Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.
Euskal amerikarra, esan ohi denez. XX. mendeko haspenetan joan zitzaizkion arbasoak AEBetako mendebaldera, eta haien oinorde da. 1977an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, Oñatira, euskara ikastera, eta harrezkero hemen da, joan-etorrian. Irakasle izana da, baina baita abokatu ere. Justu, udan Eara etorri eta egonaldi luzeak egin ahal izateko utzi zion lege-lanari. AEBetako euskal klubak biltzen dituen NABO erakundeko buru izendatu zuten 1990ean. Basque da han, euskalduna hemen: euskaldun izan ahal izateko ikasi zuen euskaraz.
[Eako kalean egin dugu hitzordua Steve Mendiberekin, baina zuzenean hartu, eta eraman gaitu etxera. Badu erakutsi nahi digunik: dokumentu bat, markoan sartua. 1915ekoa da, Steve Mendiveren aitaitari AEBetara joateko baimena ematen dion agiria. Eta hasi da kontari.]
Agiri honek baimena eman zion gure amaren aitari, Kandido Aroztegi Iturberi, Winnemuccara (Nevadara) joateko, artzain, bere anaia zaharragoa zen Estebanekin batera lan egiteko han. 1915ean joan zen Kandido, hamabost urte zituela, eta betiko! Inoiz ez zen itzuli, bizian ez zituen gurasoak, Frantzisko eta Feliziana, berriz ikusi. Gaitz erdi, anaiak han zituen! Hiru anaia izan ziren AEBetan: Pedro, Esteban eta Kandido. Pedro izan zen hara joaten lehena. Arrantxo batera joan zen, Kaliforniara, artzain. Gero, bigarren, Esteban joan zen. Hirugarren, gure amaren aita, Kandido. Baina Kandido hara joan zeneko, Pedro hila zen. 1910eko otsailean, McDermit-en (Nevada) arrantxo batetik bestera zihoala, bi zaldi eta txakurrarekin, elur ekaitzak harrapatu zuen mendian. Zaldi batek arrantxoraino joaten asmatu zuen; txakurrak ere bai; Pedrok ez: bertan izoztuta hil zen, hemeretzi urte zituela.
[Hori esanik, familiaren argazki zaharra erakutsi digu.]
Joakin –Eako barberoa zena–, Julio –hau Kubara joan zen–, Antonio, Esteban, Bizenta…
Emakume bakarra, zuen izeko Bizenta. Hura ere AEBetara joan zen?
Bai. Eatik Bilbora egin, eta aberats batzuen etxean lan egin zuen urte batean-edo. Gero, Kaliforniara joan zen, eta hantxe ezkondu, Ajangizko batekin. Haurdun gelditzean, gizonak hanka egin zion, izeko Bizenta bizialargun utzirik. Harrezkero, berak bakarrik hazi behar izan zuen seme hura, Sacramenton. Ostatu txiki bat izan zuen, kapitolio inguruan. Jaten ematen zuen, oso goxo ere, eta ospea irabazi zuen. Inork baino lehen izan omen zuen argindarra etxean! Ostatuak ez zuen izenik ere, gauza txiki bat zen-eta: logela pare bat-edo izango zituen, ezagunentzat. Gogoan dut izekok esaten zuela, besteak beste, Elizaga izeneko bat joaten zitzaiola. Lotarako ez zuen jende askorik hartzen, baina, jateko, berriz, hogei pertsona ere bai! Bazkalondoan, berriz, whiski tragoxka eskaintzen omen zien. Izekok berak kontatzen zuen.
Zuen etxeko migrazio historia 1915ean hasi zen, beraz.
Amaren partetik, bai. Aitaren partetik, besterik ere bada, baina ez daukat urteen edo garaiaren berri. Aitaren aldetik Eako Karmelo Landa Mendibe idazlearen senide gara, lehengusu txikiak. Gure aita zen Prudentzio Mendibe Ibarluzea, eta, ama, berriz, Maria Luisa Aroztegi Muller! Amaren ama alemana izan zen, baina txipiroiak tintan gure amak egiten zituen! Horretarako, euskalduna izan behar! Hortaz, nik esaten dut erdi euskalduna naizela, baina nire itxura osorik da euskalduna. Eta hantxe bizi naiz, Idahoko South Villagen.
"Oñatitik Boisera hegazkina izan banu, bueltan, hartuko nukeen! Hemeretzi urte nik, eta ez nekien euskaraz ez erdaraz"
Eako ikurrin kasik bakarra zeure etxekoa duzu.
Batzokiak ere hantxe du ageri! Udan etortzen naizenean, zintzilikatu egiten dut. Joaterakoan, kendu. Eta ikurrina jartzen ez badut, haserretu egiten zaizkit herrikoak! Ohituta daude horretara: hemen nagoenean, ikurrina ipini behar dut. 23 urte daramatzat udan Eara etortzen, Dorre Bikiak bota zituzten urtean erosi nuen etxea, eta, etortzen naiz, ipintzen dut ikurrina, eta jendeak badaki hemen nagoela. Aurten, etorri, eta ikurrina zintzilikatzea ahaztu nuen. Handik egun batzuetara, jendeak ni kalean ikusi eta: “Eta ikurrina zer? Ez duzu ipini!”. Horrela jakiten dute Eakoek –eta Ibarrangeluko senideek!–, hemen naizela.
Hogeitaka urte daramatzazu, beraz, Euskal Herrira etortzen…
Ez, gehiago! Lehenengo aldiz, 1977an etorri nintzen, baina ez Eara, Oñatira baizik. Boisen bazen Pat Bieter, oraingo alkatearen aita, oso euskaldunon zalea, eta euskarazko ikastaroa antolatu zuen Oñatin, Idahoko Estatu Unibertsitatearen bidez, eta halaxe etorri nintzen lehenengo aldiz Euskal Herrira. Hemeretzi urte nituen. AEBetako hainbat euskaldun etorri ginen, ez genekien euskaraz, baina ikasi nahi genuen.
Ordurako bazenuen euskararen berri batere?
Bai. Ni ez naiz Boisekoa (Idaho). Kalifornian jaio nintzen, Marysville herrian, Sacramento ondoan. Aitak eta aitaitak, amaren aldetik ari naiz, euskaraz egiten zioten batak besteari. Nik orduan kasurik ez nien egiten, jaramonik ez. Amama Bolibarkoa nuen, baina hura ere han bizi zen, Elkon (Nevada). Eta hil zenean-edo, Elko aldera joan zen gure familia, eta nik han euskaraz baizik ez nuen entzuten! Elkora joan eta hiru urtera, berriz, aita hil zitzaigun, eta akabo euskara nire inguruan, gure amak ez zekien-eta: esan dut, ama alemana nuen, Muller. Eta, horrela, buruan sartu zitzaidan euskaraz ikasi behar nuela. Eta Pat Bieterrek Oñatin ikastaro hura antolatu zuela jakin nuenean, etorri nintzen. Gogorra izan zen!
Gogorra?
Bai. Oñatitik Boisera hegazkina izan banu, bueltan, hartuko nukeen! Hemeretzi urte nik, eta ez nekien euskaraz ez erdaraz. Oraindik ere ez dakit erdaraz ondo. Nola edo hala moldatzen naiz, baina besterik ez. Euskaraz, berriz, gero eta hobeto-edo: iaz, Zornotzako barnetegian egon nintzen udako garaian, eta ia B2 titulua ere lortu nuen! Baina idazmen ariketa zaila da, horko ortografia-eta! Ni euskara batuaren aurrekoa naiz kasik!
Buruan sartu zitzaizun euskaraz ikasi behar zenuela…
Bai, eta ez dakit zergatik ere, baina horixe erabaki nuen. Anaia, esate baterako, oso euskalduna da, baina “bertako euskalduna”, hangoa: Nevadakoa, Idahokoa, Kaliforniakoa… Asko daki hango artzainen historiaz eta biziaz. Nik gutxiago dakit horretaz, baina euskaraz ikasi dut, eta gero eta gehiago ikasi nahi dut. Egunero irakurtzen dut euskaraz.
Eta Oñatiko ikastaro hura eta gero?
Esate baterako, Iruñeko sanferminak! Han nintzen 1978an, Germán [Rodríguez] hil zutenean. Autoak sutan, eta nik: “Jai ederrak, gero!”. Artean ez nekien Germán hil zutela. 1985ean, berriz, letratu nintzen garaian, oporretan hona etorri, eta Markinan nengoen, baserri batean. Goizeko ordu bietan, guardia zibilak etorri, eta paretaren kontra jarri ninduten. Guardia zibiletako batek ingeles perfektua hitz egiten zuen: bereziki ni galdekatzera etorri zen! Lau, sei ordu egon ziren guardia zibilak baserrian. Monbar Hoteleko [1985, irailak 25, GALek lau euskal errefuxiatu hil zituen] atentatuaren garaia zen, eta guardia zibilek hainbat miaketa egin zituzten han eta hemen.
"Goizeko ordu bietan, guardia zibilak etorri, eta paretaren kontra jarri ninduten. Guardia zibiletako batek ingeles perfektua hitz egiten zuen: bereziki ni galdekatzera etorri zen! Lau, sei ordu egon ziren guardia zibilak baserrian"
Guardia zibiletako bat bereziki zu galdekatzera joan zen?
Bai, halaxe izan zen. Shoshoneko fiskal izan nintzen garaian, gustura deituko nukeen guardia zibil hura nire aurrera: hango [Idaho] Poliziak guardia zibil horrek niri egindakoa egitea nahiko nukeen! Gogoan grabatuta daukat guardia zibil haren irudia: haren ingeles perfektu hura, garbia, batere azenturik gabekoa. AEBetara itzuli eta, haserre, hemengo egoera salatu nuen Idaho Statesmen egunkarian.
Letratu ere izan zinen Idahon?
Bai. Irakasle ikasketak egin nituen lehenengo, eta Zuzenbidea ikasi nuen gero. Irakasle lan egina naiz, eta, sasoi batean, baita [Idahoko] estatuaren abokatu izana ere; gero, barrutiko letratu izan nintzen, eta, hurrena, fiskal… Adibidez, Shoshoneko (Idaho) fiskal izan nintzen garaian, euskalduna nuen idazkaria, Sandy Berriotxoa. Elorriokoa zuen aitaita, santuaren leinukoa. Baina fiskal lan hura ez zitzaidan gustatu, eta hona etorri nintzen.
Euskal Herrira?
Bai, Loiuko Lauro ikastolan ingelesa irakastera. Urte bat….Eta nire ikasle izandakoak han edo hemen, Ean-edo, Lekeition-edo, kalean topatzea gertatu zait. Jakina, 50 urteko jendea da, baina oraindik ezagutzen naute, eta nitaz oroitzapen ona dutela esaten didate… Ikastolako urte hura egin, eta Boisera itzuli nintzen. [Idahoko] Estatuaren abokatu izan nintzen zortzi urtez, baina konturatu nintzen denbora falta zitzaidala! Denbora, zertarako? Euskal Herrira etortzeko! Eta eskolara itzuli nintzen, oporretan hona etorri ahal izateko. 1994az gero hemen naiz urtero, udaro. Jubilatuz gero, berriz, hemen pasatzen ditut udako hilabete denak. Lehenago, abokatu lana egiten nuenean, adibidez, ezin nuen hilabete baino gehiago gelditu hemen.
AEBetako euskal klubak biltzen dituen NABO erakundeko buru zinen 1990ean…
Bai, 1992an utzi nion hango kluben presidente izateari. 31 urte nituen buru izendatu nituenean, gazte! Hiru urte egin nituen karguan. Bateko nafarrak, besteko baxenafarrak, bizkaitarrak… beti zen zer edo zer, baina orain ondo konpontzen gara denok. Gainera, han ere euskaldunak nahastu egin dira elkarren artean, Elkon batez ere: hantxe nahastu dira euskaldunak gehien. NABO eratu baino lehen ere, Elkon egiten zen euskal jai nagusia. Bertara jotzen zuten, Kaliforniatik joanda, San Frantziskoko euskaldunek, bere klika eta guzti. Badakizu, fanfarrea. Eta Idahotik, berriz, Oinkari dantza taldea. Elkon hasi ginen euskaldun batzuk eta besteak elkar ezagutzen.
Eusten diozue euskaltasunari?
Bai! Euskaldunak gara, eta harro gaude. Baina badira gorabeherak, ez da lehen bezala: hizkuntza galdu egin da. Baita hemen ere! Hona etortzen naizenean, euskaraz egiten dut beti, edonorekin. Hemengoek, berriz, zuek, euskaraz badakizue, eta ez duzue hitz egiten. Oraindik orain Helenaren [Barrenetxea] elkarrizketa irakurri dut ARGIAn [2837. zbkia], esanez Durangon ez dutela euskaraz hitz egiten. Nola liteke? Nik alderantziz: hona etortzen naizenean topera egiten dut euskaraz, edonorekin. Han [AEBak] askok ez dakite euskaraz, ez dira euskaldunak, dira basque.
Basque?
Bai. Niretzat, euskalduna da euskaraz dakiena, euskaraz hitz egiten duena. Nire anaiak ez daki euskaraz: ez da euskalduna, da basque. Beharbada eztabaida gogorra izango dut pertsona batzuekin, baina horrela sentitzen dut nik: horregatik ikasi nuen euskaraz, euskalduna izateko. C1 titulua ateratzea ere pentsatu nuen, baina zaharregia naiz azterketa lan horietan hasteko. Orain nahikoa dut Boiseko museora joanda.
Boiseko museora?
Bai, hango euskal museoak antolatzen dituen euskara eskoletara. Ez dut ordenagailuz online ikasten ibili nahi. Pantaila ez zait gustatzen. Boiseko museoko goi mailan ari naiz, gorenekoan, zortzi ikasle gara, eta gehienak ez dira euskaldunak, baina ikaragarri dakite euskaraz! Ez direla euskaldunak esan dut, baina ez da horrela, ez dira basque, baina euskaldunak bai! Esaten dizut, nik horrela ikusten dut gauza. Baina neu ere, zer naiz, zuen iritzian? Amerikarra? Euskalduna? Basque? Hango eta hemengo agiriak ditut: ni naiz amerikarra eta euskal herritarra, baina, bihotzez, euskalduna. Bakoitzak erabakitzen du hori…
Hemen zinen 1977an, hemen zaitugu 1994az gero urtero… Zer diozu Euskal Herriaz?
Lehenbiziko aldiz etorri nintzenean hemeretzi urte nituen, euskara ikasi eta parranda egin nuen: antzara festa Lekeition, Donostiako jaiak, bateko eta besteko inauteriak… Arrotza zitzaidan dena! Gure aitaita Kandidori Nevada egin zitzaion bezain arrotza iruditu zitzaidan niri Euskal Herria orduan. Baina orain ez, orain nire herria da hau [Ea], nire herria da Euskal Herria. Ean eta Boisen nago erroldatuta, bi nazionalitateak dauzkat, eta, aurten, hemen nengoenez, bozka ere eman dut, lehenengo aldiz, ze orain arte [Espainiako] hauteskunderik ez zait gertatu ni hemen egon izan naizen garaian. Argazki bat ere egin zidan lehengusinak aurten, bozkatzen ari nintzela. Hilabeteak pasatu dira, eta oraindik ez dute presidentea aukeratu!
"Estatuaren abokatua nintzenean, Idahon, miliziak ikaragarrizko jende pila zuen. Mehatxuak ere jaso nituen, eta mendira joan eta pistola hartu eta tiro-praktikak egin nituen. Eta inor etxera sartu izan balitzait, tiro egingo niokeen"
Horren berri ere baduzu, beraz.
Nazioarteko Politika ere ikasi nuen. Eta kontuz Espainiako eskuinarekin: PP eta Voxekin. Europa osoan ari da eskuina indartzen. Eta AEBetan ere, kontuz. Estatuaren abokatua nintzenean, Idahon, miliziak ikaragarrizko jende pila zuen. Mehatxuak ere jaso nituen, eta mendira joan eta pistola hartu eta tiro-praktikak egin nituen. Eta inor etxera sartu izan balitzait, tiro egingo niokeen. Gure ama zena, orain bi urte hila, Goodingen (Idaho) bizi zen. Autoa hartu eta Boisera etortzen zen, gidariaren aulki azpian pistola txikitxo bat zuela. 85 urterekin!
Amerikako Estatu Batuetako arma kultura… AEBek gobernatzen dute mundua?
Ez. Hori ez da egia. Mundua ez dute AEBek gobernatzen: diruak gobernatzen du. Hortxe daude Arabia, Txina… Nik esango nuke ehun bat lagunek gobernatzen dutela mundua, aberats-aberatsak dira, eta denak ez dira AEBetakoak. Eta, seguru baino seguruago, ni ez naiz horietako bat. Kar, kar… Baliteke Bigarren Mundu Gerra amaitu, eta ondoko urteetan AEBak izatea munduko nagusi, baina gaur egun, ez. Eta, hala ere, toki guztietan zakurrak ortozik, AEBetan eta Euskal Herrian: mundu bat baino gehiago ikusiko dituzu leku guztietan.
Bazoaz atzera Boisera… datorren urte arte, ezta?
Bai! Hau nire etxea da, pozik naiz hemen, lehengusu-lehengusinekin, eta Markinako eta Oñatiko lagunekin, eta Eako jendearekin. Pozik. Pozik etortzen naiz, baina joan ere pozik joaten naiz Boisera, badakit-eta nahi dudanean etorri naitekeela, Ean etxea daukat-eta. Lehen, etxerik ez neukanean, oso triste joaten nintzen, ez nekien-eta noiz itzuliko nintzen. Orain ez, orain nire lur zatia daukat hemen, Boisekoa naiz, baina hemengoa ere bai.
* * *
Belaunaldi zaharra
“Boisen, batzuentzat dantza da gakoa; beste batzuentzat, kantua, edo abesbatza; beste batzuentzat, musean jokatzea jakitea, edo pilotan jokatzea. Niretzat, euskaraz egitea. Orain nire adineko euskaldun askorik ez dago Boisen. Zoritxarrez. Gehienak, euskaldun berriak dira. Euskaldun zaharrak, hemendik hara joandakoak, hiltzen ari dira, gero eta gutxiago dira: azken belaunaldia da”.
Euskaldunak AEBetan
“Beti izango dira euskaldunak AEBetan. Baina nolakoak izango diren, inork ez daki. Hangoak hango, hemengoak hemengo: noiz arte izango dira hemen euskaldunak? Kanpoko jende asko dator hona, eta ikasten duten lehen hizkuntza erdara da. Askok ez dute euskara ikasten. Eta bertakoek, berriz, ez dute hitz egiten. Esaera hori, ezta? ‘Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik’”.
Digitalitatea
“Elkar ezagutzeko benetako bidea aurrez aurrekoa da, zu eta biok oraintxe egiten ari garena, harreman zuzena. Gizakiak gara! Harreman digitalak, birtualak… gezur hutsa da. Horretan nago ni, baina ni zaharra naiz. Baliteke hurrengo pausoa horixe izatea, digitalitatea. Eta zer izango da euskaldun izatea Interneten, eta adimen artifizialaren garaian? Zer izango da euskaldun izatea, edo txinatar edo europar? Inork ez daki. Baina niri hori… ez zait tokatuko”.
AZKEN HITZA
1949ko argazkia
“1949n egina da argazkia Sacramenton (Kalifornia). Hortxe dira anaia denak: Esteban, Antonio, Alejandro, Julio, Joakin eta gure aita Kandido. Izeko Bizentaren etxean egina da argazkia, baina izeko bera falta da! Aurten eman dit argazkia Aldeko baserriko lehengusuak: José Luis Bilbao Iturbe du izena, eta 89 urte ditu”
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]
Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]
Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.
Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]
Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]
San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]
Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]
Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.
Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]