Nazio inperialistetan familia jakin batzuk izugarri aberastu eta elite ekonomiko berriak sortu zituen munduko sistema kolonial eta esklabistak. Aldi berean, kontinente oso bateko biztanleria erdira murriztu zuen: Afrika. Mundua errotik aldarazi zuen, eta egun ere indarrean dagoen arraza-ordenaren arabera eratu: lehen eta hirugarren munduko pertsonak. 500 urte geroago, prozesu historiko luze horrek oroimenik eza du aliatu nagusi. Horri heldu nahi dio Del olvido a la memoria. La esclavitud en la España Contemporánea (Ahanzturatik memoriara. Esklabotza Espainia Garaikidean) liburuak. Pompeu Fabra unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak 2022an argitaratutako lana aitzakiatzat hartu dugu Katalunian eta Euskal Herrian oso presente dagoen ondare esklabista deseroso horri buruz hitz egiteko.
Argitaratu duzun azken artikuluan Miguel Primo de Riveraz hitz egiten duzu. Falangearen sortzailearen aitak esklabotzarekin zuen harremanaz, estatu-kolpea eman zuenetik 100 urte bete direnean, hain zuzen.
Kasualitatea da, oraintsu aurkitu baitut. Baina garrantzitsuena, horrelako kasu puntualetatik haratago, zera da: egungo Espainiako eliteen zati handi batek esklabotza kolonialarekin lotura zuzena du. Esklabo jabeak ala trafikatzaileak izan ziren haien arbasoak. Hori ez da kasualitatea. Mundu esklabista hori oso lagungarria izan zen familia askorentzat gizartean gora egiteko, eta familia horietako batzuk oraindik oso aberatsak dira edota botere guneetan daude.
Inork ez du bere arbasoek egindakoaren ardura, baina ulertu behar da, neurri batean, gure arbasoek egindakoagatik gaudela gauden tokian eta egoeran.
Alegia, gu geu gara, gehi dakargun motxila.
Horixe. Azpimarratzekoa da Espainiako burgesiaren eta elite politiko eta militarraren eraketa lotuta dagoela iragan kolonial eta esklabista horrekin.
Laster urriaren 12a helduko da, beste nazio batzuen azpiratzean oinarritutako espainiar festa nazionala, eta, beraz, 350 urte baino gehiago iraun duen sistema esklabista globalaren hasieran du jatorria.
Ez dago inperiorik esklaborik gabe. Esklabotzari buruzko memoriarik eta memoria-politikarik ez da, eta kolonialismoari dagokionez beste hainbeste. Ez da Espainiako kasua bakarrik, baina oso espainiarra da gaia.
Azken urteotan María Elvira Roca Barearen Imperiofobia gisako liburuak argitaratu dira. Egilea ez da historialaria lanbidez, baina Espainiako "iragan loriatsu" inperiala aldarrikatzen du. Salmenta arrakastatsua izan da, oihartzun handia izan du komunikabideetan eta erakunde publikoetan, bere argudioei bozgorailua eskaini diete. Helburu politiko argia du: akritikoki nekez onar daitekeen iragan koloniala legitimatzea. Eta horren ondorioz, adibidez, Nacho Cano musikariak esan berri du Colón Ameriketara heldu zelako, Hitlerrek ez zuela Bigarren Mundu Gerra irabazi.
Bestalde, beste autore batzuek, Edgar Straehle edo José Luis Villacañasen Imperiofilia liburua kasu, zalantzan jarri dituzte "espainiar kolonialismoa ez zela hain txarra izan" esateko egile horrek erabiltzen dituen argudioak eta gertaerak.
Beste herrialde inperialista batzuekin alderatuta, Espainia bereizten duena da esklabismoari eta kolonialismoari buruzko memoria publiko eta kolektiborik eza.
Hori horrela da. UNESCOk esklabo-trafikoaren eta esklabotzaren biktimak gogoratzeko lehen eguna ezarri zuen 1997an. Nazio Batuen Batzar Nagusiak ere ezarri zuen 2006an. Bada, egun horiek ez dira inoiz Espainian ospatu. Beste herrialde batzuetan autore askok kritikatzen du oroimen egun horien izaera, baina Espainiako Estatuan hori ere ezin da egin, ez baitute ezer egiten, Portugalen bezalaxe.
Namibiako herri hereroaren genozidioa aitortu du Alemaniak, Mendebaldeko Europako museo batzuk Beningo brontze ospetsuak itzultzen ari dira, Herbehereetako erregeak berak barkamena eskatu du... elementu sinboliko hutsak dira, baina hemen ez da horrelakorik.
AEBetan unibertsitateek ikasketak finantzatu dituzte unibertsitateek beraiek sistema esklabistan izan duten inplikazioa ezagutzeko. Kasu batzuetan ondorioztatu dute, baietz, parte izan zirela eta horrek eragin du esklabo bihurtutako pertsonen ondorengoentzat beka-programak sortzea.
Azken urteotan, aldiz, gaiari buruzko lanak ugariagoak dira.
Esklaboen trafikoan eta ekonomia esklabistetan Espainiak izan duen parte-hartzearen ezagutza handitu egin da historialarien lanari esker. Dibulgazio-aldizkarien eta prentsaren bidez, oro har, gaiak herritarrengana heldu dira, eta orain duela 10 edo 15 urte baino sentsibilitate handiagoa dago, sektore batzuetan behintzat.
Baina, aldiz, erakunde publikoak dira uzkurrenak, udaletan, autonomia-erkidegoetan, zein estatu mailan. Ez dira gai izan memoria-politiken beharrari heltzeko.
Euskal Herria eta Katalunia. Gai honetan, salbuespena al gara zerbaitetan?
Katalunian ekintza txiki batzuk egin dira, baina oso lotsatiak.
Euskal Herrian, abiapuntua okerragoa da. Oscar Álvarez Gilak liburuan dioen bezala, abiapuntua da Euskal Herrian ez dela inoiz esklabotzarik egon, eta, beraz, euskaldunek ez zutela inoiz inor esklabo bihurtu. Errealitatea da, ordea, euskaldunak, hala nola katalanak, andaluziarrak, kantabriarrak... Espainiako monarkiaren menpeko herri oro esklaboen trafikoan eta esklabotza kolonialean inplikatuta egon zela maila batean ala bestean. Eta bai, Euskal Herria ere nabarmentzen da esklabotzari buruzko memoria-politika ezagatik. Areago, berriki Elkanoren mendeurrena izan da, eta Gaztelaren hedapen inperialerako lan egin zuen pertsonaia hori erreibindikatu dute
"Ezin da Euskal Herria edo Katalunia ulertu haien iragan kolonial eta esklabistarik gabe"
Badirudi pertsonaia horien “alde atsegina” nabarmentzea gustatzen zaigula: eskolak edo egoitzak sortzeko herrian utzi zuten dirua, edo baten gaitasun teknikoa (estratega, nabigatzailea...), edo bestearen "espiritu ekintzailea", ala besterik gabe, "indiano" gisa agertzen zaizkigu. Historia baino gehiago, sustapena dirudi.
Begira, Katalunian Indianoen Azokak daude. Eta sintomatikoa da horietako gehienak udaletako turismo sailetik bideratzen direla, eta ez kulturatik, adibidez. Ikuspegia begi-bistakoa da. Asteburu batez hurbileko turismoa erakartzeko aitzakia dira. Eta horietan gutxien axola duena ezagutza bera da.
Oro har, pertsonaia horietako askok lan filantropikoak, ongintzakoak egin zituzten. Historiaren zati hori, jakina, aztertu eta ezagutu egin behar da, eragina izan zuelako. Baina “beste aldea” ezkutatu edo gutxietsi egiten da. Horregatik da liburuaren izenburua "Ahanzturatik memoriara", kasu batzuetan kontzienteki ahazten delako eta beste batzuetan, ez dutelako azaldu nahi gertatutakoa eta, beraz, ez da jendearengana iristen.
Zuk, bereziki, esklabista katalanak landu dituzu, baina euskal pertsonaiak ere izan dituzu aztergai, Lekeitioko goytisolotarrak kasu.
Esklabo trafikoan euskaldun askok hartu zuen parte, gehiengoak Amerikatik egin zuen. Mendexan jaiotako Pedro Nicolas Txopitea modukoak. Bera izan zen esklabista eta esklabo trafikatzailerik handiena Txileko Santiagon. Eta begira, bere alaba Dorotea de Chopiteak "emakume beneragarri" gisa izendatzeko beatifikazio prozesua irekia du Vatikanoan, zer eta aitarengandik jaso zuen diru asko ongintza-lanetan inbertitu zuelako. Kubatik Afrikara merkatari espainiar batek zuzenean eraman zuen lehen ontzia Sebastian de Lasa izeneko gipuzkoarrarena izan zen, 1792an. XVIII. mendeko trafikatzaile handi bat Mutrikuko Irarragorri izan zen. Donostiako Patricio Satrustegi Kuban aberastu zen, Comillaseko Markes negreroaren bazkide zela. Jakina, Julian Zulueta ezin aipatu gabe utzi... Zerrenda luzea da.
Antonio López Comillaseko Markesa aipatu duzula, bere omenez Bartzelonan zuen estatua eraitsi zuten 2018ko martxoan. Esklabotzarekin harremana izateagatik, kasu bakarra Espainiako Estatu osoan. Zuk pertsonaiaz egin zenuen ikerketak eragina izango zuen…
1936ko abuztuan anarkistek lehen aldiz bota zuten. Herritarren artean beti izan da ezkutuko memoria bat haren gainean, enparantza horri negrero plaza deitzen zitzaion, adibidez. Nolanahi ere, Antonio Lópezi buruz egin nuen lanak horixe berretsi baino ez zuen egin: ez zela asmakuntza edo mito bat, baizik eta pertsona hori benetan esklabo trafikoan aritu zela.
Estatua zegoen plazak Idrissa Diallo du izena egun, gazte ginear baten omenez. Hona migratu eta Poliziak atxilotu ondoren, CIE batean hil zena. "Itxi ditzagun CIEak" kanpainako jendearen lanari esker lortu zen izen hori jartzea.
Dena den, Bartzelonako Udala ausarta izan zen ekintza horretan, baina, aldi berean, oso lotsati jokatu du beste batzuetan. Adibidez, esklabotza kolonialaren historian, Lópezen estatuak baino garrantzi handiagoa du Xifré kaleak. Josep Xifré, Areyns de Marren jaioa, larrua lantzearen negozioarekin izugarri aberats egin zen Habanan. Esklaboak erabili zituen, baina ez hori bakarrik, hamarkada batzuk geroago bere ondasunak heredatu zituen bilobak ere esklaboak zeuzkan haren menpe. Hala eta guztiz ere, Xifréren omenezko kalea Bartzelonan dago oraindik.
Iragan kolonialarekiko ikuspegi kritikoen aurka, beti agertzen da orainkeria, presentismoa. Hau da, ezin dugula iraganari egungo begiekin begiratu, ezta kritikatu ere. Zuk, zer begi dituzu?
Hori argudio faltsua da. Esklabotzari dagokionez, esklabo bihurtutako pertsonak dauden unetik bertatik esklabotza zalantzan jartzen duten pertsonak ere badaude. Grezia Klasikoan, gure aroa baino 500 urte lehenago, Aristotelesek berak, esklabotzarekin ados zegoenak, onartu zuen bazirela horren aurka zeudenak.
XVI. mendetik aurrera, Afrikaren eta Amerikaren arteko esklabo trafiko zuzena hasi zenetik, gaitzespena erakutsi zuten pertsona batzuek. XVIII. mendearen amaieratik abolizionismoa antolatuta dago: Londresko Elkarte Abolizionista, Beltzen Lagunen Elkartea Parisen, 1810ean Cadizeko Konstituzioari buruzko eztabaidetan proposamen abolizionistak daude...
Orainkeria "ordaintzaile txarraren" argudioa da. Begirada erreakzionarioaren ezintasuna islatzen duen aitzakia da. Ikusmolde kontserbadorea da, baina bere burua mozorrotzen saiatzen da gainerakoei presentismoa leporatuz.
Salerosketa eta eskulan esklaboaren esplotazioaren eta XIX. mendeko burgesia katalanaren etorkizuneko oparotasunaren arteko harremanaz hitz egin duzue liburuan. Prozesu hori barik, uler dezakegu zer diren egungo gizarteak?
Ez, argi dago ezetz, ez Katalunian, ez Euskal Herrian, ez Madrilen... Adibidez, hirien osaerari erreparatzea besterik ez dago. Nik gehiago ezagutzen dut Bartzelonako kasua. Eixample, Zabalgunea, eraiki zuten Kuban Hamar Urteko Gerra hasi zenean. Orduan, kapital-lekualdaketa asko izan zen Kubatik kanpora, eta dirudun horietako batzuk Bartzelonara etorri ziren. Kausa-ondorio erlazioa dago. Egungo Bartzelona, Zabalguneko Bartzelona, ez da errealitate kolonialik gabe ulertzen.
Euskal Herriko hiri batzuetan antzeko ariketa eginez gero, prozesu antzekoa ikusiko genuke. Orduko diruarekin ordaindutako higiezinak hor daude. Gau egun ezin ditugu gure gizarteak ulertu iragan kolonial eta esklabista hori kontuan hartu gabe.
Esklaboen salerosketa gizateriaren aurkako krimentzat kondenatu du NBEk, eta horrek dakar egia, justizia eta erreparazioaren printzipioak aplikatzea. Baina, zer da erreparazioa gai honetan?
Bi maila daude: sinbolikoa eta materiala. Erreparazio sinbolikoek balioa dute, gizateriaren aurkako krimena izan zela hedatzen laguntzen dutelako. Bada horrelako aitorpen sinbolikoak kritikatzen dituenik, esanez europar gizon zuriak bere burua barkatzeko egiten direla. Nik ez dut horrela ikusten.
Horrez gain, politika materialak daude. Adibidez, iragan hori hobeto ezagutzeko aukera emango diguten ikerketa-proiektuak finantzatzea, iragan horren berri ematea ahalbidetuko duten hezkuntza-proiektuak diruz laguntzea, dibulgazioa sustatuko duten oroimenerako elementuak ezartzea, beka-politikak...
Errege-erregina Katolikoen garaian kanporatu zituzten sefardien ondorengoek espainiar nazionalitatea eska dezakete duela urte batzuetatik hona. Hori memoria-politikei lotutako elementua da, nahiz eta horrela ez adierazi. Orain akats gisa ikusten duguna konpontzeko borondatea adierazten du neurri batean. Orduan, zergatik ez eman herritartasuna Espainiak legalki esklabo bihurtutako pertsonen ondorengoei? Espainiako monarkiaren orduko legeek hala zioten. Beraz, zergatik, ez?
Kubara itzulita, gaur egun nahiko erraza da kubatarrentzat espainiar herritartasuna eskatzea, aiton-amon espainiarrik dutela frogatuz gero. Baina noski, horiek zuriak dira. Beltzek ezin dute lege hori baliatu. Bidegabekeria da. Arlo horretan erreparaziorako bide posible bat dago. Jakin badakit hori Pandoraren Kutxa irekitzea dela, baina horrela ikusten dut.
Achille Mbembe historialari kamerundarrak dio iraganeko bidegabekeriak ez direla iraungitzen konpontzen ez badira.
CARICOMek, Karibeko estatuen komunitateak –gehienak britainiarren kolonia ohiak izandakoak– Britainia Handiari planteatu dio bere zor historiko koloniala aitortzea eta, beraz, egungo haien zor ekonomikoa barkatzea.
Zorrak barkatzea, erreparaziorako programak, aurrekontu publikoz sustatutako memoriak... bide onak dira. Gai horiek eztabaidagai dira hemendik kanpo, baina ez hemen.
Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide... [+]
Commonwealth-eko herrialdeen gailurra hasi da ostiral honetan Samoako Estatuan (Ozeania) eta bertan, Karibeko herrialdeak eskatu diote Erresuma Batuari onar dezala bere iragan esklabista, barkamena eska dezala eta kalte-ordainak egin ditzala.
1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe:... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]
Epaileek zuten azken hitza eta hala eman dute: La Negresse auzoak hala izaten jarraituko du Paueko Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren ondoren, Miarritzeko Herriko Etxearen iritziarekin bat eginda. Izena aldatzeko auzibidea Mémoires et Partages (Oroimenak eta... [+]
Marcus Rediker historialari estatubatuarrak kapitalismoaren aurkako erresistentzien hasiera arakatu du, marinelen eta pirateriaren historiara iritsi arte.
Julian de Zulueta esklabista arabarraren inguruko erakusketa ikusgai dago LABE espazioan.
Julián de Zulueta y Amondo esklabista arabarra eta bere negozioak ardatz hartuta Azukre Beltza erakusketa “murgiltzailea” sortu du Irati Antía Zuaznabar gasteiztarrak, eta asteazkenean inauguratuko du hiriburuko LABE espazioan. Zulueta XIX. mendeko... [+]
Reuters agentziak argitaratu berri duen ikerlan baten arabera, AEBetako politikari asko esklabo jabeen oinordekoak dira.
Europa esklabotzarekin aberastu zela ez da sekretua. Hainbat mendez milioika pertsona garraiatu zituzten Afrikatik Amerikara, eta esplotazio horri esker ekoiztutako kakaoa, azukrea eta kotoia izan ziren Liverpool, Bartzelona edo Bordele bezalako hirien garapen ekonomikoaren... [+]
Pasa den ostiralean bete ziren 220 urte Toussaint Louverture hil zela, Haitiko 1791ko esklaboen iraultzaren buruzagia. Askorentzat, garai hartako politikari garrantzitsuena izan zen Louverture, ez bakarrik Napoleon Bonaparteren gudarostea garaitu eta Amerikako lehen herrialde... [+]