Arabako ardogintza, agortutako eredua aldatzeko unea?

  • Igandean eman zitzaion hasiera ofiziala mahats bilketari Araban, Navaridaseko Mahats-bilketaren Jaiaren XXVIII. edizioa eginda. 2023an Jaurlaritzak 15,3 milioiko laguntzak eman dizkio sektoreari, milioika litro ardo erabilera industrialerako destilatu edo mahatsa zuzenean botatzeko, "gainprodukzioari" eta kontsumo beherakadari irtenbide gisa. Bitartean, bestelako ardogintza eredu bat bultzatzeko erreminta izan zitekeen Arabako Mahastiak sor-markak epaitegiek geldituta jarraitzen du, eta Errioxa sor-markari arazoak biderkatzen ari zaizkio. “Egoerak ez du zentzurik”, ez ekologikoki ez ekonomikoki, azaldu dio ARGIAri Itxaso Compañon ardogile, UAGA sindikatuko kide eta ABRA Arabar Errioxako Upategien Elkarteko presidenteak. Egiturazko arazoei egiturazko konponbideak eman beharra defendatu du.

Navaridaseko urteroko Mahats-bilketaren Jaia, irailaren 17an. Argazkia: Arabako Aldundia.

2023ko irailaren 22an - 07:50
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hurrengo astean da bere mahastietako mahatsa jasotzen hastekoa Compañon, “aste honetan euririk egiten ez badu”. Aurtengo uztarekin “oso pozik” agertu da. Lehorte garaian “asko sufritu” dute landareek, baina “oso gogorrak” dira eta azken asteetako euriarekin berreskuratu dira. Uztagatiko poza orokorra dela adierazi du, baina kezka eta arazoez aritu gara jarraian.

Zentzugabekeria ekologiko eta ekonomikoa

Jaurlaritzak 8 milioi euroko diru laguntzak eman dizkio sektoreari 2023an, aurreko urteetatik pilatuta zituen 9 milioi litro ardo erabilera industrialeko alkohol bilakatzeko. Eta beste 7,3 milioi eurokoa uztailean heldu gabeko mahatsa inausi eta zuzenean lurrera botatzeko –horiez gain bestelako laguntzak ere bideratu dituzte Jaurlaritzatik zein Espainiatik–. Milaka tona mahats edo ardo botatzeko milioika euro xahutuak, merkatuaren eskari-eskaintza legearen izenean. Noiz eta krisi hitza denen ahotan dagoenean: klimatikoa, elikagaiena, energetikoa, ekonomikoa...

"Milaka tona mahats edo ardo botatzeko milioika euro xahutuak, merkatuaren eskari-eskaintza legearen izenean"

“Ez du zentzurik”, laburbildu du bere iritzia Compañonek. Batetik, ekologikoki: alferrik galdutako mahats hori guztia sortzeko erabiltzen dira ura, energia, ongarriak... Bestetik, ekonomikoki: mahats horren atzean baitaude ere lan-denbora edo diru publiko zein pribatua, eta upategi txikiak gero eta estuago bizi dira. Adabaki koiuntural gisa diru laguntza horiek defendatu ditu, familia upategi askoren bizirautea jokoan dagoelako, baina eredua agortuta dagoela dio, eta arnas luzeko begirada batekin sakoneko aldaketa bultzatu behar dela. Errioxan azken urteetan “lurralde desegokietan” landatu diren mahatsondoak kentzea ezinbesteko ikusten du, “Errioxako sor-markaren Kontseilu Arautzaileak markatuta ditu”. Baina azaldu du Arabako Errioxan arazoa ez dela hori: “Lurralde txikia da eta lurraren ezaugarriak bikainak dira mahatsa ekoizteko”. Bi eginbehar nagusi aipatu ditu: “Mahatsa prezio duinean ordaindu, eta zonaldea berpiztu”. Diru laguntzak horretara bideratu beharko liratekeela defendatu du: “Imajinatu aurtengo 15,3 milioi horiek norabide horretan inbertituko bagenitu”.

Errioxa sor-markako ardo produkzioak gora egin du azken urtetan, eta kontsumoak aldiz behera. Hedabide edo erakundeetan kontakizuna da pandemiaren eta Ukrainako Gerraren ondorioa dela, baina ardogile askok salatzen dute arazoa aurretik datorrela eta ezikusiarena egin zaiola. “Errioxa sor-markak kantitatea lehenesten du, eta guk kalitatearen aldeko apustua egin behar dugu”, dio Compañonek.

"Errioxa sor-markak kantitatea lehenesten du, eta guk kalitatearen aldeko apustua egin behar dugu"

Errioxa eta Arabako Mahastiak sor-markak, talkan

Urteak dira Arabar Errioxako upategi gehienek Errioxa sor-markatik irten eta Arabako Mahastiak sor-marka propioa bultzatzen ari direla. Kantitate vs kalitate ikuspegia da bi ereduen arteko ezberdintasun garrantzitsuenetakoa, baina harago doa (esaterako, Arabatik auzitan jartzen da ardoa "urteko", "kriantza" edo "erreserba" kategorietan sailkatzea).

Sor-marka berriaren jaiotza EAEko Auzitegi Nagusiak geldituta du egun, eta ebazpenaren zain daude haren bultzatzaileek, urte honetan bertan aurreikusten dutena. Dena den, Arabako Alea-n egindako elkarrizketa interesgarrian Arabako Mahastiak izendapeneko presidente Emilio Aguillok ziurtatu du sor-marka epaitegiak geldituko balu ere beste bide batzuk daudela, eta bai ala bai sortuko dutela. Elkarrizketa berean, Arabako Aldundiaren eta Jaurlaritzaren jarreraz galdetu zion Aguillori Estitxu Ugarte kazetariak: “Guk ez diegu laguntzarik eskatu, nahi duguna da ez dezatela trabarik egin, ez daitezela erdian jarri”. Compañonen ustez, Aldundiak defendatzen duen irtenbidea –sor-marka berezitua sortzea, baina Errioxakoaren barnean–, “ezinezkoa da”.

Arabako Mahastiak sor-marka “irtenbidea izan daiteke” eredu aldaketa gauzatzeko, Compañonen esanetan. Errioxako Kontseilu Arautzailea marka handien kontrolpean dago eta haiei baliogarria zaie kantitatean oinarritutako egungo eredua, baina ez upategi txikiei. Arabako ekoizleek botoen %5a dute bertan, “horrekin dena esaten dizut”. Arabako ardoarentzako sor-markaren aurka daudenak politika egitea leporatzen diete alde daudenei, proiektua nazio auziarekin lotuz besteak beste. Bultzatzaileek diote eztabaida desitxuratzeko mezu faltsuak direla horiek, bideragarritasun ekonomiko kontua dela, Errioxatik eta bere eredutik aldendu ezean upategiak ixten jarraituko dutela. Iritzi berekoa da Compañon ere: “Enpresak gara, diruagatik egiten dugu ardoa”.

Arrazoia eman die irailean bertan ezagutu den beste erabaki batek: Familia Upategiek Errioxako Kontseilu Arautzailea abandonatu dute. Errioxako Familia Upategiek, ez Arabakoek: “Egungo politika estrategikoarekin bat ez gatozelako, upategi txiki eta ertainaren negozio-ereduaren aurka baitoa”. Errioxako 216 upategi ordezkatzen ditu elkarteak, guztien erdia. “Familia Upategiek beste krisi bat ireki dute Errioxan, Kontseilu Arautzailea utzita”, izan zen El Correo-ren lerroburua. “Beste” krisia Arabako upategiek sortutakoa da. Errioxa sor-markak krisi ekonomiko eta ordezkatzailea bizi du, horrek aukera berriak ireki ditzake.

"Ereduaren agorpen zantzuak eta zentzugabezia inoizko nabarien azaleratu dira 2023 honetan, ahots kritikoak ugaritu dira, mahai gainean badira proposamen alternatiboak"

Egiturazko aldaketen beharra

Urtetan nagusi izan den ereduaren agorpen zantzuak eta zentzugabezia inoizko nabarien azaleratu dira 2023 honetan, ahots kritikoak ugaritu dira, mahai gainean badira proposamen alternatiboak. Etorkizunak zer ekarriko duen aurreikusten zaila da, baina gauza bat oso argi dute Arabako ardogile ugarik, eta Compañon haien artean: “Egiturazko arazoei, egiturazko konponbideak eman behar zaizkie”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ardoa
Arabako Mahastiak sor-markaren kontrako helegitea ontzat jo du Auzitegi Nagusiak

Arabako Errioxako ardogileek euren izendapena izateko bidea judizialki eten du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Errioxako Jatorri Izendapenaren Kontseilu araultzaileak jarritako helegitea babestu ondoren. Hala, ezin izango dute Arabako Mahastiak sor-marka erregistratu. Nolanahi... [+]


Arabako ardogintza: txikitasuna aldarri, eredu aldaketa bultzatzen

Arabako Mahats-bilketaren Jaiaren XXIX. edizioa ospatu dute Moredan, igandean. Egun batzuk lehenago, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak agerraldia egin zuen, Arabako ardogintzak bizi duen “krisi larriaz” beste behin ohartarazi, eredu aldaketa exijitu, eta... [+]


Ana Iriarte
“Nekazaritzaren erritmoa ez dator bat gaur egungo gizartearen abiadurarekin”

Titulu handia iruditzen zaio “nekazari”. Bera “mahastizain” omen. Baina, izan, da nekazari mahastizaina. Eta da, izan, emakume nekazari mahastizaina. Eta mahatsaren orpotik mama goxoa nola, halaxe aletu ditu Ana Iriarte Bañezek lanbidearen... ez... [+]


2024-04-12 | Estitxu Eizagirre
Esti Besa, ardogintzaz
“Upategietan parakaidisten eredua nagusitu da”

Ardogintza borborka dago: mundu mailan gaineskaintza dagoela-eta, iaz milaka litro erosi zituen Jaurlaritzak destilatzeko. Espainiako Gobernuak diruz lagundu zuen mahats berdea lurrera botatzea. Aurten ere antzeko neurriak hasi dira agertzen. Baina nola iritsi gara egoera... [+]


Basque Culinary Center, Arabako Guardian ere

Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campusak bigarren egoitza bat izango du Arabako Errioxan, Gasteizkoarekin batera. EDA Basque Culinary Centerrek “garatu eta gidatutako” proiektua da, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatu dute. “EDAk... [+]


Errioxako mahatsen esklusibotasunaren araua baliogabetzeko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Errioxa Jatorri Izendapenaren estatutu aldaketari oniritzia eman zion Espainiako Nekazaritza Ministerioak, eta merkatuaren eta lehiaren ikuspegitik desegokia delakoan, Jaurlaritzak errekerimendua bidali du Madrilera.


Traba gehiago Arabako ardoen izendapen propioari: esklusibotasunaren baldintza onartu du Espainiako Gobernuak

Errioxa ardoen jatorri izendapenak, Arabako Mahastiak sor-markaren aurka bide judizialari ekiteaz gain, esklusibotasunaren eskakizuna onartu zuen bere batzorde arautzailean; mahats ekoizleek, haien mahatsa Errioxako ardo izendapenetik irten eta marka propioa sortzen duten... [+]


2022-10-26 | Hala Bedi
Esti Besa (Ardogilea)
“Inbertsio taldeak lurra erosten ari dira”

"Azken urteetan Arabako upategi txikiak desagertzen ari dira. 1995ean 700 inguru izatetik, gaur egun 200 eta gutxi gelditzen gara", adierazi du Esti Besak.


Ibilbide geologikoak (V)
Toloño: faila erraldoi bat Pirinioen mugan

Arabako Errioxako lurretan mahasti onenak hazi eta ardoak gustuz ontzen badira, ez da soilik mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi kultur transmisio baliotsu batek iraun duelako; duela milioika urte izandako gertaera tektoniko baten ondorioz ere bai.


2022-04-07 | ARGIA
Iaz bezala, izotzak berriz ere azkarki kaltetu ditu Irulegiko mahastiak

Izotzak desmasia handiak eragin ditu berriz ere Ipar Euskal Herrian. Irulegiko mahastien erdia baino gehiago kalteturik atera da iragan astetik.


Eltziegoko emakume ardogileak

1899an Eltziegoko (Araba) ardo ekoizpenaren %40aren jabe emakumeak ziren. Datuak adierazten du emakumeek Arabako Errioxako herri horretako ardogintzan pisu handia zutela garai hartan.


Eguneraketa berriak daude