Duela bi urte komunikabide askotan agertu bazen ere, ni neu lagun batek jarri ninduen Lexuri Badiolaren arrastoan. “Badakit zeini egin behar diozun elkarrizketa bat”, esan zidan. Ez zebilen batere oker. Badiolarekin parez pare topatzen denak berehala jasotzen ditu haren indarra eta argi hitz egiteko abilezia.
Gizarte-hezkuntza eta gizarte-lana ikasi zituen, jendeari aurrez aurre laguntzeko lan bat nahi zuelako, eta udal gizarte-zerbitzuetan aritu izan da hiru urtez. Gaur egun, aldiz, koordinatzaile dihardu Elkartean erakundean (Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzailea). 2021ean hainbat komunikabidetan agertu zen, garraio publikoko irisgarritasunik eza salatzeko kanpaina bat bultzatu baitzuen, oihartzun handiarekin.
Hasteko, aurkeztuko zenuke zure burua?
Lexuri naiz, 30 urte ditut, eta gaur egun Pasaian bizi naiz nire bikoteagaz. Ikasketaz gizarte-langilea eta gizarte-hezitzailea naiz, baina momentu honetan nire rol profesionala pixka bat aldatu da eta koordinatzaile moduan nago Elkarteanentzat beharrean.
Zer da Elkartean?
Erakunde koordinatzaile bat da, EAEko hiru elkarte biltzen ditu, eta helburu nagusietako bat du aldarrikapenak egitea ezintasun fisikoa daukaten pertsonen eskubideak bermatzen ez diren lekuetan. Horretarako salaketa zuzenak egiten dira, edo administrazioan eragitea bilatzen da, gizarte inklusibo eta integratzaile baterantz bidea egiteko.
Orain dela gutxi, ARGIAn, garun-paralisia duten bi ikasleren borroken berri eman da. Zuk oztoporik aurkitu zenuen, ikasi bitartean, gurpil-aulkian joateagatik?
Zoritxarrez, bai. Egun batean simulakro bat egin zen, eta eraikina hustu behar genuen. Nire gela lehenengo solairuan zegoen, eta ni jaitsi egin behar nintzen besteen moduan, kalera atera behar nuen, baina igogailua ezin zen erabili. Hasieran eman zidaten erantzuna izan zen: egongo da norbait lagunduko dizuna. Kontatzen ari naizen hau bigarren karreran gertatu zen, gizarte-hezkuntzan; lehenengo karreran oraindik ez nintzen orain naizen bezalako emakume potentea, ikarak zeuden, segurtasun ezak, baina bigarren karrerarako nire izaera beste era batekoa zen, eta esan nuen: hona arte. Gelakideak ere oso potenteak ziren, eta zerbait egitea erabaki genuen.
Nola bideratu zenuten?
Eserialdi bat egin genuen zuzendaritzaren aurrean, pankarta batekin, etorri ziren beste fakultate batzuetako kideak, eta horren ostean nik egin nituen pare bat batzar zuzendaritza-taldeagaz eta hortik lortu genuen nire gela beheko solairuan ipintzea. Hori zen nik eskatzen nuena: beste guztien moduan neure kabuz irteteko aukera izatea.
Hasieran jaso zenuen erantzun hori, "norbaitek lagunduko dizu" esatea, joera orokortua da zure ustez?
Zoritxarrez, gizarte hau dator modalitate asistentzial batetik, eta nik uste dut oraindik kostatzen zaigula txipa aldatzea. Batzuetan zein jatorrak garen erakutsi nahi izaten dugu, eta horregatik esaten dugu: bada, lagunduko dizut. Ez, laguntza behar badut nik eskatuko dizut, ahotsa daukat-eta eskatzeko, eta eskatzen ez badizut esan nahi du nik ahalegindu nahi dudala egiten. Askotan egiten dugu akats hori: larregi babestu; baina utzi egin behar zaio pertsonari bere gaitasunak garatzen eta bere proiektua sortzen.
Unibertsitateko aldarrikapen horretan, ikaskideen babesa izan zenuela esan duzu. Halako borroketan jendearen babesa jasotzea ohikoa da?
Egia da gelakideek asko bultzatu nindutela, oso babestuta egon nintzen, baina orokorrean daukadan sentsazioa da horrelako borroketan oso bakarrik zaudela. Mundu guztiak pentsatzen du gizartea aldatu egin behar dela eta aurrerapauso batzuk eman behar direla, gizarte inklusibo eta justuaren aldeko komunikatuak denok erosten ditugu, baina eskuak zikindu behar direnean, inork ez ditu zikindu nahi, zuzenean ukitzen ez bazaitu behintzat.
Ez da halako zerbait bultzatu duzun lehen aldia. 2021ean sinadura-bilketa arrakastatsua egin zenuen, garraio publikoko irisgarritasunik eza salatzeko. Nondik nora sortu zen kanpaina?
Ni beharrean nengoen Getxoko udaleko gizarte-zerbitzuetan, eta egunero egiten nuen Lekeitiotik Getxora autobusean, garraio publikoan. 6:15etako autobusa hartzen nuen Lekeitiotik eta bueltan 16:45etakoa Bilbotik. Zein zen asuntoa? Maiz samar autobusera igotzeko plataformak ez zebiltzala edo akatsa ematen zutela. Eta gidarien erantzuna beti zen: itxaron hurrengoari. Behin, bueltako bidaian lagun batekin nentorrela, berak esan zidan: Lexuri, honek ez dauka eraginik, beste zeozer pentsatu behar dugu. Hasi ginen berbetan, eta Change.org-en sinadura-bilketa bat egitea bururatu zitzaigun. Inozente-inozente egin nuen, ez nuen pentsatzen halako oihartzunik edukiko zuenik. Baina sekulakoa izan zen, ordu batzuen buruan 10.000 sinadura bildu genituen, EITBtik deika hasi zitzaizkidan… Eta pentsatu nuen: orain ezin dut atzera egin.
Beldurtu egin zinen?
Momentuan ez; gurpilean sartu nintzen, eta aurrera. Gero bai izan zuen eragina nigan, kontatuko dizut. Baina momentuan elkarrizketak-eta ematen hasi nintzen, eta halako batean diputazioak deitu zidan, batzar bat egiteko. Beldurtuta zeuden. Nik argi neukan batzar horretara ez nintzela bakarrik joango. Bizkaiko elkarte bat kontaktuan jarri zen nigaz, ezintasun fisikoak dauzkaten pertsonen elkarte bat, Fekoor kasu honetan, eta eurekin joan nintzen batzarrera.
Akordio bat lortu zenuten, ezta?
Bai. Autobuseko plataforma ez baldin bazebilen, eta 15 minutuan ez baneukan beste autobus bat ibilbide bera egiten zuena, taxi bat edo autobus bat ipini beharko zidaten, eta plataformak berrikusteko konpromisoa hartu zuten.
Hitza bete zuten?
Amaitu zen batzarra, pasa ziren egun batzuk, eta ostera ere autobusetako plataformak ez zebiltzan. Baina nik batzarrean esandakoaren karta neukan, eta gidariari adierazten nion. Ez zidaten inoiz taxirik ipintzen, autobus bat baizik, zerbitzuz kanpo, niretzat bakarrik, Hollywoodekoa banintz bezala. Autobus bat ipintzen didazue, taxi bat ez ipintzearren? Harrigarria egiten zitzaidan, baina neurri batean balio zidan. Benetan balioko lidakeena da halako neurririk ipini behar ez izatea eta ez egitea bereizketarik. Plataformek ez lukete hutsik egin beharko.
"Laguntza behar badut nik eskatuko dizut, ahotsa daukat-eta eskatzeko, eta eskatzen ez badizut esan nahi du nik ahalegindu nahi dudala egiten”
Nola dago egoera gaur egun?
Hori ezin dizut esan, orain ez dudalako erabiltzen. Baina bai azpimarratu nahi nuke, aniztasun funtzionala duen pertsona batek uneren batean arazoak baditu igotzeko, berriz ere gogora ekarri behar direla hartutako konpromisoak, hau da, taxi bat edo beste autobus bat jartzeko konpromisoa. Halako konpromisoek ez dutelako izan behar une zehatz horretako nire egoera konpontzeko soilik. Nahiz eta, lehen aipatu bezala, nire desioa autobus guztietako plataformak ondo ibiltzea izango litzatekeen, hori baita benetako berdintasuna.
Lehen zintzilik geratu zaigu galdera: nola eragin zizun kanpainaren zalaparta guztiak?
Emozionalki asko ukitu zidan. Nahaste guztia amaitu zenean, bakean utzi zidatenean komunikabide guztiek, eta bueltatu nintzenean ostera ere nire Lexurira, atzera begiratu eta pentsatu nuen: ai ene, zer pasa da hilabete eta erdian. Ni beti izan naiz oso neska barrurakoia, eta txikikeria batetik, sinadura-bilketa batetik, begira zer sortu den.
Instagram kontu bat zabaldu zenuen: Los secretos que jamás te contaron [Inoiz kontatu ez zizkizuten sekretuak].
Aniztasun funtzionala benetan zer den erakutsi nahi nuen, era positibo batean. Aniztasun funtzionalari buruz berba egiten denean beti da begirada pixka bat pesimista bategaz eta nik nahi nuen erakutsi aniztasun funtzionala ez dela munduko gauzarik okerrena. Aulkian egoteak ez dizu eragozten beharra egitea, bikotea edukitzea, ama izatea… zure bizi-proiektua aurrera eroatea.
Orain Instagram hori geldirik daukazu, ezta?
Bai. Zalantzak sortu zitzaizkidan aniztasun funtzionalaren inguruan beste irudi bat emate horrek nire pribatutasuna eta intimitatea non uzten zituen. Horregatik, hor dago, eta ez dakit berriz aktibatuko dudan.
Eta elkarteren batekin bat egiteko asmorik baduzu?
Ez dakit. Orain Elkarteaneko koordinatzailea naiz. Une honetan nire lanarekin zerikusia duen zerbaitegatik beste elkarteren batekin bat egiten eta, adibidez, nire esperientzia pribatuen inguruko elkarrizketak ematen ez naiz eroso sentitzen, oraintxe nire funtzioetako bat Elkarteanek hainbat alorretan duen posizionamendua erakustea eta zabaltzea baita.
Beste elkarte batekin bat egingo banu, elkarrizketak emanez adibidez, ez nintzateke koherentea izango nire buruarekiko eta lanarekiko, eta ezinbestekoa iruditzen zait koherentzia mantentzea, horrek ematen baitio zentzua egiten dudanari.
Gizarte inklusiboago bat lortzeko bidean, zer erronka ikusten dituzu gaur egun?
Seme-alabak aniztasunean heztea, zeren guraso denek esplikatzen dizkiete euren seme-alabei gauzak, baina gero benetan daukazunean pertsona bat aulkian dagoena zure kuadrillan, nire kasua izan dena, ba nerabezaroa oso gogorra da. Gizakia egoista da berez, eta nerabezaroan bikoiztu edo hirukoiztu egiten da joera hori.
Zer-nolako esperientziak izan zenituen nerabezaroan?
Parrandan, adibidez, taberna batek eskailerak bazituen ezin nintzenez sartu, taberna kanpoan geratzen nintzen bakarrik, besteek bertan geratu nahi zutela argudiatzen zutelako. Errazena ni etxera joatea zen, horrela "arazoa" konponduta egongo zen, baina ni orokorrean ez nintzen etxera joaten haien eskubide bera nuelako bertan egoteko.
Gogorrena haientzako une horretan "karga" bat nintzela sentitzea zen, egoera horren aurrean nirekin nor geratu pentsatzen aritzen zirelako. Nire iritziz pertsona batek sentitu dezakeen sentsaziorik gogorrenetakoa da, eta kontuz ibili behar da horrekin, bizitza osoan markatzen duten orbainak baitira.
Zer egin beharko litzateke?
Nahiz eta gaur egungo gizartean, denbora guztian azkar eta presa sentsazioarekin ibili, nire iritziz seme-alabekin konpartitzen diren espazioetan garrantzitsua da gai hauek planteatzea eta horren inguruan lanketa bat egitea, aniztasuna aberastasuna dela erakusteko eta desberdintasunaren aurrean haurrak ez badaki zer jarrera hartu, pertsonari lasai asko galde diezaion —hortik hasten baita normalizazioa— eta benetan behar denean laguntasuna eman diezaion. Gizartea anitza da, gero eta gehiago izango da, eta bide horretan hezi behar dira umeak.
Badakit ez dela erraza, eta ahalegina eginda ere agian ez direla lortuko nahi diren emaitzak, baina horretan lan egin behar da etengabe, hori baita guraso izatearen erronketako bat.
Zuk zeuk ama izan nahi zenuke.
Lehenengo bikote moduan gozatu nahi dugu, baina aurrerago guraso izateko abentura horretan sartzeko prest gaude, bai.
Desio edo nahi horri buruz hitz egiten duzunean, aurreiritzirik aurkitzen duzu? Zer eratakoak?
Nire familian eta hurbileko pertsonetan ez, haiek badakite errealitatea ematen denean bikotearen erabakiz egin dela, gure desio bat dela, eta laguntzeko prest egongo dira. Baina gizartean oraindik aurreiritziak daude gizarteak inposatutako "normaltasun" horretatik ateratzen den familia batek guraso izatea erabakitzen duenean, eta zalantzak sortzen dira. Adibidez, "zelan moldatuko zara umeagaz?".
"Kontziente naiz beste estrategia batzuk erabili beharko ditugula, eta segur aski umea txikia denean bere aitak besoetan gehiago hartuko duela nik baino”
Zein izango da zure jarrera horren aurrean?
Kontziente naiz beste estrategia batzuk erabili beharko ditugula, eta segur aski umea txikia denean bere aitak besoetan gehiago hartuko duela nik baino, baina horrek ez du esan nahi ama txarra izango naizenik edo ez dudanik nire semea edo alaba maiteko. Gauza da gizartean, oraindik ere, guraso izatearekin zerikusia duten alderdietan emakumeari ardura gehiago ematen zaiola, eta hori ez da horrela izan behar. Familia bakoitzaren errealitatea desberdina da eta bakoitzak ikusi behar du zer estrategia komeni zaion.
Nik argi daukat guraso izatearen abenturan sartzea erabakitzen dugunean, berriz ere terapia psikologikora joko dudala, sortu ahal diren beldur guztiei aurre egiteko, eta emozio desberdinen zalaparta hori baretu eta bereziki ulertzeko, eta baita egon ahal diren aurreiritziei ahalik eta hoberen aurre egiteko ere. Gauza asko izan ditzakegu, baina, osasun mental egokirik gabe, daukagun horrek ez digu ezertarako balio, ez garelako zoriontsu izango.
Bukatu aurretik beste zerbait gehitu nahi zenuke?
Aniztasun funtzionala izanda ere gauza asko egin daitezkeela transmititu nahiko nuke. Ezintasun bat ez duten seme-alaben familiei aspektu hauek lantzeko esango nieke, enpatiaren ikuspegitik, zeren gaur niri tokatu zait baina bizitza minutu batean aldatu daiteke, eta egoerak buelta eman. Bizitza nahiko konplexua da oraindik traba gehiago jartzeko.
Eta aniztasun funtzionala duten pertsonen gurasoei?
Beldurrak izatea oso normala dela aipatuko nieke, eta lasai egoteko. Egia da beldur horiek euren seme-alabei transmititzearekin kontuz ibili behar dela, beldurrak oso azkar txertatzen direlako eta gero ez da erraza horiek apurtzea. Nire iritziz, aniztasun bat izan ala ez, seme-alaba bati egin ahal diozun oparirik hoberena hegan egiteko hegoak ematea da, beldurrak beldur. Nahiz eta aniztasun bat izan, zuk uste baino gaitasun gehiago ditu. Animatu eta eman hegoak hegan egiteko!
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]
Ikusgarritasun txikia dute gure gizartean komunikazio zailtasunak dituzten pertsonek eta bizi dituzten oztopoek. Ezezaguna da esparru horretan aritzeko formatzen diren komunikazio-bitartekarien lana: zailtasunak dituzten pertsonek beren gaitasunak garatu ditzaten laguntzen dute,... [+]
Sarean lan egiteko elkar entzutea eta errespetatzea “nahitaezkoa” da Aitor Bedialaunetarentzat (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea zeinu hizkuntzaren kalitatea zaintzearen garrantziaz mintzatu da. Salatu... [+]
Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta ikasketa handiak izan ditu. "Oso babestuta dauden ikasleak dira eta basoan aske uzteak... [+]
Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko eta erreferenteak sortzeko egiten du dibulgazioa. Sare sozialen bidez,... [+]
Ikusmena galdu arren, partidak irabazten jarraitzen du Aritz Huartek. Eskubaloia utzi eta goalballean jokatzen hasi zen duela hiru urte, Nafarroako Itsuen Kirol Taldean. Espresuki itsuentzat sorturiko kirola da, eta gaur egun, ikusmen desgaitasunen bat dutenek baino ez dute... [+]
Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa... [+]
Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du:... [+]
Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]
Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]
Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]
Behar ez den lekuan autoa aparkatzen duten gidariak salatzen hasi zen Juan Larreta (Iruñea, 1968) duela bost urte. Esklerosi anizkoitza duenez, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dagokio. Urteak daramatza Nafarroako txartelen erregistro... [+]
Enplegu publikoko plazen %2 adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gorde behar den arren, sarri ez da betetzen, eta oposizioak deitzerakoan aintzat har ditzatela eskatu dute: "Funtsezkoa da, konturatu gaitezen gizarte hau denona dela, ez gutxi batzuena".
Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]