Gazako inbasioak aurrera darrai, Israelgo Gobernuaren aliatu estrategikoak direlako Mendebaldeko gobernuak, eta beraz, herrialde horietako hedabide nagusiak. Israel biktima bezala aurkezteko asmoa ondorioztatzen da diskurtso nagusien azterketa semantikoa eginez gero. Eta hala ere, mundu osoan –baita Israelen aliatu diren estatuetan ere–, milioika eta milioika lagun ari dira kalera ateratzen sarraskia geratzeko eskatuz. Horrek erakusten du, hedabide horien boterea izugarria izan arren, zailtasunak dituztela marko ideologikoa iritzi publikoan eztabaidarik gabe txertatzeko. Azken batean, hitzek axola dute. Erabiltzen ditugun hitzak gara. Hala idatzi zuen Saramagok.
Urriaren 7an eguerdian, Hamasen talde armatuak eta beste lau taldek Israelgo militar eta zibilen aurka egindako erasoaren ostean, Israelgo Gobernuak guda deklaratu zuenean, nazioarteko milaka hedabidek Netanyahuk ongi aukeratutako ideia errepikatu zuten: Israel-Hamas guda hasi da. Hori izan da mundua astinduko zuten izugarrikeriei buruzko informazioen inguruan –egunkarietan izenburuaren gainean, telebistan errotuluetan, irratian albisteen aurkezpenean...– beren kokapena. New York Times-etik El Diario Vasco-ra, EiTBtik Le Monde-ra.
Gaia horrela planteatzea, eta ez adibidez Israel-Palestina guda edo Israel-Gaza guda, erabaki editorial garrantzitsua da. Hamas Gazan agintean dagoen mugimendu politikoa da. Israelen agintean Likud alderdia dago, eskuin muturrarekin batera. Etiketa horren antitesia Likud-Gaza guda edo Likud-Palestina gerra lirateke, pentsaezina aztertzen ari garen hedabideetan. Israelen erasoa Israel-Hamas guda testuinguruan kokatzeak, batetik, Palestina ezabatzen du ekuaziotik, eta beraz, testuinguru historikoa eta bertako gatazka politikoa desagertzen dira kokapenetik bertatik; bestetik, dena urriaren 7an hasi izan balitz bezala planteatzen da, Israelgo Gobernuaren diskurtsoa bete-betean; eta azkenik, darabilten formula horrekin, Likud eta Israelgo gobernu ultra eskuindarra Israelgo herri osoarekin identifikatzen da inplizituki, Hamas Gazako herritarrengandik aldentzen den bitartean. Hala, esan beharrik ez dago, Israelen bonbardaketak legitimatzen dira.
Ikusita Israel Hamaseko ekintzaileak baino askoz zibil gehiago ari dela hiltzen, 4.000 haurretik gora barne; ikusita Israelek ospitaleei, eskolei eta errefuxiatuen kanpamenduei eraso egiten jarraitzen duela, egiari fidelagoa da, adibide bat jartzearren, Berria egunkariko “Gazako egunerokoa”-n Atef Abu Saif-ek darabilen formula: Gazaren aurkako guda. Gazaren aurkako Israelen guda ere esan genezake.
Sarean bilaketa bat eginda, esan daiteke munduko hedabideak bi multzo handitan bereiz daitezkeela: bonbardaketei buruzko titularretan Israelen egiletza aipatzen dutenak eta, xehetasun hori ezkutatuz, informazio garrantzitsu bat lehen planora ez eramatea erabakitzen dutenak. Bigarren multzo horretan sartzen dira nazioartean prestigiotsu gisa aurkezten diren hedabideetako asko.
“Nork baina?”, galdetzen diote dozenaka aldiz –ingelesez “By whom?”– sare sozialetan BBCri. Hemen adibide bat –izenburuak euskaratuta aurkeztuko ditugu irakurketa errazte aldera, loturak sakatuta originalak kontsultagai–: Dozenaka hildako Gaza iparraldeko errefuxiatu gune bateko leherketan. Titularra aztertuta, kazetariak hartu dituen bi erabaki nabarmentzen dira: batetik, “leherketa” dio, ez “bonbardaketa”; eta bestetik, ez du zehazten nork bota duen lehergailua eta jendea hil. Adibide gehiago. Europa Press: Gutxienez 29 kazetari hilak izan dira Israel eta Hamas arteko gerran. Edo Le Monde: Ikusi Jabalia errefuxiatu guneko bonbardaketaren irudiak. Edo New York Times: Gutxienez 24 hildako NBEk kudeatutako eskola bati eginiko erasoan.
“Hilketa misteriotsua al da? Nork egin du?! Ezezaguna da?!”, erantzun dio Ahmed Leithy erabiltzaileak CNNri, ondorengo izenburuak sututa: Familia amerikar-palestinar bat dolua egiten ari da, egun bakarrean Gazan 42 kide hil dizkietelako. Hedabide batzuei deseroso zaien egia –Israel milaka zibil hiltzen ari dela– ezkutatu edo leuntzeko estrategia da, eta dagoeneko arreta deitzen ari da jende askoren begietara.
Azpian, ekintzaileek AEBetako Fox News telebista kate eskuindarraren egoitzan egindako protesta.
Oso errepikakorra da eta Euskal Herrian ere askotan ikusi izan dugu. Eskandalu posible baten aurrean, arduradun instituzionalek estrategia politiko gisa erabiltzen dute gezurra, helburu argia batekin: iritzi publikoan lehen kolpe mediatikoa leuntzea. Hala gertatu izan da Zubietako erraustegiak ondoko erreka kutsatu izan duen bakoitzean edo Donostiako metroko obrek kalean zulo bat edo etxe batean pitzadurak eragin dituztenean, bi kasu aipatzearren. Agintariek argi dute zer egin: dena ukatu. “Kutsadura hori ez dator erraustegitik, ikertu behar da” edo “Lurreko zulo horrek ez du zerikusirik metroaren obrekin, aztertu behar da”. Horrekin lortzen dute hedabideek bi bertsio baleude bezala jokatzea, titular nagusietan eskandalua hipotesi bezala edo zer gertatu den jakin ezin balitz bezala aurkeztea. Ondoren, beti gertatzen da gauza berdina: baietz, kutsadura erraustegitik filtratu zela edo zuloa obrek egin zutela jakiten dela. Begi bistakoa, baina bigarren boterako arreta mediatikoa beste gaietan kokatua izaten da eta hipotesi gisa planteatu zuten hedabideek gutxitan ematen diote lehen informazioari eman zioten adinako garrantzia, eta beraz, askoz ere jende gutxiagorengana heltzen da. Agintariaren gola. Halako estrategia manipulatzaileek merezi dute gogoeta bat eta ausardia gehiago kazetaritzan, ez dezaten urratu egiazko informazioa jasotzeko herritarrek duten eskubidea.
Gezurra etengabe darabilte Israelgo agintariek ere, azken hamarkadetan askotan ikusi dugunez. Azaroaren 17an oso garbi ikusi zen, Gazako al-Ahli ospitalea bonbardatu eta ehunka zibil sarraskitu zituztenean. Gazako agintariek misil israeldar batek eragin zuela salatu zuten berehala. Nazioarteko iritzi publikoaren asalduraren aurrean, froga faltsuak eta bideo manipulatuak zabaldu zituen Israelgo armadak esateko ez zutela beraiek bota misil hori eta Palestinako erresistentziaren suziri desbideratu bat izan zela eragilea. Nahiz eta hipotesi horrek ez eduki ez hanka ez buru –hasteko, palestinarrek ez dutelako halako suntsidura eragiteko moduko armarik eta Israelek egunak zeramatzalako eraikin osoak misilen bidez birrintzen–, hedabide nagusi gehienek galdera moduan edo egiletza aipatu gabe informatu zuten. “Israelek Gazako al-Ahli ospitalea bonbardatu du” argi esan beharrean, horrela titulatu zuten askok: El Correo: “Ehunka hildakorekin” odol bainua eragin du Gazako ospitale baten gaineko bonbardaketak, edo New York Times: Gazako ospitalean izandako leherketaz dakiguna. Handik egun gutxira, Al Jazeeraren ikerketa batek frogatu zuen ez zela inondik ere suziri palestinar bat izan, noski, ospitalera bota zutena eta egun, ez dago zalantzarik, ospitaleei eraso egiten diela Israelek, barrura frankotiratzaileekin pazienteei tiro egitera iritsi baitira, Mugarik Gabeko Medikuek salatu zutenez.
Beste adibide bat jartzearren, Israelek zibilez beteriko anbulantziak bonbardatu eta 13 pertsona hil zituenean azaroaren 3an, inolako frogarik erakutsi gabe esan zuten anbulantzietan Hamaseko kideak zeudela ezkutatuta. Ospitaleko medikuek berehala ukatu zuten arren, hedabide askok hipotesi hori zalantzan jarri gabe publikatu zuten guda krimenak zuritzeko Israelek darabilen propaganda. Ondorengoa argitaratu zuen adibidez La Voz de Galicia-k: Hamas bere gerlari zaurituak zibilekin batera Rafahko pasabidetik pasatzen saiatu zen edo Indiako irakurrienetako bat den Hindustan Times-ek: Israelek Gazako ospitale ondoan anbulantzian 'Hamaseko militanteei' eraso egin die, eskola bat ere erasotua, 35 hildako. Titular horietan bandoetako baten bertsioa ontzat ematen da. Berdin gertatu da Al-Shifa ospitalearen azpian Hamasen egoitza nagusia zegoela zioten informazioekin. Inolako frogarik aurkeztu gabe hipotesia ontzat eman dute –baita Israelgo armadaren bideo simulatzaile bat zabaldu ere– mundu osoan hedabide askok. Ospitalea indarrez hartu ostean, ordea, aldizkari hau inprentara bidali dugun unean, Israelek oraindik ez du manipulatutako bideo batzuk besterik zabaldu, BBC eta CNNk publikoki salatu dituztenak. Israelen propagandan oinarritutako “dena da Hamas” informazioek bilatzen dutena da iritzi publikoari ongi iruditzea anbulantziak edo ospitaleak bonbardatzea, nahiz eta hori Genevako hitzarmenak debekatu.
AEBko akademiko judu Norman Finkelstein oso haserre mintzatu da New York Times-ek al-Shifa azpiko Hamasen ustezko egoitzari eman dion koberturagatik. Sare sozialetan gogorarazi die Der Sturmer egunkariaren zuzendari Julius Streicher Nurembergen urkatu zutela nazien krimenengatik, eta galdetu du al-Shifaren aurkako erasoa zuritu duten kazetari eta hedabideak ez al diren bertako inkubagailuetan hildako haurren arduradun.
Azpian, NYTimes-en egoitzan dozenaka pertsonak eginiko protesta, Gazako sarraskiaz egiten ari diren lana kritikatuz.
Azken bi urteetan, herriek beren burua defendatzeko duten eskubideaz asko hitz egin dute agintari eta hedabideek. 2022an Ukrainak Errusiaren inbasiotik defendatzeko eskubideaz mintzo ziren. Oraingo honetan ere, hedabide hegemonikoak eta bateko eta besteko gobernuetan dauden agintariak –Iñigo Urkullu besteren artean– defentsa eskubideaz mintzatu dira. Ez baina Palestinaren eskubideaz Israelek duela 75 urtetik bertan estatu kolonizatzaile gisa eragiten duen apartheid egoerari erantzuteko. Autodefentsarako eskubidea, zeini eta Israeli egozten dio AEB eta EB-k gidatutako blokeak. Hainbat astean luzatzen ari den eraso gupidagabearen lekuko izan arren, oraindik ere, Hamasek militar eta zibilen aurka egin zuen sarraskiak den-dena justifikatuko balu bezala mintzo dira batak eta besteak, guda krimenak, genozidioa eta garbiketa etnikoa barne.
Azaroaren 16an, azken erasoa hasi eta sei astetara, Europar Batasuneko atzerri eta segurtasun ordezkari Josep Borrellek honela esan du: “EB-k Hamasen ekintzak gogortasunik handienarekin gaitzesten ditu eta ez du zalantzarik Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidean”. Ondoren, Israeli eskatu dio, beste hitz batzuekin, ez ditzala guda krimenak hain agerian egin, geroz eta deserosoago baitaude bere aliatuak.
Hamas Gazan agintzen duen alderdi politikoa da eta hango hauteskundeak irabazi zituen 2006an. Beso armatua du –al-Qassam brigadak–, beste alderdi palestinar askok daukaten bezala, besteren artean, Fatahk. Gai hauek bikain aztertu ohi dituen Manu Levinek La Base podcastean azaldu bezala, Hamas ez dago mundu osoaren terroristen zerrendetan. Ondorengoek badaukate: Israel, AEB, EB, Japonia, Kanada, Paraguay, Australia, Egipto edo Paraguay. Ez dute terrorista gisa definitzen, ondorengoek: Suitza, Norvegia, Turkia, Brasil, Txina eta Errusia, batzuk aipatzearren.
Beraz, sistematikoki Hamas erakunde terrorista gisa definitzea, gutxien-gutxienez, ez da mundu osoan datu objektibo gisa aurkez daitekeen zerbait, herrialde batzuekin lerratuta dagoen planteamendu ideologikoa baino. Hamas eta erresistentzia palestinarra beti terrorista gisa aurkeztuta, Israeli abantaila morala ematen diote sarraski honetan, eta beraz, Israelen erasoak terrorismoaren aurkako ekintza gisa aurkezten dira inplizituki. Ofizio honen lotsarako geratuko dira, Israelen bonbardaketek hildako palestinarren senideak, besteren artean, nola galdekatu dituzten Mendebaldeko zenbait hedabidetan. "Hamasen terrorismoa gaitzesten duzu?". Beti botako diete galdera hori. Honela erantzun zion BBCko elkarrizketatzaileari Britainia Handiko Palestinako enbaxadoreak urriaren 8an. “Zenbat aldiz egin ditu guda krimenak Israelek? Eta haiei egiten dizkiezun elkarrizketak hori gaitzesteko eskatuz hasten al dituzu? Nik erantzungo dizut: ez. Utzi palestinarroi etengabe geure burua gaitzesteko eskatzeari”.
Baina murgil gaitezen konnotazio politiko sakonak dituen “terrorismo” kontzeptu ilunean. Zibilak bahitu eta hiltzea “terrorismo” kontsidera daiteke? Hala erabiltzen da. Eta beraz, zergatik ez zibilak hiltzea ospitale bat bonbardatuta? Zergatik ez da terrorismoa bi milioi pertsona urik, elektrizitaterik eta osasun zerbitzurik gabe utzi eta egunero guda krimenak egitea? Israel, sorreratik, praktika terroristak darabiltzan estatu bat da.
Israelek darabilen lengoaia erabiliz, baina, “Hamasen helburuak” bonbardatzen dituztela nabarmentzen da askotan, bigarren mailan utziz eraso horiek egindako triskantzak. Euronews: Israelek Hamasen ehunka helburu bonbardatu ditu bart. Bonbardaketak zuritzen dituen adibide bat bakarrik da.
BBC da Mendebaldean politika horri uko egiten dion hedabide nagusia –inpartzialtasun etiketa bilatzen du, nahiz eta, objektibotasuna bezala, hori ezinezkoa den, galdetu bestela Eskoziako independentistei– eta orain egun gutxi polemika iturri izan da Israelgo Gobernuak zuzenean kritikatu duelako ez diela Hamaseko kideei “terrorista” deitzen. BBCk bere erabakia defendatu du eta nazioarteko kazetari beterano John Simpsonen hitzak lehen lerrora ekarri ditu: “Norbaiti terrorista deitzea bando bat aukeratzea da”.
Hamas terrorista bada, sakoneko planteamendua Espainiako Estatuak Euskal Herrian eta George W. Bushen AEBek Iraken erabilitako bera da: terrorismoaren aurkako guda. Ongi dakigu zer dakarren horrek. Iraken ere bai: milioi bat pertsona baino gehiago hil zituzten han sekula agertu ez ziren suntsidura handiko armen aitzakian.
Hainbat tonatako misilak eraikinen gainera bota, hauek birrindu eta barnean bizi ziren familia osoak hiltzea “Hamasen aurkako operazio kirurgikoak” direla irakurtzen da. Hori baina, biztanleria zibilaren aurkako erasoak zuritzeko lengoaia da, guda krimenak ezkutatzen eta Israelgo armadak darabilen propaganda zabaltzen duena, kazetaritza bailitzan: El País-en titularra jarraian: Israelgo armada Gazan zabaldu da Hamasen 450 posiziori eraso egin ostean. Egun horretan ere, dozenaka lagun hil zituen Israelgo armadak, haurrak barne.
Markoa Israel-Hamas guda gisa ezartzeak palestinar herri osoa terrorismoarekin lotzea ahalbidetzen dio eskrupulo gutxiko jendeari. Muturreko adibide bat ekartzearren, Israelgo Canal 14 telebistak, Gazako inbasioko datuak ematean –zaurituak eta hildakoak–, hildako palestinarren datuaren gainean “hil ditugun terroristak” errotulua erabili zuen. Londresen bizi den Ahmed Alnaouq kazetari palestinarrak sare sozialetan erantzun zien: “Israelgo telebista honek dio 7.546 terrorista hil dituztela. Terrorista horietako hamalau ezagutzen ditut, nire ilobak ziren, eta 1 eta 13 urte artean zituzten”.
Milaka biktima palestinarrei buruz ez dakigu ez izen-abizenik, ez zer egiten zuten, ezer ere ez. Biktima israeldarrei buruz, askoz ere gehiago iristen da. Adibidez, urriaren 7an eta hurrengo egunetan Hamasek bahitu eta hildako zibil ugariren historiak jaso zituzten Mendebaldeko hedabideetan. Shani Louk alemaniarraren kasua, adibide bat da. AEBetako Time aldizkariaren azken azala ere adibide bikaina da: Hamasek bahituta duen pertsona baten familia eta beren historia. Hor ez dago arazorik, biktima zibilak humanizatzea ariketa duina da. Besterik da, hedabide hauek normalean alde bateko biktimekin bakarrik jokatzen dutela horrela. Enpatia sortzen saiatzeko estrategia da, bando bat “gure” bando gisa aurkezteko modu bat, eta bestea ez.
El País-en titularra hurrengoa: Gazako gudan haur bat hiltzen da 10 minuturo, Save The Childrenen kalkuluen arabera. 9.000 biktimetatik 4.000k ez dauka ez izenik ez historiarik (hemen lotura, gero titularra aldatu zuten). Lehen zatian kazetariak zuzenean jar zezakeen Israelek hiltzen duela 10 minutuero haur bat Gazan, baina bigarren zatiak oraindik eta arreta handiagoa deitzen du. Pertsona horiek bazituzten izen-abizenak eta historiak. Beste gauza bat da Mendebaldeko kazetariok ohikoan ez ditugula ikertzen eta gure publikoei helarazten.
Al Jazeerak Know their names (Jakin beren izenak) atala sortua du palestinarrak ez direla zenbakiak erakusteko. Horrelako gauzengatik, eta zuzenean Israelgo propagandari aurre egiteagatik, mundu mailako erreferentzia informatibo nagusia bilakatu da Qatarreko hedabidea. Kontuak zer diren, Israelek lege berri bat onartu du Al Jazeera ixten saiatzeko, enegarren aldiz.
Euskarazko hedabideek ohikoan beti “hildako” erabiltzen dugu eta beraz, ez da halako mailaketarik sortzen. Gaztelaniaz, baina, morir vs. asesinar, frantsesez mourir vs. meurtre, ingelesez to die eta to kill edo to murder kontzeptuek esanahi, eta beraz, konnotazio ezberdinak dituzte.
El Mundo egunkariak atal hau ilustratzeko adibide mordoa ematen ditu bere hemerotekan. Adibide bat hartzearren, urriaren 8an, sarreran hau irakur daiteke: 700 israeldar baino gehiago erail ditu Hamasek (asesinados). Artikuluan beherago, 413 palestinar hilak izan dira (muertos).
BBCren beste adibide bat, Israelek Jabaliako errefuxiatuen eremua bonbardatuta ehunka biktima eragin zituenean: Gaza iparraldeko errefuxiatu gune batean hamarnaka hildako. Ez ziren hamarnaka, ehunka baizik egun hartan hildakoak; zibilak ziren hildakoak, Israelek bonbardatu zituen errefuxiatuak; eta ez zen leherketa bat izan, bonbardaketa baizik.
Urteak dira nazioarteko eragile ugarik Apartheid gisa definitzen duela Israel Palestinan egiten ari dena. Izan Amnesty International edo Nazio Batuen Erakundea. 2022ko martxoan horrela esan zuen azken horrek: “Palestinako lurraldearen okupazio israeldarra apartheid egoera bat da” eta definizioa bere egingo zuela jakinarazi zuen.
Apartheida Hegoafrikan ezarri zuten sistema politikoa izan zen, zeinaren bidez estatu berean bizi ziren bi giza taldeetako bati pribilegioak aitortzen zitzaizkien eta bestea diskriminatzen zen. Palestinako egoeraz zertxobait informatua dagoenak badaki definizio hau bete-betean aplikatzen dela Israel egiten ari denarekin. Hala ere, apenas ikusiko ditugun hedabide nagusietan definizio hori bere egiten duten artikuluak. Beti kakotx artean aurkituko dugu hitz hori, norbaiten ahotan jarria. Antzeko gertatzen da okupazioarekin. Gazako azken erasoaldiaz informatzen da, aipatu gabe, Palestinan bizi duten okupazio egoera, eta hori egunerokoan nolakoa den.
Nahaste interesatua eragin dute Israelen aldeko indarrek antisemitismoa eta anti-sionismoa nahasita.
Antisemitismoa juduen aurkako aurreiritzi, etsaitasun edo diskriminazioa da, juduak erlijio-, etnia-, nahiz arraza-talde gisa ulerturik. Eta Palestinan egiten ari den genozidioa, ezin da inolaz ere ulertu juduen, juduak direlako, aurkako diskriminazio gisa. Hala erakusten dute Israeldik kanpo bizi diren eta Palestinaren alde mobilizatzen diren milaka juduek.
Gazako genozidioa salatzen duten herritarrei antisemitak izatea egozten die eskuinak –baita eskuin mediatikoak ere– munduko leku guztietan. Eta gaur egun Israelen babesleak nor izango eta Frantziako Le Pen, Espainiako Abascal, Italiako Meloni... betiko faxista eta antisemitak, beren artean Hitler goratzen duen jendea dutenak alegia. Marka da gero.
France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]
Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.
Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]
Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]
Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]
Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein... [+]
Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin badakit ez dela garai kontua soilik; alegia, udazkenak eta negu hasierak barrura begira jartze hutsa.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]
Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.