Zaintza-kamerek ezkutatzen dutena

  • Gasteizen, beste hiri batzuetan bezala, zaintza-kamera berriak jarri nahi dituzte, baina ez digute horien benetako ezaugarririk kontatzen. Are larriagoa da ez dizkigutela azaltzen benetako arrazoiak zein diren, ezta kamerek nori egiten dioten mesede ere. Gaia orokorrean aztertuko dugu, Gasteizko kasu zehatzetik abiatuta. Hausnarketa sustatu nahi dugu, Poliziarik eta kamerarik gabe gatazkei aurre egiteko.

Kamera bat Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia: 2x2
Kamera bat Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia: 2x2
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Irailean, Gasteizko Segurtasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik (EAJ) iragarri zuen bideozaintzako hamazazpi kamera berri jarriko dituztela Alde Zaharrean eta Zabalgunean. “Gailu teknologiko aurreratuak dira, eta egun erabiltzen diren kamerek baino prestazio hobeak dituzte, bereizmen handiagoa dutelako edo irudiaren azterketa adimendun hobea egiten dutelako. Lehen urratsa da delituen prebentzio eta ikerketarako bideo-zaintza funtsezko tresna gisa erabiltzeko”, diote Gasteizko Udalaren webgunean. Datozen urteetan 100 kamera berri jarri nahi ditu Gurtubaik, Iruñean jada ezarri dituzten 300 kameren “ereduari” jarraiki.

Neurria ez da segurtasun arduradun berriaren burutazio bat. 2018ko martxoan Gustavo Antépara PPko zinegotziak aurkeztu zuen Alde Zaharreko "puntu estrategikoetan" hamalau zaintza-kamera instalatzeko proposamena. Baina kamera berriak instalatzeko lehiaketa publikoa abiatu zuena PSEko Marian Gutiérrez izan zen, aurreko legegintzaldiko Segurtasun zinegotzia. Hurrengo datuak eman zituen Gutiérrezek 2023ko urtarrileko Segurtasun Batzordean: "Udaltzaingoak baditu kamerak Alde Zaharrean eta Zabalgunean, zehazki 29. 29 horiek prestazio handiagoko hamazazpi berrirekin ordezkatu nahi ditugu, eta haien kokapena birdefinitu".

Segurtasun falta faltsua eta kamera erabilezinak

Bistakoa dirudi hiru udal-talde horien apustua zaintza-kameren alde. Ez du ematen segurtasun eza denik arrazoia, Gutiérrezek Gasteiz “hiri segurua” dela adierazi baitzuen batzorde berean. Hilabete geroago, PSEko orduko zinegotzi eta egungo alkate Maider Etxebarriak hurrengo adierazpenak egin zizkion Gasteizhoy hedabideari: "EAEko hiru hiriburuetako delitu-tasarik baxuena dugu, baita Espainiako hiriburuen artean hiru baxuenetakoa ere. Segurtasun handia dago kalean".

Galdera argia da: Gasteiz segurua bada, zein da 100 kamera jarri nahi izateko arrazoia? Kontuan hartuta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD gaztelaniazko sigletan) dioena espazio publikoetan kamera finkoak ezartzeaz: "Horiek erabiltzeak exijitzen du herritarren segurtasunerako arrazoizko arrisku bat egotea". Horrelako mekanismoek pertsonen eskubideei eragiten diete: 2004an Gasteizko Sindikoa-Herritarren Defendatzailea Alde Zaharreko Barrenkale kalean kamerak jartzearen aurka azaldu zen, “ez baitago proportzionaltasunik mekanismo horien bidez bete litezkeen helburuen artean, eta, bestalde, sakrifikatuko liratekeen beste eskubide batzuen artean. Halaber, ez dago egokitzapenik kostuaren eta eraginkortasunaren artean”.

Galdera argia da: Gasteiz segurua bada, zein da 100 kamera jarri nahi izateko arrazoia?

Herritarren Defendatzaileak, agian, bazuen munduko beste leku batzuetan bideo-zaintzarako kamerek lortutako emaitzen berri. Torontoko Polizia Zerbitzuak, esaterako, azterketa egin zuen 2006an, segurtasun komunitarioa garatzeko kameren erabileraz: "Emaitzak ez ziren izan asegarriak. Telebista-zirkuitu itxiko (TBZI) sistemek ez dituzte arau-hausleak uxatzen; kontrara, segurtasun-sentsazio faltsua sustatzen dute. Kritika asko egin ziren bideo-zaintza arazoaren jatorria(k) jorratzen ez dituen ‘irtenbide adabakia’ dela argudiatuta. Aitzitik, baliabideak komunitatea indartzeko programetara bideratu beharko lirateke".

Ikerketa hori ez da kasu isolatua. 2008an Kriminalitatea Prebenitzeko Nazioarteko Zentroak argitaratu zuen Bideo-zaintzaren balorazioa, krimenak argitu, prebenitu eta murrizteko, maneiu eta segurtasun erreminta eraginkor gisa lana: "Hainbat ikertzaileren arabera, TBZIak ez du murrizten segurtasunik ezaren sentsazioa, eta horrek frogatzen du ez dela eraginkorra krimenak prebenitzeko, murrizteko eta ebazteko tresna gisa. Jason Dittonek (2000) dioenez, TBZIko kamerek ez dute jendea seguruago sentiarazten; beldur faltsua sortzen dute, eta hori areagotu egiten da hedabideen jarduera biziaren ondorioz. Gainera, kamerak herritarra (errugabea) seinalatzen du, ez kriminala, eta espazio publikoetan etengabeko beldurra ezartzen du". Hau da, zalantzan jartzen dute garai hartako lehen alkateorde eta gaur egungo alkate Maider Etxeberriak 2023ko urtarrilean adierazitakoa kamaren inguruan: "Ahalegin handia egiten ari gara ditugun bitartekoak eguneratzeko; lana erraztuko duten eta polizia-lana eraginkorragoa egingo duten sistema berriak ezartzen”. Ez bada, noski, Poliziaren lana ez dela delituak prebenitzea, herritarrak kontrolatzea baizik. Zeregin horretan kamerek lana errazten diete, baina herritarrentzat altua da prezioa.

Etikoki baliozkoa al da? Eskubideak errespetatzen al dira? Zein dira kontrol-modu horien aldeko hautua egitearen ondorioak?" (Gema Varona Martínez)

Eskubideen galera larriak

Kamerak jartzearen etika zalantzagarria eta eskubideetan duten eragina da beren defendatzaileek ezkutatzen duten lehen gaia. Baina hori da hain zuzen ere, duen garrantziagatik, politikako edozein profesionalek aldez aurretik aztertu beharko lukeena, eta Gasteizen kamerak jartzea babesten duten udal-taldeek badirudi ez dutela egin.

"Kontua ez da herritarren segurtasunari buruzko arazoak ukatzea, baizik eta modu lasaian hausnartzea neurri garestiak ezartzeari buruz.Eraginkorrak direnik ez dute argi erakutsi eta, nolanahi ere, oinarrizko eskubideei eragiten diete. "Eraginkortasunari dagokionez, nahi ez diren neurrien artean daude oinarrizko eskubideekiko eragin larria, segurtasunik ezaren pertzepzioa areagotzea –bereziki epe ertainean edo luzean–, axolagabekeria soziala eta leku eta kolektibo jakin batzuk estigmatizatzeko arriskua", dio Gema Varona Martínez Zigor Zuzenbideko doktorea eta kriminologoaren 2012ko ikerketa batek.

"Telebista Zirkuito Itxiak ez du murrizten segurtasunik ezaren sentsazioa, eta horrek frogatzen du ez dela eraginkorra krimenak prebenitzeko” (Kriminalitatea Prebenitzeko
Nazioarteko Zentroa)

Talde politikoek hasieratik planteatu beharko lituzketen galdera eta gai pedagogiko batzuk gehitu ditu Varonak: “Gure gazteak, bereziki, jarrera kritikoan heztea, mota guztietako zaintza-neurrien naturalizazioari aurre egin diezaioten. Lehenik eta behin, modu lasai, arrazoizko eta zientifikoan, honako gai hauek baloratu ditzaten: etikoki baliozkoa al da? Eskubideak errespetatzen al dira? Zein dira kontrol-modu horien aldeko hautua egitearen ondorioak? Zein da kostu ekonomikoa eta humanoa? Jasangarria al da bideo-zaintza tokiko segurtasun politika gisa? Irrealak al dira herritarren espektatibak? Zein da kamerak kontrolatzen dituzten pertsonen formazioa?”.

AEPDak horri buruz dioena ere kontsulta dezakete alderdiek: "Litekeena bada tratamendu batek, bereziki teknologia berriak erabiltzen baditu, arrisku handia ekartzea eskubide eta askatasunei, arduradunak, tratamenduaren aurretik, inpaktuaren ebaluazioa egingo du”. AEPDren arabera, "alternatibarik ote dagoen ebaluatu behar da; kamera kopurua kontrolatu; baita kamera mota ere, ez baita gauza bera kamera finko baten bidez irudiak hartzea edo ‘domo’ izenekoen bidez, 360 graduko grabazioak ahalbidetzen baitituzte”. Azken horiek dira, hain zuzen, Gasteizen instalatuko direnak.

Aurpegi ezagutzarako gailuak Amsterdam Schiphol aireportuan. Argazkia: ProtoplasmaKid, CC BY-SA 4.0

Kameren inguruan ezkutatzen digutena

Gasteizko kameren kasuan kontu zehatz batzuk ezkutatzen dizkigute. Edo, bestela, zuzenean gezurrak esaten dizkigute. Segurtasun Batzordearen 2023ko urtarrileko bileran, orduko PSEko Segurtasun zinegotzi Gutiérrezek honakoa adierazi zuen: "Uste dut aurpegiaren azterketa ez dagoela baimenduta Europan, eta, beraz, hemen ez da aurpegiaren errekonozimendurik edo antzekorik izango". Hilabete batzuk geroago, Segurtasun zinegotzi berri Gurtubaik (EAJ) esan zuen kamerek ez dutela “aurpegi-azterketa egiteko eta antzeko aukerarik ematen".

Hasteko, deigarria da gaiaren arduradun batek esatea aurpegi-azterketa ez dagoela baimenduta Europan, informazioak argitaratu baitira nola onartu eta erabiltzen ari den Europako 32 estatutan, tartean Espainian eta Frantzian. Baina larriagoa da bigarren gaia: Gasteizen instalatu beharreko kamerek aurpegia ezagutzeko aukerarik ematen ez dutela baieztatzea. Gezurra da, eta biek dakite. Besteak beste, udalaren baldintza tekniko zehatzen agirian bertan ondorengoa jasota dagoelako: "Eskuragarri egongo diren bilaketa-erraztasunen artean daude: (...) 9. Aurpegi-azterketa bidezko bilaketa." Engainatu ez ezik, oinarrizko eztabaida publikoa saihestu nahi dute; izan ere, Monica Mena kazetariak esan moduan, "teknologia horren hedapen orokortuak gai garrantzitsuak planteatzen ditu pribatutasunean dituen ondorioei buruz, eta gobernu nazional asko eta bertako herritarrak daude zaintza masiboaren etikari eta legezkotasunari buruzko mundu mailako eztabaidaren erdian".

Larria da, halaber, ez jakinaraztea instalatu behar dituzten kamerek soinua jasotzeko gaitasuna dutela. Aipatu dugun udalaren agirian ere jasota dago: "Kamerek tipologia honetakoak izan beharko dute: audio sarrera eta irteera dituztenak". Horregatik, kameretako operadore postuak bere funtzioen artean honako gaitasun hau izan behar du: "Bideo-iturri bat mapa batetik leiho batera arrastatzea eta askatzea ahalbidetuko du, audioak eta bideoak gainbegiratzeko, grabatuak edo denbora errealean". Bereziki larria da, AEPDaren Guía sobre el uso de videocámaras para seguridad y otras finalidades (Segurtasunerako eta beste helburu batzuetarako bideokamerak erabiltzeari buruzko gidaliburua) txostenak zehazten baitu: "Ezin izango dira erabili pertsonen intimitateari zuzenean eta modu larrian eragiten zaionean, ezta izaera pribatuko elkarrizketak grabatzeko ere".

Gasteizen instalatu beharreko kamerek aurpegia ezagutzeko aukerarik ematen ez dutela baieztatzea. Gezurra da, eta biek dakite 

Eta oraindik ere zalantzarik bada kamera horiek intimitateari egiten dioten eraso larriaz, gehitu dezagun Iruñeko udaltzain batek kamera mota horri buruz Eitb-ri eginiko iruzkina (gogoratu Iruñean instalatuta daudela jada): "Ikaragarria da, bilatzen ari zaren pertsonaren sudurraren ileak ere ikusten dira".

Instalatzeko egiazko arrazoietako batzuk

Kamerak ez badira baliagarriak segurtasuna bermatzeko eta, gainera, herritarron eskubide garrantzitsuen aurka egiten badute, horiek ezartzeko benetako arrazoiei buruz hausnartu beharrean gaude. Seguru asko ez ditugu guztiak ezagutuko, baina batzuk aipa ditzakegu, orokorrak zein partikularki Gasteizi dagozkionak.

Orokorren artean, Gemma Galdón Clavellek eman dizkigu batzuk. Galdón aditua da zelatatzean, teknologiaren eragin sozial, legal eta etikoan, segurtasun-politiketan eta polizia-jardunean, besteak beste, eta hala dio: "Badirudi bideozaintzaren zergatia ez dagoela horrenbeste gizarte beldurtu baten beharretan, baizik eta esparru instituzional deslegitimatu baten eta errudunak bilatzen dituen gizarte baten urgentziak irekitzen dituen aukera-leihoetan. Badirudi bideozaintzaren eraginkortasunik ezaren aurrean arduradun politikoek eta operadoreek agertzen duten itxurazko gorreriak ezkutatzen duela hiri-gobernantzan, arriskuaren kontzeptualizazioan eta segurtasunik ezaren pertzepzio publikoan izan diren eraldaketen konstelazioa. Berdin dio delinkuentzia murrizten duen edo segurtasun-sentsazioa hobetzen duen: bideozaintza gailentzen da, antza, berehalako irtenbidea delako, inplementatzen erraza delako, aurkakotasun txikia sor dezakeenez eta, hortaz, ‘funtzionatzen’ duelako, baita segurtasunik eza kudeatzeko tresna gisa alferrikakoa izanik ere”. Soilik falta zaio gehitzea: eta boto asko ematen du.

Bada aitortu gabeko beste arrazoi bat: gentrifikazio-prozesuetan erabili ohi dela. Honela jaso du Metropolice. Seguridad y policía en la ciudad neoliberal liburuak: "Auzoak ‘biziberritzearekin eta dinamizatzearekin’ lotutako prozesu politikoetan, espazio publikoaren eredu berriak sortzean (arlo sozialetik ere higienizatuak), ‘udal-agintariek bideozaintza ezartzeko erabakia’ aukera funtzionaltzat hartu behar da”. Gasteizen, zehazki, turismoari eta merkataritzari lotutako interesa gehitu zaio. "Gasteizek adimen artifiziala erabiliko du turistak erakarri eta fidelizatzeko. Arabako hiriburuak pasoko sentsoreak eta azken belaunaldiko kamerak jarriko ditu bisitarien gustuak ezagutzeko”, argitaratu zuen El Correo-k irailaren 29an. "Erabaki estrategikoak hobeto hartzeko informazioa biltzea da helburua”, adierazi zuen albistean Turismo Proiektuen Udal Zerbitzuko buruak.

Gasteizen iragarritako zaintza-kamerek kontrolatuko dituzten espazioak eta beren kopurua.

Gasteizi eragiten dioten arrazoi partikularren artean bi daude, ziur asko beste hiri batzuetan gertatzen denaren aldean oso ezberdinak ez direnak. Biek dute zerikusia kameren instalaziotik onura ateratzen dutenekin. Lehenik eta behin, enpresa esleipenduna. Ahoztar Zelaietak argitaratzen dituen ikerketa-kazetaritzako lan bikainen eragina izango da, baina Gasteizkoak talde antimilitaristan ikusi genuenean lehiaketara aurkeztu ziren zazpi enpresen zerrenda, porra batean parte hartu izan bagenu nori esleituko zioten asmatzeko, Ingeniería de Sistemas y Telemando SAU enpresaren (INSITEL) aldeko apustua egingo genuke  (nahiz eta lehiaketaren alde publikoan eskaintzarik onena ez aurkeztu). Eta porra irabaziko genuke. Gure apustuaren arrazoia sinplea da: 2018tik Bizkaiko enpresa horren zuzendaria (linkedin profilaren arabera) Sabin Anuzita Pomposo da, Bilboko alkate Iñaki Azkunaren bi legealditan EAJko zinegotzi izandakoa eta, Ahoztarrek adierazi bezala, EAJren 65 ate birakarien kasuetako bat. Enpresa horren bezeroen artean daude Bilboko Portu Agintaritza, Euskal Trenbide Sarea, Bilbao Exhibition Center, Bizkaiko Garraio Partzuergoa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza bera.

Gustavo Antépara PPko zinegotzi ohiari ere kamerak ondo etorriko zaizkiolakoan gaude (testu honen hasieran ikusi dugunez, instalazioaren lehen proposamen publikoa berak egin zuen). Izan ere, kamerak adostutako kokalekuetan jartzen badira (bat Xabierko San Frantziskoren arrapala mekanikoetan; hiru La Soledadeko arrapaletan; bi San Frantziskoko aldapan; bi Mateo Morazan; lau Plaza Berrian; bi udaletxerako sarbidean eta hiru Andre Maria Zurian), ez dira gai izango antzemateko ea ezkutuko obrak egiten jarraitzen duen Alde Zaharreko Pintoreria eta Hedegile kaleetan dituen legeztatu gabeko etxebizitza turistikoetan.

Baditugu esperientziak gatazkei zaintza-kamerarik gabe heltzeko aukera ematen digutenak

Kamerarik eta Poliziarik gabe
Gasteizkoak kolektiboan Sin Poli (Poliziarik Gabe) ekimena babesten dugu. Gasteizko kameren gai honetan ere baditugu esperientziak gatazkei zaintza-kamerarik gabe heltzeko aukera ematen digutenak. Hala gertatu zen Alde Zaharreko Barrenkale kaleko gatazkan, sindikoak kamerak ez jartzea gomendatu zuen gatazkan. Edo geroago auzo bereko Santo Domingo kalean, non 2017an ere instalatuko zirela ziurtatu zen, baina zorionez ez ziren jarri. Bi kasuetan, auzo-komunitatearen zati baten pazientzia eta lan ona izan ziren arazoak konpondu zituztenak. Gauza bera gertatu da Gustavo Antépara arduradun politikoak Alde Zaharrean egindako legez kanpoko obrekin. Bere jokabidea publikoki salatu dutenak ez dira kamerak izan, auzokide antolatuak baizik.

Kamerak jartzeko mehatxupean daudenei tresna bat gehiago eskaini nahi diegu: gaiari buruz ezagutzen dugun testurik onenetako bat, Sagarratz Eztabaidarako Taldeak egina. Duela urte batzuk kameren ezarpena jasan zuten Irungo Mosku auzoan, eta erabaki zuten gogoeta eta ekintzaren bitartez aurre egitea. Gogoeta horren parte da Egin irribarre, mesedez, filmatua izaten ari zara testua: "Bideozaintzaren aldeko diskurtsoak eraikitzeko modua eta  bere onarpena sustatzeko civismo-aren beharra aldarrikatzea, gure kritikak jasotzen lehenak izan behar dira. Erruduntasunean oinarritutako diskurtsoa da neurri horiek asimilatu eta kontrolarekiko tolerantzia garatzeko bide nagusia. Ezin dugu aipatu gabe utzi ondokoa: ondorengo belaunaldiek jaso behar duten hezkuntzaren eta baldintzapenaren parte dira kontrol-neurriak, sistemaren jarraipena bermatzeko indarkeria sinbolikoaren zati dira, protestak diluitu eta herritarrok kaltegabe bihurtu arte". Kontuan izan dezagun.

*Estitxu Martínez de Guevara Gasteizkoak talde antimilitaristako kidea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontrol soziala
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


“Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea”

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Gasteizko Udalak ia 40 milioi euro bideratuko ditu segurtasun arloko langileen soldatak ordaintzera

Iñaki Gurtubai Segurtasuneko zinegotziak "Poliziaren Lan Eskaintza Publiko bateratua” eta “inteligentzia kamerak instalatzea” iragarri ditu 2024rako, besteak beste.


Gasteizko Udalak 117.000 euroko inbertsioa egingo du bideozaintzarako hamazazpi kameren instalazioan

Gasteizko Udalak Insitel enpresari esleitu dio hiriaren erdigunean prestazio altuko hamazazpi kameraren bidez bideozaintza sistema hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko kontratua. Besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian eta San Frantzisko aldapan jarriko... [+]


X sare sozialak erabiltzaileen datu biometrikoak jasoko ditu, segurtasunaren izenean

X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.


50 kamera gehiago ezarriko dituzte Bilboko tranbian “segurtasuna” argudiatuta

Bilboko geltoki guztietan kamerak ezarriko dituela adierazi du Euskal Trenbide Sareak. Gaur egun ezarrita dauden tokietan ez ezik, beste hamalau geltokitan jarriko dituzte.


2023-06-08 | Gedar
Telefono-seinaleen bidez pertsonen mugimenduak detektatzeko sistema bat jarriko du martxan Gasteizko Udalak

Turismo Inteligentziarako Sistema delakoaren bidez, Gasteizko zenbait tokitan sentsoreak jarriko dituzte. Pertsonen gailu mugikorren seinalea atzemanda, "portaera eta errepikapen-ereduak detektatu" nahi dituzte.


2023-04-27 | Gedar
Aurpegien errekonozimendurako kamerak jarri dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Liburutegiaren sarreran jarri dituzte kamerak, Smart Talent Source SL enpresaren ikerketa bati lotuta. "Horrelako neurrien normalizazioaren bitartez, kontrol geroz eta zuzenagoa ezarri ahal izateko aurrekari arriskutsua dira kamera horiek", salatu du UIBk.


Pobreziaren kontrako “euskal sistema”

EAEko parlamentuan aurrera egin du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege aldaketak. Badago zer aztertu legearen eztabaidak, aldaketa egiteko ezker zein eskuin egin den akordioak, eta legeak ekartzen dituen berrikuntzak izan duten oihartzun eskasari... [+]


2023-01-10 | Hala Bedi
17 kamera jarriko dituzte Gasteizko erdigunean, adimen artifizialekoak

Kontrol sozialerako teknologiek presentzia gero eta handiagoa dute Gasteizen, Udalaren ekimenez. Zabalgunean eta Alde Zaharrean bideozaintzarako 17 kamera berri jarriko ditu Udalak udatik aurrera. Adimen artifizialarekin funtzionatuko dute eta "delituak denbora errealean... [+]


Teknologia
Haur ziborgak

Ziborg hitza sortu zen izaki bizidun hobetu bat deskribatzeko. Gorputz organikoa eta teknologia elkartzean, gorputzaren prestakuntzak hobetuta dituen izaki biziduna litzateke ziborga.


2021-12-20 | Estitxu Eizagirre
Milaka herritar atera da kalera Donostian COVID pasaportearen aurka, Bizitza plataformak deituta

Abenduaren 18 arratsaldean Donostian jendetzak hartu ditu kaleak, Bizitza plataformak deituta egin den manifestazioan. "COVID pasearen inposaketari ez" lemak elkartu ditu.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude