Duela bi urte ospatu genuen Federico Krutwig Sagredoren mendeurrena. 1921ean jaio zen Getxon eta 1998an zendu. Tarte horretan ekarpen asko eta hausnarketa ugari utzi zizkigun. Gizon jakintsua zen, eta ezagutzaren arlo ugari aztertu zituen, hala nola politika, ekonomia, filosofia, hizkuntzalaritza, literatura eta euskara. Intelektual oparoa izan zela ez dago zalantzarik, nahiz eta onespen gutxi eman zitzaion bizi zen artean, eta horrela jarraitzen du oraindik ere. Bere luma oparoa eta zorrotza izateaz gain, ekarpen andana egin zion gure herriaren askatasunaren aldeko borrokari.
Erromako exilioan bera ezagutzeko parada izan genuen 1970ean eta aukera paregabea berarekin intelektualki aberasteko eta azterketa sozioekonomikoari beste modu batera heltzeko. Gerora ere, berarekin Bruselan eta Euskal Herrian egoteko zortea izan genuen. Beti zuen Euskal Herria buruan. Harreman pertsonaletarako batzuetan zakar samarra izanik ere, ezkertiar jende andana hurbiltzen zitzaion: politikariak, gerrillari ohiak, kazetariak, intelektualak eta abar.
Bizkaiko eliteko familiako kide gisa, Deustuko Unibertsitatean ekonomia eta zuzenbidea ikasi zituen. Atzerrira joan zenean, Parisen, Sorbona Unibertsitatean, zuzenbideko ikasketekin jarraitu zuen eta gero, Bonnekoan (Alemania), ekonomia sakondu zuen. Gaztetatik prestakuntza intelektual aberatsa zeukan, baita hizkuntzak ikasteko erraztasuna ere.
Federico euskaldun berria zen. 21 urterekin, Azkueren eskutik, euskaltzain urgazle bilakatu zen, eta 26rekin euskaltzain oso izendatu zuten. Euskaltzaindian ere ez zen ezkutuan ibili. Hasteko, bilerak euskaraz egitea lortu zuen. Euskara batuaren alde egin zuen; bere ustez, euskara batuaren oinarriak lapurtera klasikoan zeuden historikoki finkatuta. Berarentzat, bazegoen tradizioko euskara kultua, hain zuzen, jadanik Leizarragak eta Axularrek idatzi zuten euskara, oinarrizko euskara batua, eta hori indartu eta garatu behar zen, eta ez gaur egungo euskara batua.
Aranismoak erabiltzen zuen euskara garbiaren aurka zegoen, eta zioenez grekera klasikotik zetozen termino kultuak maileguan hartu behar zituen euskarak, hizkuntza aurreratu eta aberatsa izan nahi bazuen. Berak euskara hori erabiltzen zuen, bai berba egiterakoan zein idazterakoan: lapurtera klasikoa.
Eliza Katolikoa Euskal Herriaren etsaitzat zeukan, betidanik euskararen aurka egon zelako. Aurkakotasun hori nabarmentzen zuen Pio XII.arekin. Aita Santu horrek Francorekiko eta naziekiko azaldu zuen jarrera harroa ez zuen batere gustukoa. Aita Villasante euskaltzain oso izendatzerakoan, Euskaltzaindiak harrera hitzaldia eskaintzeko eskatu zion Krutwigi. Bada, Eliza Katolikoa goitik behera eta gordinki kritikatu zuen euskara baztertzeko zeraman politika koloniala zela-eta, Francoren garaian bereziki. Hitzaldi horrek anabasa sortu zuen eta polizia frankistak atxilotu aurretik ihes egin zuen Iparraldera, non Likiniano, Kasilda eta beste hainbat euskal iheslarirekin elkartuko zen. Bera presente egon gabe egindako epaiketan 25 urteko espetxe zigorra ipini zioten.
Erbesteko lehen urteetan euskal enpresarien biltzarra eratu nahi izan zuen Miarritzen, pentsatzen zuelako enpresariek euskarari bulkada emango ziotela. Horretarako, Londresetik laguntza paregabea eman zion Manuel Irujok, begi onez ikusi baitzuen gerra osteko garaietan euskal enpresarien lobby antzeko bat sortzea euskal ekonomiari indar berritzailea eranste aldera. Gestio hauek 1960ko hamarkada hasieran egin zituen, baina proiektuak ez zuen aurrera egin.
Aipatu bezala, hizkuntzak ikasteko erraztasuna zuen eta berak zioenez hamabost hizkuntza menperatzen zituen. Persiar zaharra ere ezagutzen zuen, baina gerora ahaztu egin zitzaion, inor ez zuelako aurkitzen praktikatzeko. Horregatik, garaiko prentsa agentzietan oso erraz aurkitzen zuen itzultzaile lana. Mao Zedongen aipuak ere itzuli zituen.
Krutwigek euskal abertzaletasuna berritze aldera lan eskerga burutu zuen eta bere ekarpen nagusiak hiru liburutan jasoko genituzke, nahiz bere obra politikoa arras oparoagoa izan: Vasconia (1963), La Cuestión Vasca (1965) eta Computer Shock. Vasconia. 2001 (1984). Eginkizun honetan aipatzekoa da Pako Miangolarraren laguntza oparoa, bai ideiak proposatzen, baita proiektuak finantzatzen ere.
Vasconia-n aurkituko dugu Euskal Herri Handiaren definizioa, zeina gaur egungo Akitania Berriaren zati handi batek, Nafarroak eta EAEk osatzen duten euro-erregiora hurbiltzen den. Halaber, euskal nazioaren oinarri nagusia ez da arraza, aranismoak zioen bezala, hizkuntza baizik, eta bigarren maila batean kultura eta mentalitatea, erlijioa, arraza eta ezaugarri ekonomiko-sozialak. Naziogintza prozesu dialektikoa da, kontraesanez betea, eta ikertzeko metodo gisa materialismo historikoa erabiliko du, marxismoari helduta. Jabetza pribatuaren aurka azalduko da, esplotazioa ekidin nahi bada; eta oraindik bizirik zegoen euskal jabetza komunala defendatuko du.
Euskal Herri Handiaren azpiegiturak eta ekonomia antolatzeko ildoak emango dizkigu, non nekazaritza aurreratu, industria moderno, komunikazio lehiakor, zerbitzu eraginkor eta unibertsitate egokiak eratu behar baitira. Ideia ugari bat datoz gaur egungo euro-eskualdearen ezaugarriekin. Beraz, hein batean, Krutwig euskal igarlea ere izan genuen.
Bestalde, euskal administrazio politikoak nola eratuta egon behar zuen marraztu zigun. Horretarako, oinarri-oinarrian, behetik gorako biltzarrak ipiniko ditu, erakundetze demokratikoa erdietsi nahi badugu. Diseinu horretan Kropotkin anarkistaren eragina nabarmena da.
Krutwigentzat, datorkigun iraultza zibernetikan oinarrituko da, informazioa baita ekoizpen prozesuetako lehengai boteretsuena, petrolioa eta gasa baino gehiago.
1960ko hamarkada hasieran Euskal Herriaren azterketa soziopolitikoa marxismoaz blaitzen hasita zegoen eta La Cuestión Vasca iturriko ur freskoa bezala etorri zitzaigun frogatzeko marxismoak (Lenin) ere bidea ematen zigula autodeterminatzeko eskubidea onesteko eta justifikatzeko, gure independentziarako bidean. Hamarkada horren amaiera aldera eta Franco hil aurretik, ezkerreko abertzaleok oinarrizko liburu gisa erabili genuen.
Independentziarako prozesu politikoak baketsua izan behar du, alabaina diktadurak edo demokrazia ezak galarazten badio Euskal Herriari independentea izatea, zapaltzaileen estatuaren aurka borroka armatura jauzi egitea zilegia litzatekeela aitortuko digu. ETAren V. Biltzarrean parte hartuko du eta onartuko dira bere hainbat teoria, hala nola erakunde horren antolakuntza lau frontetan banatzea: politikoa, sozioekonomikoa, militarra eta kulturala, azken hau Krutwigen aburuz lauetan garrantzitsuena. V. Asanbladan Biltzar Ttipiko kide izendatu zuten eta denboraldi batean Hego Euskal Herrian ibili zen, klandestinitatean, ETAko militante gisa.
Erbestetik itzulita Computer Shock idatziko du non, igarle moduan, konputagailuen iraultzak dakarrena aurreikusiko baitu eta erakutsiko digu Euskal Herriak zer egin behar duen aurrerapenaren gurpila ez galtzeko. Etorkizunean makinek pertsonen adimena eskuratu eta makina batzuek, robotek, proletarioak ordezkatuko dituzte. Ondorioz, Marxek aurreikusten zuen langileriaren iraultzak zentzurik ez du izango, iraultza burutzeko proletariotzak gaitasunik ez baitu, bai ordea jakintza gorena duen eliteak. Horretarako euskal elite sortzailea eratu eta elikatu behar da: Sophopolisen, jakitunen hirian, euskal elitearen bilgunean, non asmakizun gorenak emango diren Euskal Herriak herrialde aurreratuenen artean iraun dezan.
Hasiera batean Sophopolisa –25.000 bat laguneko hiria– Gernika inguruan kokatu nahi zuen. Hiri hori sortzeko hainbat arkitekto eta ingeniari hurbildu zituen, baina alferrik. Orduan, Greziako gobernua erakarri zuen proiektu hori gauzatze aldera eta, azkenean, Kea deritzon irla esleitu zion, non amestutako Sopholisak argia ezagutuko baitzuen. Proiektua aurrera eramateko finantzazioaren zain zegoela hil zen Krutwig, eta guztia horretan geratu zen.
Liburuan Krutwig Marxengandik erabat urruntzen da; esango digu materialismo historikoa, Marxek gizakion historia aztertzeko aplikatu zuen metodoa, ez zela zientifikoa eta fisika newtondarra duela oinarri, fisika berriak baztertuko duena. Halaber, historiako iraultza oro garaiko eliteen esku gauzatu direla idatziko du eta, beraz, langileriak inoiz ez omen du sistema kapitalista sozialismora eramango; gainera, langileria robotek ordezkatuko dute ekoizpen prozesuan eta horrek ahulezia besterik ez dio ekarriko langile klaseari.
Krutwigentzat, datorkigun iraultza zibernetikan oinarrituko da, informazioa baita ekoizpen prozesuetako lehengai boteretsuena, desagertzear dauden petrolioa eta gasa baino gehiago. Hortik euskaldunok prestatuta egon beharra, munduaren gurdia galdu nahi ez badugu eta norabide egokian bidaiatu.
Bestalde, euskal eliteak ez du soilik bere mesedetan pentsatuko, baizik eta haren zereginak izan behar du ekoizpenerako asmakizunak gauzatzea, euskal jendartea hobekiago bizitzeko, eta ez gutxiengo bat bakarrik profitatzeko.
Halaber, Euskal Herriak baldintza paregabeak ditu garapen ekonomiko orekatua zehazteko. Ekonomiaren erdigunean Bilbo kokatzen zuen bere itsas portuarekin; ez da ahaztu behar Computer Shock idatzi zuenean Bilbo finantza hiri garrantzitsua zela, gerora, ohartu gabe gainera, desagertu zaiguna. Horrez gain, Eibarko industria berritzailea aipatzen zuen, baita Bergara bezalako asmakizunen herria ere, edo Arrasate, non enpresak eratzeko eskarmentu aberatsa baitago, edo Oñati, non pentsatzeko ahalmena garatu daitekeen. Haatik, Krutwigen arabera, Euskal Herriak baditu oinarri sendoak ekonomian aurrera egiteko, beti ere, zibernetikaren eta ikasketa klasikoen uhina galtzen ez badugu.
Ezagutu behar den euskal igarlea da Krutwig.
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]
Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]