Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen periodistiko-filosofikoa egin zuen Arendtek New Yorker aldizkariarentzat, eta kronika horiek bildu eta beste hainbat apunte berreskuratuta argitaratu zuen liburua. Polemika piztu zuen: Eichmannen erruduntasuna ukatzen ez bazuen ere, gizon arrunt eta inkontziente gisa deskribatu zuen Arendtek, hain obedientea zena aginduekiko, ongia ala gaizkia egiteak ez zuela batere axola. Eichmann deskribatzeko, filosofiaren ikasgaietan hain ezaguna den terminoa sortu zuen Arendtek: gaizkiaren hutsaltasuna.
Liburua euskaraz irakurtzeko aukera bagenuen lehendik ere, baina Katakrak argitaletxeak, urteurrenaren aitzakia hartuta, itzulpena egokituta berrargitaratu du.
Gaizkiaren hutsaltasuna gisako kontzeptuak, obedientzia eta desobedientziaren antzera, gaur egunean nola erreproduzitzen diren aztertzeko ahalegina egingo dugu filosofo eta politologoen arteko mahai inguruan. Aurrez, baina, testuinguru apur bat.
Sententzia honelaxe eman zen, 1961eko abenduaren 15ean, 114 auzi-saioren ondoren. Moshe Landau tribunaleko buruak leitu zuen:
"Akusatua zigortzeko eta jendearen kezkak uxatzeko, legean jasotako zigorrik gogorrena ezarri behar diogu akusatuari. Sententzia honetan deskribatzen dugun moduan, parekorik ez duen izugarrikeriazko delituetan hartu du parte. Krimen horien helburua judu herria izan da, judutarrak mundu honetatik desagerraraztea. Arrazoi horrengatik, norbanakoen aurkako krimenetatik bereizi behar ditugu ekintza horiek, eta gizateriaren aurkako ekintza larri gisa kalifikatu. Izan ere, pertsona talde baten kontrako jarduera izan da, giza-talde horretakoa izate hutsagatik. (...) Beraz, aipaturikoak aipatuta, tribunal honek heriotza zigorra ezartzen dio Adolf Eichmanni, herri juduaren aurkako krimenengatik, gizateriaren kontrako krimenengatik eta gerra-krimenengatik".
Urkatzera kondenatzen zuen sententzia emanda ere, Eichmannek ez zuen gehiegi aldatu ordura arteko diskurtsoa. Hauxe izan zen epaitegiko azken hitzartzea:
"Arretaz entzun dut tribunalaren epai zorrotza. Nire justizia-itxaropenetan huts egiten dut. Ezin dut onartu erruduntasun-epaia. Judu herriaren aurkako krimenetako espiazio demanda ulertzen dut. Epaiketa honetan lekukoek egindako adierazpenek hankak epeldu dizkidate, halabeharrez gertakari horietara joan behar izan nuenean dardara egin zidaten bezala. Nire bizitzako zoritxarra basakeria horietan nahastuta egotea izan da, baina ernalketa horiek ez ziren nire nahien arabera gertatu. Ez nuen jendea hil nahi. Hilketa masiboaren ardura buruzagi politikoen errua baino ez da. (...) Ez naiz uste duzuen munstroa. Erabat konbentzituta nago hemen ordaindu behar dudala beste batzuengatik".
Adolf Eichmann: "Ez naiz uste duzuen munstroa. Erabat konbentzituta nago beste batzuengatik ordaindu behar dudala"
Eichmannek errekurritu egin zuen sententzia, eta sei hilabetez luzatu zen kartzelaldia. Ez zuen ezer aldatzeko balio izan. Hala, 1961eko ekainaren 1ean, espetxeko patioan urkatu zuten Eichmann. Bere gorpua erraustu zuten, eta errautsak Mediterraneora bota zituzten. Israelek jarritako lehenbiziko heriotza zigorra zen.
[Nor zen Adolf Eichmann? Irakurri hemen hari buruzko xehetasun gehiago]
Atxiloketa polemikoa
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean ihesari ekin zion Eichmannek, eta desagertuta edo hila zegoela pentsatzera heldu zen justizia aplikatu nahi zuen jendea, batez ere Israelgo Gobernua, harik eta 1959an Mossad inteligentzia agentzia israeldarrak Argentinan topatu zuen arte. Hamarkada horretan Ricardo Klement izenpean gorde zen, eta egurgile moduan eta beste hainbat ofiziotan jardun zuen. Israelek atzeman baino hilabete gutxi lehenago, Mercedes-Benz auto enpresa ezagun alemaniarrak Buenos Airesen zeukan lantegiko gerente izendatu zuten, baina ez zuten horregatik harrapatu, nahiz enpresa zelataturik egon zen urte luzez, nazismoarekin lotura izan zuelako. Eichmannek judu alemaniar bat zeukan bizilagun, Lothar Hermann, Alderdi Komunistako kide ohi bat, kasik heriotzaraino torturatua izan zena Alemania nazian. Itsu geratu zen betirako. Eichmannen semeak eta Hermannen alabak elkarrekin jolasten zuten auzoan, eta alabak kontatzen zizkion kontuengatik heldu zen Hermann jauna zerbait susmatzera. Israelgo Gobernuari jakinarazi zion. Hari horri tiraka heldu zen Mossad zerbitzu sekretua jeneral nazi ohia atxilotzera.
Israelgo lehen ministro David Ben-Gurionek propio eskatuta, Mossadek planifikazio berezia egin zuen Eichmann atxilotzeko, Argentinako Gobernuaren beldur, ez ote zituen estradizio baimenak ukatuko –kasuren batean edo bestean gertatu zen aurretiaz–. Isilpean egin zuten operazioa. Modu irregularrean harrapatu zuten Eichmann, eta bahituta eduki apartamentu batean, tortura eta galdeketapean, gobernu argentinarrak baimena emateko zain hegazkin israeldar batek lur hartzeko Buenos Airesen. Astebete behar izan zuten baimena eskuratzeko. Behin hori eginda, Argentinako Gobernuari ezer jakinarazi gabe, Eichmann hegazkinera eraman zuten herritar arrunt bat bailitzan, mekanikariz jantzita, erabat drogatuta eta pasaporte faltsu batekin. Mugazainei mozkortuta zihoala esan zioten.
Israelek modu irregularrean atxilotu zuen Eichmann, bahitu, torturapean eduki eta Israelera eraman, Argentinari ezer jakinarazi gabe
Krisi diplomatiko larria sortu zen. Argentinak salatu zuen bere subiranotasuna bortxatu zela, bere herritar bat bahitu eta atxikita eraman zutela, eta Nazioarteko Zuzenbideak ez zuela halakorik baimentzen. Nazio Batuen Erakundeak babesa helarazi zion Argentinari, eta gauzak horrela, berez, Eichmann itzularazi behar zuen Israelek, baina ez zuen sekula halakorik egin. NBEri gogorrago jokatzeko eskatu zion Argentinak, baina alferrik. Gerora jakin zen Israelek ordaindu egin ziola Argentinari, “kantitate esanguratsu bat”, bazterrak gehiago nahas ez zitzaten.
Epaiketaren hainbat gako
Nazioartearen arreta bereganatu zuen Eichmannen aurkako epaiketak, eta egin zitzaion jarraipen informatiboa oso handia izan zen garaiko teknologiak aintzat hartuta. Berriemaile horietako bat izan zen Hannah Arendt filosofoa, alemaniarra jaiotzez, judua erlijioz, bizilekua AEBetan zuena, nazismotik ihesi joana. New Yorker aldizkariari bere burua aurkeztu zion kronikagile gisa Jerusalemera joateko, juizioaren jarraipena egitera. Ordurako sona bazuen Arendtek, urte gutxi lehenago kaleratu baitzuen Totalitarismoaren jatorria liburua, oinarri teoriko sakona duena nazismoan.
Lehenbizikoa aldia zen Israelgo estatu sortu berriak Eichmannen mailako nazi bat epaitzen zuela, eta ikusmina handia zen. Prestaketa lanek hilabeteak eman zituzten. Moshe Landau zen epaile burua, eta albo banatan izan zituen Benjamin Halevy eta Yitzhak Raveh epaileak. Jaiotzez alemaniarrak ziren hirurak, baina hebreeraz hitz egin zuten aldi oro. Ondo baino hobeto entenditzen zioten Eichmanni, eta horren adibide, bere itzultzaileari ez ziotela uzten esaldiak amaitzen, ez zutelako, berez, itzultzailearen beharrik. Zuzendu ere egin zioten zenbaitetan, itzulitakoa hain zehatza eta zuzena ez zelakoan.
Epaiketaren espektatibak hain ziren altuak, Arendtek ondo baino hobeto sumatu zuela Israelgo Gobernuaren asmoa gehiago zela nazismoa eta holokaustoa bera zigortzea, Eichmannen jarduna epaitzea baino. Agintari nazien aurka egindako Nurenbergeko epaiketetan entzun ez zirenak entzun zitezen nahi zuen Ben-Gurionek, eta nolabait ere aurpegia jarri nahi zion milioika juduren aurka egindako sarraski ikaragarri hari, eta ahotsa eskaini biktimei. Espektatibak altuak ziren, bai, Palestinako lurretan eratu zuten estatu berri hark halako juizio bat ganoraz egitea nahi zutelako, eta arrakastaz gauzatze horrek Israelen existentzia justifikatzeko bidea emango zuelako. Arendten hitzetan lehen ministroa bera izan zen juizioko “eszena zuzendari ikusezina”, saio bakar batera azaldu gabe, Gideon Hausner fiskal nagusiaren ahotsean mintzatu zelako. Epaile nagusiak, ordea, ahaleginak eta bi egin zituen horretatik ihes egiteko.
Palestinako lurretan eratu zen estatu berriari, Israeli, bere existentzia justifikatzeko bidea emango zion juizioa arrakastaz gauzatzeak
Arendten irakurketa
Haizearen kontra moduan jardun zuen Arendtek. Besteak beste gogor kritikatu zuen Ben-Gurion lehen ministroaren asmoa, eta horrez gain, judu burgesak asaldatu zituen apuntea egin zuen: haien ipurdia salbatzeko, klase altuko juduek emandako informazioari esker hil zituela nazismoak horrenbeste judu. Haien antolamendurik ez balego, edota judu-taldeak non bizi ziren jakingo ez balute, nekez izango ziren hainbeste; halako zerbait dio Arendtek liburuan. Jakina, sekulakoak eta bi entzun zituen ondorenean, eta hurbilekoak zituen hainbat lagun filosofo galdu zituen.
Bestalde, gaizkiaren hutsaltasuna terminoaren erabilera ezerosoa egin zitzaion jendarteari. Akaso horrexegatik, Ben-Gurionen antzera, errazagoa zelako Eichmann anker gisa definitu eta buelta gehiago ez ematea. Hutsaltasuna, pertsona batek kontzientziarik ez edukitzea, noren errua da? Halako eta bestelako galderak, Arendten irakurketa hartatik sor zitezkeenak, eta sortu zirenak, nahiago ziren isilean mantendu eta gutxiago pentsatu.
Hauexek dira epilogoaren aurretiazko Arendten azken hitzak, Eichmann urkatzera zeramaten unean kontatzen hasita:
“Nik ez dut horren beharrik”, esan zuen [Eichmannek] kapusai beltza eskaini ziotenean. Bere buruaren jabe zen arrunt, baita gehiago ere: zen bezalakoxea zen. Ezerk ezin izan zuen hori hobeto frogatu esan zituen azkeneko hitzen txatxukeria irrigarriak baino: (...) “Puska labur baten ondoren, jaunok, denok elkartuko gara ostera. Horixe da gizon guztion patua. Gora Alemania! Gora Argentina! Gora Austria! Sekula ez ditut ahaztuko”. Heriotzaren aurrean, hiletaren oratorian erabiltzen den klixea aurkitu zuen. Urkamendian, azken jokaldi makurra egin zion memoriak; “bozkarioa” sentitzen zuelarik, ahaztu egin zitzaion orduko hura bere hileta zela. Nolabait ere, ematen zuen azkeneko minutu haietan Eichmannek laburbildu egin zuela giza zitalkerian egin zuen bide luzeak guri erakutsiko digun irakasbidea: hitza eta pentsamendua motz uzten dituen gaizkiaren hutsaltasun beldurgarriaren irakasbidea.
[Larrun-ak jarraitzen du: 'gaizkiaren hutsaltasuna' eta beste hainbat termino gaur egunera ekartzeko ahaleginean, mahai ingurua osatu dugu adituekin; eta horrez gain, Hedoi Etxarteren iritzi-artikulu interesgarria daukagu]
Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.
Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]
Vienako Simmering auzoan kirol-zelai bat berritzeko lanetan ari zirela, 150 gorpu dituen hobi komuna topatu zuten 2024ko urrian. Erromatar legionarioak zirela ondorioztatu dute, eta K.o. 100 urte inguruan hil zirela. Edo, hobe esanda, hil zituztela.
Gorpuak edozein... [+]
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]
Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.
Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak.
Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]
Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]
Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]
Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]
Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]
Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]
Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]