“Berdin da nola erabiltzen dugun, euskaraz komunikatzea behar dugu”

  • Irailaren 19a egun historikoa izan zen Espainiako Kongresuan, Gorte demokratikoak berrezarri zirenetik, duela 45 urte, lehen aldiz gaztelaniaz gain estatuko beste hizkuntzak ere entzun ahal izan genituelako. Mertxe Aizpurua izan zen euskaraz hitz egin zuen lehena. Hasi zenean eta "Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu" esaldia ahoskatu zuenean, entzungailua jarri zutenek emakume ahots bat entzun zuten gaztelaniaz. Interprete lanean ari zen Jaione Arregi (Zaldibar, 1976). Egun horri buruz, bere lanari buruz eta baita hitzari, hizkuntzari, politikari eta zubiei buruz ere hitz egin dugu.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC SS-BY
Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC SS-BY

Behin batean ezagun batek esan zidan guztiok daukagula hizkuntza-biografia bat. Zein da zurea?

Ni Zaldibarkoa naiz. Gurasoak, ama zaldibartarra, eta aita durangarra. Aita ez da euskalduna; familia euskaldunekoa bai, Lemoa eta Arratiako aitite-amamak neuzkan nik, baina hor transmisioa eten zen. Etxean euskara egiten genuen, nire aita saiatzen zen, baina berehala ikusi nuen bere euskara maila ez zela oso ona, eta orduan jada hasi nintzen nire aitarekin gazteleraz eta amarekin euskaraz, baina inguru euskaldunean. Denborak eman zidan perspektiba hori, nire aitak nirekin erdaraz egite horrek erdararekiko ere gustu moduko bat eman zidan. Hau da, gustatzen zitzaizkidan hizkuntza biak, eta bietan ibiltzea. Eta, hizkuntza biografia aldakorra da, ezta? Orain ziklo bat ixten da, nire bikotekidea madrildarra delako, baina euskaldundu da, eta nire etxean izan zen bezala da (amarekin euskaraz eta aitarekin erdaraz), baina inguru askoz erdaldunagoan. Pixka bat kezkatuta nago transmisioaren kontuarekin.

Orain, aritmetika parlamentarioa dela eta, Kongresuan euskaraz entzuteko aukera izan dugu. Interprete lanetan aritu zinen zu lehen egun hartan. Zer nolako eguna izan zen?

Oso egun hunkigarria izan zen. Nik egun hartan bi txapela neuzkan, interpretearena eta euskaldunarena, eta hunkituta egin nuen nire lana. Hala ere, ematen du oso berria dela, baina hau, leku instituzional batean hainbat hizkuntza erabiltzea, egin da, eta egiten da, ez hemen bakarrik, beste herrialdeetan ere guztiz normala da.

[Kongresuan] gaur egun, orokorrean, hizkuntza guztietan, hizlari on gutxi daude 

Urduri ere bageunden, ea nola irtengo ote zen, eta hedabideak hain gainean egoteak ez dizu lana errazten. Horri guztiari gehitu urruneko interpretazioa egin nuen lehen aldia izan zela niretzat; izan ere, gu ez geunden Madrilen, bakoitza bere etxetik ari ginen. Ni hemendik gertu, Bilbon bertan nengoen. Urruntasun hori aldaketa bat da. Lehen pentsaezina zen, interpreteok bertan egon behar genuen. Nik, beharbada, nahiago dut bertan egon. Batez ere, interprete lana talde-lana delako. Zu hor bakarrik zaudela dirudi, baina taldeka egiten dugu lan, binaka edo hirunaka. Isolamendu horrek ez nau asko konbentzitzen.


Kongresuan gertatzen ari dena oso polemikoa izaten ari da, ezta? Besteak beste, erabilgarritasunaren argumentua aipatzen da. Guztiok gaztelaniaz badakigu, zertarako interpreteak, entzungailuak eta beste "alferrikako gastuak"?

Horrelako argudioek ez dute inongo zentzurik. Europar Batasunean egunero ikusten dugu eleaniztasuna, nahiz eta haien artean baduten hizkuntza komuna, hau da, nahiz eta han gehienek ingelesa jakin. Jende horri galdetuko nioke: Orduan zuk onartuko zenuke Europar Batasunean ere hiru lan hizkuntza jartzea, ingelesa, frantsesa eta alemana? Ziur asko Kongresuan hainbat hizkuntza erabiltzearen kontra daudenek ezetz esango lukete: “Ez, ez, gure hizkuntza mantendu behar dugu”. Argudio hori ideologikoa da, eta erraz desmuntzatzen da beste erakunde batzuetako praxia ikusita.

Hor hizkuntza eskubideak ez ulertzearen kontu bat dago. Hau da, ez ulertzea hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla. Bestalde, Mertxe Aizpuruak Kongresuan esandakoa ere hor dago: pauso bat da Kongresuan espainolaz gain beste hizkuntzak ere ofizial egitea, baina ez dezagun ahaztu Euskal Herrian bertan hizkuntza eskubideak ez direla bermatzen toki askotan.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC SS-BY

 
Europa aipatu duzu. Orain ematen du han ere ofizialtasunerako beste aukera bat ireki litekeela; berez, baina, une jakin batzuetan behintzat, 2005etik bada euskaraz egiteko eskubidea, ezta? 

Bai, badira aukerak, eta agian ez da gai oso ezaguna. 2005ean akordio administratibo bat egon zen, eta adostu zuten Eskualdeen Batzordea delakoan estatuetako hizkuntza koofizialak ere erabil zitezkeela. Euskal Autonomia Erkidegotik ordezkariak joaten dira Batzorde horretara eta beti eskatzen da euskarazko interpretea; baina denbora gutxi izaten dute, eta ez da asko entzuten. Hala ere, esango nuke saiatzen direla euskaraz egiten.

Euskaraz aritzeko baimen horiek Kongresuan, Parlamentuan, Europan, toki guztietan egiteko aprobetxatzen dira? Edo, euskara modu sinbolikoan baino ez da erabiltzen?

Hizlariaren arabera, baina erabilera sinboliko hori ere gertatzen da. Guretzat lana errazagoa da hizkuntza bera mantentzen bada diskurtso osoan. Adibidez, Senperrek egin zuen bezala, zerbait esan, gero bere burua itzuli… hori hizlari askok egiten dute. Ez dakit mesfidantzagatik egiten duten edo zergatik, baina lana zailtzen digute.

Bestalde, noski, gure egoera diglosikoari ere begiratu behar zaio. Hainbatek ez dauka euskara maila jasorik edota naturaltasunez hitz egiteko aukerarik, eta ez du bere burua prest ikusten; batzuetan, jendea ez da ausartzen. Hala ere, hizkuntza batean eroso aritzeko prest egotearena ez da hizkuntza gutxituen kontua bakarrik, ingelesak ere badu bere partea, zeren eta, mundu guztiak hitz egiten du ingelesa, baina zer nolako ingelesa? Batzuetan gure ofizioa ez da izaten interpretatzea, deskodifikatzea baizik.

Eta euskarak, interpretatzeko orduan, badu berezitasunik?

Euskaraz zentzu-unitate delako bat harrapatzeko asko entzun behar duzu. Hau da, has zaitezke esaldi bati segika zehazki nora doan, zer esan nahi duen jakin gabe, eta esaldiari zentzua hartzen hasten zarenerako informazioa galdu duzula ohar zaitezke. Gure lana, batez ere, zentzuak interpretatzea da. Jendeak galdetzen du: Zer egiten duzu hitz bat ez dakizunean? Bada, testuinguruak esango digu. Arazoa ez da hori, arazoa zentzua da. Behin eskarmentu handiko interprete batek esan zidana gogoratzen dut: "Niri ez galdetu, ni ez naiz itzultzailea". Kontua ez dago hitzetan, zentzuan eta asmoan baizik.

Mundu guztiak hitz egiten du ingelesa, baina zer nolako ingelesa? Batzuetan gure ofizioa  deskodifikatzea da


Euskaldunek zer moduz egiten dute hitz atrilaren aurrean? Hizlari onak al dira?  

Ba, gaur egun, orokorrean, hizkuntza guztietan, hizlari on gutxi daude. Adibide bat jartzeko, Mertxe Aizpuruak egindakoa gustatu zitzaidan. EAJko Joseba Agirretxe, edo Bingen Zupiria bat ere…prentsatik datozen hizlari onak daude, badutelako komunikatzeko sen hori. Baina, oro har, zaila da. Hor ikusten da nola eskolan, gaur egun, ahozkotasunik ez den lantzen. Eta ez da soilik ez dela lantzen, baizik eta zuk zeure burua adierazteko grina edukirik ere, ez zaudela prest. Ni interpreteak prestatzen ere aritu izan naiz eta jendeak beldurra dauka jende aurrean hitz egiteko, oso sakon dagoen zerbaitekin lotutako beldurra da. Pena da, ondo hitz egitea ez baita soilik baliogarria parlamentuan hitz egiteko, gure egunerokotasuna ere errazten du.

Bestalde, hizlari euskaldun askok pentsatzen du ez duela maila jasorik, eta erregistroa aldatzen saiatzen dira; baina ez da behar, ez dago ulertzeko arazorik… baina, beno, hizkuntzaren egoerak eramaten gaitu horretara.

Kontzentrazio maila handia eskatzen duen lanbidea da, baina baita azkartasuna ere.

Bai, gizartea aurrera doa, eta hizkuntzak gizartearekin batera aldatzen dira. Nik beti esaten dut: egunero hasten den lana da, egunero baitago gai berri bat. Funtsezkoa da guretzat etengabeko prestakuntza. Hau da, hizkuntzak bizirik daude, eta jakin behar duzu gizartean zer gertatzen ari den: zein da eztabaida? Eta ikuspuntu askotatik. Adibidez, generoaren auzia, edo genero ez binarioarena, ba oso kontu interesgarria da, zeren zuk eduki dezakezu zure posizio pertsonala, baina noren interpretazioa egiten ari zaren, adi, zeren eta beharbada ezin duzu erabili eraren bat, edo hizkera jakin bat erabiltzen baduzu, jatorrizkoa azpikoz gora jartzen ariko zara. 

Jakin behar duzu oso ondo komunikazio ekintzan nortzuk ari diren hartzen parte, eta ekintza horretan botere harremanak zeintzuk diren ere bai. Ez da berdina Judith Butlerri buruzko mintegi batean interprete lana egitea, edota Palestina eta Israelen arteko gatazkan. Kasu batean zein bestean, arrazoi ezberdinengatik, aztertu beharra dago zer esan dezakezun, zer ez, zein termino erabili behar diren. Eta hain urrutira joan beharrik ere ez dago: zeinek hartzen duen ahotan, nola itzuli "Euskal Herria"? Lanaren baitakoa da hori guztia. Aldez aurretik dagoen prestaketa handia da.

Oso egun hunkigarria izan zen. Egun hartan bi txapela neuzkan, interpretearena eta euskaldunarena


Hau da zure ogibidetik gehien gustatzen zaizuna?

Bai, gai oso desberdinak jorratzen dituzula, jende oso desberdinarekin, eta munduari pultsua hartzeko modu bat delako. Eta komunikazioa ahalbidetzeko aukera ikusten duzu. Oso polita da ikustea komunikazioa ahalbidetu duzula. Hori gustatzen zait, zubi lana.

Bukatzeko, elkarrizketa batean ondorengo hau zuzendu zenien itzultzaile eta interpreteei: "Garrantzia duen bakarra ez da atzerriko hizkuntzaren ezagutza, norbere hizkuntzaren ezagutza ere bai. Nire gomendioa norbere hizkuntza landu eta maitatzea da".

Bai, azkar ibili behar duzulako zure hizkuntzan. Guk ez dugu hiztegirik izaten eskura, hitzak gure baitan izan behar ditugu, malgutasun handiz erabili ahal izateko. Hiztegi zabal baten jabe izan behar dugu gure hizkuntzan, eta azkarrak hizkuntza egiturak osatzerakoan.

Bestalde, hiztun bezala, hizkuntza gutxituetan egin behar duguna da erabileran eutsi eta esparru guztietan erabili, eta berdin da nola erabiltzen dugun, hizkuntza horretan komunikatzea da behar duguna, eta erabilera normalizatzea. Eredu izanez, jendeari erakutsi behar zaio gurea beste zeinahi hizkuntza bezain erabilgarria dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | ARGIA
Korsikako Asanblean frantsesa inposatzen jarraitzen dute, korsikera debekatuta

Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]


Bileretan hizkuntzak nola kudeatu ez badakizu, gida honek lagunduko dizu

Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Eguneraketa berriak daude