Zergatik dago hain gizon irakasle gutxi 3-6 urteko umeekin, Haur Hezkuntzan? Zer esanik ez 0-2 urteko umeekin, haur-eskoletan. Genero rolez, zaintzaz, errezeloez eta umeentzako ereduez mintzatzeko bi belaunaldirekin bildu gara: erretiratu zen arte Haur Hezkuntzan irakasle aritu zen Rafa Lizeaga, eta duela bost urtetik haur-eskoletan hezitzaile dabilen Axi Iriarte. "Norbait oso maskulinoa ikusten dugunean, pentsatu dezakegu ez duela zaintzarako grina izanen".
Rafa Lizeaga 1984an hasi zen Haur Hezkuntzan, eta 2015ean erretiratu zen, Donostiako Amara Berri ikastetxean. Axi Iriartek duela hamalau urte egin zituen ikasketak eta bost urtetik hona ordezkapenetan dabil haur-eskola batean eta bestean.
Haur-eskolako edo Haur Hezkuntzako irakasle izateko ikasten dutenen artean, gizonen proportzioa mantendu egin da azken hamar urteetan; oso gizon gutxik aukeratzen du lanbidea. Hainbeste urtetan ez da ezer aldatu arlo honetan?
Axi Iriarte: Pentsa, duela hamalau urte ikasketak egin nituenean, irakasleak esan zigun gizonak izanik erraztasun handiagoak izango genituela, aldaketa zetorrelako haur-eskoletan, baina berdin jarraitzen dugu. Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan feminizatu batzuetan (erizainak, erizain laguntzaileak, geriatrian…) modu naturalean sartu dira gizonak, baina bai gurean, bai jangeletan, ez da ia aldaketarik egon, bietan jardun dut eta ia beti gizonezko bakarra ni izaten naiz. Aldaketa bai sumatu dut besteen jarreran, zaintzaile naizelarik nola hartzen nauten: lehen nireganako mesfidantza handiagoa zuten, batez ere haurren aitona-amonek.
Rafa Lizeaga: Gizartea asko aldatu da hainbat arlotan, baina honetan antzera jarraitzen dugu. Haur Hezkuntzako ikasketetan, hogeita bost ikasletik sei bat gizon izango ginen. Eta ondoren, nire eskolan, Haur Hezkuntzako hogeita hamar irakasleen artean gizon bakarra ni nintzen.
Axi Iriarte: "Zaintza lanak gustuko ditudala jabetzea eta hori onartzea kosta egin zait, nire buruari aitortzea zaintzarako dohaina dudala; gaizki ikusia dagoela dirudi"
Nola eragiten dute, kontziente eta inkontzienteki, genero rolek gure ikasketa profesionalen aukeraketan? Zuek nola bukatu zenuten lan horietan?
Lizeaga: Ni hasi nintzenean, eskola-aurrea deitzen zitzaion Haur Hezkuntzari, eskola ere ez zen, eta escuela maternal ere esaten zioten, ama-eskola, amari lotua; ikasketa horiek aukeratu nituenean “hori emakumeen lana da” entzutea egokitu zitzaidan, behin baino gehiagotan. Lehen Hezkuntzara iritsi aurreko etapari ez zitzaion (eta gaur egun oraindik ere sarri ez zaio) funtzio hezitzailea aitortzen, eta umeak zaintzea emakumeekin lotzen dugu. Nik Elektronika ikasi nuen eta soldadutza egin ondoren Magisteritza hasi nuenean, garbi izan nuen Haur Hezkuntza egin nahi nuela, lehenengo etapa hori zein funtsezkoa den ohartuta.
Iriarte: Nik ez nuen batere argi zer ikasi nahi nuen, lehenengo sukaldaritza egin nuen, gero Haur Hezkuntza, zeladore izateko oposizioak egiten hasi nintzen… Ahalik eta lan aukera gehien izatea nuen helburu, baina urteekin ohartu naiz zaintza lanak gustuko ditudala eta horretaz jabetzea eta hori onartzea kosta egin zait, nire buruari aitortzea zaintzarako dohaina dudala, gizon bezala ez gaituztelako zaintzarako prestatzen, are gehiago, gaizki ikusia zegoela edo dagoela dirudi.
Emakumeek “gizonen profesioak” aukeratzea aurrerapausotzat ikusten da, gizonek “emakumeen profesioak” aukeratzea gutxiesgarritzat? Zuek nola bizi duzue zuen identitate profesionala?
Iriarte: Ziurrenik gutxiesgarri ikusiko du askok, nik aldiz harrotasun handiz bizi dut nire identitate profesionala, beti erakarri naute markatu gabeko bideek, erronkek, eta iruditzen zait biak direla aurrerapauso, gizarte berdintasunaren bidean.
Lizeaga: Prestigioa duten lanbideetara edo lanbide guztietara iritsi ahal izatea emakumeek lortu duten zerbait da, egin duten borrokari esker; aldiz, gizonak joatea gutxi baloratutako profesio batera hutsaren hurrengoa da gizartearen begietara, gizonek beharbada ez dugu oraindik pauso hori eman.
Gizartearentzat, haur txikiekin aritzeak ez du nahikoa meritu eta baliorik?
Iriarte: Hala da, nahiz eta gaur egungo testuinguruan are garrantzitsuagoak garen, gurekin ordu asko igarotzen baitituzte umeek, oso txikitatik. Esango nuke oro har irakaslearen figura prestigioa galtzen joan dela eta piramidean azkenak gu gara: unibertsitateko irakasleak, institutukoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Haur Hezkuntza eta gero haur-eskolak, prestigioan eta soldatetan ordena hori ikusten dut.
Hain justu, zuzendaritzetan eta maila goragoko taldeetan gizon gehiago dago. Prestigio handiagoa, soldata hobeak eta aginte postuak bilatzen dituzte gizonek?
Iriarte: Haur-eskoletan gizon gutxiagok egiten du lan, horretarako ikasten dutenek baino. Ikasten ari direnen artean, gutxienez ikasleetako bat gizona izan ohi da gelako, alegia %4, baina gero %4ak ez du bukatzen haur-eskoletan lan egiten, beste nonbait bukatzen dute. Gipuzkoa guztian ordezkapenak egiten aritu naiz eta haurtzaindegi handietan ordura arte izan duten lehenengo edo bigarren gizona izan naiz, eta haurtzaindegi txikietan, ordura arte izan duten lehenengo gizon hezitzailea. 2023an gaude…
Lizeaga: Haur Hezkuntzan ere, hasi ginen sei gizon ikasleetatik hiru mantendu ginen lan horretan, gainerakoek goragoko mailetara egin zuten. Bigarren Hezkuntza sortu zenean adibidez (1996-97) gizon pila bat pasa zen Lehen Hezkuntzatik Bigarrenera. Zuzendaritza postuetara, goiko mailetara… mugitu ziren gizon asko, baina ez soldatagatik (lanean hasi nintzenean, Haur Hezkuntzakook gehiago kobratzen genuen), rolen kontua ere badago atzean: espezializazioak orduan hasi ziren, eta gizonek soinketa aukeratzen zuten, oso emakume gutxi zegoen soinketa ematen. Edo koordinatzaile bat aukeratu behar eta taldeak segituan ni hautatzen ninduen, eta esaten nien, “hainbeste emakumeren artean, gizon batek izan behar du koordinatzaile?”. Oso jende ona zen, jende prestatua, baina oso sartuta ditugu gauza horiek.
Rafa Lizeaga: "Estereotipo batzuk oso sartuta dauzkate haurrek, kontzeptualki hala ‘ikasia’ dute, baina eskema horietatik ateratzen dena bizi dutenean, natural bizi dute"
Zein ezaugarri eta gaitasun izan behar ditu haur-eskola eta Haur Hezkuntzako irakasleak? Jarrera oso maskulinoak (maskulinitate hegemonikoaren ikuspegitik) ez dira uztargarriak umeen zaintza eta heziketa egokiarekin?
Iriarte: Haur-eskoletan lanean emakume maskulinoagoak eta femeninoagoak dauden moduan, gizonen kasuan ere berdin. Haur txikien hezitzaile gisa, ziurtasuna transmititu behar diezu haurrei, pazientzia, goxotasuna, alaitasuna…. eta zaintzailea eta dibertigarria ere izan behar duzu. Norbait oso maskulinoa ikusten dugunean, pentsatu dezakegu ziurrenik ez duela zaintzarako grina izanen, eta hori ikusten dugu aita bihurtzen diren zenbait gizonen kasuan: beraien rola da mugak jartzea eta haurrarekin aktibitateak egitea, baina solasaldiak, gestio emozionalagoak, denbora asko eskatzen duten gatazkak… amak kudeatzen ditu, eta distantzia hartzen dute gizonek. Nik, nire izaeragatik, erraz eta natural egiten dut lan haur-eskolan, baina hainbat gizoni kosta ahal zaio.
Lizeaga: Zure “gizontasuna” oso markatuta baldin baduzu, agian ez duzu lanbide hau aukeratuko, baina ni oso urruti nago hortik. Beti oso ondo moldatu naiz eta hasieran gurasoen aldetik halako mesfidantza egon badaiteke ere, lankideen partetik tratu ona jaso dut. Umeek erraz jo dute nigana, nolabait gainera berezia zarelako, espezimen arraroa, bakarra! Gizonak bezala, emakumeak ere badira betiko rolak transmititzen dituztenak eta inportanteago iruditzen zait zein balore transmititzen ditugun, ze bizi dugun ikasgelan egunerokoan.
Beharbada orduan ez da maskulinitate kontua, gizonek zaintza lanetatik ihes egiten dutela baizik…
Lizeaga: Hori errealitate bat da, bai.
Iriarte: Uste dut gaur egungo gizartean gizon sentsibleak, goxoak, zaintzaileak… ez daudela gaizki ikusita, baina aldaketak oso poliki datoz, eta erreferentetzat eta modernotzat nituen gizon batzuen kasuan, gero ohartu naiz haien bikotekideekin eta seme-alabekin dituzten roletan gauzak ez direla hainbeste aldatu. Esango nuke zaintza orduak gehiago parekatu direla beharragatik (bi gurasoek lan egiten badute, adibidez), baina inplikazioa ez dela bera eta lehen aipaturiko lanketa emozionala, haurrarekin eduki beharreko solasaldiak eta abar oraindik ere emakumeek egiten dituztela gehienbat.
Axi Iriarte: "Lankideek zer transmititzen duten ere garrantzitsua da. Umea lokartzera baldin banoa eta lankideak esaten badu ‘ez, nik lokartuko dut’, umeari mezu bat helarazten ari zara"
Umeek ezberdin hartzen al dute irakasle gizona? Rolen araberako banaketaren bat egiten al dute?
Lizeaga: Hernaniko Gay-Mur eskolan bi ikasgela batu eta irakasle emakume bat eta biok batera aritzen ginen, eta ez zegoen ezberdintasunik, haurrek batengana edo bestearengana jotzen zutenean. Bikotean arituta, ikasgelan rol ezberdinak hartzen genituen kontzienteki eta elkarrekin hitz eginda, baina ez emakume eta gizon rolak, bestelakoak baizik (batek esaterako haurraren autonomia bultzatzen zuen, besteak haurra laguntzen zuen…).
Iriarte: Haurrak hain txikiak izanik, nireganako hasierako kontaktua kosta egin zaie batzuei, itxuragatik (handia naiz, bizarduna, tatuajeekin… eta agian inguruan ez dute halakorik), baina zure energia segituan antzematen dute eta ordu erdira jada gustura daude nirekin. Oso txikiak dira eta umeak oraindik ez daude kutsatuta.
Lizeaga: Are, ez dira kutsatzen, errealitate hori bizi egiten dutenean. Zeren kontzeptua izan badute, adibidez belarritakoak jartzea nesken kontua dela esaten zuten, eta nik esaten nien, “ba nik belarritakoak ditut, ni zer naiz orduan?”; edo irakasle izateko emakume izan behar zela esaten zuten, nahiz eta ni ezagutzen ninduten. Eskema eta estereotipo batzuk oso sartuta dauzkate, kontzeptualki hala “ikasia” dute, baina eskema horietatik ateratzen dena bizi dutenean, natural bizi dute.
Eredu zarete ikasleentzat. Umeen artean genero rol estereotipo batzuei aurre egiteko nahikoa da gizon bat irakasle jartzea, ala gizon horrek zein balio dituen eta hezkidetza nola ulertzen duen ere inportantea da?
Iriarte: Imajinatzen dut gizon izate hutsagatik figura ezberdina banaizela haientzat, eta eredu gara, bai, bat gehiago, gainera ohituta daudenarekiko ezberdina, eta hori ona da. Nik eredu goxoa, alaia, zaintzailea, ziurra eta dibertigarria izan nahi dut haientzat. Eta erakutsi nahi diet emakume nahiz gizon gauza berdinak egiten ditugula eta modu goxoan eta taldean natural jardun dezakegula, ez diola axola haurra lokartzeko une horretan ni nagoen ala lankidea dagoen.
Lizeaga: Gizon edo emakume izatea baino inportanteagoa da zer transmititzen dugun, zein balore, gauza asko transmititzen dugulako denok, kontziente eta inkontzienteki, eta hori da haurrek jasotzen dutena. 4-5 urte dituztenerako, estereotipo pila bat azaltzen da egunerokoan, arrosa nesken kolorea dela eta beste makina bat adibide, oso txertatuta daudenak, etengabeko lana da hori guztia auzitan jartzea haurrekin, bai gizonen aldetik eta baita emakumeen aldetik ere.
Iriarte: Lankideek inkontzienteki zer transmititzen duten ere garrantzitsua baita. Umea lokartzera baldin banoa eta lankideak esaten badu “ez, nik lokartuko dut”, umeari mezu bat helarazten ari zara. Oreretako haur-eskolan aritu nintzenean, nire lehenengo egunean haurrak lokartzen utzi zidaten eta nire ziurgabetasunak azaleratu ziren (fardelak aldatzeak eta lokartzeak segurtasun handia eskatzen baitio umeari heldu horrekiko), baina umeek primeran egin zuten lo eta esperientzia horrek erakutsi zidan haurrei ematen dizkiegun mezuen garrantzia: umeen erreferenteak konfiantza badu zugan, umeek ere izango dute konfiantza zugan.
Rafa Lizeaga: "Gizon bat ume txikiekin lanean ikustea susmagarria zaio jendeari. ‘Emakumeen lana izanik, zer egiten du gizon batek hemen?’, esaten du gure inkontzienteak"
Finlandian eta Norvegian neurriak hartu dituzte, Haur Hezkuntzan gizonezko irakasle gehiago aritu daitezen, irakasle talde mistoak osatzea onuragarri dela sinetsita.
Iriarte: Aspalditik daramat hori esaten, eta hemen ere hori egin daiteke progresiboki eta poliki-poliki, instituzioek lagundu beharko lukete parekidetasun horretaranzko bidea egiten, batez ere haur-eskoletan, baina zaila zait irudikatzea nola egin: oposizioetara 100 pertsona aurkezten bagara eta horietatik 98 emakumeak badira, logikoena da haiek izatea aukera gehien. Gustatuko litzaidake jakitea zehazki nola egin duten bide hori Finlandian eta Norvegian, ahalik eta modurik justuenean.
Lizeaga: Nik uste oso inportantea eta aberasgarria litzatekeela talde mistoagoak izatea 0-6 adinekoen hezitzaileena. Anormala da haur-eskoletan eta Haur Hezkuntzan gizonen presentzia hain urria izatea. Eta generotik harago, arrazari, aniztasun funtzionalari eta abarri lotuta, irakasleen artean aniztasuna egotea aberasgarria da. Gizartean zorionez ikusgarri bihurtzen ari diren errealitate horiek guztiek presentzia izan behar lukete gelan, egunerokoan gizarte oso anitzarekin egiten dugulako topo.
Irakurri ditudan ikerketen arabera, Haur Hezkuntzan ez hainbeste, baina haur-eskoletan familiek mesfidantza eta errezelo gehiago dute euren umearen hezitzailea gizonezkoa bada, nahiago dituzte zaintzaile emakumezkoak.
Lizeaga: Egokitu zait arraro hartzea, mesfidantzaz, baina erretiratzera nindoalarik, 3 urteko gelan nengoela ama batek esan zidan: “Hasieran sekulako beldurra eman zidan gelan gizonezko bat ikusteak, baina orain zer nolako pena ematen didan zu joateak”. Azken finean, deigarria da gizon bat ume txikiekin lanean ikustea, susmagarria zaio jendeari, pedofiloa izango ote den… “Emakumeen lana izanik, zer egiten du gizon batek hemen?”, esaten du gure inkontzienteak. Ingalaterran adibidez, urte luzez debekatuta egon zen gizonezkoak Haur Hezkuntzan irakasle aritzea.
Iriarte: Haur-eskoletan ere errezeloa ohikoa da, duela hamabost urte are gehiago, ezjakintasuna eta gure beldurrak nahasten direlako. Ospitalean zeladore nabil eta han ere ikusten dut, baina alderantziz: lehen zeladoreak ia beti gizonezkoak ziren, lan oso fisikoa delako, baina urteotan lana mekanizatzen, modernizatzen eta langileen proportzioa aldatzen joan da, eta hala ere, emakume bat doanean pazientea mugitzera edo posturaz aldatzera, askok mesfidantzaz hartzen dute emakume zeladorea. Esperientzia positiboek eta denborak konpontzen dituzte halakoak, eta horretarako gizon gehiago behar ditugu haur txikien hezitzaile.
Zein erronka ikusten dituzue haur-eskoletan eta Haur Hezkuntzan?
Iriarte: Nagusiki hiru. Batetik, gure lana gehiago baloratzea (eta aitortzea ez dela zaintza hutsa, pedagogiatik eta bidelaguntzatik ere baduela); bestetik, betiko borroka, ikasgelako ratioak mantentzea edo txikitzea, zaintza pertsonalizatuagoa eman ahal izateko; eta azkenik, aurreko bien ondorioz, haur bakoitzaren izaera eta berezitasunak errespetatuz hezi ahal izatea, eta ez automatikoki, fabrikako piezak bailiran.
Lizeaga: Haur Hezkuntzan ere, antzera: etapa hezitzailea dela baloratzea eta benetan sinestea hala dela; ratioak txikitzea (bikote pedagogikoarena adibidez, bi hezitzaile gela berean aritu ahal izatea, oso esperientzia aberasgarria da); formazioan sakontzea; eta elkarrizketa honetan aldarrikatu dugun moduan, gizonen errepresentazioa handitzea, irakasleen artean.
Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.
Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]
EHUko errektoretzarako hauteskundeak irabazi ditu Bengoetxearen hautagaitzak, botoen %63,6 lortuta. Beste taldeak berriz, Eva Ferreirarenak, botoen %36,3 jaso du. Parte hartzea %21,9koa izan da eta gora egin du aurreko hauteaskundeekin alderatuta
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]
Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]
Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]