Lau eguneko lan astearen formula probaldian jarri zuten Valentzian joan den apirilean, lau astelehen jaiegun gisa kateatuta. Orain gutxi argitaratu dute balorazio-txostena, eta emaitzak agerikoak izan dira: langileen osasun mentalak eskertu du 32 orduko lanaldia. Estresa gutxitu da, lo gehiago egin, hobeto jan, normalean baino ariketa fisiko gehiago egin edota familia kontziliazioa erraztu –genero rolak ere bistaratu dira, zaintza gehiago egin dute emakumeek–. Agerian geratu da, formulak badakartza hobekuntzak bere horretan. Dena den, enpresari handien gehiengo zabalari ez zaio burutik pasa ere egiten ideia. Areago, telelana desagertzea nahi dute.
Espainiako Gobernu osaketarako akordio interesgarria erdietsi dute PSOEk eta Sumarrek: lanaldia 38,5 ordura jaitsiko da 2024an, eta 37,5era 2025ean. Sektore publiko zein pribatuan eragingo du neurriak, azkenean aplikatzen bada jakina. Hego Euskal Herriko sektore publikoko langileek 35 orduko lanaldia daukate, eta hainbat sektoretako hitzarmenetan badituzte jada 37,5 orduko lanaldiak ezarrita. Dena den, era orokortuan Espainiako Estatuan lanaldia murriztea bada pozteko motiboa. Duela 40 urte ezarri zuen Espainiak 40 orduko lan astea, eta ordutik ez da mugimendurik egin.
Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan proiektu pilotua jarriko du abian Eusko Jaurlaritzak datorren urtean. Ez modu orokortuan, eta detaileak fintzeko daude, baina zerbait egitea espero da bai Jaurlaritza eta bai CCOO eta UGT sindikatuak sintonian daudelako Elkarrizketa Sozialerako Mahaian. Elkargunearen hirugarren hanka, Confebask patronala, ideia formulatu bezain pronto jaitsi zen barkutik.
Datorren urtearen hasieran batzartuko da berriz Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, eta Valentzian egin denaren antzerako zerbait planteatuko dela aurreikusten da.
Probaldietatik harago joateko zailtasunak topatuko ditu bidean lau eguneko lan astearen balizko aplikazioak. KPGM inkesta-etxeak Espainiako Estatuko enpresa handietako kontseilari ordezkariak galdekatu berri ditu, eta datu interesgarriak bistaratu dira txostenean. Kontutan hartzeko emaitzak dira, finean, enpresa handiek erakundeei presio egiteko duten gaitasuna bereziki azpimarragarria delako.
Hasteko, politikariek enpresari horiei egingo badiete kasu, ahaztu gaitezen lau eguneko lan asteaz: enpresa handietako kontseilariek produktibitatea igo nahi dute ordu kopuru bera eginda, eta bulegotik bertatik arituta gainera, etxetik lan egiteko aukerak ahalik eta gehien murriztuta.
Are gehiago, bulegora itzultzea “saritu” nahi dute. Inkestan parte hartu duten hamarretik bederatzi enpresari prest leudeke ordainsari gehigarriak eskaintzeko telelana utzi eta bulegora bueltatzen direnei, haien aburuz, telelanak “dezente apaldu” duelako langileen produktibitatea.
Telelana desagertzea, gainera, ez dute zerbait utopikotzat jotzen. Hamarretik ia zortzi konbentzituta daude bulegoetara itzuliko direla langile guztiak hiru urteko epean.
Arnas apur bat langileari
2.100 inkesta egin ditu Valentziako Udalak, eta probaldiaren txostenak bistaratu du lau eguneko lan asteak hobekuntzak dakartzala langileen bizimoduan.
Osasuna eta ongizatea hobetu duela ondorioztatu dute, eta garrantzitsuagoa dena, langileek eurek ere horrela nabaritu dutela. Estresa dezente murriztu da –hamarretik lauk esan dute hori–, eta hobetu dira hainbat sentsazio, besteak beste nekeari, zoriontasunari eta satisfazio pertsonalari loturikoak.
Ariketa fisikoak eragina du norberaren ongizatean, eta agerian geratu da 40 orduko lan asteak nahi baino denbora gutxiago uzten duela kirola egiteko. Horregatik, inkesta bete duten hamarretik lauk esan dute ohi baino gehiago egin dutela ariketa fisikoa, batez ere 40 urtetik beheragokoek, eta jendea ohi baino gehiago joan da natur guneetara.
Bestalde, ia denek denbora gehiago eskaini diote kultur jardueraren bat egiteari. Bitik batek normalean baino denbora gehiago pasatu du irakurtzen, eta hirutik bik esan dute plataforma digitaletan telesailak edo filmak ikusten egon direla ohi baino gehiago.
Azkenik, bistakoa izan da gizonezkoen eta emakumezkoen artean egon den aldea. Gizonen erdiak esaterako, ariketa fisiko gehiago egin du –emakumeen kasuan herena inguru izan da–, eta zaintzari lotuta, justu alderantzizkoa da balantza.
Lan orduak eta produktibitatea
Lan orduak, ongizatea eta lan-osasuna. Hiru kontzeptuak elkarri loturik daude. Eta enpresarien ikuspegitik bada laugarren puntu bat: produktibitatea. Frogaturik dago lanaldi luzeek lan-istripuak izateko aukerak areagotzen dituztela, eta horrez gain, Espainiako Estatuan hainbat txostenek bistaratu duten moduan, lanaldi luzeak eta produktibitatea alderantziz proportzionalak izatera hel daitezke. Hau da, produktibitatea jaitsi egiten dela geroz eta lan ordu gehiago eginda.
Espainiak arazo larria dauka produktibitatearekin, eta Lan Ministeriotik sarritan esan dute azken urteotan lan ordu kopuruak jaitsi egin behar direla, baina ez da neurri nabarmenik aplikatu. OCDEk emandako azken datuen arabera, Espainiako Estatuan, batez beste, 1.644 ordu egiten dira lan urtean. Hain justu ere Alemanian baino 300 ordu gehiago. Egunetara ekarrita, zortzi orduko 37 lanegun baino gehiago dira horiek.
Danimarkan, esaterako, Espainian baino 270 ordu gutxiago egiten dituzte lan, eta Frantzian 130 ordu gutxiago.
Produktibitatea, kezkatzeko motiboa
Europar Batasuneko 27 estatukideek, batez beste, urtean 1.571 ordu egiten dituzte lan, hau da, Espainian baino 70 ordu gutxiago. Aldiz, produktibitateari erreparatuta, Eurostat-en arabera, Europako batez besteko produktibitate indizea 100 puntukoa baldin bada, Espainiakoa zifra 95ean dago. Frantziarena, berriz, 114an.
Erreparatu orain beste aldeari: Irlandako produktibitatea 218koa da, altuena alde handiz, eta Espainiako Estatuan egiten diren antzerako lanaldiak dituzte, zertxobait gehiago. Aldiz, Luxenburgon, Espainian baino 200 ordu inguru gutxiago egiten dira urtean, eta produktibitatearen indizea 163koa da.
Satisfazio laborala
Produktibitateari estuki lotua dago lanera “gustura” joatearen ideia, satisfazioa dei geniezaiokeena. Gustu txarrez joatea gauza bat da, eta bestea Covid-19aren ostean zabaldu den Dimisio Handia deituriko fenomenoa: langileek beren lana borondatez uzteko joera da, lanean gustura ez daudelako edota eskaintzen zaizkien baldintzak eskasegiak iruditzen zaizkielako. Kapitalarentzat krisi bihur daitekeen kontua da.
Arrazoi horiexengatik lana uzten dutenak zifretara ekartzen dira aspalditik. Bada, lan egitearen "satisfazioari" erreparatuta, Espainiako Estatuko datuak beldurgarriak dira, 2001etik izan dituen okerrenak, eta EBko herrialdeekin konparatuta, nabarmen txarrenak. Eurostat-ek egindako azken txostenaren arabera, Espainiako Estatuko lau langiletik batek adierazi du “atsekabe handiz” joaten dela lanera. EBko batez bestekoa, hamarretik bat pasatxo da.
Osasun mentala jomugan
Ezbairik gabe, lanpostua eta lana kudeatu eta jasateko erak eragina du langileen osasunean. Osasunaren Mundu Erakundeak informatu izan du gaiaren inguruan. Horrez gainera, hainbat institutuk esana dute enpresak lehiakorragoak direla haien langileen osasun hobea baldin badute.
Espainiako Lan Ministerioaren txostenaren arabera, azken urtebetean hamar langiletik bederatzik esan dute estresa jasan dutela –12 milioi eta erdi biztanle dira horiek–, eta hamarretik lau estresaturik bizi da era jarraitu batean. Estresa, oro har, 45 urtez azpikoetan gertatzen da, bereziki emakumezkoetan. Denbora falta argudiatzen dute gehienek, eta nekea eta lo falta ere bai. Hamarretik zortzik arazoak ditu familia kontziliaziorako.
Urtearen hasieran, Zedarriak taldeak "defentsaren" industriari buruzko "eztabaida irekitzearen" alde egin zuen publikoki (baita nuklearrari buruz ere), eta Eusko Jaurlaritzak berehala egin du bat horrekin. Lehenik, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia... [+]
Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.
Ekonomialariei asko gustatzen zaizkie merkatuen jokabideak adierazten dituzten grafikoak, kurbak alegia. Deigarria egin zait zentzu horretan Pluralistic webguneko “The future of Amazon coders is the present of Amazon warehouse workers” artikuluan (Amazonen... [+]
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Ukrainaren ondoren Polonia?
Europar Batasunak Ukrainako gerra hauspotu du Kiev armaz hornituta, eta menia oraindik airean delarik, gerraren zikloan murgilduta dago bete-betean. Hori bai, bere diskurtsoa modulatzen ari da, eta gero eta gehiago hitz egiten du balizko su-etenaz... [+]
HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]
Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]