Premia bereziko ikasleei erantzuteko baliabideak, urri?

  • EAEn, azken hamarkadan premia bereziko ikasleen kopurua %60 handitu dela eta hasi berri den ikasturterako Pedagogia Terapeutikoko 65 irakasle (PT) gehiago jarriko dituztela iragarri zuen ekainean Hezkuntza sailburuak. Haur horiekin buruz buru aritzen diren hezitzaile eta PTei galdetu diegu, eta diote ikasle-profil ugari mapatik atera dituztela (mapan ez dagoenari ez zaio hezitzaile edo PTrik jartzen), tutoreak zamatzen ari direla eta Berritzeguneak gutxitzeak diagnostikoetan eragin duela.

Ikastetxeak, dituen baliabideekin, tetrisa egiten du ikasturte hasieran, eta ondoren, ikasturte erdian sartzen den ikasleak beharra baldin badu, maiz ezin du baliabide gehigarririk lortu, beraz, nonbaitetik murriztu behar izaten du. IRUDIA: SHU OTERO

2012an hezkuntza premia bereziekin diagnostikatutako 14.200 ikasle izatetik 2021. urtean 23.800 ikasle izatera igaro dira; Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak emandako datu esanguratsua da. Premia bereziekin diagnostikatutako ikasleak ikastetxeko mapa deiturikoan sartzen dituzte eta mapan egoteak esan nahi du, ikasle horrek arreta handiagoa behar duen heinean, baliabide pertsonala esleituko zaiola (hezitzailea edota PTa) ikas-ibilbidean eta ikasgelan laguntzeko, curriculuma bere beharretara egokitzeko eta abar. Bada, duela urte gutxi batzuetatik hona, hainbat profil mapatik atera dituzte, premia larrienak baino ez dituzte utzi mapan (desgaitasunak, nahasmen larriak…), eta gainerakoek, berariazko laguntza behar duten ikasleak deiturikoek, ez dute baliabide gehigarririk, tutoreak (berez klaustroak) erantzun behar die ikasle horien beharrei, eta egokitu behar du materiala eta ikas-prozesua bakoitzaren errealitatera. Berariazko laguntza behar duten ikasleen artean daude, adibidez, ikasteko zailtasunak dituztenak, dislexia eta abar dutelako, arreta falta dutenak, jarrera arazoak, adimen gaitasun handikoak, hezkuntza sisteman berandu sartu direnak, testuinguru konplexu batean bizi direnak… Kontuan hartu behar da ikasle horien kopurua nabarmen egiten ari dela gora, erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun hezitzaile eta PTen esanetan.

Ondorioa? 25 ikasleko gelan tutoreak (klaustroak) behar anitzei eta arreta berezia behar duten gero eta ikasle gehiagori erantzun behar die ikasgelan, ikas-prozesu gero eta gehiago egokitu behar ditu, eta solaskideek argi dute: batetik, zama agerikoa da, irakasleak maiz ez dira iristen denei egoki erantzutera; bestetik, formazio hutsune handia dute irakasleek, sarri ez dakite hainbat beharri nola erantzun. Praktikan zer gertatzen da? Irakasle ugarik PTengana jotzen dutela, lagundu diezaieten, eta joera bat aipatu digu PTetako batek: ikasle horiek PTren bat dagoen gelan sartzea, lagundu dezan (baina PTa, berez, ez dago ikasle horiei laguntzeko, premia berezia duten ikasleekin tutoreari laguntzeko baizik). PT horrek, gainera, susmo garbia du: mapan gero eta premia berezi gutxiago sartuko dituzte, eta gero eta gehiago pasako dituzte berariazko laguntzara, hezitzaile eta PTen esku-hartzetik kanpo. “Ikasle horiek zituzten laguntzak desagertzea atzerapauso itzela da –dio STEILASko hezitzaileen ordezkaritzak–; tutoreak ahal duten heinean saiatuko dira dagokien laguntza ematen eta egokitzapenak egiten, baina nekez iritsiko dira, daukaten lan zamarekin”.

Steilas: "Ikasle horiek zituzten laguntzak desagertzea atzerapauso itzela da; tutoreak ahal duten heinean saiatuko dira, baina nekez iritsiko dira, daukaten lan zamarekin"

Berritzegune gutxiago, diagnostiko gutxiago
EAEko ikastetxe publikoei zonaldeka berrikuntza eta aholkularitza zerbitzua ematen diete Berritzeguneek, ikastetxeak akonpainatu egiten dituzte, baina Berritzeguneak eraldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: zentralizatu, fusionatu eta kopuruan murriztu egin dituzte. Ordainetan, berrikuntzaz arduratuko den figura sortu dute ikastetxeetan: BeAtarra. Kontua da Berritzeguneek beste funtzio garrantzitsu bat ere dutela beren gain, premia bereziei erantzutea, eta ondorioa berehalakoa izan da: Berritzegune eta pertsonal gutxiagorekin, ikastetxeei premia berezien arloan ematen dieten zerbitzua murriztu egin da.

Haurra ikastetxeak behatzen du lehenengo, eta premia bereziak antzemanez gero, Berritzeguneko aholkulariak behatzen du, profila zehazten du eta haren oniritziarekin sartzen da mapan ikaslea. Berritzeguneak murrizteak, ordea, Berritzeguneko aholkularien presentzia asko gutxitzea ekarri duela diote elkarrizketatu ditugun PTek: “Duela pare bat urtera arte, hamabostean behin etortzen zen Berritzeguneko erreferentea, eta bilerek jarraikortasuna zuten, azken ikasturte osoan bi bilera baino ez ditugu egin, bata hasieran, aurkezpen gisa, eta bestea martxo aldera. Bigarren bileran, presa handiarekin egin ziren diagnostikoak”, kontatu digu solaskideetako batek. Zehaztu behar da diagnostiko klinikoa profesional medikuek egiten dutela (psikiatrek, neurologoek…) eta ikastetxean eta Berritzegunean ikasleari egiten zaion diagnostikoa hezkuntzaren esparruari lotutakoa dela, dituen ahulgune eta indarguneak ongi identifikatu eta horren araberako hezkuntza plana egiteko.

Bi emaitza utzi ditu horrek. Batetik, eskoletako aholkulariei autonomia eta ardura handiagoa eman zaie, behaketa eta diagnostikoa egiteko orduan. Lehen filtro txikia pasatzen bazuen, orain askoz handiagoa da egin behar duen behaketa eta horrek ere lan zama handituko duela ohartarazi dute batzuek eta besteek. Ikastetxeko aholkulariak diagnostiko egokia egiteko gai direla erantzun digu PT batek, beste batek aldiz uste du oro har ez daudela Berritzeguneko psikopedagogo profesionalak bezain espezializatuta, eta horrek eragina izan dezakeela egindako diagnostikoan. Are, ikastetxeetako aholkulariek formakuntza nahikoa ez dutela ohartarazi du ELAk: “Hezkuntza Sailaren asmoa izan daiteke zeregin honetan eskoletako aholkulariak ahalduntzea, baina momentuz eta dakigunaren arabera aholkulari hauek behar bezala formatu eta beharrezko tresnak emateko baldintzak ez da sortzen ari Saila”.

Bestetik, ikastetxe guztietan behaketarako zerrenda luzeak egon ohi dira, Berritzeguneko profesionalak oniritzia noiz emango zain. Berritzeguneen eraldaketak erritmoa moteldu du, bilerak murriztu, eta haren diagnostikorik gabe, ikaslea ez da mapan sartzen. Eta mapan sartu gabe, baliabideak ez dira iristen. Dena den, baliabideak ikasle kopuruaren eta ratioaren arabera banatzeko joera indartzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta bide horri helduz gero, ikasle kopuruagatik ikastetxeari dagokion hezitzaile eta PTez gain berriki martxan jarri duten zaurgarritasun indizea kontuan hartzea eskatu dute solaskideek, baliabide estrak jar daitezen zaurgarritasun indize altua duten ikastetxeetan.

PT irakaslea: "Duela pare bat urtera arte, hamabostean behin etortzen zen Berritzeguneko erreferentea, eta bilerek jarraikortasuna zuten, azken ikasturte osoan bi bilera baino ez ditugu egin"

PT eta hezitzaile, baliabide nahikoa bideratzen al da ikasle hauentzat?
Mapan dauden premia bereziko ikasleek izan ditzakete, batetik, eskolan behar duten laguntza jasotzeko hezitzaileak, edota bestetik, ikas-prozesuari lotutako laguntza eta egokitzapen metodologiko eta curricularretan esku hartzeko PT irakasleak. Hezitzaile, PT, tutore eta abar, elkarlanean eta koordinatuta lan egitea izan ohi da onena.

“Gure ikastetxean, iaz bi PT eta erdi genuen, eta aurten, ikasle kopuru berarekin, bi PT ditugu. Guztira 65 PT gehiago jarri dituztela? Izango da, baina ez dit koadratzen, gure inguruan baliabideak ez dira handitu eta izatekotan gutxitu egin dira, edo eskola batetik kendu eta beste batean jarri dituzte”, adierazi digu elkarrizketatu dugun PTetako batek, eta gainerako solaskideen sentsazioa ere antzekoa da, baina sentsazioak sentsazio, datuei erreparatu behar diegu, eta 65 PT gehiago esleituta ere “baliabide gehikuntza oso eskasa” dela iritzi dio ELAk. Sindikatuak duen informazioaren arabera, ikasturte honetan eskaini diren PT eta hezitzaile lanpostuetan lanaldi osokoak gutxitu eta partzialak gehitu egin dira: “Alegia, langile gehiago egonda ere, kopurua oso eskasa da dagoen premia bereziko ikasle kopuru gehigarriarekiko, eta gainera, lanaldi partzialekoak dira, beraz enplegua sortu baino gehiago enplegua prekarizatzen ari da Hezkuntza Saila”.

STEILASentzat ere, ez da nahikoa, “inondik inora ere”. Positiboagoa da LAB: borroka eta negoziaketak tarteko, aholkulari, orientatzaile eta PT figurak indartu dituztela nabarmendu dute, eta hezitzaileei dagokionez lanpostu kopurua handitu dela eta “aurki” guztiak egonkortzea lortuko dutela.

Kontuak kontu, baliabide banaketa ikasturte hasieran egiten dela azpimarratu digute solaskideek, eta behin ikasturtea hasita ez dagoela baliabide horiek aldatzeko malgutasunik. Horrek esan nahi du ikastetxeak, dituen baliabideen arabera, tetrisa egiten duela, eta ondoren, ikasturte erdian sartzen den ikasleak beharra baldin badu (eta maiz beharra izan ohi du ikasturte erdian sartzen denak), sarritan ezin duela baliabide gehigarririk lortu, beraz aurretik egindako tetrisa berregin behar da, nonbaitetik murriztuz.

Profesionalek ikaslearekin duten ordu tartea ere mahai gainean jarri du STEILASek, ordu kopurua “beti azpitik” zehazten dela iritzita: “Ikasle bakoitzak jaso beharreko arreta orduak ez dira nahikoak izaten”. Premia bereziko ikasleen kasuan, intentsitatea erabiltzen da adierazle gisa eta intentsitate bakoitzak arreta-ordu tarte batzuk finkatzen ditu (ez ordu kopuru zehatz bat): “Intentsitateak urte askoan ez dira berrikusi eta ordu tarte zabalak barne hartzen dituzte, tarte horretan azpitik jo ohi da laguntzailea jartzerakoan”.

Azaldu dute, baita ere, hainbatetan gertatzen dena: nahiz eta PTak ikasgela arruntean lan egitea den onena (inklusiorako, besteak beste), ikasleak behar oso espezifikoak dituelako edo PT hori ez delako heltzen dituen ikasle guztiei arreta ematera, talde txikitan atera ditzake beharra duten ikasleak, eta bakoitzak hiru orduko arreta pertsonalizatua badu esleituta, hirurei batera ematen die arreta, eta hortaz ez dira hiru ordu esklusibo, hiru ordu partekatu baizik, “benetan dagokien laguntza lausotuz”.

Ikas mailaren arabera, ezberdin
LABetik gogoratu dute laguntza premia duten ikasleek baliabide gutxiago izaten dituztela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik aurrera. Ikasketetan gora egin ahala, azken finean, autonomia garatzeko ikasle hauek ere gero eta autonomoago izan daitezen bilatzen da, baina denentzat ez du balio ekuazioak. Berriki azaleratu genuen ARGIAn, garun-paralisia eta %87ko desgaitasuna duen ikasleari ordura arte zuen laguntzaren erdia jarri diotela Lanbide Heziketara jauzi egin duenean, autonomia garatzeko onuragarri izango zela argudiatuta, baina ezinezkoa zaio laguntza erdiarekin aurrera egitea.

Praktikekin antzera gertatzen dela kexu dira STEILASen: “Ikasle gorren kasuan, adibidez, Lanbide Heziketako bigarren mailara igarotzean praktiketara joaten dira eta badirudi tailerrean daudenean ez dutela inongo laguntzarik behar; Zeinu Hizkuntzako Interpretea etxera bidali eta ikasleak interpreterik gabe uzten ditu martxo aldera Hezkuntza Sailak”.

PT bihurtzen diren hezitzaileak
Hezitzaileak bizitzen ari diren egoera aldrebesa nabarmendu du STEILASko ordezkariak: ikasturte batean behar diren hezitzaileak esleitzeko, plaza egonkorra duten langileetatik tiratzen du lehenik, alegia Lanpostuen Zerrendatik, eta Zerrendako guztiak ikastetxetan banatu ostean, faltan dituen hezitzaileak kontratatzen ditu ikasturte baterako, “behar puntualak direla esanez”. Espainiako Lan Erreformak kontratu mota hori baimentzen ez duela-eta, Lanpostuen Zerrendan langile gehiago sartu behar izan zituzten joan den ikasturtean, baina are gehiago behar zituztela-eta, Lan-metaketa formula erabiliz sei hilabeteko kontratuak egin zituen. Hala, apirila-maiatza aldera, kontratuak bukatu zirenean, luzatzea eskaini zien Eusko Jaurlaritzak, baina hezitzaileek eskatu zuten luzatu ez, lanpostuak egonkortzeko; horri uko egin eta PTak kontratatu zituen Jaurlaritzak, soluzio modura: “Lan poltsan jende pila bat daukagu zain, hezitzaile pila bat, baina arazoa konpondu beharrean nahiago izan dute PTak kontratatu hezitzaileen lana egin dezaten”.

Tinko amaitu du solasaldia: “Premia bereziak dituzten ikasleen egoera larria da, behar dituzten baliabideak esleitu ezean oso zaila baitute aurrera egitea. Maiz, laguntza jaso beharrean oztopoak jartzen zaizkie eta hezkuntza- eta berdintasun-eskubideak urratzen dira”. Duela urte batzuk, eskola benetan inklusiboa izateko bidean oraindik dauden hutsuneez idatzi genuen ARGIAn, Premia bereziko ikasleak asetzen ez dituen hezkuntza erreportajean. Afera honen guztiaren atzean dagoen errealitate bati eskaini genion artikulua: familia askok ikasturtero errepikatu behar duen borroka amaigabea, seme-alabak behar duen laguntza eta arreta jaso dezan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Negoziazioa: negarrerako zioa

Hezkuntza publikoko irakasleok  hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]


2025-04-10 | ARGIA
Maiatzean beste bost greba egun egingo dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.


Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi

Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]


2025-04-09 | Garazi Zabaleta
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera

Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]


2.361

Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.

Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]


Diskurtso militaristaren aurrean, eskoletan gerraz modu kritikoan gogoetatzeko materiala kaleratu dute

“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]


2025-04-09 | Sustatu
UEUk aurtengo uda ikastaroen zerrenda finkatu du

UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.


Eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa aurkeztu du Pedrosak

“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]


Hezkuntza saila eta sindikatuak ostiralean bilduko dira, eta akordio bat lortzeko nahia adierazi du Jaurlaritzak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek urtarrilean abiaturiko greba zikloaren bigarren kolpea amaitu eta biharamunean deitu du bilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Begoña Pedrosa sailburuak adierazi du "akordio bat lortzeko nahia"... [+]


Armagintza sustatzearen aurkako manifestua sinatu dute EHUko 135 irakaslek, Jaurlaritzaren posizioa kritikatuta

Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]


Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak

Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]


2025-04-02 | Mara Altuna Díaz
Arberoa ikastolaren suteak elkartasuna piztu du Ibarran

Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.


Eguneraketa berriak daude