantziako LCI telebista mainstream-eko gomita ere zen egun horretan Isaac Herzog Israelgo presidentea. Antisemitismoaren aurkako martxaz zer zioen galdetu eta ondokoa erantzun zion: “Bataclan-eko gertakaritik [2015eko azaroaren 13ko Daeshen atentatua Pariseko Bataclan kontzertu gelan] zazpi urte pasa dira. Gaitzaren zikloak ez dauka bukaerarik. Urriaren 7ko gertakari izugarria Bataclaneko sarraskiaren agerpen berri bat dugu, gaitzaren indarrak bideraturikoa. Daesh, Hamas eta Al-Qaeda dira gaitzaren indarrak. Afera ez da Israel-Hamas. Bi kulturen talka dago, herraren kulturaren eta nazioen zibilizazioen alde doan kulturaren artekoa. [Mahaipetik liburu bat atera eta] Liburu hau, Hitlerren Mein Kampf, Gaza iparraldean, Hamasen gune bihurturiko ume baten logelan atzeman dugu. Azken egunetan hildako Hamaseko terrorista baten poltsikoan zegoen. Horretan gaude. Borrokatu behar gara, pentsatu gabe, ezin onartua dugulako”. Erantzuna onargarria irudituko zitzaion, inolako oharrik edo ñabardurarik gabe ondoko galderara salto egin zuen kazetariari. Horretan gara, eta egun batez aztertu beharko dugu Gazako sarraskiari buruz komunikabideek egindako hitz, tonu, irudi, galdera eta gadekatuen hautaketa –hots, propaganda–.
Urriaren 7az geroztik Frantziako Estatuaren postura argia da: Israelek "zilegizko defenditzeko eskubidea" du eta "terroristen kontrako borrokan" erabat babesten du. Emmanuel Macron Tel-Aviven egon zen urriaren 24an. Orduan bota zuen ordura arte inork aipatu ez zuen proposamena: Daeshen aurkako nazioarteko koalizioa Hamasen aurka ere aritzea. Hortik Zisjordaniara joan eta Mahmud Abbas Palestinako presidentearekin elkartu zen –urriaren 7az geroztik Abbasekin elkarturiko bigarren estatuburua izan zen, Herbehereetakoaren ondotik–. Gazako zibilen sufrikarioa "justifika ezina" zela ohartarazirik, Frantziaren postura politikoa berretsi zion, hots, bi estatuko soluzioarena. Baina Israelgo lehen ministroarekin izandako hitzordua izan zen egun horretatik nagusitu zena. Azkenean, hori da Macronen gobernuaren postura: Israelen –hots, AEBren– gibelean itsuki lerrokatu, baina azken hamarkadetan Frantziari lotu ohi zitzaion kokapen politikoari bizkarra erabat erakutsi gabe.
2019an urrunago joan zen Emmanuel Macron, antisionismoa antisemitismoaren
barnean jartzen duen
ebazpena bozkatuz
Pentsa, azaroaren 10ean BBC telebistari egindako elkarrizketaren ondotik Israelgo presidenteari deitu zion, sostengua berresteko. "Su-etena" eta "pausa humanitarioa" eskatzeaz gain, Israelek zibilak "arrazoirik eta zilegitasunik gabe" hiltzea kritikaturik, Herzog eta bere lagunak gogorki kexarazi zituen. "Israelek defenditzeko duen eskubidea" berresteko deitu behar izan zion eta horrela laburbildu zuen Herzogek solasaldia: "Erran dit ez diola Israeli leporatzen zibilei nahitara min egitea". Hortik bost egunetara, berriz kritikatu ditu zibilen aurkako erasoak. Horrela dabil Macron, erdipurdi, baina fermuki Israelen gibeletik.
Israelekiko lerrokatze hori Nicolas Sarkozyren presidentetzatik du Frantziak hain argia eta asumitua. Palestinaren eta Israelen arteko gatazka ere "[palestinarren] terrorismoaren aurkako borroka" izatera pasa da denborarekin. Macron urrunago joan zen 2019an, antisionismoa antisemitismoaren barnean jartzen zuen ebazpena bozkatuz. Judu batzuen desadostasuna eragin zuen urratsak: mundu mailako 127 judu intelektual ezagunek eskatu zieten parlamentariei antisionismoa antisemitismoari asimilatzeko urratsa ez onartzea. Orain, antisionismoa zigortzeko lege proposamena aurkeztu berri dute hamasei senatari eskuindarrek.
Urratsez urrats, Frantziak erabat galdu du aitzineko hamarkadetan berreskuratzea lortu zuen herri arabiarren sinpatia. Charles De Gaulle izan zen hartu-emanak lasaitzea lortu zuen Frantziako presidentea. Nagusiki, independentzia onartu ziolako Aljeriari, 1954tik 1962ra arte iraun zuen gerra odoltsuari bukaera emanez. Horrez gain, 1967an Sei Eguneko Gerra abiarazi zuen Israelen erasoa gogorki kritikatu zuelako ere –"Orain, Israel dabil harturiko lurraldeak okupatzen, eta hori ez doa zapalkuntzarik, errepresiorik eta kanporaketarik gabe. Terrorismotzat daukan erresistentzia dauka parean" esaldia ezaguna da, 1967ko azaroaren 27ko prentsaurrekoan errandakoa–. Orduz geroztik, mantendu zen Israelekiko “lerrokatze-ezaren printzipioa”. Sarkozy arte.
1948-1967 urteak, haatik, Israel eta Frantziaren arteko harremanen "urrezko urteak" izan ziren. Bigarren Mundu Gerrako Holokaustoa gogoan, Israelen izaera aitortu eta babes osoa bideratu zion Frantziak. Hori nahikoa ez eta 1956an Sinaiko Gerran elkarren ondoan aritu ziren Israel, Frantzia eta Erresuma Batuak, Egipto bonbardatzen, Gamal Abdel Nasser egiptoar anti-inperialista sozialistaren Suezko kanalaren nazionalizazioa ez zutelako onartzen. Urte horretako uztailaren 22an Paris ondoko Sevres hirian elkartu ziren –gordezka– erasoa adosteko. Frantzia eta Erresuma Batuarentzat porrota izan bazen ere, Israel burua zut atera zen, munduari bere indar militarra argiki erakutsirik. Funtsean, Frantziako Ministroen Kontseiluko presidente Guy Molletek errana da: "Puntu positibo bakarra da Israel salbatu dugula". Azkenik, ez dezagun ahantzi oinarria, Frantziak eta Erresuma Batuak 1916ko maiatzaren 16an sekretupean izenpetu Sykes-Picot hitzarmena: Ekialde Hurbilaren banaketa koloniala adostu zuten, herri arabiarrei egindako independentzia promesaren gainetik pasaz.
Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.
Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.
Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]
Gergely Gulyas Hungariako Presidentetza ministroak eman du erabakiaren berri, Hagako auzitegiak atxilotze agindua ezarrita dion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa herrialdera heldu den egun berean. Israelgo armadak Gazako eremu gehiago hartzeko asmoa duela... [+]
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak eskatu dute talde sionistak ez dezala txapelketan parte hartu, eta lortu dute.
Lekukotasunak, autopsia txostenak eta atxiloaldian izenpeturiko adierazpenak bildu ditu The Independent komunikabide britainiarrak. 2023ko urriaren 7az geroztik 70 palestinarrek dute bizia galdu Israelgo presondegietan. Palestinar presoen alde dabilen Addameer elkartearen... [+]
Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat... [+]
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Zer esango zenioke Palestinako aktibista bati aurrez aurre izango bazenu? Ni mutu geratu nintzen Iman Hammouri nire herrian bertan aurkeztu zidatenean. Eskerrak andre nagusi bat gerturatu zitzaigula eta solaskide roletik itzultzailearenera pasa nintzela.
Palestinako Popular... [+]
Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Asteartean menia apurtu zuenetik gutxienez 650 palestinar hil dituzte sionistek, Al Jazeeraren arabera. Netanyhauren gobernuak Shin Bet zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar kaleratzeko erabakia hartu du, baina Auzitegi Gorenak kaleratzea geldiarazi du.
Milaka pertsona bildu dira larunbat honetan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta “Israelek Gazan egindako genozidioa” amaitzeko eta Benjamin Netanyahuren gobernuak su-etenari berriro ekiteko eskatzeko. Gernika-Palestina herri ekimenak deitu du martxa,... [+]