Bizkarsoro herria ez dago inongo mapatan, baina erraz asko identifika daiteke. Koka genezake Ipar Euskal Herrian, barnealdean eta baserri giroan, XX. mendean. Herri euskalduna da, jendearen joan-etorririk eta populazioaren nahaste handirik apenas bizitu duena iraganean. Lehen Mundu Gerran frantsesen bandoan borrokatu beharko du lehenik, eta nazien inbasioa jasan gero. Finean, identitateari eta hizkuntzari uko egitera behartuta ikusiko du bere burua. Programaturik dago bere heriotza, arriskuan dago, eta ondo pentsaturik egingo zaio eraso, baina pronostiko guztien kontrara, eutsi egingo dio. Eta hiltzekotan ere, badaki, autopsiarako frogak utzita hilko dela.
Bernardo Bertolucciren Novecento filma ikusia duenak simil gisakoa sentituko du Josu Martinezen Bizkarsoro-rekin, nahiz film italiar handiak fikziotik gehiago duen Bizkaroso-k baino. Errealitatetik asko edan duen filma da Baigorrin urteak daramatzan zinegile bilbotarrak goxo eta pazientziaz ondu duena. Fikzioa dela defentsa sutsua egin du: “Harkaitz Canok esaten du: ‘Fikzioaren eta errealitatearen arteko diferentzia bakarra da fikzioak koherentea izan behar duela’. Fikziozko herri bat asmatu dugu, nahiz oro har Baigorrin eta baigorriarrekin grabatu. Askatasuna ematen digu Bizkarsoro herriak. Hala ere, istorio guztiak istorio dokumentatuak dira, ez dugu ezer asmatu. Testu idatzietatik edo ahozko lekukotzetatik bildu ditugun istorioak dira, hemengoak eta beste eskualdetakoak”.
XX. mendeko euskaldungoaren historia kontatzen du Bizkarsoro filmak. Irailaren 27an estreinatuko dute Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailean Antzoki Zaharrean. Hurrengo egunetan ere proiektatuko dute.
Duela bost urte abiatu zuten Bizkarsoro proiektua, izen ugari hartu ditu bidean, eta dagoeneko iritsi da amaierara. Emeki-emeki, urtero, pelikularen zati bat egin eta bereizirik eskaini dute han eta hemen–baten batek, agian, kontrabandoan-edo ikusiko zuen zati bat edo beste, EHZ festibalean esaterako–. Lehen zatia grabatzen, duela bost urte, egun eta erdi pasatu zuten; azken zatia, iaz grabatu zutena, bost egunetan egin zuten.
Bost zati ditu filmak, Bizkarsoro herriak bizitu dituen bost garai ezberdintzeko: 1914tik 1982rako tartean, Lehen eta Bigarren Mundu Gerraren testuinguruak, aurrekariak eta ondorengoak; bateko euskararen eta euskal kulturaren susperraldi eta besteko jazarpenak; debeku, seinalatze eta iraintzeak. Horiek denak bistaratuko dira pelikulan, makina bat istorio, eta horiek gorpuzteko aktore lanetan aritu dira 200 herritar baino gehiago –“bukaerako kredituetan, badaezpada, hiru puntu jarri ditugu”–, eta azpimarratzekoa, antzerkian eta zineman esperientziarik gabeak direla aktore gehien-gehienak.
“Gogoan dut neure burua herritarrei begira, herriko jaietan, ‘hau izan daiteke pertsonaia hura’ eta horrelakoak pentsatzen”, dio Martinez zuzendariak. Hainbeste herritar film baterako mobilizatu izanak aberastu egin du Baigorrin hain errotuta dagoen auzolanerako kultura, hala uste dute pelikularen parte-hartzaileek, Nafarroaren Egunean bistaratu ohi den gisako zerbait sortu dutela pelikularen lanarekin. Eta guztiak auzolanean aritu ez ezik, herriak pelikulako profesionalei egin dien “harrera ona” ere azpimarratu dute: kanpotik ekarri dituzte teknikariak, herriko jendearen etxeetan hartu dute ostatu, eta filmaren bueltan zebiltzan herritar-lagunek makina bat otordu prestatu dituzte lantalde guztiarentzat. “Goxo joan da prozesua”, azpimarratu dute.
Horrez gain, jendea ez-profesionala izanda, zinemaren, antzerkiaren eta artearen ikuspuntutik urrats garrantzitsua eman dute jendea formatzerako orduan; horixe da Aña Errotabehereren kasua: “Artean jendea behar zela esan zidaten lehen laburra grabatzeko unean. Gustatu zitzaidan ainitz, eta ezagutza egin nuen, eta asko ikasi dut Izaskun Urkijo alboan izanda”. Arte ikasketak egindakoa da Errotabehere, baina sekula modu horretan praktikan jarri gabea.
Esanguratsua da Lea Campistronen kasua ere. Pertsonaia zentral gisa hauteman daiteke berak antzezten duena –bost garai dira, elkarlotuak baina denboran bereiziak; beraz, pisua daukaten pertsonaiak asko dira–. Martinezek “intuizioz” eman zion ardura, eta ustekabean jakin zuen gerora Campistronek “konexio berezia” zuela pertsonaiarekin. Izan ere, Campistroni ez datorkio etxetik euskararekiko ezagutza –ezta berak antzezten duen pertsonaiari ere–, eta sorterritik kanpo ari zen antzerki ikasketak egiten, Okzitaniako Tolosan, oraintsu arte. “Nire lehen filma da, euskaraz gainera; hauteman diot zentzu bat, balioa, iraultza ttipi bat da. Deliberatu dut berriz euskara ikasteko ideia eta hemen lan egin nahi dudala. Artea da jendeari mezua luzatzeko bidea”.
Martinezek ere modu oso berezian oroitzen du Campistronen papera, honela esan dio berari, mahaiaren bueltan geundela: “Filma egin eta hilabete batzuetara bidali zenidan mezu bat esanez uda euskaltegian pasatzeko asmoa zenuela, eta Euskal Herriari berriz lotzeko gogoa ere bai. Horregatik bakarrik merezi du pelikula egitea”.
Eta horrela, apurka-apurka, auzolanean eraiki dute pelikula. Baigorrin grabatu dute oro har, baita Arrosan zein inguruko auzoetan ere. Erabat euskaraz sortu dute pelikula, nahiz badituen Frantziako zein Alemaniako inbaditzaileen mintzaira erdaldunak, baina sortu, euskaraz sortu da osoki. Hau da, kamera atzean, aurrean, gidoietan eta leku denetan euskara sumatu da. “Euskaraz den pelikulari 'euskal zinema' esaten diogu, kamera aurrean euskara entzuten delako, baina gero, askotan, kameren atzean denak erdaraz ari dira. Badago Ikuska bat, trantsizio garaiko dokumental horietako bat, Antton Ezeizak eta Koldo Izagirrek eginikoa, euskararen normalizazioaz-edo; 1980an, euskara zertan zegoen irratian, prentsan eta ez dakit non gehiago. Zintaren amaieran agertzen zen karretera batean Bai Euskarari zioen pintada bat, eta orduan esaten zuen Izagirrek: ‘Eta zineman, nola dago euskara?’. Atzetik entzuten zen kameralaria: ‘Enfoca bien, que se vea bien el Bai Euskarari’ (enfokatu, ondo ikus dadila pintada)”.
Arbasoen bizipenak antzeztu
Berezia izan da eszena jakin baten grabaketa. Frantsesez da –gazteleraz ere izan zitekeen–, haurrak ikasgelan daude, eta jakina, guztiek dakite euskaraz. Irakaslea erdalduna da, hiriburutik etorria, eta, nahitaez, berak esaten duelako, inposizioz, erdaraz behar dute mintzo. Euskaraz egiten duena zigortua eta seinalatua izango da, lepoko bat jantziko du egun osoan, eta ikaskide bat atzematen badu euskaraz hitz egiten, salatu egingo du.
“Eszena hori grabatzea shock galanta izan da Baigorriko ikastolako haurrentzat”. Haiengan gogoeta mardulak sortu ziren, luzaroan izan zen etxeetako hizketagai nagusia, “imajinaezina" zitzaielako halako egoerarik guztiek euskaraz zekiten ikasgelan. "Une horretan beraien aiton-amonak gorpuzten ari ziren, baina beste haur batzuk, gero, filmaren azken atalean, euretako batzuen gurasoak antzezten aritu ziren, ikastolaren sorrera irudikatzen". Ospakizun unea, Polizia etorri arte. Haurrek horixe bera galdetzen zuten: zergatik etortzen da Polizia?
"Euskararen historia zapalkuntza istorioa da; jakin egin behar dugu transmititzen"
Azken eszena horretan, gurasoekiko gertutasuna sentitzeaz harago, hausnarketarako geratu ziren hainbat gako gehiago, izan ere, testuinguruak testuinguru, batzuen gurasoek iraindu egiten zituzten ikastolan ikasten zuten beste gurasoak. Zer pentsa eman die horrek haurrei, baita helduei ere. “Dialektika hori pertsonaiaren eta aktorearen artean oso indartsua izan da esparru guztietan”.
Familia askoren iraganak bat egiten du hainbat puntutan. Kasu askotan gertatu dena da aiton-amonak euskaldun peto-petoak izan eta euskara maitatzea –agian erdara ikastera heldu gabe–, baina erabaki zutela haien haurrei frantsesa soilik irakastea, “sozialki gora” egingo zuten ustearekin. Eta areago, generoarekin ere badu lotura: neskei frantsesa eta mutilei euskara irakasten zieten hainbat gurasok. Aipaturiko egoerak pelikulan erakusten dira.
Euskara, politika egitea?
Arrosako plazako ostatuan egin dugu hitzordua. Urte asko eman ditu itxita, eta itxura berriturik zabaldu berri du Errotabehere familiak; pelikularen parajea izan da tabernaren eraikina. Leku enblematikoa da, eta bai fikzioan eta bai errealitatean bere balioak mantendu ditu; detailea dirudien arren, aipatu behar da: euskaraz dago karta, eta paretetako afixetako hitzak ere euskaraz dira. Ez da guztien gustukoa, ordea: Errotabeheren ostatura herritar batzuk ez dira joaten "ongietorriak ez direlakoan". Larzabaleko herrian ostatua hartu duen bikote gazte bati ere antzerako zerbait gertatu zaiola aipatu dute, eta puntu hauxe ipini dio Martinezek aferari: “Horrek erakusten du borroka ez dela amaitu. Jendeak uste du euskaraz egitea politika egitea dela”.
“Uste dut gaur egun bizi ditugula diskriminazioaren hainbat aurpegi", esan du Manex Fuchs aktoreak –profesionala den bakanetakoa da filmean–. "Maskara aldatzen da, jartzen ditugu aurpegi demokratikoagoak, baina berez, pelikulan kontatzen den zapalkuntza hori hor dago; aldatzen dena aurpegia da. Batzuetan aktiboagoa da eta besteetan pasiboagoa da jazarpena”. Lausotu direla moldeak, alegia.
Kontzientziarik bada?
Euskararen historiaren, jazarpen historikoaren eta erresistentziaren transmisiorako balioko du filmak, baina argi diote elkarrizketatuek transmisioa ez dela helburua, "baizik eta ondorioa". Dena den, XX. mendean euskara zapaldua zela "kontzientzia handiagoa" zegoela uste dute, Hegoaldean, argiki, Francoren diktadurarengatik. "Hemen, Iparraldean, euskararen alde egotea zen zapalkuntzaren kontra egotea". Ezagutzari eta transmisioari dagokionean, "eten" bati buruz hitz egin dute.
"Gutxitan esaten da, historia hau, funtsean, trauma bat dela", azpimarratu du Fuchsek. Trauma historiko bat, herri batek bizi duen trauma. "Trauma pertsonalak ikertzen dira, medikuak hor dira, baina trauma kolektiboak aski zailak dira ikertzen". Pelikulara itzuli eta erreferentzia hauek egin ditu: ageri den lehen belaunaldia, Lehen Mundu Gerran haurra zena, euskaraz soilik zekiena eta euskara ukatu zaiona, trauma bizi izan duena da; eta hurrengo belaunaldian "zatiketa" etorri ohi da, parte batek ukatzen jarraitu duelako euskaldun izatea eta beste batzuek erresistentzia egin dutelako. Bada hirugarren belaunaldi bat ere, ondorengoa, euskara galdu duena eta "lotsa" sentitzen duena horregatik, trauma bizi duena. Edo euskaraz badaki, baina "ez beharbada hain ongi", eta akatsak egiteko beldur da, lotsati. Eta horixe da pelikulan kontatzen dena, Fuchsen esanetan: "Herri honek bizi duen trauma horretatik nola izaten segitzen ahal dugun".
Memoria ariketa egiteko funtzioa bete nahi du Bizkaroso pelikulak, aditzera ematen baita XX. mendeko hainbat unetan etenda egon dela memoria eta transmisioa. Agerikoa da pelikulan, esaterako, belaunaldi batek euskara berpizteko grina izan eta haien gurasoek hori apaldu nahi izateko asmoa adierazten dutenean, haiek baitziren lehenago borrokatu zutenak. Seme-alabek ez dute arrastorik beren gurasoek euskaraz dakitenik ere.
"Euskararen historia zapalkuntza istorio bat da, eta hori jakin behar da transmititzen", Martinez zuzendariaren arabera. "Beharbada, horretan asmatuko bagenu, eta fikzioak horretan lagundu badezake primeran, agian jende gehiagok ulertuko du zergatik merezi duen euskaldun izatea".
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
(Itzulpena: Fernando Rey)
Txalaparta, 2024
------------------------------------------------
Barrengaizto izenburua aukeratu du Fernando Reyk Beatrice Salvioni-ren La malnata itzultzeko. Reyk dio idazlearen ahotsa izaten ahalegindu dela,... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]