Aldizkari monografiko berezia sortu dugu. Egoera ere halakoa delako. Gure etxeko patxadan ia zuzenean ari gara ikusten genozidio bat nola egiten ari diren. Uneotan, zigor gabe eta normaltasunez. Euskal Herriko eta Europako gobernuak eta haien menpeko hedabideak “Israelen defendatzeko eskubidearen” izenean herri oso baten aurkako erasoa zuritzen ari dira. ARGIA osatzen dugunok ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu. Ez dugu horren konplize izan nahi.
Herritarrek Palestinan gertatzen ari denaz jabetzeko eta ulertzeko, ardura handia dugu kazetariok. Eta tamaina honetako sarraskiaren aurrean ez diogu gure erantzukizun profesional eta etikoari uko egin nahi. Hainbatetan esan dugu: ez gara neutralak. Nola izan neutralak genozidio baten aurrean? Horregatik sortu dugu zenbaki monografiko hau, mundu osoaren zimenduak eta lotsak astintzen ari den bidegabekeria honen aurrean, ez dugulako arazoaren parte izan nahi, konponbide justuarena baizik.
Ez da gerra, genozidioa da
Argi diogu: ez da gerra bat. Are gutxiago, Israel eta Hamasen artekoa.
Aire zabaleko munduko kartzelarik handiena izateari utzi dio Gazak. Orain 2,3 milioi pertsonen kontzentrazio-, sarraski- eta bortxazko desplazamendu-eremua da. Israelgo armadak hilabete eta erdian 14.000 palestinar baino gehiago hil ditu, horietatik %40 haurrak dira. Eta askoz gehiago daude zaurituta, traumatizatuta ala eraitsitako hondakinen artean hilotz.
Gerraz hitz egitea marko linguistiko eta politiko faltsua da. Berdinetik berdinera ari diren bi aldeko auzi gisa aurkezteak egiazko biktima birbiktimizatzen du eta genozidaren eskua itzalpean gordetzen du.
Gazako blokeoa diseinatu zuen geografo sionista Arnon Sofferrek argi adierazi zuen haren planaren helburua 2007an: “Animalia horiek are animaliago bihurtuko ditugu”. 16 urte geroago, argudio bera darabil Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek: “Giza animalien aurka ari gara borrokan, eta horren arabera arituko gara haiekin”. Gizatasuna ere ezabatu nahi dute, palestinarra animalia bilakatuta, ondoren hildakoen zerrendarako zenbaki bat gehiago izan dadin. Hedabideon lana ere bada gorroto diskurtso horiek ez naturalizatzea, eta egileak salatzea, izen abizenekin.
Errudunak zigortu
Zigor kolektibo gisa populazioa bonbardatzea, bortxaz desplazamendu masiboa eragitea, elikagaiak, ura eta elektrizitatea etetea... gerra krimenak dira, Erromako Estatutuaren seigarren puntuan jasota dagoenez. Eta beraz, arduradunak, Benjamin Netanyahu buru, nazioarteko auzitegi penalera eraman behar dira gizateriaren aurkako krimenengatik epai ditzaten.
Ezerk ezin du horrelako sarraskirik justifikatu, ezta euskaldunok ondo baino hobeto ezagutu eta sufritu dugun "terrorismoaren aurkako borroka" manatuak ere. Ez dugu ahazten argudio hori erabili zutela Irakeko inbasioan ehunka mila pertsonaren hilketa justifikatzeko. Palestinako erresistentzia armatuak urriaren 7an egindako erasoa ezin da aitzakia gisa erabili. Europak ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu hamarkadetan giltzapetuta, setiatuta eta okupatuta dagoen herri oso baten sarraskiaren aurrean. Gustatu ala ez, historiak argi erakutsi digu injustizia errotuta dagoen lekuan, erresistentzia sortuko dela beti.
Palestinako okupazioaren arazoa europarra da. Europak lapurtu zien palestinarrei haien lurra eta erakunde sionistei eman. Orduan onartu zituen Europak judutarrak “europar” gisa lehenbizikoz: Ekialde Hurbileko biztanle bilakatzean. Ordutik, 75 urtez babestu eta armatu du indar okupatzailea, baita edozein gehiegikeriaren aurrean zigorgabetasuna eskaini ere. Beraz, konponbideak Europatik ere etorri behar du. Gero eta gehiago dekolonitateaz mintzo garen garaiotan, Palestinak ere deskolonizazio prozesua behar du, eta bide horretan ezinbestekoak dira nazioarteko elkartasuna, babesa eta laguntza.
Ez gara neutralak
Hainbatetan alderatzen da Palestina eta apartheidaren menpeko Hegoafrika, palestinarren eta beltzen bazterketa sistematikoa bertsua delako, baita sistema injustu horiei aurre egiteko herritarron tresnak ere: erresistentzia babestea eta estatu genozidari boikota eta zigorrak sustatzea.
Apartheida bere azalean bizi eta borrokatu zuen Desmond Tuturen hitzak gaurkotasun handikoak dira: "Injustiziaren aurrean neutrala bazara, zapaltzailearen alde egotea erabaki duzulako da". ARGIAko kideok argi daukagu nondik idazten dugun. Palestinan eta Israelen okupatuak eta okupatzaileak daude, baztertuak eta pribilegiatuak, erresistenteak eta erasotzaileak.
Kazetaritzak mundua ulertzeko, eraldatzeko eta hobetzeko jarduna beharko luke. Kazetaritza independenteak ez du zerikusirik boteredunen argudioak akritikoki zabaltzearekin edo “bi aldeen” argudioak jasotzearekin. Ausardiaz jokatzeko garaiak dira eta horregatik sortu dugu aldizkari berezia, palestinarren erresistentzia eta Israelen okupazioa hobeto ulertzeko asmoz. Palestinan deskolonizazioa, justizia eta berdintasunean oinarritutako konponbide justuaren alde gauden euskal herritarrok beste euskarri bat izan dezagun.
Ez gara genozidio baten propagandaren parte izango. ARGIAn ez dugu Israelen genozidioa justifikatuko edo zurituko. Ez gure izenean. Genozidioa gelditu.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bisitarekin batera egin ditu adierazpenak AEBetako presidenteak, Etxe Zurian. Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak Egipto edota Jordaniara lekualdatzea proposatu du.
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]
Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.
Adosturiko puntu batzuk aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk Hamasi, baina azken honek informazioa gezurtatu egin du berehala. Urtarrilaren 15eko arratsaldean adostutakoaren arabera, hiru fase lituzke meniak eta igandean abiatzekoa dute. Bizkitartean, erasoekin... [+]
Sindikatu abertzaleko 100 bat kidek Portuko sarrera blokeatu dute Santurtzin, eserialdi baten bitartez. Ekimen horren bitartez Palestinari elkartasuna erakutsi eta genozidioa salatu dute.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]
Gazan 2023ko urria eta 2024ko ekaina artean Palestinako Osasun Ministerioak adierazitakoa baino %40 hildako gehiago izan direla azaldu dute The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Zuzeneko heriotzak soilik hartu dituzte kontuan azterketan, hau da, bonbaz edo tiroz... [+]
Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.
Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.
Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.
Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]