Hain zabala baina europar zurientzako hain ezezaguna den Afrikak lerroburuak hartu ditu azken bolada honetan. Liskarrak, hildakoak, Polizia, agintariak, herritarrak, gazteak... egun gutxi batzuetan fokua hara bideratzen da, baina notiziak iritsi bezala badoaz, eta ahazten dira Afrikako herrialdeak. Ahazten zaigu kolonialismoaren harrak lur, aire eta ozeano hustu dizkiela. Erreportaje honetan kontinenteko egoera ezegonkorraren jatorri batzuk azaltzen dira. Izan ere, gatazkak era isolatuan ulertu ordez, testuinguru jakin batean kokatzen laguntzen du. Gakoetako bat da Afrikan independentzia prozesua igaro berri dela, eta oraindik inperialisten menpekotasuna oso presente dagoela. Bide luzea dirudien arren, azken urteotan urrats esanguratsuak ematen ari dira askapen mugimenduak.
Afrika azalez aldatzen ari da, berritzen, estutzen duen ezkututik irteten. Bere orbainetatik, kanpotik ezarritako josturetatik ari zaio eteten azala, eta duela urte asko ereindako kortsea zatitan puskatzen ari da. Ez da metafora. Zenbait herrialde benetan ari dira iraultzen, borrokatzen, bortxaren indarrez jarritako sistemei aurre egiten; edo horiek dira, behintzat, beren aldarriak. Europako kolonialistek Afrikatik “alde egin” eta sei hamarkada geroago, neokolonialismoaren aurkako oihuek gero eta oihartzun handiagoa hartu dute herrialdez herrialde.
Askok diote anakronismoa dela egungo Afrika eta kolonialismoa aditz denbora berberean jokatzea. Ikusi besterik ez dago Frantziako presidente Emmanuel Macronek 2017an Burkina Fasora egindako bisita batean esandakoak: “Hitz egiten didazue Frantzia oraindik botere kolonial bat balitz bezala, baina nik ez dut nahi Burkina Fasoko unibertsitatetako elektrizitate arazoez arduratu. Hori presidentearen lana da”. Baina, Macronen trufetatik haratago, inperio kolonialak izandakoek jarraitzen dute Afrikan agintzen; are, beraiek utzitako sistemek bere horretan jarraitzen dute. “Kolonialismoa ez da bukatu, forma aldatu baino ez du egin”, laburtu digu egoera Dagauh Komenan (Boli Kosta, 1989) historialari eta giza eskubideetan adituak. Egungo gatazkak perspektibatik ikusteko gako interesgarri batzuk eman dizkigu.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan Europa joan egin zen, itsasoa atzera gurutzatu zuen eta ahaztu zituen bere betebeharrak independentzia prozesuak heltzearekin batera. Baina, alde egin bazuen ere, begi bat eta esku bat bertan utzi zituen eta jarraitu zuen kolonia izan zituenen gain kontrola izaten; batez ere, bertan utzi zuen egoera ezin zelako irauli. Afrika kontinente erraldoia da, eta ez da egoera bera Hegoafrikan eta Marokon, baina kolonialismoaz eta independentzia prozesuez berba egitean, oro har, Saharaz hegoaldeko herrialdeak aztertzen dira; batez ere inperio kolonial frantsesaren parte izan zirenak. Izan ere, egungo mapa geopolitikoari begiratuta, ikusi besterik ez dago zeintzuk diren iraultzak eta gatazkak bizitzen ari diren herrialdeak: gehien-gehienak Françafrique delakoaren parte dira, eta hori ez da kasualitatea.
Historian atzera begiratuta, 1834ko azaroaren 15era joanda, Otto Von Bismarckek deitutako Berlingo Konferentzia erabakigarri horren mahai bueltan ez zeuden frantziarrak eta belgikarrak soilik, ezta gutxiago ere. Europako potentzia gehientsuenak eta AEBak eurak ere bazeuden: independentzia lortu eta ehun urte eskasera. Datorren urtean, 2024an, beteko ditu 140 urte Alemaniako agintariak bilera horretara deitu zituela, euren hegoaldera zegoen kontinente horretako negozioak nolabait arautu nahi baitzituen: konferentziaren aktan, “Afrikara zibilizazioa” eramateko helburua azpimarratu zuen. Berlingo Konferentzia garrantzitsua izan zen historian, baina ez, hainbeste, kontinentearen barne mugak zehaztu zituelako; potentzien arteko balizko gatazkak saihestu zituelako baino. “Berlingo Konferentziak oinarriak jarri zituen potentzia kolonial bat lurralde baten ‘jabe’ izatea zilegi bihurtzeko”, azaldu du Komenanek; horrela, bakoitzak bere lur esparrua izango luke, eta ez litzateke gatazkarik izango.
Berlingo mahai hartan zabaldu zuten mapa erraldoian toponimia bizkor aldatu zuten, eta hori da, hain zuzen ere, europarren presentziaren metaforarik handiena. Libreville eta Freetownak (herri librea, euskaraz) ugaritu ziren, bakoitza bere potentziaren hizkuntzan. Baina ez zen gauza bera Libreville edo Freetown, ez zelako bera inperio frantsesa edo britainiarra. Biek ustiatu zuten, muturreraino, kontinentea; baina batak eta besteak utzi duen geroa ez da bera izan. Afrikako independentzia prozesuez berba egitean, historialari askok Ghanako kasua hartzen dute lehen herrialdetzat, 1957an, Saharaz hegoaldeko lehena izateagatik. Ez da kasualitatea, ordea, Saharaz hegoaldeko lehen herrialde independentea inperio kolonial britainiarreko parte izatea. “Britainiar sistema kolonialean gizarte banaketa handia zegoen. Kolonizatuek ezin zezaketen espero kolonizatzaileen mailara heltzea: eskala sozialean gora egin zezaketen, baina euren markoaren barruan egiten bazuten. Independentziak heldu zirenerako, mundu anglosaxoikoek bazuten beren antolamendua eta beren erara egin zuten. Horregatik, Ghanarentzat errazagoa izan zen koroa britainiarrarekin apurketa bat egitea”, dio Komenanek.
Frantziako kasuan, ostera, ez zen apurketa hori egon. Eta hori da Afrikako arazoen gakoetako bat, kontsultatutako adituek diotenez: “Guztiz ezinezkoa da Hego Globaleko norbaitek, Gehiengo Globalak edo ‘Globo Globalak’Afrikako egungo arazoak ulertzea neokolonialismo frantsesaren funtzionamendua ulertu gabe”, ziurtatu du Pepe Escobar kazetari eta analista geopolitiko brasildarrak, Francia no tiene tregua ante el surgimiento de una “nueva África” (Frantziak ez du atsedenik ematen “Afrika berri” baten sorreraren aurrean) artikuluan.
Sistemaren jarraipenaren zantzuak elementu askotan ikusten badira ere, agerikoena, eta protestetan gehien errepikatzen dena, CFA monetarena. Afrikako hamalau herrialdetan dago moneta hori, Frantziak, arestian botere koloniala zenean, ezarri zuena: Benin, Burkina Faso, Boli Kosta, Ginea Bisau, Mali, Niger, Senegal, Togo, Kamerun, Afrika Erdiko Errepublika, Txad, Kongoko Errepublika, Ginea, Gabon eta Ekuatore Ginea. CFA siglen bilakaerak argi uzten du kolonialismoaren itxura aldaketa, baina ez praktika aldaketa. Hain zuzen, 1945ean moneta sortu zutenean CFAk Colonies Françaises d'Afrique (Afrikako Kolonia Frantsesak) esan nahi zuen; 1958tik, Communauté Française d'Afrique (Afrikako Komunitate Frantsesa) deitu zioten; egun, Coopération Financière en Afrique (Afrikako Kooperazio Finantzarioa) bihurtu dute CFA.
“Berlingo Konferentziak oinarriak jarri zituen potentzia kolonial bat lurralde baten ‘jabe’ izatea zilegi bihurtzeko”, dio Komenanek; horrela, bakoitzak bere lur esparrua izango luke, eta ez litzateke gatazkarik izango
Bigarren Mundu Gerra ostean sartu zuten moneta hori herrialdeetan, kolonietan ugaritzen ari zen mugimendu independentista eta antikolonialistei aurre egiteko. Moneta horren kontrolerako mekanismoa zera zen: indarrean sartu zenean Frantziako frankoarekiko trukerako interesa finkatu zutela. Alegia, Frantziako Banku Zentralak kontrolatzen zuela hamalau herrialde horietako monetaren balioa. Eta, horretarako, Afrikako herrialde horiek euren trukerako daukaten erreserben %50 ordaindu behar izaten zioten. Hau da, atzerriko monetetan zutenaren erdia bidali behar zuten Frantziara. Escobarrek ohartarazten duenez, Frantziak erreserba afrikarrak erabiltzen ditu kapital frantsesa izango balira bezala, Europar Batasunari zein Europako Banku Zentralari ordaintzeko ere bai.
Aipagarria da zenbait agintarik behin baino gehiagotan aldarrikatu izan dutela Afrikako moneta bateratu bat eratzea. Esaterako, Muammar Gaddafi Libiako buru zenak 2008ko krisi finantzarioaren ostean proposatu zuen urrearekin lotutako moneta panafrikarra eratzea, Pepe Escobarrek gogora ekarri duenez. Europaren eta Mendebaldearen krisia aprobetxatu nahi zuen Gaddafik: Libiak 150 tona urre inguru zituen gordeta, eta horrek (eta beste apur batek) ahalbidetuko ziokeen txanpon panafrikar horren finantza tokia Tripolin izatea. Urrezko erreserba subiranoan oinarritutako sistema ezarri nahi zuen, eta Afrikako estatu asko Mendebaldeko mendekotasun finantzariotik askatzeko modua izango zen. Mendebaldeak Gaddafiren asmoak blokatu zituen alde guztietatik, eta azken urteetan argitaratzen ari den informazioak berresten du Frantziaren jarrera.
Afrikako herrialdeen azpiegiturak, kolonialismo garaian sortutakoak, bideratuta daude ekonomia Europarekiko guztiz menpekoa izan dadin
Batetik, 2015ean, Hillary Clinton AEBetako estatu idazkari ohiaren pirateatutako mezu elektronikoek erakutsi zuten Frantziak Libiako petrolio ekoizpenaren proportzio handiagoa lortzeko nahia zuela, eta Afrika iparraldean Frantziaren eragina handitzea eta Gaddafiren planak blokeatzea zirela helburuak. Bestetik, irail honen hasieran Giuliano Amato Italiako lehen ministro ohiak elkarrizketa batean aitortu du 1980an Italian 81 hildako eragin zituen “hegazkin-istripua” ez zela istripua izan, baizik eta Frantziako Gobernuak jaurtitako misil baten ondorioz suntsitu zela, Gaddafi hiltzeko saiakeran; Libiako buruzagia, baina, jakinaren gainean zegoen, eta ez zuen hegaldi hori hartu. Frantziako agintariek begiak, eskuak eta armak kolonia ohietan iltzatuta dituzte oraindik, aipatutako adibideek ikusarazi dutenez, eta ez dute planen artean CFA moneta deuseztatzea.
Izan ere, independentzia lortutakoan ere mantendu izan dute, ostera, moneta hori. Askok egonkortasunerako gako gisa defendatzen dute, moneta indartsu bat den heinean. Aurka daudenek, berriz, diote Frantziak kolonia ohienganako kontrola ezartzeko metodo nagusia dela; baina, era berean, ez dauka trukerako mugarik, eta herrialdeetako agintari eta elite ekonomikoek nahi beste dolar eta euro erosten dituzte. Iritzi hori dutenetakoa da Komenan ere; bere hitzetan, Françafrique delako kolonialismoari jarraipena ematen dion elementu nagusia da moneta.
Herrialde horietako ekonomia, beraz, Europara begirakoa da erabat. Baina hori ez da gertatzen soilik monetarengatik, herrialdeen egitura osoa horretara bideratuta dagoelako baino. Afrikako herrialdeen azpiegiturak, kolonialismo garaian sortutakoak, bideratuta daude ekonomia Europarekiko guztiz menpekoa izan dadin. Walter Rodney historialariak, bere How Europe Underdeveloped Africa (Nola Europak azpigaratu zuen Afrika) liburu famatuan azaltzen du kolonia garaian sortu ziren azpiegitura guztiak kolonoentzat zirela, eta sortu ziren garraiorako azpiegitura guztiak Europari begirakoak zirela: “Garai kolonialean ez ziren eraiki errepideak afrikarrek beren lagunak bisitatu zitzaten, edota, okerragoa dena, Afrikako barne komertzioa errazteko. (...) Errepide eta trenbide guztiak itsasora heltzen ziren. Urrea, manganesoa, jadea eta kotoia ustiatzeko sortu zituzten”. Berarekin bat dator Komenan, eta gehitu du koloniak merkea izan behar zuela: “Bere helburua da bertako baliabideak bereganatzea eta bertako biztanleria kontsumitzaile bihurtzea. Agintari kolonialek egindako inbertsio guztia ustiapenari begirakoa da: trenbidea ez da jendearentzat, baliabideak ustiatu eta itsasora eramateko da”.
Herrialde horien arazoa da, ostera, azpiegitura horiek ez direla aldatu. Trenbide eta bide horiek jarraitzen dute ustiapenari eta esportazioei begira, eta herrialde horien geroa hipotekatu dute. “Herrialde horien gaur egungo ekonomiak sistema bera jarraitzen du, oso lankidetza ekonomiko gutxi dago herrialde afrikarren artean, nahiz eta hitzarmen asko sinatu: euren baliabide ekonomiko gehienak Europara edo AEBetara bideratuta daude, azpiegitura osoa diseinatuta dagoelako produktua itsasora eraman eta herrialdetik ateratzera”, dio bolikostarrak.
Bigarren mundu gerra ostean sartu zuten CFA moneta herrialdeetan, kolonietan ugaritzen ari zen mugimendu independentista eta antikolonialistei aurre egiteko
Escobarrek Frantziak kontrolpean dituen zenbait adibide jarri ditu: “Bolloré konglomeratu frantsesak portuak eta itsas garraioa kontrolatzen ditu Mendebaldeko Afrika osoan; Bouygues/Vinci-k eraikuntza eta obra publikoak; Frantziak uraren eta elektrizitatearen banaketa menderatzen ditu; Totalek interes handiak ditu petrolioan eta gasean. Eta gero France Télécom (Orange bezala berrizendatua) eta banku handiak daude: Société Générale, Crédit Lyonnais, BNP-Paribas, AXA (aseguruak), etab”.
Dena dela, sistema ez da betikotzen ekonomiarekin soilik: sistemak behar du jendearen buruan sartu eta sinesgarri izatea; eta horrela ere lortzen ez badu, behar du bortxa. “Inperio kolonial frantsesaren kasuan asimilazio egoera bat egon zen: elite afrikar batek, tituluak zituenak, europar elitearen zirkuluetan sartzeko aukera zuen”, azaldu du Komenanek. Asimilazio horrek ekarri zuen independentzia prozesuak hasi zirenean ez egotea banaketa sakon bat, inperio britainiarrean gertatu zen moduan, europarren eta afrikarren artean; europarrek ezarritako sistemaren parte ziren jada Afrikako eliteko kideak. Horrela, sistema hori mantendu zen: “Herrialde frankofonoetan sistema koloniala mantentzeko ahalegina egon da, bakarrik aktoreak aldatuta. Gaur egun dagoen sistema bera da, baina agintzen dizuna ez da europarra, afrikarra da”.
Komenanek azaldutako asimilazio hori, elite europarrekiko muturreko hurbiltasun hori, ikusten da agintarien jokaeran, berak azaldutakoaren arabera. Bere hitzetan, hori da sistema neokolonialista mantentzeko beste arrazoietako bat: elite afrikarrek boterean mantentzeko egiten dutena. “Afrikako eliteak gainontzeko biztanleria osoa ezjakintasunean bizitzera derrigortzen du; sistema horretatik ateratzeko edozein baliabide mozten du”, azaldu du historialariak. Agintariek ez dute nahi sistema aldatzerik, demokrazia baten inguruko hausnarketa ideologikorik egiterik, sistemak beraiei on egiten dielako.
Baina aipatutako bi puntu horiek nahikoa ez balira, eta jendeak eta erakundeek benetan nahiko balute irauli orain artekoa, parean izango lukete botere kolonialaren horma, bere horretan: Frantziako armada. “Frantziako armadaren presentzia militarrak Afrikako gobernuen gaineko sekulako kontrola ezartzen du”, laburtu du historialariak.
Agintari afrikarrek ez dute nahi sistema aldatzerik, demokrazia baten inguruko hausnarketa ideologikorik egiterik, kolonoek utzitako sistemak beraiei on egiten dielako
Aipagarria den beste kontu bat da, Komenanen ustez erabakigarria ez bada ere, herrialdeen mugen eztabaida. Askok esan izan dute kontinentean dauden arazo asko bertako mugen ia ausazko zatiketengatik sortu direla; historialariaren ustez, baieztapen hori egoera “sinpletzea” da. Berak onartzen du muga horiek egin zituztenean elkarrekin zerikusirik ez zuten komunitateak batu zituztela: baina komunitate horiek entitate politikoak ziren eta dira gaur egun, eta Afrikako herrialdeak kolonialismo garaiaren aurreko entitate politikoz eratuta daude.
Arazoa ez da hori, bere hitzetan, muga horien barruan ezartzen den sistema baino: sistema zentralizatu bat ezarri dute, Frantziako Bosgarren Errepublikaren sendi, entitate bakoitzaren nolakotasunak eta autonomia errespetatu barik. Horrek sortu ditu arazoak, komunitateak banandu eta estatu zentralizatzaile baten menpeko bihurtzea, eta ez mugak bere horretan. “Herrialde frankofonoetan dagoen sistemak eragiten du komunitateen artean gatazka egotea boterera heltzeko. Horrek eragin du gaur egun ikusten den tribalismoa”. Kontua da, berak dioen gisan, komunitatearekiko sentimendua nazioarekikoa baino sendoagoa dela: “Jendeak ulertzen du boterera heltzen bada, dirura heldu daitekeela, eta horrek bere eskualdeari onura egin diezaiokeela”.
Pasa berri den 2023ko udan Afrikako mendebaldea albistegietan agertu da barra-barra: bateko Senegal, besteko Niger edo Mali izan dira protagonista, eta herrialdeetako ezegonkortasuna nabarmendu dute goiburuek, protesten irudi bortitzez lagunduta. Baina Komenanek azpimarratzen du, Afrikako gatazkei garrantzirik kendu nahi barik, herrialde horiek sei hamarkada baino ez dituztela, eta hori, herrialde baten egonkortzerako, oso denbora gutxi dela. Zera zioen Es Africa-n idatzitako artikulu batean: “Afrikako herrialdeei eskatzen diete etapa batzuk pasatu ditzaten, eta jar daitezen beste herrialde batzuen mailan. Baina herrialde horiek izan dute nahikoa bide egonkortzeko, hanka sartzeak egiteko, horietatik ikasteko eta soluzioak euren kontura bilatzeko. Euren egoeretara moldatzeko aukera izan dute, eta horrela heldu dira gizarte baketsu eta estatu egonkortuak izatera”.
Are, ildo beretik, zenbait kasu argigarri argitaratu ditu: “Gaur egun maila politiko edo ekonomikoan erreferente diren herrialde batzuek ez zuten hobeto jokatu bere garaian. AEBek 90. urteurrena ospatu zuten gerra fratizida batetik irten berri. Frantzian, iraultzatik 80 urtera, Komuna gertatu zen. Alemaniak, bateratzearen 60. urteurrena ospatzen zuela, naziak ate joka zituen”.
Horrela, bada, hausnarketa horiei buruz galdetuta, argi dauka Europak eta Mendebaldeak jarraitzen dutela kolonialista eta paternalista izaten: “Nik zinez sinesten dut horrelako eskaerak egitea paternalismo hutsa dela. Ezin diezaiekete eskatu afrikarrei ehundaka urte dituzten estatuen moduan erreakzionatzeko. Sorkuntza prozesu bat da, nazioa astiro doa: ezin daiteke egunetik gauera pentsaera aldarazi”.
Egun batetik bestera ez, baina bai urtez urte, afrikarrak kontzientzia hartzen eta kolono europarren atzaparretatik askatzeko prozesuak antolatzen dabiltza; Komenanek ziurtatu digu egun “mugimendu aldarrikatzaile” handiagoa dagoela garai batean baino. Kontinentearen askapen bide horretan, panafrikanismoa presentzia hartzen ari da, Afrikan bertan ez ezik, diasporako afrikarrengan ere bai. Ez da ahaztu behar historian izan duen garrantzia: “Panafrikanismoa funtsezkoa izan da Afrikako independentzien lorpenean eta kontinente barruko aliantzen konfigurazio politiko-instituzionalean”, oroitarazten du Antumi Toasijé historialari eta panafrikanista zailduak, II Congreso Internacional “Africa-Occidente” corresponsabilidad en el desarrollo (“Afrika-Mendebaldea” Nazioarteko II. Kongresua, garapenerako erantzunkidetasuna) liburuko La Afrocentricidad: ¿Un nuevo impulso para el Panafricanismo? (Afrozentrikotasuna: Bultzada berri bat Panafrikanismoarentzat?) artikuluan.
“Panafrikanismoa funtsezkoa izan da Afrikako independentzien lorpenean eta kontinente barruko aliantzen konfigurazio politiko-instituzionalean”
Zer da, bada, panafrikanismoa? Terminoaren azalpen sinplea da Afrikako lurraldeen eta diasporakoen arteko batasuna lortzea, Afrikako Estatu Batuak eratzeko eta zama inperialistatik askatzeko. Dena den, mugimendu hau askoz konplexuagoa da, eta intelektual talde batek sortu zuenetik eraldatzen joan da, unean unean ekarpen jakinak egiteko; ehun urte hauetan panafrikanismoa aberasten joan da hainbat pentsalari eta aktibista. “Jatorrizko panafrikanismoak ez zuen deskolonizazioaz ere hitz egiten, diasporako afrikar ondorengoen kondizioaz hitz egiten zuen”, oroitarazi du Dagauh Komenan bolikostarrak.
Berlingo Konferentzia garaian pentsamendu honek ez zuen indarrik historialariaren esanetan, “jendeak bere komunitateko kide izatearen sentimenduak dituelako, ez azalaren kolorean oinarritutako sentimendu komuna”. Halere, XX. mende hasieran hasi ziren panafrikanismoaren ideiei eta printzipioei buruz hausnartzen, Londresen egin zuten lehen Panafrikanismoaren Biltzarrean. Honelaxe deskribatu zuen batzarra Kwame Nkrumah iraultzaile afrikarrak, gerora Ghanako lehen presidente izan zenak: “Afrikako masen asmoen berri izan dugu, liberaziora eramango duten ideologia eta antolaketa moduaren bila dabiltzanena”, Afrique-Asie aldizkariko L’éternel retour de l’idée panafricaine (Panafrikanismo ideiaren etengabeko itzulera) artikuluan irakurtzen dugunez.
1919an Parisko Konferentzia egin zuten eta mugimendua forma hartzen hasi zen. Mundu Gerren ostean hartu zuen presentzia panafrikanismoak, batik bat Bigarrenaren amaieran, 1945ko Manchesterreko Konferentziarekin. Ideiatik errealitatera pasatzen hasi zen 1960ko hamarkadan, Afrikako herrialdeen independentzien testuinguruan, eta orduko hartan panafrikanismoaren txinparta piztu zuten zenbait pertsona ikur historikotzat dituzte orain. Garai hartako lider entzutetsuak dira, besteren artean, Kwame Nkrumah, Patrice Lumumba, Julius Nyerere eta Ben Bella, Afrikaren askapena eta batasuna lortzeko borrokatu zirenak.
“Ezin diezaiekete eskatu afrikarrei ehundaka urte dituzten estatuen moduan erreakzionatzeko. Sorkuntza prozesu bat da, nazioa astiro doa: ezin daiteke egunetik gauera pentsaera aldarazi”
Hala ere, panafrikanismoak oztopo ugari izan ditu, eta barne arrakalak ere bai. Komenanek hala laburbildu du: “Deskolonizazioa amaitu zenean bi talde sortu ziren: panafrikanismoaren alde egiten zutenak Afrikako estatu handi baten gisa, eta muga kolonialak mantendu nahi zituztenak”. 1960 inguruan handitu ziren aldeak, eta bereizi egin ziren Monroviakoen ibilbidea, nazionalistena, eta Casablancakoen ibilbidea, panafrikanistena. Casablancako taldearen buru Nkrumah zen, eta 1885ean inposatutako mugak gainditu eta Afrika federazio handi batean elkartu behar zela sinesten zuen.
1963an argitaratu zuen Africa must unite (Afrikak batu behar du) liburuan xehatu zituen bere ideiak, baita panafrikanismoaren oinarriak ere. Ghanako lehen presidentearen arabera, nahiz eta Afrikan diferentzia handiak egon, ziur zegoen batasuna lortuz gero abantailak gehiago izango zirela trabak baino. “Afrikar nortasuna” deitu ziona mahai gaineratu zuen. Dena den, kontinente kanpoko zein barneko aurkako indarren ondorioz, ideia horiek porrot egin zuten, eta askapen mugimenduaren aurpegi izan ziren asko hil egin zituzten, edota kartzelara nahiz erbestera bidali.
Komenanek penaz ikusten du bi aldeen zatiketa hura: “Zoritxarrez, Monroviako taldea nagusitu zen. Haiek iraunarazi nahi zuten harreman koloniala, lankidetza estua. Frantzia pozik zegoen, Afrikako elitea bera ustiapen sistema mantentzearen alde zegoela ikusita. Horregatik, Françafrique sistema hau mantendu zen”. Panafrikanismoaren txinparta itzali zutenak egungo Afrikako Batasuneko ildokoak direla gogorarazi dute historialariek.
Iritzi berekoa da Antumi Toasijé: “Mugimendu panafrikanista krisian sartu zen, eta lozorroan egon da. Zeren eta estatu postkolonialetako botere antidemokratikoek diskurtso panafrikanista erabiltzen baitzuten, baina izatez neokolonialismoa sustatzen zuten”. Afrikako Batasuna sortzeak kontinenteko batasun politikorako asmoen “moteltze larria” ekarri zuela dio.
Zergatik kostatzen da panafrikanismoaren ideia herritarrengan txertatzea? Komenanek elementu bat aipatu du: “Ideologia bat izan zen, kanpoko indar batek kontinentea inbaditzearen aurrean eraiki zena. Ez du azalaren kolorean oinarritutako komunitate bateko kide izatearen kontzientzia izpirik. Hori ez da existitzen. Horregatik izan zen posible salerosketa esklabista, kontzientzia hori egon izan balitz ez zen egongo”.
Aipatutako iturriek sumatzen dute panafrikanismoaren eta oro har Afrikako askapen mugimenduaren su berri bat. Nabarmentzekoa da, halaber, mugimendu horien protagonista direla batik bat belaunaldi gazteak eta emakumeak. Toasijék batik bat Internetek eskaintzen dituen baliabideetan jarri du fokua, esanez sareak antolatzen eta ideiak eta artikuluak elkartrukatzeko ezinbesteko tresna izan dela. “Gaur egungo afrikar eta afrikarren ondorengo beltzen belaunaldia euren artean konektatuta dago, eta beste bultzada bat ematen ari dira panafrikanismo berriari, bi mugarritan oinarritzen dena: oinarrizko gizarte-batasuna berreskuratzea, antineokolonialista den identifikazio kultural eta nortasunezkoaren bidez, eta batasunerako estrategia ekonomikoak eta politikoak diseinatzea”.
Kontinente kanpoko zein barneko aurkako indarren ondorioz, panafrikanismoaren ideiek, batasunaren aldekoek, porrot egin zuten, eta mugimenduaren aurpegi izan ziren asko hil egin zituzten, edota kartzelara eta erbestera bidali
Komenanek esperantzaz ikusten du Casablanca taldetik gertuago dagoen panafrikanismoa berriz pizten ari dela, “pixkanaka”. Uste du oraingo panafrikanismoaren ideia Europar Batasuneko antolaketaren antzekoagoa dela, “mugak aitortzen dituena baina batasuna nahi duena”. Elementu horrek egungo gatazketan nola eragiten duen argitu du: “Nigerren gertatzen ari denak afrikarren arreta pizten du. Jendeak sumatzen du talde militarrak mendebaldeko inperialismoaren aurka borrokatzen ari direla Errusiaren laguntzarekin. Afrika Australaren Garapenerako Komunitateak (SADC ingelesezko sigletan) Niger mehatxatu zuenean, Mali eta Burkina Fasok lehen aldiz esan zuten gatazkan sartuko zirela, Niger babesteko. SADCk Gambiarekin gauza bera egin zuenean, inork ez zuen Gambiari laguntzeko asmorik izan. Ez dakit onerako edo txarrerako den, baina gero eta gehiago hautematen ari den bilakaera da”. Zalantzarik gabe, aldaketa etengabeko kontinentea da Afrika, eta Komenanek dioen bezala, bertako estatu berriek denbora beharko dute egonkortzeko; bide horretan, Europako inperialismoaren sustraiek barruan segituko dute, baina zuhaitzak ere usteltzen dira, ez dagokien lurretan baldin badaude.
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Etiopia, 1974ko azaroaren 24a. Lucy-ren hezurdura aurkitu zuten Hadarren, giza arbasoen arrasto zaharrenetakoa. Australopithecus afarensis espezieko hominidoak 3,2 eta 3,5 milioi urteren artean ditu.
Homo espezieen arbasotzat jo zuten orduan, gu guztion amatzat. Mende erdi... [+]
Berlingo Unibertsitate Libreko eta Zuse institutuko diziplinarteko ikerlari talde batek eredu matematiko konplexua garatu du Afrika iparraldean erromanizazioa nola hedatu zen hobeto ulertzeko.
Plos One aldizkarian argitaratutako ikerlanaren arabera, eredua osatzeko galtzada... [+]
"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.
Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail... [+]
Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokoko Mohamed VI erregeari gutuna bidali dio babesa adierazteko.
Igandean egin du erreskatea Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]
Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.
Rafahtik gertu dagoen muga-lerroa osorik kontrolatzen dute, antza. Lau bahitu askatzearen aitzakiapean, ia 300 palestinar erail dituzte sionistek Nuseiraten. Azken zortzi hilabeteetan, ia 37.000 palestinar hil dituzte jada.