Shakirak Gerard Piquéri aurpegira botatako abestiaren bertsioa egin zuen Silvia Guillének H&Mko emakume langile prekarizatuen egoera salatzeko eta bideoklipak ehunka milaka ikustaldi izan zituen munduko bazter guztietan. Ileorde ilehoriaren azpian zegoena emakume errebeldea, kantari bikaina eta ELAko sindikalista borrokalaria, aldi berean. Ezohiko konbinaketa, baina eraginkorra, bistan denez.
Xilum, Kerasy eta Hibakusha rock gogorreko taldeetako abeslaria izan da. Duela bi urtetik No More Blues taldean blues eta soula abesten ditu ahots urratuz. Soziologian lizentziaduna da eta Familia Bitartekaritzan egin zuen gradu-ondokoa. 22 lanbide pasa ondoren, duela bost urtetik ELA sindikatuan ari da lanean. Otsailean, greban zeuden H&Mko langileen aldeko Shakiraren kanta baten bertsioa egin zuen eta bideoklipa birala egin zen mundu mailan.
Rock star bokazioa izan al duzu betidanik?
Bai! [Irriz] Barañaingo Luis Morondo musika eskolan sartu nintzen txikitan, musika nire bizitzako pasioa izan delako beti. Solfeoa eta pianoa ikasi nituen, baina oso modu klasikoan eta 18 urterekin beste bide bat urratzea erabaki nuen. Iruñerrian zabaldu berria zen Artsaia musika eskolara joan nintzen eta han argi ikusi nuen nik rock abeslaria izan nahi nuela. Talde bat sortu nuen lagun batzuekin, Xilum, aspaldiko metala jorratzeko eta euskaraz. Honekin bi disko kaleratu genituen. Gero Kerasy, Irurtzungo talde batetik deitu zidaten. Horiek metal munduan eskarmentu handiko musikariak ziren eta oso esperientzia aberasgarria izan zen.
Metalaren esparru horretan Euskal Herrian ez zegoen ia emakumerik eta nik ez nuen erreferenterik izan. Agian horregatik onartu nituen ontzat hartu behar ez nituen gauza batzuk. Erabakiak hartzerakoan, adibidez, beti bigarren planoan gelditzen nintzen. Nik ez nuen lider bat izan nahi, talde baten partaide baizik.
"Metal euskalduna emakume ahotsarekin" esaten zuten beti gutaz hitz egiterakoan. Nik garai hartan normaltzat hartzen nuen, baina atzera begiratzean diot, kontxo! Akaso esaten dute "Su ta Gar, metal euskalduna gizon ahotsarekin"?
Garai hartan askotan komentario gogorrak entzun behar izan nituen. Ahotsean indarrik ez nuela zioten batzuek, baina ez zen egia. Beti gertatzen da gauza bera: emakume izateagatik bi bider demostratu behar izaten duzula zure balioa. Orkestretan ere behin baino gehiagotan esan izan zidaten soineko polit bat erosteko eta ile-apaindegitik pasatzeko emanaldietara joateko.
Matxismo asko aurkitu duzu musikaren alorrean?
Bai, asko. Nik, adibidez, Iruñerriko areto batean zentsura jasan nuen. Orain hamabost urte, neska batek areto horretako atezain baten sexu-erasoa jasan zuen komunean. Guk han jo behar genuen eta talde feminista batetik deitu zidaten horren berri emateko, azalduz, gainera, aretoko arduradunek ez zutela ezer egin atezain horren kontra. Iruñeko talde ezagun batekin jo behar genuen kontzertu hartan. Haiekin bildu eta publikoki aditzera eman genuen ez genuela han joko dena argitu arte.
Emakume bakarra nintzen hamasei musikariren artean eta areto horretako arduradunek nire aurka jo zuten. Boterea zuten eta niri betirako betoa jarri zidaten areto horretan. Nire inguruan zeuden gizonek ez zioten garrantzirik eman aferari. Ez nuen babesik edo elkartasunik sentitu haien partez. Hala ere, harro nago egindakoaz. Talde feminista horretako kideek deitu zidaten nire jarrera eskertzeko eta esan zidaten bortxatutako neska ere oso eskertuta zegoela. Gauzak, zorionez, aldatu dira izugarri eta pozten nau ikusteak feminismoa nola ari den egiten aurrera.
Eta orain blues munduan zabiltza?
Bai No More Blues taldearekin ari naiz duela bi urtez geroztik. Talde honek hogei urte daramatza musika munduan eta haiekin asko ikasten ari naiz. Hibakusha taldearekin ibili ondoren ez nekien zer egin. Gainera, emakumeok adinkeriaren mamua beti dugu aldamenean, eta beldur nintzen ez ote nuen izango aukera gehiago, baina, zorionez, beti ateratzen dira proposamen berriak. Ez nuen ideiarik ere soul edo bluesari buruz, baina ausartu nintzen. Abestiak nire erara egiten ditut ahots urratuarekin. Gustatu zitzaien eta hemen nago.
ELA sindikatuan ari zara lanean duela bost urtetik. Nola iritsi zinen hona?
Prekaritatearen alaba naiz. 42 urte ditut eta 22 lanbidetan aritu naiz. Soziologia ikasi ondoren, Familia Bitartekaritza masterra egin nuen eta bestelako formakuntza ikastaroak ere egin izan ditut hainbat lanbiderekin lotuak. Arazo ekonomikoak izan ditut askotan eta honek indartu nau. Enpatizatzeko izugarrizko ahalmena daukat, adibidez, eta hori sindikalgintzan ezinbestekoa da.
Gaztetan ezin nintzen errebeldea izan, etxeko egoera ekonomikoa ez zelako erraza. Niri errebeldia rock munduan hasi ondoren etorri zait. Ikasle garaian ikusten nuen nire ikaskideek, oro har, ez zutela lan egiteko premiarik unibertsitatea ordaintzeko, nik bezala, eta hor hasi zen garatzen nire langile klase kontzientzia. Lan egin behar nuen eta, ondorioz, karrera ateratzeko besteek baino bi urte gehiago behar izan nituen, eta ez nuen aukerarik izan atzerrian ikasteko, beste askok bezala.
Esaten didate justizia soziala dela nik sindikatu batean lan egitea, egoera zail asko bizi izan ditudalako.
"Hamahiru langile hauek, 234 egunetako grebaren ondoren, abuztuaren lehenean, soldaten %24,7ko igoera hitzartzea lortu zuten”
Orain dela gutxi birala egin da H&M dendako langileekin egin zenuen Shakiraren kantaren bertsioaren bideoklipa…
Bai. Ikaragarria izan da. Sindikatuan hiru atal dira: zerbitzuak, industria eta giza-lana, administrazioko langileria barne, eta ni azken honetan nago. Berez, ez nintzen H&Mko langileen aferarekin harremanetan zuzenean, baina sindikatuko komunikazio arduradunek Shakiraren kantaren bertsio bat egiteko erronka bota zidaten eta nik onartu egin nuen, jakina.
Etxera joan, garagardo bat hartu eta pentsatu nuen "zer egingo luke Los Gandules nire talde kuttunak kanta honekin?", eta hasi nintzen idazten. Arratsalde bakar batean atera zen. Gero Iker Huitzi lagun eta musikari handiaren estudioan grabatu genuen. “Ikerrap” eta “Silvira” sartu ginen grabazio estudioan barrez lehertzen. Bitartean langileek, haien kabuz, dantza bat prestatu zuten. Goiz batean Gazteluko plazan gelditu ginen bideoklipa grabatzeko eta ileorde ikusgarriak eraman genituen argi eta garbi erakutsi nahi genuelako hura parodia bat zela. Izugarrizko oihartzuna izan zuen. Handik hiru egunetara bulegora joan eta esan zidaten Julia Oterok deitu zuela. Eta berdin Argentina, Venezuela, Kolonbia, Ingalaterra eta Espainiako Estatuko hainbat telebista katetatik ere. Azkenak deitzen ETBkoak izan ziren, handik aste eta erdira. Egoera erabat surrealista izan zen. Ehunka milaka ikustaldi izan ditu Youtuben. Ikaragarria!
Abestiari esker mundu guztiak haien egoera gogorra ezagutu duela izan da positiboena?
Bai, hala da. Oso emakume indartsuak dira. Nafarroako azken aldi honetako greba luzeena egin zuten La Morea merkatalguneko H&Mko dendako hamahiru langile hauek, 234 egunetako grebaren ondoren, abuztuaren lehenean, soldaten %24,7ko igoera hitzartzea lortu zuten. 2009an izan zen ehungintza sektoreko azken soldata igoera Nafarroan eta geroztik izoztuta egon dira haien soldatak. Pandemiaren ondoren ELAk salatu zuen egoera hori eta 2022ko abenduaren 9an La Moreako langileek erabaki zuten grebara joatea.
Multinazional honek Iruñerrian duen beste dendako langileek ez zuten gurekin bat egin nahi izan, haiek beste negoziazio lerro batean daudelako estatu mailan, UGT sindikatuarekin. Ez zuten greba luze honetan parte hartu eta orain lortu dugun akordioak beraiei ez die berehalako onurarik ekarriko. La Moreako merkatalguneko dendako hamahiru emakume langileekin sinatutako hitzarmena da eta hori bera garaipen itzela da, sektore hau oso feminizatua eta prekarioa delako.
Oso borroka latza izan da. Hainbat egunez grebari eutsi ahal izan zioten sindikatuko erresistentzia kutxari esker eta baita kalean jendearengandik jaso duten babes eta laguntzarengatik ere. Horrek izugarrizko indarra eman zien. Hala ere, lanean hasi zirenean grebarik egin ez zuten enkargatuen jarrera txarrarekin egin zuten topo. Ez da oso egoera xamurra oraingoa. Gainera, hau dena ez da amaitu, hau akordio puntual bat izan delako, baina orain dator sektoreko lan hitzarmen orokor berria negoziatzeko tenorea. Ikusiko dugu.
Enpresarekin sinatutako hitzarmen horretan bideoak izan al zuen eraginik?
Bideoak gehienbat balio izan zuen langileei indarra emateko, haien egoera eta lan baldintzak biralizatu zirelako eta jendearen enpatia lortu zutelako. Ez dakit zer nolako eragina izango zuen bideoak, baina prozesu luze honetan jarrera aldaketa bat egon da enpresaren partetik. Pasa ziren langileak mehatxatzetik eta beldurra eragitetik akordioa sinatzera. Bestalde, bideoak balio izan du Euskal Herrian egiten den sindikalgintza mota ezagutzera emateko. Sindikatu txiki batzuetan izan ezik estatu mailan erresistentzia kutxa ez da erabiltzen den tresna bat. Sindikatuetako kideen kuotaren %25 elkartasun kutxa horretara doa eta hori oso garrantzitsua da.
Nola ikusten duzu sindikalgintza gaur egun?
Uste dut langileen eskubideen inguruan asko daukagula guztiok ikasteko. Ikastetxeetan nahita ez digute horren berri ematen. Prestatzen gaituzte lan bat egiteko, baina gero ez dakigu zer kontratu mota dugun ere.
Beldurra, prekaritatea eta indibidualismo ikaragarria dago gizartean eta ez badugu borrokatzen pikutara goaz. Langileok argi izan behar dugu nondik datozen arazoak eta nortzuk diren errudunak. Ezjakintasun handia dago.
Bestalde, emakumeon eta migratzaileen prekarizazioa latza da. Etorkin asko galduta daude, ez dakite nora jo eta guregana jotzen dute informazio eske. Gure lana, hala ere, ez da soilik informazioa edo laguntza ematea, baizik eta prekaritatean dauden pertsona horiek militantziara bultzatzea. Sindikalgintzara erakarri nahi ditugu haien burua ahaldundu dezaten. Gu eragile sozialak gara, ez aholku emaile soilak. Pertsona batzuek ez dute sindikatuen alde politikoa ulertzen. Batzuek uste dute haien eskubide indibidualak defendatzeko gaudela, baina gu jendea antolatzeko gaude, elkarrekin borrokatzeko. Sindikatuaren kultura galtzeko arriskuan gaude.
Zer da lan honetan topatu duzun zailena?
Adibide bat: argi eduki behar duzu langileen eskubideen alde jokatu behar duzula beti, aurrean duzun erakunde, enpresa edo alderdi politikoa edozein dela ere. Gainera, lana oso maskulinizatuta dagoen arloa da eta emakume gazte bat ikusten dutenean ez diote kasu handirik egiten. Batzuetan idazkaria banintz bezala begiratzen naute. Gizonezko batekin joaten banaiz, maiz hari hitz egiten diote soilik. Jarrera horiek, hala ere, niri indarra ematen didate. Azkenaldi honetan sindikatua emakumetzen saiatzen ari gara eta gure artean elkar babesten dugu.
"Batzuek uste dute haien eskubide indibidualak defendatzeko gaudela, baina gu jendea antolatzeko gaude, elkarrekin borrokatzeko"
LGTBI kolektiboko aktibistatzat jotzen duzu zeure burua?
Ni ez naiz inoiz aktibista sutsua izan. Lesbianaren etiketa jarri zidaten, baina ez naiz lesbiana. Nik etiketarik gabe bizi nahi dut. Bi emakume bikotekide izan ditut eta batekin ama izan naiz, eta gizonezko bikotekiderik ere izan dut. Ez dakit zer naizen, baina moldeak apurtzeko ni beti prest.
Egunerokotasunean beti defendatu ditut nire eskubideak pertsona gisa. Ez naiz inoiz isildu, baina eremu pertsonalera mugatzen da nire militantzia. Nire ingurukoak hezten saiatzen naiz. Nire gurasoek, esate baterako, ez zuten ulertzen nire izaera eta ama izan nintzenean gogorra izan zen. Egia da, bestalde, musikak plataforma bat eman didala nire bizitza pertsonalaz publikoki hitz egiteko, eta ez naiz inoiz isildu, ez dudalako ezer ezkutatzeko.
Sexu disidentziaren agerpen sozialean, ikusi duzu aldaketarik urte hauetan?
Zalantzarik gabe. Orain, egia esan, zaharkituta ikusten dut neure burua, belaunaldi berriek hau dena erabat gainditua dutelako. Emozionalki osasuntsuagoak direla uste dut. Adibidez, nire semeak, zazpi urterekin, badaki identifikatzen zer sentitzen duen. Bere adinarekin kostata egingo nuke halakorik.
42 urtez kosta egin zait, baina indartsu sentitzen naiz orain. Banandu berri naiz eta erronka berria da bikotekiderik gabeko amatasuna. Baina nire señoratasunarekin oso pozik nago.
Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.
Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.
Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]
Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]
Langabeen artean, 2.302 pertsona gehiago erregistratu dituzte urtarrilean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 2.173 emakumeak dira, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatzen duten lan osasuneko intersindikalak agerraldi publikoa egin du Bilbon, 2024ko ezbeharren txostenaren harira. Azken hamar urteetan 612 langile hil dira istripuz Euskal Herrian, 64 pasa den urtean.
Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.
ELAk eta LABek EREa baztertu eta berau erretiratzea galdegin dute. Sindikatu biek gogoratu dute 2023an antzeko neurriak geldiaraztea lortu zutela mobilizazioen bitartez
Laudioko lantegiko zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi dio enpresa batzordeari behin betiko itxiko duela enpresa. Urtarrilaren 29an abiatuko dute ixteko prozesua. Egun berean egingo dute elkarretaratzea langileek eta ostegunean hasiko dute greba.
Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.
Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]
Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]
Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]
Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.
Sindikatu abertzaleko 100 bat kidek Portuko sarrera blokeatu dute Santurtzin, eserialdi baten bitartez. Ekimen horren bitartez Palestinari elkartasuna erakutsi eta genozidioa salatu dute.