Eskola eta institutuetan, ikasleek beti ez dute komunera joateko aukera, pixagura, kakagura, egarria, hilekoa... duten unean; arau malguagoak eta zorrotzagoak daude, hainbat ikastetxetan giltzaz ixten dituzte komunak, erabilera desegokia argudiatuta. Gaiari tiraka, debekuez, kontrolaz, zigor kolektiboez, intimitateaz, mugitzeko beharrak eta gorputzek eskolan duten lekuaz, espazioak (eta ikasleak) ulertzeko moduez... hitz egiten amaitu dugu.
10-12 urte inguruko gaztea gurasoarekin agertu zen Maider Labari pediatraren kontsultan (izena aldatu diogu): aurrez gernu infekzioak izan zituela kontatu zuen, aurrekari horiekin pixari eusteak berriro ere infekzioak sor ziezazkiokeela-eta, beharra zuenean komunera joateko medikuaren baimen idatzia nahi zuen, eskolara eramateko. “Surrealista iruditu zitzaidan horrelako zerbait sinatu behar izatea, ez al zuen horretarako baimenik?”. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari galdetu diogu, eta honako erantzuna jaso dugu: “Jakina, komunera joan beharra daukanak joateko eskubide osoa dauka. Hori esanda, ikastetxe bakoitzak erabakitzen du gaia nola gestionatu, sen ona erabilita”. Eta sen onak dio, Agurtzane Martinez irakaslearen hitzetan, oinarrizko premiak asetzea funtsezko elementua dela haurraren garapen harmonikoa eta ongizatea bermatzeko, “eta eskolak behar horiek asetzen direla zaindu behar du”. “Horiek ongi ase ezean, nekez ariko gara lanean zentratuta eta irakasleak nahi adinako gogoeta burutsuetan”, egin du oharra Nora Salbotx irakasleak.
Zer gertatu ohi da? Ikasleak txikiak direnean behar fisiologikoak proiektu pedagogikoaren ardatz direla, baina adinean gora egin ahala garapen kognitiboak eta jarduera akademikoak hartzen dutela lehentasuna, eta bigarren mailan geratzen direla behar fisiologikoak: “Helduek erregulatzen dute noiz erantzun behar zaien behar horiei jarduera akademikoa ez oztopatzeko, ikuspegi helduzentrista gailentzen da eta behar horiek asetzeko dauden espazioek haien aukera hezitzailea galtzen dute”, kritikatu du Martinezek. Arautzeak mezu argia transmititzen die haur eta gazteei: “Ez zarete gai kudeatzeko zuen behar fisiologikoak modu egokian eta helduok erregulatu behar ditugu; autonomia sustatu beharrean, dependentzia”.
Agurtzane Martinez: "Mezua garbia da: ‘Ez zarete gai kudeatzeko zuen behar fisiologikoak modu egokian eta helduok erregulatu behar ditugu’; autonomia sustatu beharrean, dependentzia"
“Nola jokatzen dugu helduen behar fisiologikoekin? Zergatik orduan muga gehiago jartzen dira haurren kasuan?”, dio Mireia Centeno psikopedagogoak. Lantokietan komunera joateko orduak mugatuta egongo balira edo atea giltzaz itxiko balitz, eskandalagarria litzateke. “Irakasle batzuen iritziz, klase erdian komunera joatea errespetu falta bat izan daiteke eta horregatik mugatzen dute. Eskolan konfiantza nahikoa egon beharko luke ikasleak behar duenean komunera joateko. Egia da, ohitura moduan, egokiena dela klasea hasi aurretik edo ondoren joatea, baina batzuetan ezin dugu, eta halakoetan ez luke zertan arazorik egon”, uste du Centenok.
Batez ere institutuen estiloak kezkatzen du Amelia Barquín irakaslea: “Sentiberatasun bat garatzen ari da haurrekin, bereziki txikienekin, baina bat-batean ikuspegia erabat aldatzen da, institutura salto egin eta arau murriztaileak itzelak dira. Jakin nahiko nuke, adibidez, arau gisa zenbat institututan ez den posible ikasgai eta ikasgai artean komunera joatea, zenbatetan itxaron behar den atsedenaldira arte komunera joateko, ez bada zerbait larria. Familia bat ezagutzen dut gaztearen gosaria aldatu behar izan zuena, likido gutxiago hartzeko, bestela ez zelako atsedenaldira iristen. Guk geuk, irakasleok, ez diogu hiru orduz atsedenaldira arte eusten, komunera joan gabe! Pentsatzen dut norbaitek, klasean daudela, premia duelako komunera joatea eskatzen badu baimena emango zaiola, baina araua sarri da atsedenaldira arte ikasgelatik ez ateratzea, ikasgaien artean ere ez (zarata, mugimendua... argudio). Gazteak, adin horretan, hiru orduz ikasgelan eserita izatea atsedenaldira arte zer nolako erabakia da? Irakasleok guk geuk ez dugu betetzen”.
Seguru pixa egitera doala?
“Ez doaz pixa eta kaka egitera, haizea hartzeko aitzakia da”: horra komunera joateari mugak jartzeko argudioetako bat. “Utzi komunera, ura edatera eta gisakoetara, bai, doike! Baina baita, mugitzeko, luzatzeko, deskonektatzeko, freskatzeko, burua oxigenatzeko, paseatzeko edo, bertzerik gabe, bertze gelatan zertan ari diren kuxkuxeatzeko beharra badugulako, are haurrek eta nerabeek. Zerk pentsarazten digu paseo hori hezitzailea ez denik? Zerk zaintzaren etikari eta pedagogiari ekarpenik egiten ez diogunik? Ez dezagun ahantzi gure gorputza jartzen dugula hezkuntza prozesuaren baitan”, aldarrikatu du Salbotxek. Beharbada galdera ez da zergatik doazen komunera behar fisiologikoak ez diren beste behar batzuk asetzera, baizik eta bestelako behar horiei erantzuteko espaziorik ba al dagoen eskolan: “Ez dago intimitatean norbere buruarekin eta besteen begiradatik urrun lasai egoteko lekurik ikastetxeetan”, gogoratu du Barquínek, “eta komuna bihurtzen da ihesbide”. Halako espazioen faltan, “oso zilegi da komunera joatea pribatutasun horren bila edo mugimenduaren beharra asetzera”, uste du Martinezek.
Mugitzeko beharra duenak ere, komunerako bidea egin nahiko du agian, eta hori galaraztearen atzean sarri beldurra dagoela dio Barquínek: “Joaten direnean nora doaz, zer egingo ote dute, zer egingo dugu ez badira itzultzen? Baina gure mugikortasuna denon artean negoziatu daiteke ikasgelan; noiz mugitu, zertarako, nola eskatu...”. Kasu honetan ere, fokua aldatu daiteke: galdetu beharrean ea zilegi den mugitu nahi eta horretarako komunera joatea, galdetu dezakegu ea zilegi den hainbeste denboraz aulkian eserita izatea ikasleak. “Haur Hezkuntzan, mugikortasunak ia erabat askea dela dirudi, eta adinean aurrera egin ahala, murrizten doa askatasun hori –nabarmendu du Barquínek–. Haur baten komentarioa gogoan dut oraindik, Lehen Hezkuntzara pasa zelarik aitona-amonek galdetu ziotenean eskolan zer moduz: ‘Oraindik jesarrita’. Gizajoak uste zuen bolada bat izango zela”. Luis Larrañaga Gorputz Hezkuntza irakasleak argi utzi zuen, Non dago gorputza eskolan? mahai-inguruan (Larrun, 227): “Ikasleek mugimendu beharra ez dute aseta. Batzuek eskolaz kanpoko ekintzak egingo dituzte, baina egunero ikastetxean ordu ugari pasatzea eta ordu horietako gehienak eserita egotea ez da egokia. Gorputza berez prestatuta dago mugimendurako, ez orduak eta orduak eserita egoteko, eta horrek ondorioak ekartzen ditu”.
Nora Salbotx: "Utzi komunera joaten, ura edatera eta gisakoetara, baina baita mugitzeko, luzatzeko, burua oxigenatzeko ere. Zerk pentsarazten digu paseo hori hezitzailea ez denik? Zaintzaren pedagogiari ekarpenik egiten ez diogunik?"
Komunak, gatazka eremu?
“Ez doaz pixa egitera” argudioari beste batzuk ere gehitu ohi zaizkio, komunen erabilera zorrotz arautzeko: ikasleek klaseko argibideak galtzen dituzte, komunak zikindu edo puskatzen dituzte, istiluak gertatzen dira…
Komuna gatazkarekin lotzeari hainbat erpin ikusten dizkio Barquínek. Batetik, “komunaren kontrol zorrotzak atzean mezu bat du: espazio hau ez da zuena, ez duzue espazio honetan eragiterik, eta espazio bat propio sentitzen ez duzunean, berau zaintzeko arrazoi gutxiago duzu; aldiz, espazio bat zenbat eta partekatuagoa izan, erasorako gutxiago erabiliko dela eta beste giro bat gailenduko dela iruditzen zait”. Gainera, institutuetan oro har “ez dago adierazpen publikorako aukerarik ez kanalik: pintaketa bat egitea edo kartel bat jartzea gatazka bide da berehala, eta batzuetan premia horien eskapea da helduen begiradatik salbu dagoen leku horretan pintaketa egitea, edo ekintza disruptiboa, erasokorra, kaltegarria”. Azkenik, komunaren erabilera dela-eta helduei jarriko ez genizkiekeen arauak gazteei jartzeko, zein ikuspegi dago gazteen inguruan? Zein espektatiba komunikatzen eta transmititzen dizkiegu? “Bada, aurreko guztia batuta, eta Pigmalion efektua tarteko, espektatiba horiek batzuetan bete egiten dira, zugandik espero da gaiztakeria bat eta gaiztakeria bat egingo duzu, komuneko papera komun zulora botako duzu, eta atzetik dator zigor orokorra: komuna ixtea, edo paper gehiagorik ez jartzea komunean, eta papera behar duenak atezainari eskatu behar dio. Pentsa, atezainari adierazi behar izatea, adin horretan, kaka egitera zoazela eta papera behar duzula; etxetik papera ekartzen amaituko du hainbatek”.
Komuna oker erabiltzen denean, pertsona bat komunera behin eta berriz joaten denean… gazte horrekin hitz egin behar da, “eta ziur hala egingo dela, baina irizpideak ezin du izan debeku eta zigor orokorra”, dio Barquínek. Komunak ixtea ez baita arazoari aurre egitea, eta gatazkak beste leku batzuetan ere sortzen direla gogoratu du Centenok: “Ezin ditugu tokiak mugatu gatazkak sortzen direlako, batez ere beharrezko tokiak izanik. Ratioak hobetu beharko lirateke, ikasle asko eta hezitzaile gutxi dagoelako, laguntzeko eta presente egoteko”. Gasteizko alde zaharrean, Ramon Bajo eskolan, aldaketa arkitektonikoa egin zuten komuna desbinarizatzeko (mutilak eta neskak ez banantzeko), eta aldi berean, leku segurua dela bermatu dute: komunak gelaxkak ditu, bakoitza bere atearekin, eta lababoen lekuan, espazio partekatuan, kristala dago, alegia kanpotik ikusi daiteke espazio hori. Segurtasunaren premia eta intimitatearen beharra gestionatzeko modu on bat izan daiteke.
Nola kudeatu komunak eskolan? “Pertsona arduratsuak izateko autonomia, errespetua, konfiantza bizi behar dugu, okertu behar dugu eta handik ondorioak atera, ikasi, garatu –dio Martinezek–. Konfiantza espazio horiek ez baditugu eta araua bada daukagun ipar bakarra, autorregulazioaren bidea moztuko dugu eta beste ikaskuntza batzuk aterako ditugu (araua saltatzea, estresa, beldurra, haserrea, espazioen zaintza ez egitea...)”.
“Institutuko komun batean, ateaz bertzalde nuen lagunaren instrukzioei segika, ikasi nuen tanpoiak erabiltzen –kontatu digu Salbotxek–. Uste dut begirada feministatik gaur den egunean problematizatzen ari diren heziguneetako espazioen zerrendan sartu beharko genituzkeela komunak ere (patio, korridore eta ikasgelekin gertatzen ari den modu berean). Goazen pentsatzera bada, denon artean, nola bilakatu espazio horiek ez baztertzaile, hezitzaile eta, zinez, komun”.
Amelia Barquín: "Kontrol zorrotzarekin, zein espektatiba transmititzen dugu? Zugandik espero da gaiztakeria bat, eta gaiztakeria bat egingo duzu, komuneko papera komun zulora botako duzu; soluzioak ezin du izan zigor orokorra"
Mediku ikuspegiak zer dio?
Pixari denbora gehiegi eusteak maskuria dilatatu dezake eta ondorioz pixagura antzemateko sentsibilitatea txikitu; gernu-aparailu guztiari eragin diezaioke eta adibidez ekar dezake gernua ongi ez hustea pixa egiterakoan. Kakarekin berdin gertatzen da, baina kolona da dilatatzen dena. “Enkopresia asko ikusi ditut pandemiaz geroztik; haurrak fisuraren bat izan badu, defentsiboki eta intuitiboki eutsi egiten dio kakari, eta kronifikatu egin daiteke”, azaldu du Maider Labari pediatrak. Hala ere, garbi utzi du hainbeste denboraz eustearen iturburua ez dela eskola, psikologikoa izan ohi dela eta familiak desegituratzen direnean, bortizkeria jasan dutenean… azaleratzen direla joera horiek umeengan. Guk galdera zuzena egin diogu: pixa eta kakari eustea ona ala txarra da? “Eutsi behar diozun denbora zenbatekoa den, horren arabera; ordu batez edo biz ari bagara ez da ezer gertatzen, baina zenbat likido edan duzun, horrek ere baldintzatzen du. Dena den, esfinterraren kontrola zerbait soziala da (ez naturala), animaliek ez dute berdin jokatzen. Beraz, galderaren erantzuna konplexuagoa da eta sozialki barneratuta ditugun jokabideez aritu beharko ginateke”.
Eta guztiaren erdian, gorputza
Behar fisiologikoetatik hasi eta erreportaje honetan zehar jorraturiko gaiak bete-betean gurutzatzen dira gorpuztasunarekin, gorputzari eskolan ematen (ez) zaion lekuarekin eta garrantziarekin, gorputzek espazio eta dinamiketan uzten (ez) duten arrastoarekin. Haurrek adinean aurrera egin ahala, gorputza alde batera utzi eta nagusiki burmuin bilakatzen dira ikasgelan. “Hezkuntza sistemak pertsonak buru hutsera murriztu nahi baditu ere”, burua eta gorputzaren batasunaren, osotasunaren, bereizi ezintasunaren ideia autore ugarik azpimarratu dutela gogoratu du Salbotxek: “Mario Lodik ‘dekapitazio’ hitza erabiliz salatzen zuen joera hau, eta azpimarratzen zuen pertsona fisiko unitarioa garela, gorputza behar duena eta erabiltzeko eta haren bitartez solas egiteko eskubidea duena”. Globaltasun hori natural biziko bagenu, espresuki gorputza landu beharrik ere ez genuke izango, dio Eider Salegi irakasleak, aurrez aipaturiko mahai-inguruan: “Dena bat garela baldin badiogu, eskolan egiten ditugun planteamenduek premisa horretatik abiatu beharko lukete”.
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]