Noelia Sánchez haurdunaldi zein jaioberrien doluaren terapeuta da. Osasun sistemak haurtxoen heriotzak pairatu dituzten familiak artatzeko dituen gabeziak bere azalean ezagutu ondoren sortu zuen Cor a cor, haurdunaldian zein bizitzaren lehen urteetan galdu dituzten haurren familiak laguntzeko proiektua.
“Amak sortu zuen haur-eskolan koskortu nintzen, 3 urte nituen haren ateak zabaldu zituenean. Nolabait, nire etxea izan zen. Agian horregatik, beti sentitu izan naiz eroso haurtzaroarekin zerikusia duen edozertan lan egiten. Gerora, Gizarte-laneko ikasketak hasi nituen, nire lehen aukera gizarte-hezitzailea izatea zen arren; notagatik ezin izan nuen. Baina, egun gutxi barru argi ikusi nuen egon nahi nuen tokian nengoela. Adingabeen babes-sistemarekin harremanetan jarri nintzen eta pixkanaka-pixkanaka nire etorkizun profesionala diseinatzen hasi nintzen, gurasorik ez zuten haurrekin lanean. Orain, atzera begiratuz gero, bitxia iruditzen zait: gurasorik gabeko haurrekin lanean hasi nintzen eta orain seme-alabarik gabeko gurasoekin lan egiten dut”.
Urrian haurdunaldian edo jaioberritan hiltzen diren haurren kontzientziazioa sustatzen da. Duela hamabi urte zure alaba Cora hilik jaio zen. Bizipen hartatik zure ibilbide profesionalak norabide berria hartu zuen eta haurdunen laguntzaile, doula izateko, formakuntza egin zenuen.
Hala da, bai. Atzera begiratuta, ikuspuntu arrazionaletik nire helburua doula izatea zen arren, uste dut pisua izan zuela amatasuna balioztatzeko aldarrikapenak. Beharra nuen nolabait, ama sentitzeko, soinean haurtxorik izan ez arren. Doularen egitekoaren inguruan ezer gutxi nekien, baina formakuntzaren inguruko informazioa aztertu nuenean, argi eta garbi ikusi nuen hori zela nire tokia: dolua eta amatasun bereziak ikuspegi ulergarri horretatik eta sostengutik artatzea ezinbestekoa zen.
Duela hamabi urte bizirik gabe jaio zen zure alaba Cora. Zein dira gizartean eta sisteman dauden gabeziak haurtxoen doluari dagokionez?
2011ko urtarrilean jaio eta hil zen nire alaba eta garai hartan ez zegoen gaur egun adina baliabide. Hasieran, babesik gabe sentitu nintzen, bai nire inguruan eta baita osasun sisteman ere. Bartzelonan bizi naiz eta zorionekoa izan nintzen, izan ere, familia-talde baten laguntza zoragarria izan nuen. Haiek ere, haurren heriotzen doluan zeuden. Astean behin elkartzen ginen eta nire salbazioa izan zen. Aldiz, ospitalean tratu ikaragarri txarra jaso genuen eta ez ziguten baliabiderik eman pairatutakoa kudeatzeko.
Azken urteetan, Cor a Cor bezala, hainbat egitasmo sortu dira osasun sistemak dituen gabeziak asetzeko. Zer deritzozu?
Haurdunaldian eta jaioberritan hiltzen diren haurren familien arreta hobetzeko lanean buru-belarri aritu gara, eta horri esker, gaur egun hobetzen ari da osasun sistemaren arreta. Ezinbertzekoa da osasun profesionalek eta erakundeek tratu duina bermatzea.
Hala ere tabua izaten jarraitzen du haurren heriotzak, ezta?
Tira, tabua da heriotza bera, eta bai, haurrena denean gehiago. Nire ustez, gizartean, gertakari mingarriak errefusatzen ditugu, eta ez hori bakarrik, garrantzia kentzen diogu, minik ez sentitzeko ahalegin inkontzientean. Aldiz, heriotza perinatalaren tabua hausteak aukera ematen die familiei oinazean hobeto sentitzeko, gutxiago epaitu eta askeago izateko, hildako seme-alabenganako maitasuna adierazteko.
Zer behar dute ume baten heriotza jasaten duten familiek?
Euren haurtxoen heriotzak eragin dien mina eta maitasuna askatasunez bizi behar dute. Ez zaizkie batere axola iritziak, aholkuak eta eskatu ez dituzten hitzak. Aitzitik, oso lagungarria izango zaie zer behar duten galdetzea.
Nola jokatu behar luke haurtxo bat galdu duen familia baten inguruko jendeak?
Tentuz, errespetu handiz eta, aldi berean, presentziaz. Seme-alaba galdu duen familiaren beharrak entzutea funtsezkoa da, aholku, iritzi eta iradokizunik gabe. Besarkadak eta babesa dira garrantzitsuenak, hitzak soberan daudelako. Ahal den neurrian, etxeko lanetan laguntza eskaintzea lagungarri izan daiteke, erosketak egin, etxea garbitzen lagundu... Mina eta hildako semea-alabarekiko maitasuna aintzat hartzea da kontua, funtsean, maitasuna eskaintzea, maitasun handia.
Familiei laguntzeaz gain, profesionalentzako formakuntzak ere antolatzen dituzu. Zertan datza prestakuntza hori eta zer topa dezakete osasun-langileek?
Helburu nagusia da nirekin prestakuntza egiten duten profesional denek ulertzea nola eragiten dion familia bati bere seme-alabaren heriotzak. Izan ere, nire ustez, profesional batek haurdunaldian edo jaioberritan hil den haurtxo batekin jarraitu beharreko protokoloak ez du garrantzirik, ez badio giza sentsibilitaterik eta babesik eskaintzen familiari.
Horregatik, profesionalen arreta duina aldarrikatzen duzu, erabakigarria delako doluan aurrera egiteko. Nola jasotzen dute formakuntza profesionalek?
Azpimarragarriena da nire ikastaroetara etorri diren profesional gehienak interes profesionalagatik heldu direla, sarri esperientzia pertsonal batek bultzatuta edo inguru hurbilean gaia ezagutu duelako. Ikasturteak aurrera egiten duen heinean, norberak aldaketa bat ere sentitzen du eta pozgarria da aldaketaren ikusle izatea.
Zergatik da beharrezkoa ginekologoak eta emaginak haurdunaldiko eta jaiotza inguruko doluan laguntzeko prestatuta egotea?
Funtsezkoa da osasun profesional guztiek prestakuntza eguneratua jasotzea, heriotza perinatalak eta neonatalak lau haurdunaldietatik bat astintzen duelako. Nahitaezkoa izan beharko luke haurtxo baten heriotza pairatzen duen familiekin lan egiten duten profesional orok doluaz ezagutza minimoa izatea. Formakuntzaren bitartez baino ez da bermatuko artapen duina. Seguru asko, ezin dugu lortu umeen heriotzak saihestea, baina, zalantzarik gabe, haur horiek begiak betiko ixtean jasotzen dugun arreta hobetzeko asko dago egiteko.
Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]
Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]
Galdera potolo horren bueltako gogoeta parte-hartzailea egin dute Antzuolan (Gipuzkoa), eta oraintsu aurkeztu dituzte saio irekietan parte hartu duten herritarren ekarpenak. Helburuak izan dira, batetik, heriotzaren inguruko beldurrak eta ezezagutza gainditu eta gaiaz ahalik eta... [+]
204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa... [+]
Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta,... [+]
Paris, 1845. Frédéric Bastiat (1801-1850) ekonomialari eta politikari lapurtarrak Pétition des fabricants de chandelles (Kandelagileen eskaera) satira idatzi zuen. Protekzionismoaren aurkari sutsua, kandelagileek "bere argia salneurri baxuegitan... [+]
Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.
(Azken aldi luzean ezin naiz gauez atera, eta arratsaldez ere larri, eta asteburuetan ere ez, eta (jarri zaizue jada ihes egiteko gogoa), marianitoak eta bazkari azkar samarrak izaten dira nire enkontruneak. Konpainiak ondoegi aukeratu behar ditut. Ezin ditut poteoak... [+]
Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]
Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.