“Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe”

  • Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri jarraipen eginez denboran zehar. Harrigarrizko bidaia magikoa...

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Ander Berrojalbiz Etxebarria (Durango, 1983)

Musikaren Historia irakasle Durangoko Bartolome Ertzilla kontserbatorioan, Khantoria taldeko biolin-jole eta sortzaile da. Hala ere, ikerketa du maite, hainbat ordu ematen dizkio dokumentu historikoak irakurtzeari, haietatik tiraka gehiago ikertzeari, eta denak bere baitan egosi ondoren, idazteari. Era horretan ditu argitaratuak zenbait liburu bitxi: Los herejes de Ambotol. 'Luteranos’ en el año 1500 (Pamiela, 2016), Herejeen alaba (Pamiela, 2017), Akelarre. Historias nocturnas en los albores de la gran caza de brujas (Pamiela, 2021), eta iazko Elurzuriren hiru heriotzak, adibidez.

Liburu ederra Elurzuriren hiru heriotzak, baita harako Herejeen alaba hura ere. Irakurlearen gozagarri, ez bata ez bestea hutsetik sortuak.
Herejeen alaba, beste liburu bat egiten ari nintzela bururatu zitzaidan, Los herejes de Amboto: ‘Luteranos’ en el año 1500. Zenbait aurkikuntza egin nituen, eta haien arrastoa segitzea hartu nuen gogoan. Akelarre lantzen nengoela, berriz, Elurzuriren hiru heriotzak idazteko ideia piztu zitzaidan, sagar pozoituaren hariari tiraka. Horrela etorri ziren bi liburuok, beste zerbait ikertzen ari nintzela azaldutako datuei segika. Baina ez pentsatu zerbait ikertzea aukeratzen dudan bakoitzean liburua ateratzen dela! Batzuetan bai, besteetan ez, baina kasu guztietan, lehenago ez nekien zerbait ikasten dut.

Lan txiki ederrak egiteko, zenbat lan handi egin behar den, nabari dute zure lanek. Izozmendiaren punta erakusten duzu...
Baliteke. Akelarre idazteko, sorginen kontrako prozesuak eta prozesuak irakurri nituen, sinesmen magikoei buruzko dokumentu pilo bat ere bai, Pirinioetakoak, Alpeetakoak… Sorginkeria prozesuen hastapenekin lotuta dagoen guztia ez, baina gehiena bai, irakurri nuen. Eta han eta hemen irakurtzen ari nintzela, sorginkeriazko objektu edo elementuarekin egin nuen topo: sagarra. Eta, orduan, sagarraren arrastoaren bila hasi nintzen, eta jabetu nintzen Pirinioetan protagonismo handia daukala. Eta sagar horri segitu nion.

Sagarra da protagonista?
Ez, liburuko atalik garrantzizkoena ere ez, baina sagarrak seinalatu zidan Elurzuriren bidea. Istorioa denok ezagutzen dugu, baina gogoan dut Durangoko bibliotekara etorri, eta Elurzuriren ipuinaren edizio bat hartu nuela: sagarraren eszenaren bila hasi nintzen, irakurri nuen, baina, orduan, Grimm anaiek eszena hori benetan nola idatzi zuten jakin nahi izan nuen, eta pozoitutako orrazia aipatzen zutela ikusi nuen. Laster konturatu nintzen Grimm anaiek kontatzen zutena ez zetorrela bat Erdi Aroko magiaren eta pozoiaren logikarekin. Apustu egin nion neure buruari, esanez: “Orrazi pozoitu hori ez zegoen istorioan!”.

"XXI. mendeko gizarte honetan anputatuta daukagu gure izaeraren zati bat, Octavio Pazek esan zuenez: magia, poesia eta kontakizuna galdu ditugu”

Zergatik ez?
Orrazia elementu magiko bat delako, eta pozoia, berriz, gero, oso gero ere, baten batek gehitutako elementua. Eta, horrekin batera, sagarrari begiratu nion: Grimm anaien bertsioan Elurzurik sagarra jaten du, hiltzen da, kristalezko hilkutxan sartzen dute, printzea agertzen da, hilkutxa bere jauregira eramatea erabakitzen du, morroiek estropezu egiten dute, Elurzuriri sagar zatia eztarritik ateratzen zaio, eta berriro bizirik da Elurzuri! Eta prozesu hori ere magiari zor zaio, ez pozoiari. “Hori ere aldatu egin zuten Grimm anaiek, pozoiaren logikatik kanpo dago hori! Hau ondo aztertu behar dut!”, esan nion neure buruari.

Elurzuriren ipuinaren bertsio zaharrenaren bila hasi zinen...
Grimm anaien lehenengo bertsioa begiratzea hartu nuen gogotan, eta alemanez. Eta lehen bertsio horren bila ari nintzela, iturri zaharrago bat ere bazela irakurri nuen, eskuizkribu bat. Argitaratuta zegoen liburu batean, Alemanian, baina oso garesti zen hemendik hara eskatu eta handik hona bidaltzea, eta hango lagun baten bidez lortu nuen. Etxean jaso zuen, eta bisitan joan gintzaizkion batean eskuratu nuen liburua. Ipuinaren 1810eko bertsioa irakurri, eta hantxe orrazia, baina pozoirik ez. 1812ko bertsioan, orrazia pozoituta. Bestalde, eskuizkribuak amaiera zoriontsuaren bi aldaera jasotzen dituela ikusi nuen; baina horietan bietan, Elurzuri magia bidez berpizten da. Bertsio primitiboan, ondo funtzionatzen zuen ipuinaren logikak. Gero, jakin nuen beste izkribu zaharrago bat ere bazela, 1808koa, eta hura ere bilatu nuen.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Detektibe lana, inondik ere.
Batean eta bestean begiratu beharra dago, eta asko irakurri. Esate baterako, nire lehen liburua Durangoko herejeen inguruko ikerketa izan zen, herriko heretikoen kontrako azken epaiketa, 1500ekoa. Gaiari buruz garai hartan idatzita zegoena irakurriz hasi nintzen, eta konturatu nintzen zenbait gertakari eta zenbait iturri, ez zeudela behar bezain aztertuta. Susmoz irakurtzen dut ia dena, errezeloz eta alerta, ez dut irakurketa pasiborik egiten... Eta, Durangoko 1500eko epaiketa horretaz irakurtzen ari nintzela, berdin, zer ikerturik bazegoela konturatu nintzen.

Eta nondik jo zenuen orduan?
XVI. mendeko dokumentu bat ba omen zen epaiketa hartaz, baina ez zen agertzen, eta harexen bila hasi nintzen. Eta Durangoko  [José Angel Orobiourrutia] artxibozainarekin hitz egin –ordukoarekin, ze orain artxibozainik ez daukagu, eta hori ere ikaragarria da ezer ikertu nahi duenarentzat–, batari eta besteari galdetu, han eta hemen begiratu, eta, azkenean, biblioteka pribatu batean aurkitu nuen dokumentua: agiri zaharren liburu batean zegoen. Dokumentu haren arrastoek, berriz, beste agiri baten aipura eraman ninduten, eta bigarren dokumentu hori Espainiako Biblioteka Nazionalean aurkitu nuen, Madrilen. Detektibe lana, bai. Oso interesgarria da, jendea ere ezagutzen duzu, laguntzen dizute, eta aurkitzen dituzu gauza gehiago.

Zenbat ikasten da bidean?
Asko! Dokumentazioa bilatu eta analizatu egin behar da, gero dator idaztea. Esate baterako, Durangoko herejeei buruz, eta sorginkeriari buruz, ez nuke esango dena buruz esateko gauza naizela, baina bai agiri asko buruan ditudala. Eta, gero, nahikoa dut mendira joan, ibilian, eta burua hasten da konexioak egiten, gauzak bata besteari lotzeko moduak aurkitzen. Baina, horretarako, buruan eduki behar duzu materiala. Eta menditik etxera heldu, dokumentuak kontsultatu, eta ideia edo hipotesia edo dena delakoa egiaztatu. Ideia bat dudanetik gauzatzen dudan arte ez da denbora asko joaten, baina beti hor dago obsesioa, eta hor dago lana; aldi batzuetan, lan asko, eta beste batzuetan gutxiago. Ni musikaria naiz, bai interpretea, bai irakaslea, baina ez idazlea. Hala ere, gaur egun kulturaren munduan dena, eta ezer ez, da ogibidea: liburua idatzi eta hitzaldiak eta musika emanaldiak sortu dira, eta ikastaroak… hainbat gauza.

Zergatik dute heresiak, akelarreak, sorginkeriak… halako erakarpen indarra?
Uste dut bazterreko pertsonekiko atrakzioa betiko gauza dela. Nik neuk ere, Durangon herejeak izan zirela jakin nuen orduko, gehiago jakin nahi izan nuen. Azkeneko hamarkadetan, berriz, jakin-mina ez ezik, heresia, akelarre, sorginkeria eta halakoei lotutako moda ere, edo halako zer edo zer, sortu dela esango nuke, eta moda hori zenbait ideologiari eta zenbait gizarte mugimenduri lotuta dagoela ere; feminismoari gehien bat. Sorginkeriari buruzko hainbat liburu argitaratu dira, eta, askok, irakurketa jakin bat egiten dute. Euskal Herrian, berriz, moda hori abertzaletasun jakin bati ere lotuta dagoela esango nuke.

"Azkeneko hamarkadetan, heresia, akelarre, sorginkeria eta halakoei lotutako moda ere sortu dela esango nuke”

Zugarramurdi aipatzen da beti edo gehienetan…
Ez Zugarramurdi bakarrik. Egia da, Nafarroa Garaia da sorginkeria kasu gehien ageri dituen lurraldea, hantxe gorde dira prozesu gehienak, baina horrek ez du esan nahi gainerako lurraldeetan sorginkeria kasurik izan ez denik. Ezer gutxi ulertuko dugu XIV. mendeko Nafarroa Behera ahazten badugu, esaterako. Nafarroaren Konkistaz gerokoak ditugu Nafarroa Garaiko agiriak… Zenbaiten teoriaren arabera, sorginkeria Nafarroa konkistatzeko tresna izan zen, Inkisizioa izan zen bezala. Esan nahi dut, hortik diskurtso bat sortu zela, eta, gaur egun, etorri dira argitalpenak, etorri da moda, eta etorri da zarata. Hala ere, jakin-min natural bat badagoela uste dut, ertzetan dabiltzan arketipo eta istorioekiko, magia eta misterioarekiko, eta, bestalde, gabezia bat nabaritzen dugu, gurea zen zer edo zer galdu dugula iruditzen zaigu. Ez naiz sinestuna, sinesmen erlijiosorik ez dut, baina egia da gizartea ezin dela ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe.

Zertan dira akelarre hitzaren inguruko ezbaiak? Mikel Azurmendi, Gustav Henningsen, zu zeu...
Txarto ulertu asko daude hitzaren inguruan. Mikel Azurmendik hipotesi bat plazaratu zuen, esanez akelarre hitza bera ez datorrela aker-etik, alquelarre-tik datorrela... Oker ez banago, [Fermin] Irigarai medikuak esan zuen toponimo bat bazela Zugarramurdi inguruan, Alkelarre izenekoa, alka belarrarekin lotuta omen zegoena. Hortik abiatuta, Azurmendik esaten du akelarrea kanpotik ekarritako ideia bat dela, asmakuntza erudito bat, odolez eta suz inposatu zena –eta hau eta hura–, herria zapaltzeko… Esan dut lehen ere, zenbait ideologiarentzat oso erakargarriak dira argudio horiek, oso egokiak zapaldutako herri bat erakusteko. Diskurtsoa primeran dator, eta, egia esan, arrakasta handia izan du. Henningsenek, gainera, bat egin zuen diskurtso horrekin. Mikel Azurmendiren hipotesia bereganatu zuen, nahiz eta matizazio batzuekin, baina argumentazioak aurrera egin zuen.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Eta zer diozu zuk?
1595. eta 1610. urteen artean aldaketa bat gertatu zen. Zugarramurdin zerbait gertatu zen, sorginen batzarrei akelarre izena ematea, sorginen batzarren lekuetako bat izendatzetik sorginen batzarra bera izendatzera… Mikel Azurmendik eta Henningsenek oso garbi ikusten dute auzia, baina nik ez. Henningsenek garai horretan kokatzen du aldaketa, baina, bestalde, Mikel Azurmendiri esango dio ez dagoela frogatuta sorginkeriaren arketipoa kanpotik ekarria dela; elementu batzuk bai, beharbada, baina beste batzuk ez. Nik esatera, hitz horren historia ez dago ondo eginda oraindik.

Zer falta du historia horrek?
Hasteko, Mikel Azurmendiren teoria banalizatu egin da, hitza asmakuntza dela esaten da, baina hori ez da egia, hitza lehen ere existitzen zelako, kontzeptua dokumentatuta dago, bai euskaraz aker-larre bezala, bai okzitanieraz, bai katalanez... Pirinio osoan agertzen da; sorginen batzarren lekuarekin lotutako toponimoa. Eta behin eta berriro esaten badugu akelarre hitza asmakuntza bat dela, aurreko hori dena galdu egiten dugu. Kontzeptua ezinbestekoa da sorginkeriaren atzean zer dagoen jakin nahi badugu behintzat. Hala ere, niri gehien interesatzen zaidana ez da akelarre hitzaren jatorria, sorgin ehiza nondik datorren baizik. Eta, hor, zenbait mitorekin egiten dugu topo, eta horietako bat da aker-larre-ri dagokiona. Nik aurkitutako dokumentuek frogatzen dute sorginkeria diabolizatu baino lehen ere, 1370. urtean, aker-larre hitza hortxe agertzen dela, sorginkeria prozesuetan.

Zerk mugitzen zaitu gisa honetako gaiak ikertzera?
Ez dago nostalgiarik nire lanetan, gure mendebalde honetako XX. mendeko gizarte honetan, anputatuta daukagu gure izaeraren zati bat, Octavio Pazek esan zuenez. Magia, poesia eta kontakizuna galdu ditugu… Eta, orduan, zer egin nuen Elurzurirekin? Lehenengo, saiakera liburua ontzea pentsatu nuen, baina gero besterik erabaki nuen, ipuina kontatzen segitzea, eta Elurzuriren ipuinaren beste bertsio bat egitea. Ez noa esatera, ez defenditzera, nire bertsioa dela originala –horrek ez du zentzurik, mendeak daramatza ipuin horrek gure artean dantzan–, ezin da esan lehenengoz nola kontatu zen. Nik, zentzua daukan eta ezagutu behar den bertsioa kontatu nahi izan nuen. Eta erakutsi nahi nuen guretzat fikziozkoak diren elementuak, garai batean bestelako presentzia eta pisua zutela, askoz errealagoa, eguneroko bizitzan. Eta hortik etorri zen, ipuinaren hariarekin batera, iturriak tartekatzeko ideia. Eta konplikatua zen: zelan eman iturrien berri, ipuinaren haria galdu gabe? Ez dakit lortu dudan…

                                                                              *          *          *

Amaiera zoriontsua

“Eta ikusi nuen Grimm anaiek 1812an argitaratutako bertsioan, kanpoan utzi zutela detaile txiki bat, hiru oharrena, ze nanoek hiru aldiz oharrarazten dute Elurzuri: lehen aldiz engainatu dute Elurzuri, eta nanoek salbatu dute; bigarrenez ere engainatu dute, eta berriz salbatu dute. Baina eskuizkribu zaharreko bertsioan, nanoek esaten diote Elurzuriri: ‘hirugarren aldiz engainatzen bazaituzte, ezin izango zaitugu lagundu, behin betikoa izango da’. Eta Grimm anaiek kendu egin zuten hori, amaiera zoriontsua hobetsi zuten, eurek nahita”.

Infantizidioak

“Haur jaio berriak beti hil izan dira, azaldu ezina zen fenomenoa, eta oraindik ere ez dago azalpen argirik: bat-bateko heriotza du izena, beste gabe. Ez dago lotuta familia pobreari, ez inoren elikadurari. Orduan, haurraren heriotza azaltzeko esplikazioa behar zuten bizidunek, edo heriotza horrekin bizi ahal izateko azalpena, eta hortik dator espiritu gaiztoei edo sorginei leporatzea heriotza horiek”.

Azalpena

“Antzinaroan bertan, kontatzen da badirela izaki sobrenatural eta deabruak, eta, adibidez, oso sasoiz ageri dira etxe zarratuetan sartzeko metamorfosia egin ahal duten emakumeak. Mendebaldeko tradizioan hortxe daude beti mito horiek, eta horien helburua da azaltzea badaudela espiritu gaizto batzuk etxeetara sartu eta haur jaio berriak itotzeko ahalmena dutenak, haiei odola xurgatuz... Haur desiratu gabeak, edo hazi ezin zituztenak, hiltzeko ere balio ahal zuen azalpenak”.

AZKEN HITZA

Zintzotasuna

“Zenbaitek dokumentuek esaten ez dutena esanarazi nahi diete agiriei. 1990ean, Mikel Azurmendik akelarrea asmakuntza bat dela esan zuen garaian, historialariek argitaratuak zituzten Aragoiko eta Kataluniako dokumentuak, akelarrea ez zela asmakuntza erakusten dutenak. Zintzotasuna behar da. Historia hankaz goratu nahi izanez gero, inguruko bizpahiru iturritara jotzea ez da nahikoa”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
Euskal Herriko kartografia historikoa
Mapen lorratza herri baten historian

Kartografiak herri edo lurralde baten ezaugarriak baino askoz gauza gehiago adierazten dituela jakina da. Mapak eskuan konkistatu dira kontinenteak eta eraiki dira inperioak historian zehar, eta eskoadra zein kartaboiez definitu dira identitate kultural eta politikoak. Euskal... [+]


Kronika: 'Liburu ausartak' jardunaldia
Isilak, mutuak, zuriak... eta ausartak

Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]


Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
“Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei”

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


2024-01-10 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
“Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da”

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


2023-05-30 | ARGIA
‘Ño!’ komikia eta ‘Zaldi bat ihes garrezko zelaian’ liburua Ziburuko Azokan

Bi lanak izango ditu salgai ARGIAk datorren larunbateko Ziburuko Azokan. Komikia Maitane Gartziandiak, Eli Pagolak eta Miren Artetxek egin dute. Kazetaritzako kronikak biltzen dituen liburua Koldo Izagirrek.


Paperjale.eus jaio da: euskal liburuzaleen sare soziala

Euskal idazle eta irakurleentzat sortutako sare sozial libre berria da Paperjale.eus. Irakurritako liburuak erregistratzeko aukera ematen du, puntuatu, kritikak eta iruzkinak egin… Abaraskak sortu du, software librea, euskara eta Fedibertsoa sustatzen dituen taldeak. Ez... [+]


'Txori Urdinak'
Espetxeak eta zigorrak ere badute bere musika

Zer eta zertarako da espetxea? Zer zigor kodea? Zeri esaten diogu birgizarteratze? Kartzelak present dituen herri honetan, nago gutxi hitz egiten dela beronen eraginaz eta zigorraren kulturaz. Milaka herritarren errealitatea dena, hormez kanpoko errealitatetik hain urrun. Preso... [+]


Etena

Naufragioaren aztarnategi edo porrot egindako proiektuen nolabaiteko antologia ei dugu Angel Errok (Burlata, 1978) argitaratu berri duen olerki bilduma. Izenburua bera atentzioa emateko modukoa da: Poema liburu bat –irakurtzeko jarraibideak– (Erein, 2022). Liburua... [+]


Eguneraketa berriak daude