“Nire bidaiarik onena baserria izan da”

  • 75 urte beteta, bere paradisuan dagoela sentitzen du Txillarre baserriko Peio Rubiok, azken hiru hamarraldietako lanaren fruituak jasotzen. Pasioz mintzo da bizi izandakoaz. Irail amaierako asteazken goiz batez hartu gaitu etxean, eguzkiak eta zeru urdinak distira ateratzen diotela Elgoibarreko Sallobente bailaran.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Peio Rubio. Zumaia, 1948

Bere barruko indarrari segika ibili da Peio Rubio bizitza osoan, besteak beste, militantzia politiko troskistan, tailerrean beste eredu bat bultzatzen, eta nekazaritza ekologikoan buru-belarri. Gaur egun pozik dago egindakoarekin. Nekazaritza ekologikoaren esparruan Biolur elkartea sortu zuen beste batzuekin batera duela 30 urte, bertako lehendakaria ere izan zen. Biolurri buruz gehiago jakin nahi baduzue, ARGIAko Egonarria podcastean elkarrizketatu zituzten Rubio bera eta Miriam Arrizabalaga, gaur egungo lehendakaria.

Haurtzaroari buruz galdetzen badizut…
Zumaia gogoratzen dut. Zumaiarra naiz, Elgoibarren urte askoz gehiago bizi izan naizen arren. Txikitako bizipenak, sustraiak, barruan geratzen zaizkigu.

Nolakoa zen giroa?
75 urte dauzkat. Garai hartan kalean jolastu, mobilik ez genuen, futbol-saioak Itzurun hondartzan, eta gaztetxotan mendira. Gaur egunean bezala, baina beste era batera.

Francoren urteak ziren oraindik. Hori nola oroitzen duzu?
Borrokan. 20 urterekin izan zen nire lehenengo manifestazioa, [Txabi] Etxebarrieta hil zutenean Tolosan. Handik aurrera beti borrokan. Nire militantzia beti izan da troskismoaren mundua, ETA VI.etik etorritako jendea, ETAko asanblada bat, 1970eko hamarkadan erabaki zuena borroka armatuari ezetz esatea. Europa edo estatu mailan elkartu ginen troskistekin, LCR zenarekin eta mugimendu troskista izan ginen, ezkerrekoa. Euskaraz, LKI, Liga Komunista Iraultzailea. Kalean borrokan aritu ginen Franco bota nahian. Ezin izan genuen, ohean hil zen, baina ahaleginak behintzat egin genituen, gure eskuetan zegoen guztia.

Elgoibarrera noiz etorri zinen?
18 urterekin. Lanik ez zegoen Zumaian, mugitu behar, eta Elgoibar tokatu zen. Elgoibarren lan asko zegoen, eta egunero trenean joan eta etorri egiten genuen.

Tailerren batean?
Bai, makina-erremintan egin izan dut lana beti. Tailer mailan beti funtzionatu izan dugu sindikatuetan. Aurpegia eman dut hor ere bai. Egon naizen leku guztietan beti izan dut mugitzeko beharra. Halako batean tailerreko nagusiak alde egin, eta lantegia laga zuen gure eskuetan. Kooperatiba egin genuen, garai hartan sociedad anónima laboral [lan-sozietate anonimoa] esaten zitzaiona. Nik hartu nuen bertako presidentzia langileek hala esan zutelako, baina oso garai zaila izan zen.

Zer gertatu zen?
Ikusi nuen jendea eros daitekeela. Nik boterea neukan, momentu hartan presidentea nintzelako, gerentea neuk kontratatu nuen, harreman handia neukan harekin, lan-sozietate anonimoek horrela funtzionatu behar dutelako. Nik banekien nire kontra zegoen jendeak, soldata igotzen banion edo lanpostuz aldatzen banuen, ez zuela arazorik izango, eta nekatu egin nintzen jendaila horrekin. Konkretuki sindikatu batek egiten zuen hori nire kontra, baina barrutik. Nire apustua ez zen hori, nik uste nuen kolektibitateek beste modu batean funtzionatu behar dutela, eta zuri ari zaizuna kristorenak botatzen tailerrean erosten duzu lau txanponaren truke… Hori ez da niretzat. Momentu bat ailegatu zen non ez zeukan zentzurik: jendeak ez badauka gogorik lan-sozietate anonimo bat ateratzeko, alferrik da. Gakoa indarra da, jendearen gogoa, eta ez zegoen. Ni joan eta gero, handik bizpahiru urtera, enpresa itxi zuten, eta aukera guztiak genituen aurrera ateratzeko: bagenuen produktua, merkatua, jendea… Genuen dena, baina jendeak funtzionatzen zuen enpresa pribatuen eskemarekin. Eta horrela ezin da, are gutxiago hasierako urteetan: ekonomikoki justu zaude, eta ahalegin handiak egin behar dira.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Tailerra utzi aurretik, lan-sozietate anonimoen elkarte bat ere sortu zenuten, ASLE, ekonomia sozialeko enpresak biltzen dituena. ARGIA ere bertako kidea da. Nolatan izan zen hori?
Gero eta lan-sozietate anonimo gehiago zeuden, eta pentsatu genuen interesantea zela elkartzea. Nik beti elkartetan funtzionatu dut, bai nekazaritzan bai leku guztietan. Eta elkarte hori egiteko bizkaitar batzuekin juntatu ginen: enpresa batzuk Ezkerraldekoak, geratu zirenak gu bezala, Eibarreko enpresa bat, Azkoitiko Juaristi, gero beste bat Urretxukoa, oso famatua, greba handi bat egin zutena, Irimo. Elkarte bat muntatu beharra ikusi genuen, eta hortik sortu zen ASLE. Gero elkarteak bere bidea egin du, baina niri enpresak berak ez zidan funtzionatu.

Eta baserrira joan zinen.
Ailegatu zen momentu bat sentitzen nintzela errotonda batean bueltaka, eta hortik irten behar nuela erabaki nuen. Eta bide bat sortu zen. Emaztea zena-eta hemengoak ziren, baserrikoak, eta erosi egin genuen. Baina nik neuk ez neukan kriterio bat edo txikitako amets bat baserrira etortzeko. Aukera izan zen baserrira etortzekoa, eta aurrera. Ez nekien letxuga bat sartzen!
Eta beste gauza bat. Esan dizudan bezala, Franco botatzeko borrokan, sindikatuetan, nahi genuen kristoren iraultza egin, egin gabe guk gurea, pertsonala. Orduan, nirea apustu hori ere bazen. Badakit egoista samarra dela; kolektiboki ere jokatu nuen, baina kolektiboak berak bota ninduen kanpora, komatxo artean, eta joan nintzen egitera nire iraultza pertsonala. Eta hauxe izan da nire iraultza.

"Nekazaritza ekologikoa goraka zihoan, baina administrazioan ibili dira beti esku-frenoarekin, beti luzatzen”

Dena den baserriaren munduan ere antolatu zara kolektiboki.
Bai, elkarteak muntatu ditut lau edo bost. Biolur, Ekonekazaritza, GILBE ere bai… Beste batzuekin batera, noski, ez dut pentsatzen Jaungoikoa naizenik.

Esan duzu ez zenekiela letxugak sartzen ere… Nolakoak izan ziren lehen urteak Txillarren?
Baserri zaharra zen. Bota, berriro muntatu, ikasi… Gogorra. Bueno, gogorra. Ez dakit zer den gogorra, ze mendigoizalea Montblanc-era joaten denean gogorra da? Beraiek desiratzen egoten dira joateko. Sufritu? Bai, sufritzen dute, baina kalean ere sufritzen da. Gogorra zer da? Guretzat Everest igotzea izango litzateke kristorena, baina haientzat ez. Barruko indarra da kontua. Kristorenak egiteko gai gara barruko indar hori daukagunean. Nik ez nuen ideiarik ere baserri bat zer zen, eta egin dut baserri zaharra bota, berria egin, ikastaroak egin, hanka sartu eta hanka atera… Ez dago beste biderik gauzak ikasteko.

Gustura ari ziren horretan.
Eskaini zidaten kalera jaistea, postuarekin, eta gehiago irabazten, baina nik nire bizitza hemen neukan jada, apustua egin nuen hemen, eta segitzea erabaki nuen.

Hasieran modu konbentzionalean hasi zinen nekazaritzan. Zergatik pasa zinen gero ekologikora?
Lehendabizi hasi nintzenean sentitu nintzen oso arraro. Arazoak zeudenean, joaten zinen nekazaritza-teknikariarengana eta esaten zizuten bota produktu hau, gero beste hau…

Pestizidak?
Bai. Eta sentitzen nintzen torlojuak egiten ari nintzela, oso mekanikoa balitz bezala, eta nik ez nuen hori bilatzen, horretarako tailerra baneukan. Nik behar nuen beste gauza bat. Bestetik, eta orain are gehiago, ez dut ulertzen jan behar ditugun gauzei hainbeste pozoi botatzea. Lore bati botatzen badiozu, ba bueno, lorea hor dago, ez duzu jaten, baina barrura sartzen dugun gasolinarentzat, gorputzean sartzen dugun jatekoarentzat hainbeste produktu kimiko erabiltzea, nire buruan ez zen kabitzen. Orduan nekazaritza ekologikoari buruzko lehenengo ikastaroa antolatu zuen EHNEk Tolosan, eta hara joan nintzen.

Jakin-minez?
Ikusi behar nuen zer zen hori, ea zer esaten zuten. Eta horrela hasi nintzen. Han juntatu nintzen beste batzuekin, Tomás Antzuolakoa, Koldo Igeldokoa, Gregorio Amasakoa, eta hortik jo genuen. Batera hasi ginen.

Biolur elkartea sortu zenuten. Zer helbururekin?
Tresna bat zen. Alde batetik, bata besteari lagundu nahi genion, babesa eman, ze ez genekien ezer ez, galduta ginen, Kataluniako eta Andaluziako erreferentzia batzuk bakarrik genituen. Eta, bestalde, gizarteratu behar genuen zer zen nekazaritza ekologikoa. Orain normaldu egin da, baina ari gara 30 urte atzera egiten. Gaur egun perroflauta esaten dietenak geu ginen.

Zer-nolako harremanak izan dituzue administrazioarekin?
Ez dira behin ere kontra joan, ez luke logikarik izango, ze datu guztiak zeuzkaten, Europakoak ere bai, nekazaritza ekologikoa goraka zihoala, baina bai ibili dira beti esku-frenoarekin, beti luzatzen. Guk bilerak izaten genituen bai diputazioarekin bai Jaurlaritzarekin, eta beti esaten genien eskuko frenoarekin zebiltzala. Guk elkartea sortu baino bi urte lehenago haiek sortu zuten Eusko Label, beren marka famatua. Eta handik bi urtera lau perroflauta-k zer eta ekologikoa sortu, oraindik eta gehiago! Hori ez da gauza bat guk beraiekin hizketa egin duguna, baina guk sentsazio hori ateratzen dugu nabarmen.

Eta horrela ailegatu gara hona, esfortzu handiarekin. Kristorena da, ze sartu behar duzu proiektu batean ez daukazuna ideiarik, atera behar duzu gutxienez bizitzeko lain, gero baserriko lana, lan pila bat dena, elkarteko lana, beste pila bat dena. Topera ibili gara denean.

Bizitzeko lain ateratzea aipatu duzu eta… Txillarreko produktuak, gero, Elgoibarren saltzen zenituzten?
Bai, hori ere ikasi behar izan nuen, ez nintzen inoiz aritu azokan saltzen. Hor ere izan nituen nire borrokak, gogoratzen naiz lehenengo urteetan, ohitura zegoen, orain agian galduko zen, baina azken orduan etortzen ziren emakumeak erostera, eta beti regateatzera. Eta nik hori ez nuen onartzen, ezta pentsatu ere. Oiloei bota behar badiet janaria, oiloei botako diet, baina prezio hau da nik jarri dudana, eta ez dut jaitsiko. Ez baduzu erosi nahi, ez erosi. Ohitura zela esaten zuten beraiek beti. Ohitura? Kafe bat hartzen duzunean zergatik ez da ohitura, zergatik ez duzu regateatzen? Ohitura txarrak kendu egin behar dira. Prezioa hau da, eta nahi baduzu erosi eta bestela, ez. Beraiek ere biziak ziren, ze azkenengo orduan joaten ziren soberakinak erostera izango balitz bezala. Eta nik hori ikusi nuen segituan, eta erabaki nuen horretara ez jokatzea.

Gero muntatu nuen postutxo bat, aldatu nintzen lekuz, eta gero alabak hartu zuen eta Elgoibarren daukagu denda bat produktu ekologikoekin. Denetik saltzen dugu, bai gure barazkiak bai beste gauza batzuk.

“Otegi-Egiguren: nire baserria zabaldu nien hizketan egiteko. Bi mundu desberdin, mahai batean, hizketan”

Txillarre baserria oso ezaguna da beste gauza batengatik. Hemen bildu ziren, hitz egiteko, Arnaldo Otegi eta Jesús Egiguren.
Bizitzan gustatzen zaizkit gauza konplikatuak, gauza errazek ez didate ezer esaten, aspertu egiten naute. Nik alde batetik Arnaldo ezagutzen nuen, PSOEko bat ere bai, Paco Egea zena, gerente zen lehen aipatu dudan tailer hartan, gaztetatik ezagutu ginen Elgoibarren, eta nire baserria zabaldu nien hizketan egiteko. Bi mundu desberdin, mahai batean, hizketan. Gaur egun oso konplikatua dena, Katalunian ikusi den bezala, ba hemen egin zen. Horrela hasi ginen, eta gero bukatu da bukatu den lekuan.

Ez zeukaten helbururik, soilik hizketan hastea, ez batak bestea konbentzitu nahian, hori ez da behin ere gertatuko, baizik eta neurri batean ulertzeko, enpatizatzeko. Eta hori gertatu da Arnaldo eta Jesús Egigurenen artean. Zerikusi handia dauka zer pertsona juntatu diren. Oso pozgarria izan da, oso aberasgarria. Pozik. Denarekin. Gaur egunean, 75 urterekin, nire paradisua da hau.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Gaur egun zer martxa daramazu?
Batzuetan lan pixka bat egiten dut ortuan, kanpoko gauzak konpondu, leitu ere gustatzen zait, pelikulak ikusi. Bidaiatzeak ez dit irteten…

Gaztetan ibili zinen, baina. [Elkarrizketa hasi aurretik egongelako pareta erakutsi digu, munduko hamaika txokotako maskaraz betea].
Bai, Europa dena egin dut motxilaz eta kanpinean.

Orain ez dizu erakartzen?
Ez, nire bidaiarik onena hau da: baserria. 30 urte hauetan bidaiatzen nago. Bidaia zoragarria, gainera. Badakit ez didatela ulertzen, baina ez zait batere inporta.

Lasai hiltzeko moduan zaudela esan izan duzu.
Ea, inork ez du nahi, baina testamentu bitala eta denak egin ditut, niri ez jarri hodirik. Horrela nagoen bitartean nahi dut segi bizitzen, ez dudana nahi da adurra dariola ibili, niri aguantatzen ez dakit zein. Orain nago fase batean etekinak jasotzen ari naizena. Neurri batean nik egindako obra da hau, eta horrek ematen dit bizipoza eta egiten dit gozatzea irten beharrik gabe. Pelikulak ikustera joaten naiz, jazz festibalera ere joaten naiz urtero, gauza puntual batzuetara joatea gustatzen zait, bestela ez. Sentitzen dut, baina ni jende gutxikoa naiz: mahai bat, lau pertsona on, berriketa eder bat eta hor egon naiteke 14 ordu; orain, jende asko dagoen lekuan… Manifestazio batzuetara joan behar da eta egiten dut, baina hainbeste jende dagoen lekuetan ez nago lasai nirekin. Jazz festibalean, adibidez, nik ez dut musikaz ulertzen, gustatzen zait ala ez, batzuetan asmatzen dut eta ederki, eta beste batzuetan sekulako marroiak irentsi ditut. Bizitza horrelakoa da. Zinean ere bai, hamar pelikula gutxienez ikusi behar dituzu bat dezentea ikusteko. Ba ikusten dut jendea joaten dela jazzaldira edo zinemara eta denak mobilarekin: ostia, laga mobila eta gozatu momentua, horretara joan zarete eta! Ez dut ulertzen hori. Neurri horretan ez dut ezagutzen gizartea.

Teknologia berriek eta sistema honek egin digu, alde batetik, hustu barrutik, eta bete gauza material pila batekin. Aldiz, sentimenduak, pasioak, horrek gauzak hustuta dauzkagu, ez dira existitzen, edo oso gutxi existitzen dira, aldrebestuta. Aldiz, daukagu kotxea, bidaiak hona eta hara, mobilak, pantaila ez dakit nolakoa… Kapaz gara ordenagailuz munduaren beste aldean dagoen batekin kontaktatzeko eta goian bizi denari egun on ere ez esateko. Zerbait ez dabil ondo.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agroekologia
2024-07-24 | ARGIA
Udako Azoka Ekologikoak abian dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamalau herritan

Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik herritarrak animatu dituzte azoketan erostera eta ekoizleak gertutik ezagutzera. Uztailaren 29an Zigoitian izango dira, eta abuztuaren 23an, Zarautzen. Urriaren 27an amaituko dute udako denboraldia, Villabonan.


2024-07-23 | Danbolin
80.000 porru landare atera ziren igandean Amillubitik inguruko ekoizleen baserrietara

Sektoreko beharrak hainbat eragilerekin identifikatu ostean, lurrak ezagutu eta martxan jartzeko aitzakia tarteko erronka zehatz bati ekin zion Amillubik: baratzezainentzat porru landare ekologikoa bertan ekoiztea. Igandean hogei lagun baino gehiago bildu ziren, Amillubiko talde... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Traktoreen protestak hasi zirela bost hilabete
Zerekin egiten dugu amets? Elikagaien merkatu globalizatuan bira egiteaz harago

Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen... [+]


2024-05-31 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen helburua gainditu du, herritar eta eragileengandik 180.000 euro batuta

Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzea eta bertan elikadura burujabetzari loturiko laborantza proiektu agroekologikoak martxan jartzea; horixe du helburu Biolur elkarteak. Horretarako, besteak beste, abenduan ekin zion interneteko diru bilketa kanpainari eta... [+]


2024-05-28 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuaren interneteko diru bilketa azken astean sartu da

Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzeko eta bertan elikadura burujabetzari loturiko Amillubi proiektu kolektiboa martxan jartzeko apustua egina du Biolur elkarteak: "Herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak bermatuta izatea izango litzateke mugimendu... [+]


2024-05-15 | Estitxu Eizagirre
Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?

Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta, pestizida eta ongarri kimikorik gabe geratu zen Karibeko irla, eta kimiko horien ondorioz, lur oso... [+]


Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


2024-05-13 | Estitxu Eizagirre
Lurra Taupaka festa
Amillubi martxan da

Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak Amillubi proiektua abiatu du, Gipuzkoan toki estrategikoan kokatua dagoen Amilibia baserria eta bere bederatzi hektarea lurrak kolektibizatzeko. Maiatzaren 11n festa egin dute Amillubin: herritarrek proiektua bertan arnastu... [+]


2024-05-08 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


2024-05-07 | ARGIA
Berangoko Otxantegi Herri Lurra hustu du Ertzaintzak, eta lagun bat atxilotu dute

Ertzaintzak hirugarren saiakera egin du asteartean Otxantegi Herri Lurrak husteko, epaileak hala aginduta. Lurrak defendatzera joan dira hamarnaka lagun, eta teilatuan, lurrean zein dorretxean erresistentzian zeuden guztiak kanporatu ditu Poliziak. Hiru lagun zauritu dira... [+]


Eguneraketa berriak daude