Euskal Herrian lehenengo aldiz greba feminista orokorra egingo da azaroaren 30ean. Helmuga ez da greba bera, deia egin duen Euskal Herriko mugimendu feministak hala adierazi du. 30 eragile sozial eta sindikalek baino gehiagok adostutako herri akordioari bultzada emateko baliatu nahi dute greba eguna. 23 aldarrikapen hitzartu dituzte. Helburua horiek gauzatze bidean jartzea da. Zaintzarako eskubide kolektiboa posible egingo duen euskal sistema publiko-komunitarioaren aldeko apustua egin du Bizitzak Erdigunean Euskal Herriko Koordinakunde Feministak.
Azaroaren 30ean egingo den grebaren aurrekaria 2019ko Martxoaren 8a izan zen. Greba hartan, zaintza azpimarratzeko ahalegin berezia egin zen, berariaz bestelako zaintza-sistema baten aldeko aldarria egin zen. Egun hura liseritu eta balorazioak egin ostean, COVID-19aren pandemiak dena geldiarazi zuen. Gainerako herri mugimenduei gertatu zitzaien bezala, mugimendu feministak ere beheraldi nabarmena izan zuen antolaketan eta ekintzetan. Paradoxikoki, ordea, pandemiak zaintza ezinbestekoa den ideia gizartearen begien bistara ekarri zuen. Birusari esker, inoiz baino gehiago hitz egin zen zaintzari buruz.
Pandemia lehertu zenean, Euskal Herriko mugimendu feministako hainbat eragilek eta kidek Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feminista sortu zuten zaintzaren gaia agendan sartzeko. Koordinakundeak interpretatu zuen gutxienez bi noranzko zituen une kritiko baten aurrean zegoela gizartea. Batetik, zaintzaren krisialdia areagotzeko arriskua zegoen pandemiagatik, eta bestetik, aukera paregabea zen erakundeak interpelatzeko eta oinarri-oinarritik aldaketak egin zitzaten eskatzeko. Gizartean inflexio puntu bat eragiteko une aproposa zela ere ondorioztatu zuten, zaintzaren inguruko kontzientziari dagokionez. Hala, 2022ko otsailean, Gasteizen, jardunaldiak egin zituzten eta Denon Bizitzak Erdigunean prozesua abiatu zuten. Mugimendu feministak epe ertain eta luzeko prozesutzat du abiatutako bidea eta trantsizio sozial bat eragiteko anbizioz ari direla azpimarratu du. Jardunaldietan, Hego Euskal Herriko 90 emakume inguru elkartu ziren, bi egunez, eta Zaintza feministarako sistema publiko-komunitario baterantz eztabaida-dokumentua partekatu zuten.
Zaintzak ulertzeko modu adostu baterako hurbilpen bat egin zuten, zaintza sistema publiko-komunitario baten lehen ardatzak marraztu zituzten, eta aldarrikapenak eta larrialdiak identifikatu zituzten. Era berean, mobilizazioen beharra azpimarratu zuten Gasteizen elkartutako eragile feministek, eta mobilizazioen zehaztapenak udazkenean heldu ziren. Herrialdeetako asanbladatan adostu zuten herri akordio baten beharra zegoela, batetik, eta horri oihartzuna emateko greba feminista orokorra egitea erabaki zuten, bestetik.
Greba eguna Hego Euskal Herrian izan da deitua. Ipar Euskal Herrian azaroaren 17an eta 18an grebari eta zaintza ereduari lotutako hitzaldiak izan dituzte eta azaroaren 30ean elkarrekin joango dira Donostiako manifestazioan parte hartzeko.
Grebaren kontraesanak
Mugimendu feministak Denon Bizitzak Erdigunean webgunean azaltzen du zergatik erabaki duten greba feminista orokorra egitea. Lehendabizi, "zergatik greba?" galderari erantzun diote. Greba ez dute helburutzat, aurretik egin den eta ondoren egingo den lanari emango diote garrantzia, greba Denon Bizitzak Erdigunean prozesuan inflexio puntu gisa irudikatu dute. Ez dela azkena izango iragarri dute. Grebaren bidez, oinarrian jarri nahi dituzte antolaketa, aktibazioa, saretzea, interpelazioa eta harremanak. Greba honen kontraesanaz jakitun dira: azaroaren 30ean enplegu eta zaintza lanak bertan behera uztea eskatzen da eta askok ezingo dute halakorik egin. Batzuek ez daukate grebarako eskubiderik, esate baterako, etxetan beharrean ari diren emakume arrazializatuek. Haiena da zaintza lanetako esparrurik zapalduena eta prekarioena. Beste emakume askok, egunero egiten duten bezalaxe, azaroaren 30ean ere, haurra, aitona edo gaixoa zainduko dute. Zaintza lanak ezin dira inoiz albo batera utzi, ezta greba egunean ere. Horregatik, antolatzaileen iritziz, A30ak potentzialitate hori du, zaintzak ezinbestekoak direla agerian jartzen lagunduko du eta zein baldintzatan zaintzen den azalduko du.
Zergatik da greba feminista?
Hilaren bukaeran sistema kapitalista, heteropatriarkala, kolonialista eta arrazista salatuko dute. Zaintza sistemaren pribatizazioa gauzatzen ari diren arduradunak interpelatu nahi dituzte. Era berean, zaintza sektoreko langileekin aliantzak egiteko baliatu nahi dute greba, batez ere orain greban dauden sektoreekin. Greba langileentzat mugimendu feministara gerturatzeko modua izan daitekeela uste dute eta haien borrokek bestelako dimentsioa hartu dezaketela. Nolabait, zaintzaileen politizazio prozesuan tresna bat izan daiteke greba.
Zergatik orokorra?
Zaintza sistema iraultzeko aldarrikapenak ozen entzun ziren 2019ko Martxoaren 8an. Mugimenduak erabaki zuen M8tik atera behar zela borroka egun hura, besteak beste, beste behin, zaintzaren gaia emakumeen bizkar gainean gera zitekeelako. Hain zuzen, zaintza jendarte osoari dagokion kontua dela aldarrikatzen du mugimendu feministak, eta horregatik erabaki dute greba orokortzea, gizonak ere interpelatuak senti daitezen. Antolatzaileek azaldu dute zaintzaren ulerketa zabala garatzen ari direla, ahalik eta jende gehien sentitu dadin interpelatua prozesu honetan, eta grebaren subjektu senti dadin.
Greba egunean zer?
Goizean goizeko ekintzarik esanguratsuena piketeak izango dira. Mugimendu feministak betiko piketeak ez daitezen izan zaindu nahi du. Emakumeen presentzia bermatu nahi du eta gune seguruak izateko bermeak jartzen saiatuko da. Lantoki eta sektore sinbolikoak aukeratu nahi dituzte piketeetarako, jakitun ezin direla esparru guztietara iritsi.
Lanuzteari dagokionez, beste erronka nagusia greba egin ezin duten langileei ikusgarritasuna nola eman asmatzea izango da. Hainbat zaintza esparrutan (zahar egoitzak, etxez etxeko langileak...) gutxieneko zerbitzuak bete beharko dituzte eta beste hainbat langilek, tartean etxetan lan egiten duten emakume arrazializatu andanak, ez dute grebarako eskubiderik. 2019an, greba egin ezin zuten emakumeei balkoian mantalak zintzilikatzea proposatu zitzaien. Aurten jauzi bat eman nahi da eremu horretan. Horrez gain, manifestazioen ordua iritsi bitartean, zaintza sistemaren pribatizazioa gauzatzen ari diren erakundeen atarietan ekintzak egingo dira.
Aurten, aurreko M8etan ez bezala, manifestazioak deszentralizatzearen alde egin du mugimenduak. Hego Euskal Herriko lau hiriburuek eta eskualde buruek hartuko dituzte manifestazioak ordu bertsuan. 17:30-18:00ak alderako aurreikusten dira.
Grebaren antolatzaileei galdetu diegu ea zein egiteko duten greba egunean gizonek. Enplegu greba egitea eskatzen zaie eta zaintza lanak lehenestea. Zaintza lanik ez badute aurreikusten, eguneko ekintzetan eta manifestazioan parte hartzea proposatzen zaie. Mugimendu feministak argi utzi du greba aurreko eta greba eguneko subjektu nagusiak emakumeak direla eta prozesu horretan zaintzaileek eta emakumeek parte hartzea lehenesten dela. Mugimendu feministaren lidergotza ezinbestekoa dela azpimarratu dute.
----------------------------
Marina Sagastizabalek A30eko aldarrikapen nagusia, zaintza sistema publiko eta komunitarioa kontzeptua, xehetzen lagundu digu. Sagastizabal Hiruki gatazkatsua (Lisipe) liburuaren egilea da eta mugimendu feministako kidea.
Nola irudikatzen duzue sistema publikoa?
Zaintza sistemak publikoa izan behar du. Oso zerbitzu gutxi ditugu eta kalitatezko zerbitzu publikoak osatzea nahi dugu, horrek bermatzen duelako, batetik, langileen lan-baldintzak onak izatea, eta bestetik, unibertsaltasuna, hau da, guztiok edukitzea eskubidea zaintza lanak jasotzeko. Eskubide sozialtzat dugu eta hori publikoak bermatzen du.
Alabaina, merkantilizatu gabeko publikoa izan behar du, non negozioa ez den izango helburu bat. Gaur egun ikusten dugu hala dela.
Zer esan nahi du komunitarioak?
Zaintza eskubide kolektiboa da. Horrek esan nahi du pertsona guztiok, bizitza osoan, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaini eta jaso behar dugula. Ezin da egon pertsona bat “libre” zaintza lanak betetzetik.
Indibidualki, kolektiboki eta komunitatean inplikatu behar gara zaintza lanak bermatzeko. Norberarenak bai, baina bestelakoak ere bai. Gaur egungo eredua erabat indibidualista eta atomizatua da. Galdu ditugu orain dela hamarkada batzuetako harreman komunitarioak, bizilagunen eta herrikideen artekoak. Horiek berreskuratu nahi ditugu.
Argi daukagu komunitateak ez duela bete behar administrazioek bere gain hartzen ez dutena. Halere, ezin dugu pentsatu langile bat etorriko dela guk beteko ez ditugun lanak egitera. Lan batzuk norberaren ardurapean daude eta norberak bete beharko ditu. Ezinbestekoa da bizilaguna laguntzea, elkar babestea eta zaintza sare horiek indartzea.
Era berean, publiko horretan komunitarioak ere badauka zer esana. Publiko ireki bat irudikatzen dugu, non zainduak izango diren pertsonek, langileek eta komunitateak edukiko duten ahotsa. Sektore publikoan erabakitzeko eta parte hartzeko mekanismoak behar ditugu.
Komunitarioak zer arrisku ditu?
Kontziente gara komunitarioa ez dela armoniatsua. Botere harremanak daude, zapalkuntzak gertatzen dira... Arrisku handia da feminizatutako komunitate bat indartzea. Mekanismoak beharko ditugu zapalkuntzei eta botere harremanei aurre egiteko, eta zentzu horretan, ardura har dezaten gizonak interpelatzea oso inportantea da, kontuan hartzea ez zaintzea pribilegio bat dela. Gizonen egitekoa ere bada pribilegio hori lantzea, horri uko egitea, eta zaintzen hastea.
Oraindik asko daukagu pentsatzeko komunitarioaren ereduaz.
Nolakoa behar du publikoaren eta komunitarioaren arteko harremanak?
Zaintza publiko-komunitarioak kokatua egon behar du, bere osotasunean heldu behar dio zaintzaren konplexutasunari, tokian tokiko testuinguru eta egoera askotarikoak aintzat hartu beharko ditu.
Lau eremu zehaztuz hasi gara pentsatzen. Lehenik, autonomia sustatzea eta menpekotasun egoerei arreta ematea. Adinkeria eta kapazitismoa moduko gaiak asko landu beharko ditugu eta horiei aurre egin. Bigarrenik, haurtzaroa. Helduen ikuspegia gainditzea, zainduak direnak subjektu aktibo izatea, hezkidetza... Alor horiek denak landu behar dira.
Hirugarrenik, zaintza bizitzan zehar: guztiok jaso eta eman beharko dugu zaintza, eta gainera, hori egin nahi dugu espazio ez tradizionaletik, edo ez behintzat horietatik bakarrik. Familia heteropatriarkalaz harago pentsatu behar dugu. Adibidez, loturagramaz hitz egiten dugu, hau da, nola bermatu legalki elkar zaintzeko sareak.
Azkenik, lurra eta lurraldea zaintzea. Gizakiok elkar menpekoak izateaz gain, eko-menpekoak ere bagara, eta ezinbestekoa da ibaiak, ura, lurra, animaliak eta gure ingurua zaintzea. Ildo horretan, elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren aldeko apustua egiten dugu.
Urriaren hasieran aurkeztu zuten herri akordioa. Mugimendu feministak eragile soziosindikalen aliantza, laguntza eta elkarlana beharrezkotzat jo ditu. Akordioaren funtsa zaintza eskubide kolektiboa izango da eta EAEko eta Nafarroako gobernuak interpelatu nahi ditu. Herri akordioan ondoko aldarrikapenak adostu dituzte. Hitzarmenen bidez, aldarrikapenok gauzatzea da helburua.
Epe laburrerako aldarrikapenak
1 / Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea.
2 / Zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea.
3 / Zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea.
4 / Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea eta garatzea.
5 / Atzerritartasun legea bertan behera uztea, eta bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea.
6 / Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea.
7 / Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea.
8 / Etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berrestea.
9 / Etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea.
10 / Zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea.
11 / Zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.
12 / Zaintzeko denborak bermatzea: lanaldia murriztu soldata txikitu gabe.
13 / Gizonak interpelatzea, ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten.
14 / Zaintzeko baimenak zabaltzea eta handitzea: loturagramak.
15 / Zaintza lanak transbertsalki lantzea: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan, besteak beste.
16 / Denontzako pentsio duinak ezartzea: 1.080 eurokoak gutxienez.
17 / Agroekologia babestea eta sustatzea.
18 / Etxebizitza eskubidea bermatzea: merkatuan esku hartzea.
Epe luzerako lehentasunak
19 / Zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea: aldaketa kultural handia eskatzen du eta transbertsalki momentu oro landu behar da (zaintzaren kulturaren kontzeptua jorratu eta zaintzen politizazioa zein kontzientzia bultzatu, familia heteronuklearra suntsitu, gizonei ardura exijitu, hezkidetza sustatu eta zaintzan oinarritutako eredu pedagogikoa garatu).
20 / Lanaren banaketa sexual eta arrazista amaitzea.
21 / Herri antolaketa feminista bat garatzea: espazioen diseinua, denboraren erabilera eta hirigintza –etxebizitza komunitarioak– eraldatu, elikadura burujabetza bultzatu, eta horren bidez hirien eta landa eremuaren arteko harremanak eraldatu.
22 / Arrazakeriaren eta biolentzia instituzionalaren aurka borrokatzea.
23 / Herri boterea eta gobernantza eredu berriak eraikitzea.
Sinatzaileak
Euskal Herriko Mugimendu Feminista · Pentsiodunen mugimendua · Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ·
Zaintza Babesten elkartea · Zaintza Araba elkartea · Emakumeak Gerraren Aurka · Salhaketa · Ongi Etorri Errefuxiatuak · Lehen Arreta Arnasberritzen · Ernai · Sare Zabalganeko familien elkartea · Euskalgintzaren Kontseilua · Ikama ·Joxemi Zumalabe · Kapitalari Planto · Komite Internazionalistak · Gure Esku · Mugarik Gabe · Fekoor · Euskal Herria Kolonbia · AEK · SOS Arrazakeria · Bizi Bisexualitatea · Emagin · ELA · LAB · Steilas · ESK · Etxalde · CGT · EHNE eta CCOO.
Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]
Azaroaren 30eko greba feminista orokorrak bide ematen digu ekonomian genero ikuspegiak ekartzen duen begirada berriaz eta emandako urratsez hausnartzeko. Ekonomia konbentzionalak soilik etekinak lortzeko ahalegina egiten duen bitartean, genero ikuspegiak jendartearen eta... [+]
Langile guztiok dakigu greba orokorra nola egiten den, eta zer ondorio dituen. Baina ez genekien greba feminista orokorra egin zitekeenik, ezta eraginik izan zezakeenik ere. Mugimendu Feministak konplexuak alde batera utzi eta erakutsi du zaintza jendarte osoaren auzia dela eta... [+]
Eguraldi gogaikarri, hotz eta euritsu batek Donostiako greba feminista lagundu zuen. Grebak estereotipoak hautsi eta adinekoen zaintzaileek emakume langile gisa dituzten eskubideak eskatu ditu, etxeko langile gisa kontratatuak baitira. Greba feminista orokorra! oihuka ibili... [+]
Herri Akordio bat osatu dute prozesu honetan batu diren mugimendu feminista, eragile sozial eta sindikatuetako kideek. Greba Feminista Orokorra “mugarritzat” jo dute.
Zaintza sektoreko langileen baldintza txarrak eta zaintza zerbitzuen kalitatearen okertzea salatu dituzte. Sektore feminizatuetan borrokan diharduten emakume langile asko batu dira mobilizazioetara; Correosek eta beste hainbat enpresak azpikontratatutako garbitzaileak,... [+]
Euskal Herriko feminismoarentzako gu guztion bizitzak badira nahikoa arrazoi greba orokor bitartez karrikak inarrosteko, berdin etxe barnak ere. Denon bizitzen aldeko aldarriak eta ideiak berak badakarzkielako, bere baitan, bateren batzuek oasitarako duten jendarte hau... [+]
Mugimendu Feministak ausardiaz jokatu du, lan handia egin du, eta zaintza, bizitza, erdigunean indartuta jarri du. Eragileen artean egin den elkarlana ere garrantzitsua izan da. Azaroaren 30ean Euskal Herriak urrats handia egin du. Gaur egungo zaintzaren eredua irauli egin behar... [+]
Elikadura Burujabetzaren alde gauden emakume baserritar feministak gara eta ohituak gaude gure proiektu txiki agroekologikoak ez direla errentagarriak entzuten. Ez baititugu produkzio sistema oso mekanizatuak edo teknifikatuak erabiltzen, gure sistemak ez baitira bere tratamentu... [+]
Iruñea
(Argazkiak, ARGIA CC BY SA)
(Argazkiak: Ekinklik)
[+]
Greba Feminista Orokorra “historikoa” izan dela adierazi du Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeak, egunaren balorazioa egitean. Egungo zaintza ereduak baztertuen dituen sektoreak hartu ditu gogoan, eta enpresari, instituzio eta alderdiak salatu ditu feminismoari... [+]
Azaroaren 30ean ARGIAk greba egingo du, gizarte mailan zaintza krisi gordina bizi dugula ikusten dugulako eta bat egiten dugulako zaintza publiko eta komunitarioaren defentsan mugimendu feministak eta hainbat gizarte eragilek planteatu dituzten helburu zehatzekin. Atari honetan... [+]