Kirola ahalik eta jende gehienek eta ahalik eta urte gehienetan egitea mesede da gizarte osasuntsu baterako. Baina ikerketen arabera, kirola egiten duten hamarretik ia zortzik indarkeria egoeraren bat jasan du. Izan daitezke irainak, oihuak, kolpeak, zigor fisikoak, arretarik eza, umiliazioak, diskriminazioa, behartutako muxuak, bortxaketak... Zenbat gaztetxok utzi du kirola testuingurua segurua eta adeitsua ez zitzaiolako? Irailaren 1etik aurrera Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban indarrean den legeak kirol taldeetako partaide denen begirada trebatu nahi du, kiroleko indarkeriari ez-ikusia egiteari utzi diezaiogun guztiok. Indarkeriazko jarrerak desaktibatzeko entrenamendu ordu asko beharko dira oraindik, hau bide luze baten hasiera baino ez da. Esfortzuak merezi du, ordea, gaztetxoen osasuna eta kirolarekin izango duten harremana baitago jokoan.
Kuota bera ordainduta, hainbat herritako futbol klubetan A taldeko gaztetxoek astero entrenamendu egun bat gehiago izango dute gainerako taldeetakoek baino. Egiturazko diskriminazioak hain lasai onartzen ditugu kirolean. Imaginatzen astero eskola egun bat gutxiago balute gelako nota onenak ateratzen ez dituzten ikasleek? Hain ditugu barneratuta kirol munduko indarkeriak, beste eremuetan onartuko ez genituzkeenak kirolean normaltzat hartzen baititugu. Ikasturte honetan, kirol taldeetako kide guztiek erremintak dituzte eskura gaiari buelta batzuk emateko, indarkeria egoerak ikusteko begiradak trebatzeko eta errespetuzko testuinguru segurua lantzen saiatzeko.
Izan ere, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko Lege Organikoa atera zuen 2021ean Espainiako Gobernuak. Pixkanaka ari da garatzen gizarteko hainbat alorretan, eta irailaren 1etik aurrera indarrean dago Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, kirol eta aisialdi esparruan. Lege Organikoak 47. eta 48. artikuluetan arautzen du eremu hau, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, beste hainbat aditu eta erakunderekin batera, lege horretan oinarrituta protokolo bat prestatu dute kirol taldeen eskura jartzeko, eta formazioa eta aholkularitza ematen ari dira adin txikiko pertsonekin esku hartzen duten eragile guztiei: kirol taldeetako entrenatzaileak, medikuak, arbitroak...
Itsaso Nabaskues Laserasekin bildu gara, bera da protokoloa lantzen aritu den teknikarietako bat. Kirola egiteko testuinguru segurua izatea oso garrantzitsua dela azaldu du: "Kirola oso ona da garapen integralerako, sozializaziorako, gorputz eta bururako. Ezinbestekoa da haurrei testuinguru seguru eta positiboa eskaintzea, bereziki hasierako adinetan, kirola bizitza osoan zehar egiteko aukera izan dezaten". Izan ere, Nabaskuesen ustez, kiroleko mikroindarkeriek izan dezaketen ondorio larriena da haur eta gaztetxoek kirola uztea: "Egoera zail edo indarkeria egoera bat bizi izan badugu esparru batean, seguraski ez dugu itzuli nahiko. Hori ondorio larria da, hasierako adinetan finkatzen direlako kirol ohiturak helduarora begira".
Bizitzako beste eremuetan bezala, kirol esparruan ere indarkeria egoerak ematen dira. Gai honen inguruan dauden ikerketen berri emateko, iaz Montse Martí adituaren hitzaldia antolatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak (hemen irakurgai kronika). Martík azaldu zuenez, bizitzako beste esparruetan indarkeria gehiago ematen da kirolean baino, baina hala ere ez da txikia kirolean ematen den kopurua: 1.472 pertsonak parte hartu zuten ikerketak agerian jarri zuenez, horietatik %78ak kirolean gutxienez indarkeria egoera bat bizi izan zuen. Ikerketa beraren arabera, indarkeria ohikoena (%70) psikologikoa da. Eta errendimenduzko kirolean dabiltzanek jasaten dituzte gehiago. Nabaskuesen hitzetan, "ikerketa hau ezagutu ostean, lege hau erabat beharrezkoa da. Ezinbestekoa da indarkeriaren gaia kirol esparruan ere lantzea".
Zer datorkizu burura kiroleko indarkeriaz pentsatzean? Fisikoari buruzko iruzkinak egitea edo lesionatuta egonda jokatzera behartzea normaltzat al dauzkazu? Kirol taldeen eskura dagoen oinarrizko protokoloa idazterakoan, teknikariek indarkeria mota anitzak hartu dituzte kontuan: psikologikoa, fisikoa, sexuala ukituzkoa, sexuala ez ukituzkoa, eta utzikeria. Esparru horietako bakoitzean, mikroindarkeriatik hasi eta bortizkeria handienetarako jokabideak zerrendatzen ditu protokoloak:
Protokoloa lantzen aritu den Nabaskues teknikariak adierazi duenez, "Kirol esparruan, oihu egiten duen entrenatzaile bat ongi ikusia dago, diziplina eta fundamentua duela ematen du. Kirolean mikroindarkeria asko daude naturalizatuta eta barneratuta, eta horiek ez genituzke beste testuinguru batean onartuko".
Protokoloak badakartza galdera batzuk ere, kirol taldeetako eragile bakoitzak bere buruari egin ahal dizkionak, galdera hauen bidez indarkeria egoerak detektatzen ikas dezagun, eta ezikusia egiteari uzteko. Izan ere, indarkeriari aurre egiteko eragile guztiak dira parte aktibo protokoloan: entrenatzaile, kirol zuzendari, mediku, arbitro, guraso eta kirola egiten duten adin txikiko haur eta gazteak:
Gaia lehen lerroan jarri dute Luis Rubialesek Espainiako Futbol Federazioko lehendakari zela Jenni Hermoso jokalariari emandako musu behartuak eta Angelique Cauchy tenislariak Frantziako legebiltzarrean emandako testigantzak. Aldiz, inor ez zaizu tabernan mintzatuko ikasturte honetan kirol talde denetan indarrean jarri den lege honetaz eta protokoloez. Kirol taldeetako zuzendaritzek eta entrenatzaileek email bidez jaso dute administraziotik honen berri, eta horietako askok jaso du dagoeneko gaiari buruzko berariazko formazioa.
Baina Nabaskuesek azpimarratu duenez, kirolariek eta familiek jakitea da gakoa, indarkeria egoerarik bizi badute jakin dezaten kirol taldeek legez prebentzioa eta gatazken ebazpena landu behar dituztela, eta horretarako hainbat erreminta badituztela: protokoloa, formazio saioak eta aholkularitza, hain zuzen. Gurasoek eta adin txikiko kirolariek honen berri jakin ezean, protokoloak arrisku handia du kaxoian geratzeko, eta gauzek dauden moduan jarraitzeko. Nabaskues: "Abiapuntu gisa kirol taldeei eskatzen ari garena da protokoloak sare sozialetan zabaltzea, webgunean jartzea, gurasoen whatsap taldean zabaltzea, klubaren egoitzan laburpen taula jartzea, haurrei jakinaraztea edozein indarkeria kasu bizi badute kirol talde barruan norengana jo dezaketen...". Nabaskuesek argi du begiraleei ikastaro bat emanda eta protokoloa zabalduta soilik ez dela indarkeria gaindituko: "Ez da erraza izango, kirol munduan errotazio handia ematen delako. Kontziente gara abiatu baizik ez garela egin, eta administraziotik ere lanean jarraitu beharko dugula honek benetako eragina izan dezan".
Nabaskuesek kirol taldeak motibatu nahi ditu gai honetan jarrera aktiboa izatera: "Elkartea osatzen duten pertsonen ikuspegia ezinbestekoa da: gai honekiko sentsibilizazioa, talde bakoitzak gai honi ematen dion garrantzia... Badakigu kirol talde txikietan beste zeregin bat gehitzen zaiola eguneroko errealitateari eta badakigu lankarga bat ekartzen duela, ahalegin bat. Baina benetan uste dugu administrazioak tresnak eskaintzen jarraituko duela eta denen parte-hartzea ezinbestekoa dela honekin aurrera egiteko. Kontziente gara kirol talde asko bolondresen lanari esker ateratzen dela aurrera eta formazio ikastaro hauek dohainik dira eta on-line. Ahalik errazen egiten saiatu gara, alde ekonomikotik eta edozein momentutan etxetik konektatu ahal izateko moduan".
Legeak hala eskatuta, kirol taldeek bere kideetako bat "babes ordezkari" izendatu behar dute, eta berea izango da detekzioa sustatzearen, arazoak bideratzen saiatzearen eta protokoloa betetzearen ardura. Horregatik, indarkeria egoeraren bat sumatzen duenak, harengana jotzea du lehenengo pausoa. Hala ere, Nabaskuesek argi utzi nahi izan du babes ordezkaria ez dela gatazketan epaile izango: "Bere ardura da halako egoera baten berri duenean, protokoloan zehaztutako urratsak ematea eta dagokion pertsonari komunikatzea. Administrazio publikooi falta zaigu zehaztea kasu horien ikerketa nola burutuko den eta zer erakundek izango duen horretarako ahalmena".
Kirol taldeek "babes ordezkari" ardurarako kide egokia aukeratzea funtsezkoa da: "Haurrentzako gertuko pertsona izan behar du, enpatikoa, bestela ez zaizkio beraien bizipenak kontatzera joango". Babes ordezkariari ikastaro bat emanda ez dela aski dio Nabaskuesek, eta norabide horretan administrazioak epe luzerako lana egin behar duela: "Figura honentzako etengabeko formazioa ezinbestekoa da. Ez da edozein gai, eta ongi etorriko litzateke babes ordezkariak aurrez aurre elkartzeko espazio bat sortzea, begirada eta esperientziak partekatzeko eta zalantzak argitzeko".
Arrazoiak arrazoi babes ordezkariarekin egoera askatzen ez den kasuetarako, gurasoek eta adin txikiko kirolariek badituzte gai honetan trebatutako aholkularitza zerbitzu publiko hauek ere: Zeure Taldekoak Gara eta Zeuk Esan.
Lege Organiko honek oraindik ez du garatuta zigorren atala eta kirol taldeen eskura jarri den protokoloan ere ez dira zehazten indarkeria egoera bakoitzaren aurrean zer ondorio jarri: "Protokoloan jasotzen den jarraibidea da 'babes ordezkariak' indarkeria egoera baten berri badu, Zure Taldekoak Gara zerbitzura jo behar duela eta han aholkatuko diotela nola jokatu", Nabaskuesek azaldu duenez. Eusko Jaurlaritzari lotua dagoen erakunde hau gaian oso jantzia dagoela esan du, eta erremintak edo neurriak proposatzen dizkiela kirol taldeei: "Adibidez, erasoa gauzatu ahal izan duen pertsona horri laguntzarako norbait jartzea gainbegiratzeko nolako ekintzak egiten dituen, edo aste batzuez kasua argitu arte ez etortzera gonbidatzea, edo...".
Protokoloa garatu zuen teknikari taldea orain monitorizazio sistema garatzen ari da. Nabaskuesen hitzetan, "monitorizazio sistema ebaluatzeko modua da". Eusko Jaurlaritzak plataforma bat irekiko du, eta bertan kirol talde bakoitzeko babes ordezkariak urtero hainbat datu sartu beharko ditu, adibidez, zer prebentzio ekintza aurrera eraman dituzten, beraien taldean zer indarkeria kasu egon diren... "Jarraipena egitea da helburua".
Legean zigorren atala garatu gabe badago ere, administrazioak hainbat gauza egin ditzakeela nabarmendu du Nabaskuesek: "Esaterako, bere diru-laguntza lerroetan jaso dezake kirol taldeek formazioa egin izana egiaztatu beharko dutela". Kirol taldeek ere gauza asko egin ditzaketela ohartarazi du: "Beraien estatutuetan idatzi dezakete zer jokabide onartuko diren, edo zer pertsona mota nahi dituzten: kirol taldeek aukeratu dezakete zer langile, zer figura mota nahi dituzten beraien taldean".
Zigorren logikan kateatu baino lehen, adin txikiko haur eta gazteekin gaia lantzea izan daiteke taldeek egin dezaketen beste urrats eraginkor bat, ordura arte normalizatuta dauden indarkeria jarrerak zein diren kontziente egiteko, eta aurrerantzean jokabide horiei zilegitasunik ez emateko. Nabaskues: "Ezinbestekoa da haur eta gazte kirolariei gai honen inguruan hitz egitea. Gaia azaltzea, aurkeztea zehazki zein diren onartuko ez ditugun indarkeria egoerak, eta beraiek ere parte bihurtzea egoera horiek ez onartzeko. Haurrek egunerokotasunean gauza asko ikusten dituzte eta badute zeresana". Ez al da bada kirol bat ikastearen parte kiroltasunez jokatzen ikastea?
Europa mailan egindako ikerketa batek (Kirolean adin txikikoen aurkako indarkeria ezberdinen prebalentzia eta ezaugarriak) erakutsi du kirol mailan gora egin ahala indarkeria kopuruek gora egiten dutela. Zergatik ote? Nabaskuesen ustez, "emaitzaren gaineko presioarekin du zerikusia, badirudi emaitza lortzeko denak balio duela eta tentsio asko sortzen den testuingurua da. Bestalde, entrenatzailearekin ordu asko pasatzen dira. Beldurrak ere handiagoak dira kirolariarentzat: zerbait esaten badu ez diotela jokatzeko deituko, adibidez”.
Honen guztiaren adibide da Frantziako Estatuan 600 kirolarik salatu dituztela sexu erasoak: tenislariak, patinatzaileak, judolariak, atletak... Duela 20 urtekoak dira lehen salaketak, baina asko egungoak dira, 2020-2021 denboraldikoak 107. Horietatik %70 emakumezkoek jasan zituzten eta %84 adin txikikoak ziren erasoak pairatu zituztenean.
Azken asteotan Frantziako legebiltzarrak komisio bat sortu du gaia aztertzeko eta Angelique Cauchy tenislariak bertan kontatu du auzitegietan jada salatua duena: 12 urte zituela, bi urtean 400 bider bortxatu zuen bere entrenatzaile Andrew Geddes-ek.
Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia... [+]
Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]
2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]
Le Monde egunkaria ikerketa erreportaia argitaratzen hasi da StravaLeaks izenarekin. Zera da koxka: zenbait agintarik erabiltzen dituzten segurtasun agenteek, bizkartzainek alegia, Strava ari dira erabiltzen, eta horrekin bere ibilien bide geokokatuak ari dira... [+]
Joan den astean aipatu genuen StravaLeaks eskandalua, batzuek aplikazio horren "segurtasun zulotzat" aurkeztu arren ez zela hori: erabilera okerra da. Zure korrikaldi eta ibilerak pribatuak izan behar badira, ez partekatu Stravan edo ez erabili Strava, Instagramen... [+]
Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]
Larrialdietan bukatu ohi duena ez da 20 kilometroko lasterketa egiteko prestatuta ez dagoelako; alderantziz, kirola egitera ohituta dauden 25-35 urteko gizonak dira gehiengoa, marka egin nahian topera joateagatik. Hala ziurtatu digu Donostiako ospitaleko mediku batek... [+]
Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio... [+]
Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi... [+]
Saudi Arabiak "emakumeen eta LGBTQ+ pertsonen eskubideak zapaltzen dituela-eta", 24 herrialdetako 106 emakumezko futbolari profesionalek Gianni Infantino FIFAko presidenteari eskatu diote Aramco petrolio-enpresarekin duten babesletza-akordioa hausteko.
1980an Everesteko gailurrean ikurrina paratu zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia eskaini diote larunbatean San Mamesen, Athletic-en partida hasi aurretik. Mendizaleak txalo artean hartu dituzte zaleek, une ederra izan da, baina Movistar telebista kateak eta Futbol... [+]
Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea... [+]
Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]