Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala, Marokok baditu bestelako interesak hango herritarrak sarraskitzeko: berriki jakin dugu bere azpiegitura energetikoen %81 kokatu nahi dituela lurralde okupatuan.
Okupatutako Mendebaldeko Saharan dago 60.000 biztanleko Smara hiria, Marokok lurraldea kontrolatu eta Fronte Polisarioa urrun mantentzeko eraikitako "lotsaren harresitik" –munduko luzeena da, 2.700 kilometrorekin– oso barrura. Urriaren 29ko goizaldean lau leherketa nabaritu zituzten hango biztanleek, eta hildako bat eta hiru zauritu izan ziren. Gazako genozidioaren zurrunbiloan, nazioarteko hedabideetan apenas ikusi dugu berririk gertatutakoaren inguruan, eta sahararren egoera jarraitzen duten hainbat webgune eta agentzia independenteri esker dakigu leherketen inguruan zabaldu den apurra.
ECSaharaui.com atariaren arabera, ez dago garbi erasoaren egilea zein den. Iturri militarrak aipatuta dio jaurtigaien arrastoek ez dutela bat egiten Saharako askapen mugimenduak erabili ohi dituen eta jatorri sobietarrekoak diren Grand BM21 misilekin, iristeko ahalmen murritzagoa dutenak. Equipe Media hedabideak, berriz, leherketen lekuko zuzena izan zen GKE bateko kidearen hitzak jaso ditu, eta baztertu egin du Marokoko base militar batetik bidalitako droneak izan zirenik.
Eolikoen eta hidrogeno berdearen proiektuen atzean dauden enpresa asko Mohamed VI.aren ingurukoak dira, baina badaude Europako beste asko ere, tartean Acciona multinazional espainiarra
Fronte Polisarioak, bere aldetik, ukatu egin du erasoaren egiletza. Sahara Press Service (SPS) agentziak egunero argitaratzen dituen gerra parteetan –arabiarrez, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta errusieraz itzultzen ditu– ez da Smara hiriaren kontrako erasorik aipatzen urriaren 29an. Mendebaldeko Saharako Defentsa ministerioak egun berean jakinarazi zuen Smarako base militar marokoarren eta aireportuaren kontrako operazioak egin zituela, baina "ez hiriaren kontra".
Hala ere, Marokoko Gobernuak Fronte Polisarioari egotzi dio "zibilen kontrako atentatu terrorista" egitea, eta erasoa gertatu bezain pronto Minurso erreferendumaren aldeko NBEren misioko kideak gonbidatu zituen tokia aztertzera. Harrigarria da Aziz Ajanuch-en gobernuak –Marokoko Lehen ministroa eta petrolio magnatea– orain jarrera hori edukitzea, behin eta berriz isildu izan baititu Polisarioaren ofentsibak 2020an gatazka armatua berpiztu zenetik.
Hain justu biharamunean, urriaren 30ean, NBEren Segurtasun Kontseilua elkartu zen Minursoren misioa berritu ala ez erabakitzeko –baiezkoa gailendu zen aldeko hamahiru botorekin–, eta Smarako erasoa Marokok presioa egiteko erabili duela salatu dute medio sahararrek.
Mendebaldeko Saharako Errepublikako presidente eta Fronte Polisarioko idazkari nagusi Brahim Ghalik NBEri eskatu dio bere "konpromisoekin eta erresoluzioekin konplitzeko" eta Maroko egin du egoeraren arduradun: "Saharar herriaren aurka egin dituen krimen izugarrien (bahiketak, nahitaezko desagerpenak, atxiloketa arbitrarioak eta epaiketa sumarioak) erantzule da", esan du Auserdeko wilaia edo kanpalekuan emandako hitzaldian.
Artikulu hau idazterako orduan, SPS agentzia albiste gero eta gehiago ari da zabaltzen Saharako harresiaren inguruko operazio militarrez: azaroko lehen egunetan leherketa gehiago izan ziren Smaran eta beste hainbat hiritan; APLSko (Askapenerako Herri Armada Sahararra) agintariek esan dute artilleriazko bonbardaketez gain, lurretik zuzenean ari direla eraso egiten Marokoko armadaren kokalekuei, eta azken gerra partean, 906.ean –egun horiek igaro direlako 2020an su-etena amaitu zenetik– ziurtatu dute Amgalan eta Farsían "giza galerak eta galera materialak" eragin dizkietela. Baina horretaz txintik ere ez Europako prentsan.
Hori gutxi balitz, Gdeim Izik Taldeko preso politikoak gose greban jarri dira. 2010ean poliziak bortizkeria handiz desegindako "Duintasunaren Kanpalekuan" atxilotutako jendea dago talde horretan.
Martxa berdetik, hidrogeno berdera
Bistan da gatazka armatuak koska bat egin duela gora, baina Marokok "gerra" hitza saihestu nahi du –gerra asimetrikoa izanik ere–, horretarako zentsura, tortura, hilketak eta bonbardaketak erabili behar baditu ere sahararren kontra, iraganean napalma eta fosforo zuria erabili zituen gisan. Baina zer bilatzen du basamortu horretan? Ghalik berak jarri digu lorratzaren gainean: "Krimen guzti horiei gehitu behar zaie gure baliabide naturalen espoliazio indiskriminatua".
Atlantikoaren ertz zabal hori zukutzea da Marokoren asmoa, Israelek Palestinako lurralde okupatuetan gas naturalarekin egin nahi duen bezala. Mohamed VI Marokoko monarkak garbi hitz egin du Martxa Berdearen urteurrenaren diskurtsoan –oraingoan bai, Europa Press eta antzeko agentziek oihartzuna eman diote–: itsasoan petrolio prospekzioak egin eta ura gatzgabetu nahi dute, besteak beste.
Marokoko Gobernuak 2024ko energia berriztagarrien finantza lege-proiektuari buruzko txostena egin du publiko berrikitan, enpresen eta gobernuen interesak ikertzen dituen Wester Sahara Resource Watch (WSRS) erakundeari esker iritsi zaiguna, bere webgunean baitago irakurgai. Txostenaren arabera, Rabatek aurreikusita dituen berriztagarrien proiektu erraldoien %81 Mendebaldeko Saharako "Estatuaren jabetza pribatukoak" diren eremuetan daude, sahararrei lapurtutako lurretan alegia.
Batez ere hidrogeno berdeari eta energia eolikoei loturiko azpiegiturak dira: 371.000 hektarea Marokok Aaiún-Sakia El Hamra izendatutako eskualdean –Mendebaldeko Saharako iparraldean– eta 800.000 hektarea Dakhla-Oued Eddahab eskualdean –hegoaldean–. Atzean dauden enpresa asko Mohamed VI.aren ingurukoak dira, baina badaude Europako batzuk, tartean Acciona multinazional espainiarra. Hori ez da harritzekoa: lehendik ere elektrikaren sektorean dabilen Engie frantziar enpresak eta euskal jatorriko Siemens-Gamesak hornitu izan dituzte konpainia marokoarrak haize errotekin Mendebaldeko Sahararako.
"Maroko ekonomikoki gero eta konektatuagoa dago Mendebaldeko Saharari, eta ilegalki okupaturik duen lurraldearekiko menpekoago da orain –dio WSRSk–. Lurralde horretan sorturiko energia Marokora esportatzeko asmoa du, eta soberakinak inguruko herrialdeetara, Europar Batasunera barne".
Emboirik Ahmed Omar diplomatiko sahararrak Breve historia del Frente Polisario ("Fronte Polisarioaren Historia Laburra", Catarata, 2023) liburu berrian dio 1975ean Espainiak sahararrak "traizionatu" eta bere babesean zegoen lurraldetik hanka egiteko arrazoietako bat izan zela "espainiar enpresek etekinak izaten jarraituko zituztela hala ere". Europan, Ekialde Hurbilean zein Saharan, belea beti bele, eta okupatzailea espoliatzaile.
Ekrem Imamoglu Erdoganekein lehiatzekoa da hurrengo presidentetzarako bozetan, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdiaren hautagaitzara aurkeztu den bakarra baita. Ustelkeria eta "terroristekin kolaboratzea" egotzi diote, eta bere atxiloketaren ostean piztutako... [+]
Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Hitlerren armadak milioika sobietarren heriotza ekarri zuen Bigarren Mundu Gerran Sobiet Batasuna inbaditu zuenean. Gerra amaituta, Iosif Stalinen obsesioa zen Alemania eta Errusia artean babes herrialde-lerro bat osatzea; horra, besteak beste, Varsoviako Itunaren sorrera... [+]
Kolpismoaren lehen ikasgaiak errepasatu gabe, abenduaren 3an Hego Koreako Yoon presidenteak jo nahi izan zuen estatu-autokolpeak sututako krisi politiko erraldoia kitatzeko asko geratzen da oraindik. Baina haren porrotak abian jarritako impeachment prozedura amaitzear da.
Asteartean menia apurtu zuenetik gutxienez 650 palestinar hil dituzte sionistek, Al Jazeeraren arabera. Netanyhauren gobernuak Shin Bet zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar kaleratzeko erabakia hartu du, baina Auzitegi Gorenak kaleratzea geldiarazi du.
Milaka pertsona bildu dira larunbat honetan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta “Israelek Gazan egindako genozidioa” amaitzeko eta Benjamin Netanyahuren gobernuak su-etenari berriro ekiteko eskatzeko. Gernika-Palestina herri ekimenak deitu du martxa,... [+]
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.
Lau agenteak lesio-delituengatik ikertzen ari dira eta horrek galarazten du 2024ko amnistia aplikatzea. Polizia horietako batek, ustez, gomazko bala batekin begi bat zartatu zion Roger Español kataluniarrari.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak osteguna, ostiral eta larunbatean eginen ditu protestak, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. Gernika-Palestina-k ere manifestazio nazionala antolatu du larunbaterako Donostian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak... [+]
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan zitekeen, orain arteko oihanak zainduta eta bioaniztasuna... [+]
Lurrikara geopolitiko bat astintzen ari da Ekialde Hurbileko mapa. Anabasaren erdian, Abdullah Öcalanen bakerako azken deiak mahai gainean jarri du eskualdeko gatazka armatu zaharrena. Ez, aurrekariek ez diote bide ematen itxaropenari, eta historiaren trena inoiz baino... [+]
Japonia, XV. mendea. Espioitzan eta hilketa ezkutuetan espezializatutako eliteko talde militarra sortu zen. Edo horixe uste du behintzat Stephen Turnbull historialari britainiarrak. Beste aditu batzuen ustez, askoz lehenago sortu ziren ninjak, duela 2.300-2.500 urte inguru. Eta... [+]